Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Kaffirbootie bat da emakume hori

 

Air Franceren hegazkinean iritsi naiz Cape Townera, edozein Vasco da Gama bezala... basko eta zuri. Uda da Hego Afrikan, Hego Europan negua denean. Ez dugu hodeirik jo eta ez da istripurik izan. Bidaia oso lasai egin badut ere, lur hartu dugunetik tximeletak ditut sabelean, gertatuko dena ezin sumatuz. Motxila bizkarrean, maleta eskuan, Nadine Gordimerren None to accompany me eleberria bestean, aireportuko gela nagusian barneratu naiz. Gizonezko beltzaran batek eskua altxatu dit jende piloaren artetik.

        — Kaixo, Jurie naiz —afrikanerra da, boer bat, lanbidez bihozkailu saltzailea.

        — Ni Juanjo. Pozik zu ezagutzeaz.

        Autoan sartu gara, aire egokituaz. Eguraldi zoragarria egiten du. Autopistan barna goaz. Ni paisaiari begira. Burdin-uralitaz, olez, plastikoz, lastoz egindako txabolak hare gainean eraikirik.

        — Horrelako batean bizi naiz —esan dit Juriek adar joka—, baina gure auzoa hau baino oraindik kaskarragoa da!

        Irribarre egin diot, «hasi gaituk!» pentsatzen.

        Guguletu, Michael Plain, Langa... autopistan barna aurreratu ahala auzoak aldatuz doaz. Figura beltz batzuk txabolen artean. Nowbray: etxetxo txikiak larreska aurrean. Observatory: coloured-en auzoa. Eta azkenik City Stad: dorre erraldoi batzuk, abenidak, badia han behean bi mendi tontorren artean: Table Mountain bata, Lion's Head bestea. Ezkerretara jo dugu. Hormez inguratu eta alarma sistemez hornituriko etxe victoriar koloretsuak. Miseria gorrienetik luxura, hamar kilometroren buruan.

        Auzoko pisu bakarkakoetan bizi da Jurie: Panorama Mansion. Ez dago gaizki txabolatxoa. Lau gela handi eta bi komun. Jardina, balkoi ederra eta badiara bista miragarria.

        — Ez esan hori irakurtzen ari zarela! —Juriek Nadine Gordimerren liburuan erreparatu du.

        — Barkatu?

        — Hori irakurtzen ari zara? —errepikatu dit.

        — Hego Afrikan gertatzen denaz jabetzeko erosi nuen.

        Begiak dir-dir ditu Juriek.

        — Kaffirbootie bat da emakume hori.

        — Kaffirbootie?

        Kaffir hitzak beltza esan nahi du ez oso modu positiboan, eufemismo bat erabiltzeagatik; eta bootie hitzak anaia esan nahi du afrikaansez. Geroz: beltzen anaia, beltzen laguna, beltzen maitalea.

        Oi euskaldunok! Zuek denok liberal communist zarete. Nadine Gordimer liberal communist da. Zer irakurtzen dute liberal communistek? Beste liberal communisten liburuak. Arrazonamendua segi dezaket: Nadine Gordimer kaffirbootiea da, nork irakurtzen dituzte kaffirbootieen liburuak?, eta abar.

        — Baina Juanjo —segitu du, nire irudiko adar jotze tonua areagotuz—, aise konturatuko zara gauzak ez direla emakume horrek kontatzen dituen bezala. Hau nazio demokratikoa da orain. Apartheida duela hiru urte bukatu zen; beraz, orain bakoitza nahi duen tokira irits daiteke. Kontua, jada, ez da azalaren kolorea, norberaren trebetasuna baizik. Gainera, zure buruan ahalbait azkarren kokatzeko zera esanen dizut: nazio honetan turista eta arrazista baten arteko ezberdintasuna... bi aste baino ez dira.