Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Istorio luzea

 

William aspaldiko laguna etorri zaio Chris van Wyki. Jol egitera joanen omen gara: edan, porroak erre eta neskatara.

        — Badakit Sowetora joan nahi duzula —esan dit Williamek—. Eramanen zintuzket, baina auto honekin ez naiz fio. Mundu guztiak nahi du BMW bat, lapurrek batez ere. Ez dut nire autoa galdu nahi.

        Autobidean barneratu gara.

        — Leitu duzu Boesak putakume horrek esandakoa? —galdetu dio Williamek Chrisi—. Zuk badakizu nor den Allan Boesak, Juanjo?

        — Ez.

        — Boesak UDFko buruzagietako bat zen, coloureda, Teologian doktore eta apaiz protestantea. Ni UDFn aritu nintzen liberatu, eta ongi ezagutzen dut. Gizon honek Danimarkatik apartheidaren aurkako borrokara bideratu diru piloa poltsikoratu zuen. Boesak Cape Townen ANCko parlamentaria zelarik dena azalarazten hasi zenean, EEBBetara hanka egin zuen. Orain itzuli egin da, «borondatez» diote ANCkoek. Baina itzuli da bestelaz estraditatu eginen zuketelako. Omar, gure Justizia ministroa, Boesaken laguna da; aireportura joan zaio ongi etorria egitera, eta «Ez kezkatu, bra!» esan omen dio. Ikusten duzu ze putakumeren eskuetan dagoen herri hau!

        Yeoville txartelean utzi dugu autobidea. Yeoville, Judutarren Herria. Johannesburg erdialdetik gertu, iparraldera. Times Square izena du tabernak. Eguraldi ederra dago. Jendea karriketan, beltzak nagusi. Arrazen arteko konponezina ez da nabari. Terrazan eseri gara Chris, William eta hirurok. Sakelako telefonorik gabe, hobe dioen txartela dago tabernan.

        — Telefono horiek hasi zirenean, jendeak terrazatik barrara deitzen omen zuen edariak eskatzeko. Behingoan jabea nazkatu eta txartela paratu zuen!

        Gazte beltz bat inguratu zaigu: Fineas, Chris eta Williamen adiskidea. Emakume zuri batekin ezkonduta dago, ingeles batekin.

        — Ni kaffirra naiz —esan dit—, nire arreba kaffirra da, nire anaia kaffirra, nire aita kaffir handiena, eta gure ama zer esanik ez! Nahikoa nuen kaffirkeriekin. Horregatik hartu nuen emazte zuria!

        Barrez lehertu dira Chris eta William, pasadizoa mila bider entzuna baldin badute ere.

        — Emaztea Sowetora eraman nuen nire gurasoak ezagutzera. Ni Soweton bizi eta hazia naiz. Sartu gara etxean, elkar aurkeztu ditut, eta gure aita hasi ez zitzaion bada missis-ka! Missis andrezko ugazaba zuriei eman beharreko trataera zen apartheid garaian. Ni lotsa-lotsa eginda nengoen. Esan dizut: gure aita kaffirkerietan kaffirrik handiena!

        Zerbeza dzanga batean edan eta badoala esan du, gero nahi badugu etxetik pasatzeko, etxean egonen direla emaztea eta biak.

        Taberna leporaino dago. Prophets Of The City talde raperoa ari da jo eta ke. Gaiztoak dira. Ez daude Hego Afrikan hedatu den adiskidantza giroaren alde. Jendea zoratzen jarri da To understand where I come from kantua hasi denean: «Gaiztoa naiz ghettoan hazia naizelako». Txistu eta txalo. Porroak esku batetik bestera.

        Mutiko gazte bati hots egin dio Chrisek.

        — Hau Sandile Dikeni da.

        Sandile Dikeni... ezaguna egiten zait izena... Hara!, astelehenetako Cape Times egunkarian zutabea dauka. Sutsua eta zorrotza, hegoafrikarrei egiak esateko garaian.

        — Hau Juanjo. Euskalduna.

        — Zer egiten duzu zuk zure herriaren liberazioaren alde? —bota dit huts-hutsean.

        — Zer esan nahi duzu? —kale harrapatu nau.

        — Ongi asko entenditu duzu. Zer egiten duzun zure herriaren liberazioaren alde!

        To galdera!

        — Non ibili zara Hego Afrikan?

        Ibilitako lekuak aipatu dizkiot.

        — Ez duzu benetako Hego Afrika ikusi, eta gero joanen zara zure herrira eta adituek hitz egiten duten bezala egin. Liburu bat ere idatziko duzu hura eta bestea aipatuz. Baina kaka! Eta gero diru ederrak kobratu liburuarengatik! Alexandran egon zara?

        — Ez. Baina hori baldin bada benetako Hego Afrika, eramanen nauzu... Gustura joanen naiz.

        — Ezin dut zure segurtasuna gorde Alexandran. Zuria zara! Eta orain banoa mahai hartara...

        Chris eta William agurtu ditu eta aldameneko mahaian eseri da. Amorraturik nago: halako putakumerik! Ezin dut morroia burutik kendu. Putakume bat baino ez da: galderak metrailadorez bota eta ospa. Altxa eta bere mahaira hurbildu natzaio.

        — Dikeni jauna, zatoz pixka bat. Uste dut putakume nazkagarria zarela!

        — Putakumea? Zergatik? —zur eta lur gelditu da.

        — Nahi izan dituzun galderak egin dizkidazu erantzunei batere kasurik egin gabe. Kristorenak esan dizkidazu eta zuk erabakitakoan aldegin duzu. Hori ez da jendearekin aritzeko modua.

        Chris eta Williamengana zuzendu da ozenki:

        — Ei! Zuen lagun honek, europar txatxu honek putakumea deitu dit!

        Chris eta Williamek, ezulertuarena eginez, abiatzeko ordua dugula erabaki dute. Bizkarreko bat eman diote agur modura, eta han utzi dugu. Beharrik!

        Gautzen ari du eta bederatziak inguru dira, berandu xamar latitude hauetarako. Jendea dabil kalean harat honaka. Denak agurtu ditut. Autoan sartu gara. Fineasen etxera goaz. Hemen inguruan bizi da. Etxe victoriarreko auzune batean barneratu gara. Etxe victoriar handi baten atarian gelditu gara. Argiak pizturik daude... eta baita gu ere. Chris, mingaina motel-motel, kaffirka ari zaio Williami:

        — Ni kaffir bat naiz, zu kaffir bat zara, gu kaffir batzuk gara.

To be aditz osoa konjugatu du. Irainari buelta emateko umorea badute, behintzat! Etxean ez du inork erantzuten. «Fineas! Fineas!» oihuka ari dira. Kalea hutsik. Murrutik salto egin eta etxe atarian dagoen txirrina jotzeko eskaini dut nire burua. Jauzi egin... ezta arimarik ere. Autora bueltatu gara.

        — Zu basque kaffirra zara! —esan dit Chrisek, egindako balentriagatik.

        — Eskerrik asko. Ohore handia da kaffir izatea!

        Barrez lehertu dira.

        — Aizue, mutiko hori, Sandile Dikeni... —tentatu ditut, haren ostia txarraren nondik norakoak argitu nahian.

        — Ez egin kasurik! Oso mutiko jatorra da, gaztea-eta badakizu... berotu egiten da. Gorroto asko du bere baitan. Badakizu comradeek amona erre ziotela? Sandile xhosa da, Karookoa. ANCko militanteek amona erre zioten sorgina omen zelakoz! Horrelako gauza asko gertatu dira gure borroka garaian.

        Etxeko atarian utzi naute, taberna ireki baten bila alferrik aritu ondoren. Chrisek Staffrider bat oparitu dit, Hego Afrikako Idazleen Elkartearen aldizkaria.

        Ohantzean sartu eta, mozkor-mozkor egon arren, aldizkaria zabaldu dut. Sandile Dikeniren poema batzuk heldu dira. Motzena hartu dut... nire ingelesa eta mozkorragatik.

 

                ISTORIO LUZEA

                Comradeek eta lagunek hil zidaten amona

                erreta...

                Baina aurretik bularra xurgatu zioten

                lehortu arte

                ...hobe erre zedin horrela.