Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Soweto

 

Sowetora joateko gelditu naiz Siphiwe-rekin, rasta itxurako poeta gaztea. Isila, umila, ahots mehez mintzo da, klika dariola.

        Black Taxi bat hartu dugu berrogeita hamar konbiko ilara luzean. Sardinak latan bezala sartu gara. Igandea izanik, ez du Johannesburg erdialdeak aste egunetako mugimendu bizia. Kaleak bare dauden arren, berehala bete da taxia, igandea aprobetxatuz familia bisitatzera doan pasajeroz. Izan ere, Siphiwek argitu didanera, jende asko etorri baitzen Johannesburg erdialdera bizitzera, kultura mendebaldetarrak ematen duen askatasun eta intimitatearen bila, apartheidak gaiztotutako girotik eta komunitate zentzu hertsiegitik ihesi.

        SOWETO izena South Western Townshipetik dator (Hego-Mendebaldeko Townshipa). 1950ean Gobernuak Johannesburgen zehar tropoiluan hazitako township guztiak suntsitu eta paraje honetara ekarri zituen beltzak. Batetik, eremu industrializatua izanik, lan tokitik ahalbait gertuen egon zitezen; bestetik, eremu desertu batek babesten zuelakoz Johannesburg zuritik. Hortaz, urtetan uko egin dio Gobernuak Soweto Johannesburg hiriari errepidez lotzeari, beltzak hirian sar ez zitezen, eta zuriak, autoz okerren bat eginda-edo, ez zitezen Soweton barneratu.

        1920tik, nekazari giroan bizia ateratzeko aukera gabeziak bultzaturik jendea hirietara hurbiltzen hasi zenetik, Gobernua saiatu izan zen migrazioa ekiditen. Baina 1946rako Johannesburgeko biztanle zurien populazioa %29 igo zen... eta beltzena %70! Murrizketak hasi ziren orduan. Pase-Legea onartu zen. Pasea zeukana soilik bizi zitekeen hirian (Soweton kasu honetan), hots, lana zeukana; pasea nagusiak ematen baitzion langileari. Baina Gobernua oldar handiegiko mugimenduaren kontra ari zen: hirian geratzeko etorriak ziren beltzak! Milaka eta milaka emakume eta haur, langabe, ilegalki bizi ziren hirian.

        Gobernuak ez zituen township haiek hornitu, ez zeukaten kanileko urik, ez argindarrik, ez kale asfaltaturik.

        Horrelaxe hazi zen, gaur egun hiru milioi inguruko populazioa osatu arte. Soweto osatzen duten townshipak leku inpertsonalak dira: karrika guztiak berdinak, plazarik ez (lur eremu desertua ez bada). Leku inpertsonalak dira, zuriek beltzak kontsideratzen zituztenaren lekuko: inguruaren ederra hautemateko piztia ezgaiak!

        Eta piztia horietako gazteenak matxinatu egin ziren 1976an. Black Conciousness mugimenduaren ariora, euren gurasoak amore emaileak baino ez zirela erabaki zuten. Milaka gaztek utzi zuen eskola ANCren leloari jarraiki: «Askapena Hezkuntzaren Aurretik». Kaleak bete zituzten Poliziaren aurka borrokatzeko. Eta hurrengo belaunaldiak ere berdin jokatu zuen. Leloaren gaiztoaz oharturik, ANC 1990ean atzera egiten saiatu arren, beranduegi zen.

        Egun 25-35 urte bitarteko gazte sowetoar gehienek ez daukate prestakuntzarik. Horri apartheidaren legeak sortutako aukera-gabezia gehituz gero, koktel esplosiboa daukagu: pobrezia eta krimena. Pobrezia izan da Sowetoko arazorik latzena beti. 1990ean Sowetoko populazioaren %60 langabezian zegoen. Ondorioz, krimen tasa izugarria zen (eta da), New Yorkekoa halako bi. Soweton ez dago gauez ibiltzerik, beltz nahiz zuri.

        Hogeita zazpi goaz taxian. Besoa mugitzeko ere lekurik ez daukat. Beharrik bidaia ez dela luzea.

        — Duela hamar urte —esan dit Siphiwek— taxi honetan joategatik detenitu eginen zintuzkete!

        Lagunaren hitzei arreta gehiegi eman gabe, paisaiari begira noa. Etxeak eta hutsarteak zaborrez beterik.

        — Hura Beverly Hills da —argitu dit.

        Harritu naiz beltzen dohain ironikoarekin.

        — Hemengo jende dirudunak, eta Soweton bada dirua duen jendea, Amerikako izen ponposoak maite ditu.

        Ez da izen ironiko bat! Benetan jende aberatsa bizi da hor. Erreparatuz gero, urrutiko etxeek bideberri ingurukoak baino hobeak ematen dute. Hangoak etxeak dira, etxea handiak; hemengoak, blokezko txabola antzekoak. Denak berdinak.

        Ailegatu gara. Zain dauzkagu Siphiweren bi lagunak: Smoky xhosa eta Tsibubile tswana. Tour batera eramanen naute.

        — Zer egiten duzue bizitzeko?

        — Aktoreak gara.

        — Gu, nolabait, pribilejiatuak gara. Badaukagu nondik dirua atera. Gainera orain Europan belztasuna modan dago, eta kontratuak egiten dizkigute. Baina hemen gehienak miseria gorrian bizi dira. Hortik lapurretak-eta.

        Sowetoko karrika asfaltatu gabeetan barneratu gara, eta plaza moduko batean gelditu.

        — 1976ko ekainean hildako lehendabizikoari egindako monolitoa da hau —erakutsi dit Siphiwek hesi ñarro batez inguratutako harria—. Ikusten duzu anfiteatro antzeko hura? Bada han sinatu zuen ANCk ildotzat daukan Freedom Chapter (Askatasun Agiria). Karrika horretan barna segituz gero, Nelson Mandela bizi zen etxera ailega gaitezke.

        Askatasun borrokarekin loturik dago Sowetoko geografia mitikoa.

        Beverly Hills aldera goaz orain. Winnie Mandelaren etxera. Ingurukoak txiki uzten dituen etxearen aurrean gelditu gara. Turista saldoa dago zizerone baten jardunari atezu. Soweto bidai-agentzien mapetan sartzen denez, turistak autobusez inguratzen dira hona, borroka zelaiak eta famatuen etxe atarietan argazkiak egitera. Ni bezalaxe.

        — Etxe ederra dauka Winniek! —esan diet, erdi zintzo erdi txantxetan.

        Zer edo zer susmatu dute nonbait. Isilik gelditu baitira. Winniek egindakoak eginagatik, figura mitikoaren hondarrak bainoago gordetzen ditu jendearengan. Oraindik ere indar itzela dauka ANC barruan, batez ere emakumeen artean. Apartheid garaian gorriak erakutsi zizkion Gobernuak, baina behin garai berria hasita, haren ospea zikintzen joan da, Nelson Mandelak dibortzioa eskatzeraino. Dirudienez, Winnie Mandelak zaindari pertsonalak zeuzkan, eta behinola ustez salataria zen mutiko gazte bat bahitu eta hil egin zuten. Epaiketa egin zen, baina ezin izan zuten ezer frogatu Winnieren aurka. Winniek argudiatu zuen mutikoa ez zuela bahitu, baizik eta «biziotik salbatu». Mutikoa apaiz protestante baten umezurtz-etxean bizi zen Soweton, apaizak homosexual ospea omen zuen, eta Winniek mutikoa homosexualitatetik salbatzeko bahitu omen zuen. Hala ere, kontua da, epaiketan ezer frogatu ez bazen ere, Winniek TRCn deklaratu beharko duela.

        — Garagardo bat hartuko dugu —proposatu du Smokyk, autora sartuz.

        — Nolakoa da gaurko ANC? —galdetu diet zuri-zuri.

        Barre egin dute eta mutu gelditu dira.

        — Mandelaren gobernuaren aldekoak zarete ala ez?

        — Lehen bai —erantzun dit Siphiwek—. Baina orain ahaztu egin dira gutaz.

        Saiatu naiz Siphiwen hariari tiratzen, alferrik.

        Aparkatu dugu. Blokez egindako etxe batera goaz. Joan den astean norbait hil omen zen etxe honetan, eta aste osoan auzokoak eta familia etortzen zaie bisitan, mina konpartitzera. Hiletak ospakizun garrantzitsuak dira beltzen kulturan. Nolakoa pertsonaren garrantzia, halakoa hileta. Gizonak, agureak gehienak, atarian daude. Trufaka ari zaizkit nire azal zuriagatik. Barnean daude emakumeak, eta etxeko nagusia. Ama hil zaio.

        Gainezka dago gela. Denak beltzen zerbeza edaten. Pitxerretik edaten hasi naiz.

        — Ez, horrela ez. Zango baten gainean belaunikaturik edan behar duzu, hildakoarenganako errespetuan.

        Smokyren etxera abiatu gara gero. Bospasei etxeren artean konpartitzen dute komunarenak egiten dituen txabola txikia. Gela bakarrekoa da etxea. Ohe handia, eta sukalde moduak egiten dituen izkinaren artean mahai txikia. Han eseri gara Siphiwe eta Tsibubile garagardoen bila doazen bitartean.

        — Arrakasta itzela duen irrati programa batera telefonoz hots egin zuen aurreko egunean emakume batek  —kontatzen ari zait Smoky—. Politikoki zuzen kontzeptuari buruz ari ziren. Badakizu zer esan zuen alprojak? Bada, beltzen bizi-baldintzak zurienak baino eskasagoak direnez, beltzei beltz esan beharrean ezinduak deitzea proposatu zuen. Jada ez gara ezta beltz ere! Ezinduak! Apartheid aurretik bantu ginen Legearendako; apartheid garaian, native; ondoren plural paratu ziguten; eta orain, politikoki zuzen zera horrekin, ezindu. Asko ikasten ari gara!

        Siphiwe eta Tsibubile etorri dira zerbezekin. Edan dugu. Baina nik Sowetoko sheeben bat ezagutu nahi dut.

        — Sheebenik izanen da hemen inguruan —hona gentozela bat ikusi dut.

        Joan gara, gelan sartu gaituzte, eta egia esan, ez da hainbesteko aldea hemen izan edo Smokyrenean. Ezberdintasun bakarra da: hemen jendea elkartzeko gela handiskoa dutela, eskaiz tapizatutako sofak eta musika. Beste bi koadrila ere badaude algaraka.

        — Egunkarian leitu dut gaur, iparraldeko auzune zuri aberats batean sheeben bat antolatu duela Sowetoko sheeben queen batek... inguru hartan bizi diren beltz aberatsendako.

        — Hori ezin da —bota du Tsibubilek—. Sheebena township batean ez badago, ez da sheeben bat.

        Txitean-pitean joan zaigu denbora eta ilundu du. Hirira eramanen nautela esan didate. Ez da karrikak argituko dituen farolarik. Autoaren argitara ikusten da jendea banaka, sheebenetara doala. Umeak ere erretiratu dira.

        — Hastera doa Sowetoko bizitza —esan du Smokyk—. Irteten ari dira eta laster hasiko da parranda.

        — Eta arriskua! —moztu dio Siphiwek.