Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Usoak

 

Lardiberri baserrira ezkondu zen astean landatu zituzten hurritzetara hurreratu da Joxepa hotsik atera gabe. Lo antzean dago hantxe Lorea Gernika zabalen zabal. Txoko horretaz jabetzen da astean behin udazken honetan. Hego haizearen epelean, hurritzen azpian etzanda, deusetaz gogoetaka laketzen zaigu, izpirituzko nudismoan. Salbu eta Joxepa daukala inguruan, bere pentsamendua entzuten.

        — Maitaleak ilunabarra ikustera etortzen dira mendira, gau horretan bertan, maitaldiaren beroenean hil behar dutela zin egiteko.

        Hernaniko mugan ditugun lardiberritarrak ohartuak dira emakumearen ohitura horretaz. Senarrak beldurra dio, burutik egon behar du eta datorrela aspertu arte saldarik eskatzen ez duen artean. Joxepak ez du maite, gaztetan ezagutu zuela uste du, nolako harroaldiak ibiltzen zituen maripurtzil horrek: gona bildu gabe azaltzen zen bizikletan batek daki nondik igandeetako dantzaldira! Besteren terrenoan ez sartzeko aginduko dio, hurritzak Lardiberriko lurretan daude, eskrituretan ageri da.

        — Ni berriz eguerdian amiltzera nator, egun berria beroaren beroenean besarkatuz indar hartzeko.

        Begiak zabaltzeke ari zaio, ikaratu egin da Joxepa.

        — Eta indar ematen dizu? —ahapetik.

        — Astean bitan joaten naiz orain Hernanin daukagun parke botanikora eta haizatu egiten ditut usoak, gure moduko atsoek ematen dizkieten apurrak jateari uko egiten ikas dezaten. Indartzen nau, bai, indartzen nau.

        Oiloetan pentsatu du baserriko etxekoandreak. Laster horretara iritsiko da bera ere, ezin izanen du baratzean makurtu.

        — Baina atsoek ez dute ulertu nahi, Joxepa. Berdin azaltzen dira apurrak zabaltzen.

        — Ez nuke oiloei jaten ematen bizi nahi! —irten zaio nahi ezik Joxepari garden, ozen, uzker txatxu.

        Eskua luzatu eta ondoan etzateko keinua egin dio Lorea Gernikak burua mugitu gabe.

        — Eguzkiak zoratzeraino berotuko gaitu laster, Joxepa.

        Eta Joxepak ihes egin dio izututa, besteren usoak uxatzen ez ibiltzeko esatea hurrengo baterako utzita.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus