Baita hondakinak ere
Baita hondakinak ere
2012, poesia
80 orrialde
978-84-92468-36-2
azala: Lander Garro
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2019, poesia
 

 

ESPERIMENTU
BIOPOLITIKOA KALEAN

 

 

                        Bertikala naiz

                        baina nahiago nuke horizontala banintz

                                                                Silvya Plath

 

 

Nazkatu naiz horrenbeste bertikaltasunez.

Hainbeste mende, hainbeste hautaketa, eta zer?

Etzan naiz, eta hemen aldarrikatzen dut bizitza,

errealitatea gertatzen den bidegurutze honetan.

Badaude gehiago, baina hau da nirea, hemen eteten

eta elikatzen du mundua nire identitateak.

Hemen altxatzen naiz kapitalismo mundialaren aurka,

eta hemen sentitzen ditut bere atzapar gozoak,

bere kapital, salgai eta jende zirkulazio kodetua.

Berdin dio. Bazterrean uzten ditut hiltzen

saltzen dizkidan bizi-erosotasun guztiak.

Jendea ez; hurbildu egiten zait. Begira dauzkat

erakusleihoak ikustera etorri diren familiak.

Ez diet ezer saldu nahi eta ez dira nitaz fio.

Udalari kexaren bat jarriko dioten irrikatan nago;

sala nazatela, eska ditzatela karbono frogak-edo.

Nik ere jakin nahi dut nire hezurretatik zenbatek

ageri duten bizitza mota arrastoren bat eta

etorriko den zer giza klaseren katebegi naizen.

Dirua non bota ezin asmatuz dabil baten bat, eta

elkartasuna azaldu gogoz beste bat. Aldarrikapen

gisakoren baten bila irakurtzen ditu nire adarrak.

Alferrik. Zenbatez den errazagoa hiltzea bizitzea baino,

hori da mezua: eta aski zaidala bizitza bizi nahiarentzat.

Ez da gutxieneko kontsigna izatera heltzen.

Txandaka, erraz aspertzen dira denak eta badoaz.

Sustraiak nahi nituzke eta eternitate zantzuren bat

inguratzen nauen konkrezio nahaspila honetan.

Zerua ikusten dut eraikin artetik, zeru puska bat,

hodei batzuk. Begirada aspertuz jarraitzen ditut;

mugitzen dira, desagertzen dira. Ez didate balio.

Behin esan zenidan literatura edo gorputza

besterik ez genuela merezi eta arrazoia zenuen.