Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Orbela gurpiletan

 

Sarreratik bertatik ikusi du aspaldi ezagutu zuen emakume interesgarri hura, baina jaun batzuekin ari denez eleketan, aldizkariak ikuskatzen geratu da dendatxoan harengana hurreratu gabe. Horretan ari dela ukitu dute bizkarrean, «Lorea Gernika, treina hartzera zu ere?». Amaia Ezpeldoi hura eta bera, bai. Pariserat doaz biak. Hego haize harroa dabilela komentatu du detektibeak. «Neguan eta hego haizea!», Lorea Gernikak. Iazko neguan abiadura handiko lokomotora geldiarazi omen zuten orbelek, detektibeak esan dionez. Centre Pompidou ezagunean zeukan garrantzizko hitzordua huts egin zuen, artista finlandiar baten hiru margolanen ebasketa argitzen laguntzeko eskatu zioten Quai des Orfèvresko ikerlariek. Ez dio interes berezirik sortu Lorea Gernikari artelan trafikoan egon litekeen Basque Connection delakoak, ez ditu artistak sobera maite, eta margolariak batere ez. «Orbelek lokomotora geldiarazi?». Treneko gurpiletan traba eginik. «Orbela ez da deus, baina metatzen bada...!». Azaldu da bigarren belaunaldiko Alstom harroa hamalau bagoiko buztana garraio Baionako geltokira. Bagoi desberdinetan joan beharko dute, Montparnassen ikusiko berriz elkar. Bidaian, orbelak eta gurpilak izan ditu ametsetako lagun Lorea Gernikak lo kuluxketan. Baionan esana betez, geltokitik jalgitakoan Tour Montparnasseko sarreran dauka esperoan Amaia Ezpeldoi, pipako belarra papertxo batean biltzen. Bidaia trankil egin duen edo bagoian Hego Euskal Herriko erdaldun kalakariak egokitu zaizkion galdetu gabe, «Amaia, emakumeok elkartuko bagina...» tupustean Lorea Gernikak. Irri egin du detektibeak, «Atsoak elkartuko bagina, otsoak geldiaraziko genituzke!». Adiskidantza ezin beroagoan hartu dute kafe txar bana panini txarragoak saltzen dituzten okindegi kate bateko kafetegian zutik. «Alta bada...» eten du Lorea Gernikaren jarduna Ezpeldoi andereak, «Ez duzu uste atsoen artean ere badela otsorik franko?». Begietara so, tinko, ironia dariola. Ez, Amaia Ezpeldoik ez du orbelik utziko azpia miatu gabe. Nolako xantza, horrelako lagun zorrotzak ukaitea! Eta nolako estura!

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus