Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Cry my beloved country

 

Charles de Gaulle aireportua, Paris. Bitxia da ikustea nola barreiatzen diren Cape Towndik hona hamalau orduz hegazkin berean egondakoak. Bukatu da nire Hego Afrikarekiko lotura. Ez nago inon, aireportuan egotea inon ez egotea baita, baina dagoeneko atzean utzi dut Afrika. Atzean utzi ditut hari lotzen ninduten bistako lotura bakarrak: bidaideak.

        Harat honaka igaro ditut Miarritzera eramanen nauen abioia hartzeko dauzkadan lau orduak. Nagitu egiten du ezagunera bueltatzeak. Nekeza baita, gauzak kanpotik ikusten dituen bideko izateari utzi eta... hau naiz eta honen alde edo kontra nagoka hasi beharra. Dena dela, gozoa da etxera itzultzea, kantak dioen moduan etxea non den ez badakigu ere.

        — Pirinio Atlantikoetakoa zara? —galdetu dit aldameneko bidaiariak Euskal Herrirako abioian.

        Ez nago ba ni elkarrizketa ergeletarako.

        — Hainbeste igartzen zait? —erantzun diot, zakarkeria ezkutatu gabe.

        — Miarritzera noa lanera —berrogei urteko gizonkotea da, betaurrekoduna—. Han bada abioiendako motorrak egiten dituen lantegia, eta horra noa. Hegoafrikarra naiz.

        Poztu egin naiz, galdua uste nuena bidera atera baitzait berriz. Euskal Herriraino eramanen dut Hego Afrika.

        — Ni handik heldu naiz, sei hilabete igaro ondoren.

        — A bai?

        Afrikanerra da eta Pretorian bizi da. Topikoetan aritu gara, batak bestea neurtuz: paisaien zoragarria, urrea, hegazkinen motorrak, Cape Towngo ardoak... harik eta egoera politikoarekin tupust egin dugun arte.

        — Desastrea da hango egoera politikoa. Mandelaren Gobernuari eskuetatik joaten ari zaio.

        — Tira, denbora behar da —erantzun diot—. Kontuan har ezazu nazio bat ezin dela lau urtetan konpondu. Apar theidak utzitako egoera ez da gozoa!

        — Bon... orain mundu guztiak kritikatzen du National Party, baina ez zen hain txarra izan. Niretako gobernu hau baino askoz hobea izan zen.

        Hara!, itxi da zirkulua. Modu beretsuan hasi eta bukatuko dut bidaia. Afrikanerretik afrikanerrera.

        Lur hartu dugu Miarritzeko aireportuan. Lagunak, poza, Euskal Herria. Euskaldunon Egunkaria paratu dit lagun batek eskuetan. Begiratua bota diot. Egiaztaturik gelditu zait hemengo gauzek berean segitzen duteneko susmoa.

        — Cry my beloved country —esan diot lagunari hasperenka.

        — Zer? —galdetu dit lagunak.

        — Ezer ez, hegoafrikarren kontuak.