Poesia kaiera
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
itzulpena: Leire Vargas Nieto
2026, poesia
64 orrialde
978-84-19570-59-8
Elizabeth Bishop
1911-1979
 
 
Hitzaurrea

 

      Elizabeth Bishop gauzen poeta dela esan liteke. Haren poemetan ez da apenas pertsonarik ageri. Aitzitik, icebergei, arrokei, marmola lako itsasoari, ezkuta-oihala eratzen duen landaredi itxiari begira jartzen gaitu sarri; masa trinko eta barrentzen zailei. Eta halakoxea lirudike haren poesiak lehen itxura batean: helduleku gabea eta atzemangaitza. Bishopek zientzialariaren soaz deskribatzen digu ingurua; jakin-minak bultzatuta, objektiboki, xehe, hoztasunez ia. Hala ere, edo horren ondorioz beharbada, emozio bizi eta sakonak pizten dituzte haren poemek.

      Massachusettsen (AEB) 1911n jaioa, guraso gabe hazi zen; Bishop jaio eta hilabete batzuetara hil zen haren aita, eta amak zentro psikiatriko batean pasatu zuen bizitza erdia. Hala, bateko eta besteko senitartekoen etxeetan igaro zuen umezaroa, Eskozia Berrian (Kanada) lehenik eta Massachusettsen gero. Deserrotze hark bizitza osoan iraun zion. Bidaiari ekina izan zen. Europan, Ipar Afrikan eta Latinoamerikan ibili zen; Brasilera egun batzuetarako joan eta hamazazpi urtez geratu zen, eta Estatu Batuetan hil zen azkenik, 1979an. Bitartean poesiari emana bizi izan zen, herentzian jasotakoari esker hasieran, eta han-hemenka unibertsitateetan emandako eskolen eta hitzaldien bitartez, hala moduz, ondoren.

      Jardun nagusia poesia izan bazuen ere, gutxi idatzi zuen, eta are gutxiago argitaratu. Bizi zela, 101 poema baino ez zituen publikatu, lau liburutan eta antologia batean bildurik; hamar urtetik behin liburu bat, gutxi gorabehera. Patxadaz idazten omen zuen, perfekzionismoz, adierazpidearen zehaztasunaren bila, zorrotz.

      Deigarria da zeinen presentzia urria duen niak haren poemetan. Poesia konfesionaletik urrun, Bishop oso gutxitan da bere poemetako protagonista. Agertzekotan, behatzaile eta erregistratzaile gisa azaltzen zaigu. Haren poesian haurraren begirada harritua eta bidaiariaren jakite-gosea batzen dira. Ingurua behatu, eta xehetasun ñimiñoenak deskribatuz helarazten digu. Flora, fauna, arkitektura, askotariko lanbideetako tresneria... guztia termino zehatz eta espezializatuz izendatzen du, eta aipatzen duen zer bakoitza miniaturistaren arretaz deskribatzen. Zirrikituak arakatzen ditu, tolesetan argia nola islatzen den aztertzen du, koloreen aldakortasunari erreparatzen dio... Haren literaturan ez dago orokorkeriarik, baina xehetasunok ideia eta sentimendu unibertsalez hitz egiteko baliatzen ditu. Eta dena neurritsua eta euste-ahalegin batetik pasarazia bada ere, zirrara bizia sortzen du irakurlearengan. Bishop bakardadeaz eta isolamenduaz mintzo zaigu, inkomunikazioaz, damuez, askatasunaz eta askatasun gabeziaz.

      Xehetasunak jasotzen dituen hiztegi aberatsari musikaltasun oso markatua gehitzen zaio. Bishopen poesia oso erritmikoa da, eta nahiz eta bertso librean idatzia den, azentu zainduek, errimek eta kokapen estrategikoetan errepikatutako hitzek sonoritate berezia dakarkiote.

      Leire Vargasek Bishopen lana itzultzeari ekin aurretik haren bi poema genituen euskaraz irakurgai, Jon Benitok ekarriak. Kaier honi esker Bishopen poema enblematikoenak eta beste zenbait gutizia euskaraz irakur daitezke orain, Vargasek artisauen erara zaindu duen zehaztasun lexikoaren eta musikaltasunaren arteko oreka arretatsuan.

Isabel Etxeberria Ramírez