Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Kakalardo horia

 

Hainbat herritan eman zuen haurtzaroa, eta denetan ikusgarri berdinak liluratu zuen Lorea Gernika: tximiniek ke beltza jaurtitzen zuten hodeietara, gizonezkoek muki beltza jaurtitzen zuten edonora, izerdi beltza eta listu beltza eta, paretari beha jartzen zirenean, gernu beltza Zumarragan, Sestaon, Pasaian, Erandion, Legazpin, Gallartan, Hernanin... Langile haietarik anitz, hauxe zen liluragarriena, bere buruarekin solastatzen zen ahagoitik: isildu nuena, esan nuena, egin behar nukeena, egiten badudako damua, eginen ez dudana, egin banuko alferra, isildu dudan ez egitekoa, egin ez dudan egitekoa. Aitak edo amak edo izebaren batek edo agian eskolako lagun goizturen batek argitu zion gizon haiek, lanurdin zikinen barruan batetik bestera sarramuskan zihoazen metalgin haiek denak bazutela burutik, teila bat eskas edo, herri haietako hizkeran, uhala atera zitzaiela poleatik, torlojuren bat lasaitu zitzaiela, edo beruna erre. Gizon dohakabe haiek darabiltza gogoan egunotan Lorea Gernikak. Eta haien senera, tarteka, gaztelaniaren putzu beltzean bustitzen du mihia birao eder batzuk oihukatzeko esku ukaldi bat emanez autoaren bolantean. Eremu itxi horretan bakarrik doala, inork entzun gabe. Baina ikusi bai, ikusi dute Lizarran, Lizarragan eta Lizarrustin kakalardo hori zaharraren barruan ezpainka eta imintzioka, ez beti kantari. Beldur da laster karrikan barrena eta egun argiz hasiko ote den ahagoitik eleketan aldamenean ez daraman inorekin, eta denak ohartuko direla ez dela ari azken telefono modeloa luzitzen. Koloka horretan, inoiz ez da etxetik irteten bi edo hiru musuzapi poltsaratu gabe mukia baletorkio txukun kentzearren, eta hiriko komun publiko guztien kokapena daki buruz: isildu nuena, esan nuena, egin behar nukeena, egiten badudako damua, eginen ez dudana, egin banuko alferra, egin dudan ez egitekoa, egin ez dudan isilekoa. Komun publiko berriotan ez du esku ukaldirik ematen bolantean, baina erabiltzaile bakarrekoak izaki, katiluan jesarri eta belaungaina du jotzen ahagoitik mintzo delarik, ziegako edo hilkutxako atea irakurtzen ari bailitzan. Horrelakoetan egon ez den arren, Lorea Gernika susmoa hartua da laster sartuko dutela batean ez bada bestean. Orduan, bederenik, nahi bezain beltz egin ahal izanen du muki, gernu eta oihu.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus