Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Hodeien azpiko

 

Eulberaren barruan eta aterki zabalaren azpian Lorea Gernika ideiabako pentsamenduan erdi tuntunduta, baratz, karrikan behera. Ikusi ez duen norbait zapaldu du hanka betean, «Otx!» entzun du behintzat espaloian.

        — Barka ezazu! Min eman dizut?

        Alfonbra dirudi, euriaren zamapean albaindua. Edo hankapean bizitzeko sortu ez zen alfonbra, baldin halakorik posible bada.

        — Min emon didazu, bai!

        Errukitu egin du Lorea Gernika. Makurtu, zegoen potxongotik jaso eta etxera eroan du dena delakoa, galtzarbean. Sukaldeko zolan hedatu du. Zauri aztarnarik ez. Eskegi egin du idortzearren: Daliren erloju likatsu horietarik bat. Apurka, sukaldeko epelean, masa bustia xukatzen hasi da, lika galdu eta biribiltasuna hartu du.

        — Zuk... Zuk ez daukazu haririk be alfonbrarena! Erlojua ote zara? —harrituta Lorea Gernikak.

        — Bai, behartsuena: ni eguzkia naiz! —biribilaren erantzuna, Van Goghek margotua iduri.

        — Eguzkia hankapean! Nola liteke? Zer egiten zenuen hor Zerkaostetan etzanda?

        — Euri jasa batek harrapatu nau! —memeloak.

        Baina ezo zena bero da orain. Lorea Gernikak etxeko leiho guztiak ireki ditu. Labea itzungi behar izan du. Geroago berogailuak. Minutuan baino minutuan handiagoa etxearen kiskali beharra. Sutan da —ulergarria— Lorea Gernika.

        — Alde hemendik!

        Eta eguzkiak alde egin gura ez.

        — Beldur naiz!

        Beldur? Ontziak labetik ateratzeko eskularruak jantzi, gerritik heldu, pintzak askatu...

        — Gernikako Lorea, mesedez, erruki nitaz! Euriak busti egingo nau berriz, eta nik ezin dut bustita bizi!

        Otoika? Izerdi lapatsetan da, trikimainarik ez Lorea Gernikari oraintxe.

        — Zuk mundua berotu behar duzu, ez nire etxea!

        Eta leihoa zabaldurik, airez aire jaurti du alfer ez bestea Arrasateko zeru estuan gora. «Ikasiko ote du txaldan horrek, hodeien gainetik bizitzen?», betiko kezka Lorea Gernikak leihoan, gizaki kooperatiboen ibilia ikusita. Diskurtso bako berbak, ideiarik ez.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus