Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Mailu-Gizona

 

Bueltan noa, Durbanera, TRCko eskifaiarekin. Bideberrian sute izugarria dago, kamioi bat irauli ondoren azukre-kanabera soroak su hartu baitu. Zeruraino altxatzen dira garrak.

        — Non gaude? —galdetu du furgoneta atzean esnatu berritako batek.

        — Empangeni inguruan —erantzun du Lwazik.

        — Empangeni, Simon Mpungoseren herria!

        — Nor da Mpungose hori? —galdetu dut, lider politiko bat dela entzuteko ustean.

        — Mailu-Gizona! Ez dakizu nor den? Mailu-Gizona zen —hasi da kontu kontari— hemengo herritar zuriak ikaratu zituen zulua...

        Inguru hauetako etxalde jabe gehientsuenak britishak dira, 80etako hasieran artean 'estilo kolonialeko bizimodua' zeraman jende klase hori. Badakizu, etxe dotoreko jendea, gaztetan zuluekin hazi... eta heldutakoan zuri bilakaturikoa. Etxetako Ingalaterra daukate horiek, eta etxera itzuli ez-itzuli dabiltza... zuluek, boy eta girl izateari utzirik (hauxe duk hauxe), errespetua galtzen hasi eta zuri bilakatu nahi dutelakoz. Hitz batean esateko, Osaba Tom irribarretsuz beteriko lehengo karrikak itsaso beltz ulergaitz eta bortitz bilakatzen hasi zitzaizkien.

        Gau batez bikote zuri bat zauriturik agertu zen etxean. Zuluek zerriak hiltzeko erabiltzen duten mailuaz eginda zeuden zauriak. Hiltzaileak ukitu ere ez zuen egin etxeko haurra.

        Egunkariak-eta berehala hasi dira gertatutakoari buruzko hipotesiak egiten. Nor ote da Mailu-Gizona? ANC edo PACeko militante bat? Laido pertsonal batengatik mindutako zulua? Boy izateaz nazkatu eta nagusiak hiltzera jo zuen bat? Ero bat? Zuriak beldurturik daude. Beltz guztiak susmopean. Gauez kaletik barna dabilen edozein beltz galdeka dezake Poliziak. Arma salmentak gora egin du! Egunkariek histeria giroaren aurka aholkatu badute ere, sua bezala hedatu da.

        Mailu-Gizonak zurien beltzekiko izua sinbolizatzen zuen; mailukadek haien bizimoduari erreparatzera behartzen zituzten. Behin erreparatuz gero, jakina, errudun ziren! Zerabilten bizi oparo, luxuzko eta lasaia mehatxatzera etorria zen Mailu-Gizona!

        Hurrengoak Johannesburgeko bi morroi izan ziren, uste dut. Ez naiz haien izenekin akordatzen. Dena dela, jatetxe afrikar bat zeukaten. Ongi zihoakien negozioa: turistak, jende ugari. Beltzak maite zituzten, zuluen kultura entenditzen zuten, marihuana erretzen zuten... Beltzak xaxatzen zituen gaizkile horrengatik ez balitz! Herri inguruko jauregi batean bizi ziren bi morroiak, baten emaztea eta seme-alabak. Atera da donadoa gau batez garagardo batzuk hartzera eta, itzulitakoan, gurasoen gelan aurkitu ditu haurrak negarrez. Aitak burua mailukadaz barra-barra eginda, ama telefonoa eskuetan odoletan itorik.

        Hilketa gehiago gertatu ziren. Poliziak, ezta arrastorik apurrena ere. Poliziburua kargutik kentzekotan dabiltza... harik eta norbaitek zuluen erreserban entzundako tiroen berri eman arte. Polizia hara joan eta gizon bat aurkituko du ohean, zauriturik. Anaiordeak zauritu omen du. Ihes egin omen du herriko alde zurira, han lan egiten baitu emaztegaiak. Izena Simon Mpungose.

        Atxilotzean, «ni naiz Mailu-Gizona» aitortuko du. Alimaleko aisia hartuko dute zuri guztiek. Berriz ere zuzen daude, arrisku beltzak sekula mehatxatuko ez dituelako ustean.

        1984an egin zen epaiketa. Barnean, zurien Justiziaren sinbolo guztiak. Kanpoan, beltzak beren heroiaren alde, garrasika.

        Simonek defentsa errefusatu eta soil-soilik esan zuen: «Gaur gertatutakoa Babertongo kartzelan ikusi nuen».

        Simonen istorioa zulu arruntaren istorioa da. Erreserban jaiotako edozein bezala, batere etorkizunik gabe, gaztea zela hasi zen osten. Harrapatu egin zuten. Epaiketan ezin izan zuen azaldu goseak eraman zuela ostera. Inportantziazko kasuetan ez bazen, beltzek ez zutelakoz ez defentsarik ez ahotsik. Ezdeuskeria horregatik zazpi urteko zigorra ezarri zioten, non eta Hego Afrikako kartzelarik gogorrenean: Barbetonen! Han gorriak pasatu zituen, eta lauzpabost aldiz saiatu zen bere burua urkatzen.

        Eta orduan amets bat izan zuen: Simon erraldoi bilakatuko da ametsetan; eta kartzela hautsi eta pasaeran harrapatutako zuri guztiak hilen ditu. Harik eta bidean botere handiko figura zuri bat aurkitu arte. Hura hil ondoren, Simon tamaina normaleko bihurtuko da atzera berriz, atxilotu eginen dute eta... hiltzera zigortu. «Horrela akabatuko da», esan omen zuen, «nire kalbarioa». Zulu batek aintzat hartu behar du horrelako ametsa, haren arbasoen ahotsa baita.

        Askatzeko garaia iritsi zitzaionean, kartzelan eusteko erregutu zion zuzendariari, baina 1983an askatu egin zuten, rand gutxi batzuk poltsikoan eta soineko arroparekin.

        Empangenira itzuli zen Simon, lan bila. Baina ez zeukan paserik. Azkenean lortu zuen hiru astetarako pasea, eta lan bila hasi zen. Besteak beste, nekazari afrikaner batengana jo zuen; hark lana eman beharrean, pasea hartu eta hautsi egin zion muturren aurrean. Hor erabaki omen zuen Simonek ez zegoela ezer egiterik, hor erabaki omen zuen «itzalei jarraiki basoan barneratzea». Horrek zera esan nahi du zulueraz: hiltzea.

        Simonek argi esan zuen zuriek bultzatu zutela egin zuena egitera, ez zuela ulertzen bera kristaua izanik beste kristau batzuek nola trata zezaketen hain gaizki. Beraz, kartzelako ametsari jarraituz zuriak erailtzeari ekin zion.

        [Garrek gau epela argitzen dute. Aurrera-atzera dabiltza gidariak autoetatik aterata].

        Baina Simonen istorioak badu egunkarietan agertu ez zen beste adar bat. Simon oker jaio zen.

        1914 inguruan bazen zulu buruzagi bat, zeinak edadeturik Musa izeneko alaba izan baitzuen. Musa zen aitaren kuttuna. Hortan, Musa haurdun gelditu zen ezkongabean. Zuluek ezkon aurreko sexu harremanak debeku dituzte. Edadeko emakumeek maiz aztertzen dituzte neskak, birjina dirauten jakiteko. Musak, ordea, ez zuen aita nor zen esan nahi. Eskandalua izan zen. Buruzagi baten alaba ume batez erditu ezkongabean!

        Haurra kozkortzen hasi zenean, Musa haurdun gelditu zen atzera berriz. Emakumeak gogor jarri ziren oraingoan: «Nor da aita?». Musak anaia seinalatu zuen. Mendebaldeko batendako lehengusuak, eta beharbada lehengusu urrunak baino ez ziren Musa eta anaia, baina zuluendako anai-arrebak ziren; eta intzestua ez da debeku ume malformatuak jaio daitezkeelako, arbasoak iraintzen dituelako baizik.

        Zulu guztiek gurtzen dituzte arbasoak. Zulua kristaua baldin bada, arbasoak Kristo eta haren arteko bitartekariak dira; zulua paganoa bada, arbasoak jainkoak dira. Zenbait antropologok jainko bainoago itzal deitzen badituzte ere, zulu batendako jainkoak dira, eta jainkoek, arbasoek, lege zaharrarekiko obedientzia agintzen dute. Ezin duzu zure ama edo aitaren leinuko inorekin ezkondu; intzestua, beraz, izugarrikeria da zulu batendako, arbasoengan istiluak eragiten dituelako. Umea ernetu den unean, aita eta amaren leinukoak biltzen direnean, izugarrizko istilua sortuko da, senar-emazteak leinu berekoak baldin badira. Horrelako batzar batek itzalak erotu egiten ditu, eta leinu osoa madarikatzen dute. Barkazio modu bakarra dago: bekatuan eroritakoak hiltzea!

        Baina gizon zuriaren agindupean bizi zirenez, ezin zituzten hil; eta tributik kanporatzea erabaki zuten. Musa eta anaia Hego Afrikan barna ibili ziren erromes.

        50etan haien semeetako bat alargun batekin bildu eta Simon jaio zen: oker.

        Empangenira itzuli zen Simon, aiton-amonen leinura. Ez zuten hartu nahi izan. Amaren familiarengana jo zuen berriz, eta han halabeharrez hartu zuten. Baztertua zen, proskritoa.

        Badakizu, Mailu-Gizona hil zutenean, zer esan zuten Simonen leinuko zaharrek?... «Bazen garaia!».