Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Bestela nahi

 

Aspaldikotan ikusi gabeko ezagun batekin egin du tupust Lorea Gernikak —gurditxoen talka— gaitzeko publizitatez eraberritu duten saltegiaren irteeran.

        — Hamar urte orain hurrena elkar ikusirik, eta ez zara batere aldatu!

        Damu batena balio duen begi-gorde arin bat egin du Lorea Gernikak erantzuteko.

        — Barka nazazu ba!

        Isilik geratu da inoizko ezaguna, sakelaren batean joka ari zaion telefonoari entzungor. Iduri luke lanak dituela esana konprenitzeko. Beste adeitasunen bat umotzen ari da beharbada. Edo aspaldikoak gomutara ezin ekarriz.

        — Ez nuen uste...

        Eskua ezarri dio sorbaldan amultsu.

        — Ez nuen uste horrelakoa zinenik!

        Hausnarrean itzuli da Lorea Gernika. Lekua aurkitu du etxepean. Motorra itzali eta leihoa ixteko biraderari eraginik, inguruan pentsamendua entzun liezaiokeen inor ez dagoela ziurtaturikoan, itsutu egin ditu begiak.

        «Neuk ere ez nuen uste horrelakoa nintzenik!».

        Malko bana masailetan behera, bestela nahi eta ezin hori.

        «Baina... Horrelakoa nintzenik uste ez bazuen, gezurra da ez naizela batere aldatu!».

        Maria Callasen CDa ipini du irratian eta erosketetara abiatu da ostera, Bizeten opera ezagunena kantari.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus