Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

1976ko Belaunaldia

 

Nahiz eta 1988an Separated Areas Act delakoa, arraza ezberdinetako jendea auzune banandutan bizitzera behartu zuen legea bertan behera gelditu, oraindik ere nabariak dira lege horren ondorioak: hirien geografiak arrazaka marrazturik daude. Beltzak etorri, etortzen dira auzune zurietara, lanera baino ez bada. Zuriei, ordea, ez zaie bururatu ere egiten township beltz batera joatea. Are gehiago, nik joan nahi dudala esaten diedanean, hoberenera, «zertara?» botatzen didate; «zure europar erosotasunetik beltxiño gixajoak zein miseriatan bizi diren ikusiz turistarenak egitera?» ironizatzen dute maltzur.

        Kontua da bi hilabete daramatzadala Hego Afrikan eta ez dudala, neskameez gain, batere beltzik ezagutzen. Gezurra dirudi Afrikan nagoela. Baina gaur, azkenera, jende beltza bilduko duen braai batera joanen naiz Gailekin.

        — 1976 Belaunaldikoak dira —esan dit Gailek txosten bat luzatuz.

        Sowetotik Hego Afrika osora hedatu zen altxamendua hasi zuen belaunaldia. Beltzen hezkuntzaren eskasa, eskola gainpopulatuak, apartheidaren egoera jasanezina... txinparta txiki bat nahikoa izan zuten lehertzeko. 1976ko ekainean Gobernuak eskolako gaiak ingelesez ikasi beharrean afrikaansez ikastera behartu nahi zituen. Ikasleek protesta egin zuten eta Poliziak demasaz egurtu zituen. Altxamendua Hego Afrika osora zabaldu zen, eta urte t'erdian 600 lagun hil eta 3.000tik gora zauritu zituzten. Gobernuak atzera egin behar izan zuen, afrikaansa derrigorrezko egiteko asmo hartan.

        — Altxamenduko protagonistak ume mukitsu batzuk baino ez ziren —argitu dit Gailek—, hamabi-hamazapi urteko neska-mutilak. Horiek hogeita hamar urte inguru dituzte orain, eta sortzen ari den beltz klase ertaineko partaide dira asko.

        — Azkenean, ezagutuko ditut beltzak!

        — Ez hainbeste uste. Ezagutuko dituzun beltzak, Juriek dioenez (nahiz eta ni ados ez egon), ez dira beltzak, beltz zurituak baizik.

        — Beltz zurituak?

        — Juriek ukatu egiten die belztasuna mendebaldetu egin diren beltzei.

        Gailen txostena leitzen hasi naiz:

        Ikerketak 30 urte inguruan dauden gizon-emakumeak hartu ditu. Gurasoek hezkuntza eman zieten, gehienak eskola multi-arrazialetan edo beltzendako eskola onetan aritu dira. Auzune zurietan bizi dira, auto ona dute, sakelako telefonoa darabilte, eta bidaiak egiten dituzte negozioak direla-eta. Aisialdietan: futbola ikusi, townshipetako shebeenetan dibertitu, partyak lagunen etxeetan, jazza entzun, antzerkira joan eta etxetik kanpo afaldu. Jende horiek hartu zituzten lagintzat, eta elkarrizketetako emaitzak hauexek dira:

        1.— Aberastasuna baliogabetzat jo dute, baldin eta tartean ez badago balore afrikarrik; alegia, komunitatearekin konpartitu gabeko aberastasuna bada.

        2.— Ubuntu aipatu dute. Ubuntu filosofia honetan laburbil liteke: «Zu bazara, gainerako jendeari esker da, horrexeri esker soilik». Beraz, esan daiteke Ubunturi dagozkion baloreek bizirik dirautela: helduenganako errespetua, komunitatearen partaide sentitzea, kontzientzia soziala garatzea, familia ardatz nagusitzat hartzea.

        3.— Kontzientzia politikoaren garrantzia, zuritzat joa ez izateko. Zuri izatea negatibotzat dute: harrokeria, hertsikeria, insentsibilitatea, inseguritatea, besteekiko goxotasun eta kezka falta.

        4.— Egoneza ageri dute. Haien bizitzan gertatutako aldaketek balore hauek galaraziko ote dituzten beldurra, sustraiak galtzeko kezka.

        Elkarrizketatu batek kontatu zuen:

        «Mutila eta biok autoan gindoazen. Gizon bat hurbildu zitzaigun semaforoan eta umlungu (zuria) esan zigun. Ni haserretu egin nintzen. Ez zaituzte haietakotzat jotzen. Eta guk dugun ingelesezko azentu onak makurrago egiten du afera. Euren larrua bezalakoa duzu, baina zu auzune zuri batean bizi zara, auto on batean zoaz, unibertsitatean ikasia zara... beraz, ez zara nahikoa beltz. Aldaketa nabari du jendeak gugan, guk nabari ez dugun neurrikoa. Orduan, zure jendearengandik bakarturik senti zaitezke, eta aldi berean ez zara gizarte zuriko parte. Geure gisako gutxiengoaren artean babestu behar izaten dugu».

        Klase ertainaren eredua zurien eredua da, eta sortzen ari den klase ertain beltzak ez ditu eredu propioak garatu. Haien buruei zera galdetzen diete: zein bizimodu eredu garatzen ari gara, afrozentrikoa ala eurozentrikoa?