Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Mazisi Kunene

 

Unibertsitatean aurkitu dut Mazisi Kunene idazlea. 1930ean jaio zen Durbanen bertan. 1959an aldegin zuen Hego Afrikatik, Britainia Handira aurrena eta EEBBetara gero. Afrikako literatura irakatsi zuen. Afrikako literatura bertako hizkuntzetan idatzi beharko litzatekeela uste duten bakarrenetakoa da. Zulu kultura kantatzen du: mitologia, unibertsoaren kontzepzioa, kosmogonia, ohiturak.

        Shaka errege zuluari buruzko poema epikoa du lan nagusia, Emperor Shaka The Great. Shaka diktadore odoltsu gisa aurkeztu zuten historiagile zurien aurka dihardu Kunenek, eta ikuspegi honek eragin handia izan zuen idazle beltzen historia interpretatzeko maneran. Diotenez, Steve Bikok politikan egindako lan berdintsua egin zuen Mazisi Kunenek literaturan.

        Ile urdinduak jakite handiko itxura ematen dio gizon beltzari. Berehala jarri nau nire tokian, badaezpada ere, autoritatez jantzitako ahotsez.

        MAZISI KUNENE: Europako jenderik azkarrenak, zuhurrenak, mendebaldeko kultura hilik dagoela oharturik, Afrikan eta Asian paratu ditu begiak. Europako kultura eta Afrikako kultura, zentzu batean, aurkakoak dira, borrokan ari dira, hemen Hego Afrikan zein Afrika osoan. [Kontu kontalaria dirudi].

        J.O.: Eta zein gailenduko da?

        KUNENE: [Itzulinguruka dabil, azpimarratu nahi duena kolpe batez bota arte] Nik uste dut Afrikako kulturak irabaziko duela, Europako kultura hilik baitago; gizonaz ahaztu eta materialismoan erori da. Gure kulturek (zulu kulturak, kasu) badute humanitateari zer eskaini: pertsonen izaera eta arimarekin bat datozen bizimodu eta baloreak.

        J.O.: Ni ikusten ari naizenez, Afrikan ere bizimodu hori galtzen ari da, mendebaldeko kultura nagusitzen ari da...

        KUNENE: Ez! Bizimodu hori hortxe dago, zuk uste baino biziago gainera. Arazoa, izan ere, honetan datza: nola uztartu zulu kultura mendebaldeko gizarteak ekarri dizkigun onurekin, gure kulturaren muina galdu gabe. Eman dezagun... afrikanerrak, horiek mendebaldeko kulturakoak dituzu, baina zuluengandik hurbilago daude, edo egon dira behintzat, ingeles kulturatik baino. Afrikanerrak nekazariak izan baitira hona ailegatu zirenetik. Eta nekazariak izanik, komunitate zentzua mantendu dute, aldamenari begira bizi izan dira, elkarri lagundu diote. Hego Afrikako erronka nagusiena horixe da, nola mantendu bizirik kultura afrikarra, bizimodua... eta nola ez bihurtu mendebaldeko giza-emakume indibidualista, bakartia, kontsumitzaile hutsa.

        J.O.: Politikariak horretara doazenik ez dirudi.

        KUNENE: Politikariak! [Haserreak boza altxarazi dio]. Politikariak kakatsu batzuk dira! Burua non daukaten ere ez dakite-eta! Boteretxo zatiari helduta bizi dira.

        J.O.: Politika koloniala egiten jarraitzen dute orduan?

        KUNENE: Ni panafrikartasunaren aldekoa nauzu. Kolonialismoak ezarritako muga ez-natural guztiak hautsi eta Afrikako Estatu Batuak sortzen saiatu beharko ginateke. Horrela konponduko lirateke Ruanda bezalako arazoak. Kolonialismoak herriak zatitu egin ditu. Hor daude vendak... Hego Afrika, Zimbabwe eta Mozambike artean banandurik! Eta horrela banatutako herriak edonon dituzu Afrikan. Nik herrika antolatuko nuke Afrika, eta herri guztiak konfederazio batean bildu. Baina zoaz politikariei hori esatera...