Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Antjie Krog

 

Afrikaans hizkuntzako poetarik nagusienetakoa da Antjie Krog. Orain berrogei edo berrogeita hamar urte inguru dituztenen belaunaldikoa. Hizkuntza irauli, afrikanertasunari traizio egin eta beltzen eskubideen alde hasi ziren lanean. Batzuk-batzuk errepresioa jasan zuten beren haragitan, Breyten Breytenbach idazleak kasu, belaunaldi horretako poetarik garrantzitsuenak, zeina Paristik Hego Afrikan klandestinoki sartu ondoren, Poliziak atxilotu eta zazpi urtez eduki baitzuten kartzelan isolamenduan. Han izkiriatu zuen Breytenbachek Terrorista albino baten benetako aitorpena.

        Antjie Krogek ere, 'parte hartzea' erabakirik, afrikaner komunitatearen arbuioa eta Poliziaren jazarpena pairatu zituen. Maistra hasi zen lanean township coloured batean, eta orduan aurkitu zuen «etxetik bertara zegoen beste mundua».

        — Atzerria ematen zuen gure bizitzarekin alderaturik, eta hamar kilometro baizik ez zeuden!

        «Jende hori ezagutzen» saiatu zen eta haien backgroundari aurre egiten. Eman zuen jauzia ez zen debaldekoa izan, afrikaner komunitateak ez baitzion nolanahi barkatu bestaldera pasa izana.

        Gaur egun kazetari dihardu Egia eta Adiskidantzaren Aldeko Batzordean (TRC).

        J.O.: Azken aldian egunkarietan egundoko eztabaida dago apartheid garaiko zurien jarrerari buruz. Zenbait iritzik diote zuri guztiak errudun direla, beste zenbaitek zuriek ez zekitela zer gertatzen ari zen. Zuk aukera egin zenuen. Nola jabetu zinen?

        ANTJIE KROG: Apartheidak oso ongi funtzionatzen zuen, baina ez hainbeste, inguruan aski jende beltz baikenuen zer gertatzen ari zen jakiteko. Ez zen Berlingo Harresiarena bezala, non zurrumurruez baliatu behar baitzenuen gertatzen ari zenaz ohartzeko. Gaur egun horregatik da horren erraza esatea ez zekitela zer gertatzen ari zen. Ez genekien, baina jakin bagenekien. Aukera kontua zen: konturatu eta kontra egiten zenion edo gertatzen ari zena ikusteko itsuturik zeunden... Zurien sukalde guztietan bazen beltzen bat, eta pertsona horri galdetzea besterik ez zeneukan.

        [Berrogeiak pasatxoko emakumea afrikaans azentuz lakartutako ingelesez mintzo zait. Harrigarria ere bada, ezen, egun, garai zaharrak ahantzi asmoz jende afrikanerra ingeles dotore azenturik gabean saiatzen baita, apartheida ezarri zutenekiko identifikazioa saihestu nahian-edo].

        J.O.: Zein da afrikaansaren egoera?

        KROG: Afrikaansaren estatusa aldatu egin da. Lehen, garai zaharretan, afrikaansa zen bi hizkuntza ofizialetako bat, baina orain estatus hori beste hamabi hizkuntzarekin konpartitu behar du, eta ingelesa bilakatzen ari da hizkuntza. Eta nik galdetzen diot neure buruari: hizkuntza bat mehatxaturik egonda, hizkuntza horrek jasan ote dezakeen 'traiziorik', kritikarik, traidorerik, ezen hiztun guztiak hizkuntza babesten ari baitira. Horrek dakarkio hizkuntzari itotze efektua, hiltzen ari deneko sentipena. Beraz defendatu egin behar duzu, beti positibo izan.

        J.O.: Afrikaansa ez da kontu garrantzitsuetarako erabiltzen orduan?

        KROG: Afrikaans egunkari bat hartu eta berehala ohartuko zara ez dela debate garrantzitsu bakarra ere afrikaansez. Esaterako, hartu ANC barnean gertatzen ari diren talde ezberdinen arteko borrokak; ba, ez duzu hitz bakarra ere aurkituko... National Partyz baizik ez dira mintzo. Gauza bera gertatzen da afrikaans hiztunen komunitate ez-zuriekin; ez dira afrikaans egunkarietan ageri; ez duzu Cape Flats-eko komunitatearen arazoei buruzko arrastorik ere aurkituko. Hori horrela, hiztunek beste hizkuntza batera jotzen dute, ingelesera.

        J.O.: Baina beharbada gaur egungo lehentasuna ez datza afrikaans hizkuntzaren etorkizunari buruz kezkatzean, baizik eta nazio bateko herritarra bilakatzean, gizarte bateko partaide bilakatzean.

        KROG: Arazoekiko ikuspuntua aldatu egin da: orain klasea da gizartea neurtzeko parametroa. Zuriek oso klase-zentzu azalekoa izan dute beti, arraza zentzu sakonagoa zuten: afrikaner langileak gorago zeuden langile colouredak eta beltzak baino. Baina orain, klase kontzeptuak aurrera egin ahala etnizitate kontzeptuak atzera egiten du.

        J.O.: Zuriak (nolabait esateko) begira daude, esperoan, beldurturik, herri honetako gehiengoak... beltzek, alegia, zer eginen ote duten?

        KROG: Beldur hori dela eta denek Western Capera etorri nahi dute bizitzera! Zimbabwen izan nintzen oporretan eta haserre etorri nintzen handik. Han dituzu zuriak, antzina bezala bizitzen, kolonia garaietan bezala, pribilejioekin, harro-harro, isolaturik, haiendako bizimodua sortu dute eta ez dute ezer jakin nahi Gobernuaz (esaterako) edo gehiengoaren arazoez. Zimbabwen oraindik kolonia bailitzan bizi dira. Espero dut horrelakorik hemen ez gertatzea. Baina arrastoak ikusiz, bide berean goazeneko susmoa dut: afrikaner jendea Cape Town ingurura, hiriburura etortzen ari da bizitzera, Afrikaans Unibertsitatea hemen dago, Western Cape da National Party boterean dagoen autonomia bakarra. Autonomia hau populazio zuri-zorro bat bihurtzen ari da, eta horrek gehiago oker ditzake kontuak.