Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Bidekoa

 

Horra Joseba bere makuluarekin eta bere laguntzaile beltzaranarekin. Bazkaritara doaz Lekeitiarrara. Ganorazko jatena plateretan eta zorrotzeko tertuliak mahaietan, hartu berria daukaten portugaldarrek telebista pilota eta futbol partidak ikusteko baino pizten ez dutenez. Don Jose bera da Joseba esaten dioten hauxe, tente oraindiokan, pausoa uger eta ilea urdin izatea. Esan eginen dio, bai, esan eginen dio. Inor ez karrikan, neskatila eta abadea buruz buru orduan lez, perutarrak ez ditu berbak ulertuko. Esan eginen dio, andrazko bat dela frogatu behar du, bakea eman behar dio bere buruari.

        — Entzun beza, Don Jose. Nirea bideko lokatza zen, berorrena...

        Zainikarak emanda, zer erantsi ez dakiela, hustu egin zaio pentsamendua. Behialako sargori hartan ezin egin izan zuen ihesa egin du Lorea Gernikak, malkotan, Don Jose birziklatua, ikastolako etika irakasle ohia Ezkioko amabirjina ikusi izan balu baino asaldatuago utzirik.

        — Goazen, Joseba, hoztu eginen zara hemen! —esan dio laguntzaileak amultsu, besotik helduta, Gaztelan daborduko galdua den gaztelania gozoan.

        Hamabost urte behialako hartan Lorea Gernikak, nonbait hor. Bizarra egiten hasi berria Joantxo Izeta. Neska herbolario bat osatzeko lanean ari baitzen, elkarrekin galtzen ziren basoan, hostajetan, eta errekako putzuan ere laketzen ziren lantzean behin, harripeko amuarrainak laztantzen irakatsi behar zionez mutilak.

        Sargori hartan, ihesari ekin behar zion unean, eskua jaso eta geldiarazi egin zuen orduko Josebak, Don Josek alegia, lagunekin brilean jolasten izerdituta barrenkalen gora etxerantz zihoan hartan neskatilari ezkaratz ilun batetik agermen irten zitzaion santuak.

        — Lokatzetan zabiltza, Loretxu! —sotanak ematen zion goratasunetik.

        Loretxuk besoak antxumatu zituen, Don Joseren begiei bere bekatuzko harrotasunak ukatuz.

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus