Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Andrakila

 

Bat hasi bestea jelostu, gurabako erronka sortu da Laida hondartzan, biosferaren leku xarmagarri honetan dauzkagu orain burutik buztaneraino osaturik lehenago erpe eta letagin etenak baino ez zirenak: krokodiloak, lehoiak, olagarroak, gazteluak, baleak, dortokak. Harro daude egile guztiak, nekez baina Lorea Gernika dagoen beste. Hark egindako irudia zabarra da enparadukoen aldean, arrunta formaz eta eskasa fantasiaz. Bola bat burutzat, zulo bi eta barrearen okerra. Meta bat enbortzat, hiru zulotxo berokiaren botoi. Ume guztiak eta telebista guztiak piztien artean dabiltza. Edozertara be harro dago Lorea Gernika, inor sentitu da. Ez du buruz ikasitakoa egiten jardun, ez du inoren edo ezeren klona egin behar izan. Eskatu gabe akordura etorri zaion umetako pozik umeena berritu du baldres, eta hondarra eskuetan, alaitasun primitibo horixe bizi izan du, sortzailearena. Mundakako Olatuak birrindu behar izan gabe deseginen da, panpinak ez du ikusgarri irauteko asmorik ageri. Zer gara ba, dio Lorea Gernikak bere baitan, errekan behera amilduko garen elurra baizik? Eta halanda be, hemengo irudi guztien artean, hauxe da barre egiten duen bakarra! Horrelako gogo jardunetan zegoen hondar beroan jesarrita eginiko lanari buruz, noiz ere hurreratu zaion neskatila bat.

        — Titiak ahaztu zaizkizu!

        Zaflada bat eman baliote Lorea Gernika ez zen joago itzarriko inozotik. Zergatik ziren beti gizontxoak nire haurtzaroko elurrezko panpinak? Zer ginen gu? Zer gara oraindik?

        — Arrazoia duzu, Mirentxu!

        Altxatu denerako, neskatoak andrakila bihurtua dauka artean panpina zena: ugatzak astun eta titiak harro. Berokiaren goiko botoi biak ezabatu eta zilborra agerian. Willendorffeko Venusa. Azpian, triangelu bat marraztu dio hankarte.

        — Ez naiz Mirentxu, Jennifer naiz.

        — Polita izena, Hieniper!

        — Bai, eta neu be polita naiz, Jennifer Lawrence lez.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus