Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Parasola

 

Pozik zetorren, fistuka bederen: putz eginez gizona Jean Lissar karrikan ezpainak zimur. Batek jakin zertako pozik edo fistuka, eskuak erdi dilindan, ezkerrekoan parasola gerritik tinko. Atertu duelako, ausaz.

        — Otoi, adiskidea, barkamenduarekin...

        Tanpez eten behar izan du urrats fierretan neurtzen zetorren ibilaldia zapatadendako erakustegiaren parean. Besoak saihetsetan, parasola zizpa iduri, armadan ez zen tinkoago geldituko kaporalak agintzen ziolarik. Ahal duen xehekien erranen dio emazteki garratz honi non den botika, eskuaraz, frantsesez edo beharbada gaztelaniaz. Ingelesez ez hain xeheki.

        — Kanbia ezazu parasola atxikitzeko manera!

        Garratza emaztekia, bai! Kontu hartzen karrikaren erdian bere usantzez! Garunak petto, ausaz? Hara, gibeletik heldu den bigarren emazteki gazteago bat gelditu zaie ondoan!

        — Arrazoia duzu, Lorea Gernika, ene senarrak ber gisan atxikitzen du!

        O, hazpandarrak! Nola dakiten xarmatzen! Samurtzeak ez du balio, parasola eskaini die.

        — Nola behar nuke atxiki?

        Gaztea ez da menturatu hartzera, adineko lagunari behatu dio, eta Lorea Gernikak, men eginez, bi atzamar kako luzatuta hartu du auzigaia eta, nabarmeneko delikateziaz, fanfareko errejentak makila baino airosago itzulikatu du batekoz bestera, hots, puntaz beheti.

        — Horrela!

        Bozkariotan zetorren gizonak durduzadura txipi bat ukan du parasola eskuratzean. Puntaz beheti atxiki du oraingoan, hala nola koronelak herrestan sabrea. Onespena emanik noski, aitzina segitzeko bidea utzi diote emaztekiek alboetara doi bat hastanduz espaloiaren estuan.

        — Biba Hazparneko andere plaxentak!

        Eta zaluxko lotu da gizona berriro promenadari. Ez da dudarik bozkariotan urrundu dela, eskuak dilinda biziagoan eta ozen fistuka baitoa ezpainak zimur eta puzka karrikako hezitzaile plaxenten behako zorrotzaren pean, parasola beti gerritik atxikia eta aitzin-gibel dilindan, orain bai, puntaz beheiti.

        — Lorea Gernika, jakin ezazu nik erranik. Milatan agindu diot senarrari ibiltzeko parasola makila eramaiten den maneran, baina gerritik atxikia darama beti, heldulekua lurrerat eta punta gibelerat.

        — Haurren bati begitik sartzeko ere!

        — Hori pentsatzen dut senarrarekin noalarik!

        — Gizonen baten hebaintzeko ere!

        — Entzun, Lorea Gernika. Bihar, hemen ibiliko zara?

        — Bai, egun oroz jalgitzen naiz tenore honetan.

        — O, Lorea Gernika! Zu ez zaitu uzkurtuko apo kixkilak! Segur naiz...! Bai, Lorea Gernika! Bihar hemen azalduko naiz senarrarekin, parasola ateratzen du beti, ez du txanorik ez kapelurik ez txapelik nahi, eskualduna ez omen da gizon parasolik gabe...

        Sumatu du zer datorkion Lorea Gernikak, erabaki egin beharko du senarra leziatu ala emaztea lagundu.

        — Zuri ez dizu ez entzuna eginen... Hona ekarriko dut eta zuk... Zuk parasola atxikitzeko manera kanbiaraziko diozu.

        — Ene senarrek ere ber gisan atxikitzen zuten ni ezagutu aitzin! —horrelaxe trenkatu du, siku, zeukan zalantza.

        Adio gabetarik abiatu da emazteki gaztea ezpainen ordez kopeta zimur Elizaberrirat, Lorea Gernika kokotsarro Minhotzerat. Bizkitartean, emazteki gaztearen arazoa ahazmenduaren errekara igorrita borrokan hasia da bere buruarekin: nondik etorri ote zait oldar gaizto hori, horrelako gentlemana, horrelako gizon kriketa laidoztatzeko? Ni ez naiz nehoiz horrelakoa izan!

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus