Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Hau ez da Zimbabwe

 

Jatetxe greziar batean zitatu nau Cameron Dugmorek, Western Cape probintziako gobernuko partaide eta ANCko kideak. Plateren tamainari buruz galdetu dio zerbitzari beltzari.

        — Oso txikiak dira. Hemengo nagusia... badakizu... zimur samarra da.

        — Baina zuri pagatu behintzat eginen dizu, ezta?

        — Hola-hola —arrapostu egin dio zerbitzariak.

        Entsalada bana eta haragia eskatu dugu.

        — Ez da batere erraza ANCrekin elkarrizketa bat lortzea —jakinarazi diot Dugmoreri.

        Irribarre xume batez baino ez dit erantzun jatorri britisheko gizon gazteak. Zuria da, baina National Partyko Ana van Wykek esandakoaren aurka, ez da Alderdi Komunistakoa.

        J.O.: Jendeari aditu diot ahantzi egin zaretela herri xeheaz.

        CAMERON DUGMORE: [Ingeles dotorean mintzo da] Berrogei urtetan baino etxe gehiago eraiki ditu gobernu berriak hiru urtetan, ura eraman dugu leku askotara, osasun programak egin ditugu, eta lehen aldiz Hego Afrikako historia guztian edonork jakin dezake parlamentari batek zenbat irabazten duen.

        J.O.: Baina jendeak gehiago espero zuen.

        DUGMORE: Arazoak ditugu, jakina, eta arazo horiek konpontzeko ezin dugu apartheidari errua egozten aritu, nahiz eta arazo horiek apartheidean izan sustraiak: pobrezia, langabezia, gazteriaren alienazioa, garapen eza. Aurre egin behar diogu, eta horretan ari gara. Dirua falta zaigu, makroekonomiak diruak beste leku batzuetan sartzera behartu gaituelakoz: industrian, lanpostuak sortzen... Zerbitzuetarako ez da aski geratzen! Hala ere uste dut gure politika ekonomikoa zuzena dela, garapena bilatzen dugulakoz: ez zegoen tokietaraino eraman ditugu argindarra, ura... eta hezkuntza!

        J.O.: Propaganda ematen du.

        DUGMORE: Baina nik esandakoak egiak dira! Gainera kontuan hartu behar duzu nazio hau guda zibilaren zorian izan zela. Ekidin bakarrik ez, trantsizio baketsua egitea lortu dugu. Meritu ikaragarria dela uste dut, eta meritu hori, besteak beste, gurea ere bada.

        J.O.: Krimenak, gangsterrak...

        DUGMORE: Hainbatek esanen zizun, krimenaren eragina apartheidaren adinakoa dela. Beharbada egia da, baina hor Poliziak du errua. Polizia ustelkerian ari da, baina gogoratu apartheid garaiko Polizia bera dela. Jendeak ez du Polizia laguntzen, begi onez ikusten ez duelako. Eta badakit krimenarekin amaitzeko irtenbideak garapen ekonomikotik, berreraikuntza nazionaletik etorriko direla. Dena den, hiru urtetan krimenarekin amai daitekeela uste duena gezurretan ari da.

        [Entsaladak ekarri dizkigu zerbitzariak. Galduta ematen dute plateren handitasunean. «Benetan zimurra da zure nagusia» esan dio Dugmorek. «Honen araberakoa baldin bada zure soldata, gozoa zaude!».]

        J.O.: Zatiketa izanen omen da ANCn.

        DUGMORE: Hotsak badira, baina nik ez dut uste. Batzuek diote demokrazia ziurtatzeko modua dela ANC ahul bat izatea. Nik kontrakoa uste dut, ANC indartsu batekin trantsizioa arrakastaz burutuko dela.

        J.O.: Trantsiziorako nahikoa da Truth and Reconciliation Commissiona (TRC)?

        DUGMORE: Gure borrokaren amaiera ez zen garaipenez izan. Negoziatu egin behar izan genuen: 1999ra arte funtzionarioen lanpostuak eta soldatak mantendu, koalizio gobernu bat osatu... Beste konpromezu bat TRC izan zen.

        J.O.: Guda zibila ekiditeko konpromezua izan zen TRC?

        DUGMORE: Batzuek esanen dizute ezin direla konparatu apartheida mantentzeko egindako sarraskiak eta apartheidaren aurka borrokatzen egindakoak. Eta moralki, uste dut, ez direla berdinak. Hau ez da Zimbabwe edo Mozambike, non populazio zuria oso txikia izanik ez daukazun kontuan hartu beharrik. Horregatik erabaki zen, adiskidantzaren izenean, TRC antolatzea eta 'bi aldeetan' egindako sarraskiak epaitzea. Eta horregatik erabaki du, ANCk eta ANCren izenean egindako sarraskiengatik amnistia eskatzea. National Partyko partaideei, ordea, amnistia edo barkamena eskatzea ere ez zaiei bururatu ere egiten.

        J.O.: Amnistiaren aldekoa zara.

        DUGMORE: Giza eskubideak bortxatu zituztenei amnistia ematearen aldekoa naiz, bai. Baina beste zenbait bortxaketa, ordea, arrazoi politikoak aitzakia harturik populazio zibila beldurtzeko egin ziren. Nik horiei ez nieke amnistiarik emanen. Ikusiko dugu.