Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Etxerat!

IRAILAK 24, MADRIL-IRUN

 

Goizeko kafearen usainean bildu gara denak Pereda hotelaren ondoan dagoen tabernan, Gran Vía kalearen bazterrean. Gure poltsa eta motxilez bete dugu mostradorearen ondorenean gelditzen zen toki apurra. Igandea, goizeko hamaikak. Egunkari saltzaile eta despistatu pare bat kenduta, inortxo ere ez dabil kalean.

        Negutarrek irribarre egiten dute nahi gabe. Nork bere burutapenak eta datozen egunetarako planak ditu gogoan. Gehienak, iluntzean etxera ailegatzean egingo dugunaz mintzo gara. Hogei egunotan egin ahal izan ez duguna amets bilakatua zaigu:

        — Nik, bainera bete eta ordubete pasatuko dut beratzen.

        — Neska-lagunarekin afaldu nahiko nuke gozo-gozo.

        — Ongi-etorria antolatu didate etxekoek.

        — Lagunen txokora joango naiz ni, seguru aski. Baina gehiegi jardun gabe, lotara joango naiz berehala. Lur jota nago.

        — Nik zinemara joateko irrika daukat.

        — Ez zait iruditzen gaur bertan etxean izango garenik, benetan.

 

 

Biran segituko banu bezala daramat autoa. Automatikoki. Kaskezurreko minari erreparatu behar ez izateko, ezertan pentsatu gabe. Kilometroak egin eta egin.

        Negutarren furgoiari gibeletik jarraitu behar ez izatea izan da zer pentsatu eman didan gauza bakarra. Ezusteko askatasuna sentitu dut. Eta desasosegua, aldi berean. Hogei egunotako gertakariak nahasian datozkit burura. Atzekoz aurrera: uholdeak, La Vapeur-eko gosaria, Wemeandarrak, Internet festa, legena eta intoxikazioak, Galder, kebab eta pizza, Bassottitarrak, polizien miaketa, lehen eguneko presak...

        Bide bazterreko kartel batek esnatu nau biraren balantze nahigabeko horretatik: «Provincia de Alava». Lau ertzain aurreraxeago, autotik jaitsita.

Nire gaueko planaz gogoratu naiz bat-batean: Susakoek ongi-etorri afaria antolatu didate. Inoiz baino gehiago sakatu diot abiadura bizitzeko pedalari. Nire onera bueltatzeko ahaleginetan, neure buruari orain arte galarazi izan diodana ekarri dut gogora. Negutarrek lehen egunean abisatu zidaten legez, lagunak eta ingurua faltan bilatzen ditut ikaragarri.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus