Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Erantzuna

 

Egun herritarrek ahotan hartzen dituzten hogei hizkuntzetarik batzuk ikasi, hankak errekan freskatu, kanpo bazkaria antolatu, baserriren bat zaharberritu... Horiek guztiak eta gehiago egiten ahal ditu Lorea Gernikak egunpasa batean hor, han, Antzuolan. Lehenik, bazterrak ikusi. Amarekin izeko jostunarenera etortzen zenean baino alaiagoa egin zaio herria. Karrika nagusiaren erdi aldean, arrosaz margoturiko paretatxoari erantsia «...ez dot moztuko bizarra!» irakurri du. Aldean du bizarraren marrazkia, hutsik, aurpegi barik. Atxikorra ematen du, kukumarro janzteko. Nabarmena ilearen baltza arrosaren gainean, ez da margotu zatarra. Ulertuko ote dute gaztetxoek ezeztapen fier horren esangura? Horixe etorri zaio burura Lorea Gernikari, gazteek ezagutzen ote orain Gabriel Aresti gaiztoaren poemak, entzuten ote Mikel Laboa zoroaren kantuak. Eta, oroz gain, kantatzen ote. Bizar baltzari beha geratu da, bere baitan amildua. Zuria izan behar zukeela honezkero, pentsatu du aurrena. Zenbat nahigabe, zenbat hasperen, zenbat etsimendu horixe kantari ibili zela aldaera guztietan? Euskara salbo, Euskadi libre, ez dut moztuko, ez dut kenduko... Aldaerak aldaera, beti bizarra. Lizarra, izarra... Errimak hala eskatzen ote? Konortea galtzeko zorian egon da. Gero eta zurbilago Lorea Gernika Antzuolako kale nagusian paretari buruz. «Neuk ere kantatu izan dut ba hori...!». Ondoeza egin zaion galdetu dio zerbitzu sozialetako zinegotziak, eta elizako kanpaiek erantzun diote. Noizbait, Lorea Gernika ohartu da emakume gazte batek daukala besotik oratua.

        — Barka egizu galdera... Uste duzu euskara salbaturikoan edo Euskadi inoiz libre baldin bada, bizarra moztu behar genukeela guk biok?

        Begiz begi geratu zaio emakume gaztea. Ezpain ertzak luzatu ditu. Nongoa den, zer dabilen hemen, kurtidore izandakoen urteroko bazkarira etorri den. Besoa laga barik lagundu dio udaletxe aldera. Kontzejuko arkupean jesarrita, arnasa biriketaraino sartzeko gauza da barriro Lorea Gernika. Plazako ikurrina itzelari dago, baina «Ez didazu erantzun...» errespetubakoa jasan behar izan du zinegotziak.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus