Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Kukusoak

 

Ez die esangurarik atzematen, baina paperezko pinportek nolako hunkidura hatz-mamietan: sentikortasun berri bat, idatzi gabekoetarako bidea.

        Uste horretan dugu Lorea Gernika aspaldi honetan.

        Ez da inoiz okulistarengana joan, ez du beharrik. Moztasun mota guztietarako sendagailua dauka etxean, kukuso merkatuetako eta merkezurreko ferietako anabasa maite du eta horrelakoetan erosten ditu postal zaharrak pazientziaz bereizirik eta betaurreko iazkotuak edonolaka. Batekin sobera hurbil ikusten ditu letrak, bestearekin lauso... Danimarkako hiru gaileta kutxatan dauka bilduma, eta astero aldatzen ditu poltsan ibiltzen dituen bizpahirurak. Mesede handia egiten diote betordetailu historiko hauek botikan: «Oso galdua nago!» edo «Oso mejoratua nago!» esaten ahal du «Euria egin lezake» bezain segur baskularen leihatila digitalari beha. Halako batez, horrelako esperimentutan zebilela, itsutzen ari zela sartu zitzaion kaskoan, laster ez zuela eguzkituko beretzat, eta on lukeela Braille metodoa ikastea. Hasi zen, erosi zuen atzamarrekin irakurtzeko metodoa. Astuna egin zitzaion, baina ez du etsi. Aiherrak dago ilunpean bizitzeko, eta orduak ematen ditu geroztik etxean zabuka batetik bestera, etorkizunera moldatzearren begiak lotuta, egia beritablea barik Agosti Xahoren bila iduri, haztamuka.

        — Amatxi, zer da liburutzar hau?

        Eztitxuk aurkitu du letrarik gabe idatzitakoa. Traste zaharren gelako zoruaren erdian zabal eta misterioz betea.

        — Esplikatuko dizut egunen batean. Sekretua da, ez esan inori.

        Orain, hemen, Lorea Gernikak bilobatxoari egin zion gutuna irakurri behar zenuke. Ezin duzu, ez baita oraino hitzak lerrokatzen hasi. Dena dela, nahiz bilobatxoari argitasun bat zor diola ahaztuxea duen, Lorea Gernikak asmamena lantzen dihardu, belaun gainean daukan eta konprenitzen ez duen mundu bati laztanka, hatzetarik bihotzerainoko hunkiduran: milaka kukuso zainetan goiti, antzekoa.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus