Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

ESPERIMENTU
PRESENTZIALA
ESKAILERETAN

 

Ez dakit nor den, baina norbaitek

denbora bat kalkulatu dit hemen.

Eskaileretako argiari sakatu eta

bertan gelditu naiz ikustera

noiz suposatzen nauten kanpoan,

noiz behar nukeen beste inon, agian

beste inorekin, edo behintzat ez hemen:

bakarrik, geldi, isilik. Ezertan ez.

Bataz besteko presentzia bat dut

munduaren leku zehatz honetan,

eta nire ausazko existentziaren

denbora agortzea erabaki dut gaur,

beste inori eszedenterik utzi gabe.

Norentzat dira nire segundoak

ni ez nagoenean? Ordezkatzen al naute?

Bigarrenez sakatu diot argiari, geldi,

ezin asmatuz zer beste unerengatik

sakrifikatu behar nukeen une hau,

zer beste lekutan pentsatu nauten,

eta zer beste bizitza amestu didaten.

 

 

 

© cc-by-sa Iņigo Astiz

 


www.susa-literatura.eus