Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Internet festa

IRAILAK 16, ZURICH

 

Goizean goiz esnatu naiz, logabeziak jota. Seko daude gainerakoak.

        Eguzkitsua dator eguna. Hotz dago, ordea. Bidaiara ekarritako bi jertseak bata bestearen gainetik ipini eta kalera jo dut. Zurich-eko zentroraino joan naiteke oinez. Eguerdiko ordubata arte presarik ez dut, azken finean.

        Tolosan banintz, ogi saltzailearen postuan nengoke garai honetan, larunbateroko ferian.

        Jendez gainezka dago Bahnhofstrasse, hiriko ibilbide nagusia. Luxuzko arropa saltoki eta megadenda asko ditu turismoa gehien erakartzen duen kale honek. Globus eta Migros bezalako almazenetara doaz denak, gazteak, etxekoandreak, gizonezko korbatatunak nahiz bikoteak. Eskalerik ez da inon ageri. Tranbiak gora eta behera dabiltza, etengabeko joan-etorrian. Jende andana igo eta jaisten da. Udal Musika Banda ere bertan da, espaloia zabaltzen den gune batean, kuku-erloju erraldoi baten ondoan, martxa militarren tankerakoak iruditzen zaizkidan abestiak jotzen.

        Geltoki nagusira heldu naizenean, kantinan kafetxo bat hartzen ari nintzela, abiatu naizen lekuraino eramango nauen garraio publikoa erabiltzea erabaki dut neronek ere. Eguerdia. Negutarrak gosetuta egongo dira honezkero.

        Zabalik dago atea. Rolf, Alix, Philippe eta Wemean-ekoak bertan ditugu, eta baita Sabina eta Patriziaren gurasoak eta beste bi mutil ere. Gehientsuenak Felsenen auzokideak dira, aspaldiko ezagunak. Bazkaria beraiek jarriko omen digute gaur. Felsenen haurren jostailuak probatzen harrapatu dut Fermin. Mahaian eserita daude gainerakoak, bi ahizpek prestatutako makarroiak noiz berotuko zain. Italieraz mintzo dira.

        Bazkalostean sukaldean sartu da aita. «Inoiz probatu dugun kaferik onena» prestatu nahi digu. Kaki eta Pintza atzetik joan zaizkio, kafea egiteko sekretua ikasteko aitzakian, harrikoa egitera.

 

 

Rote Fabrik-erako bidean geldialditxo bat egin dugu Philipperen lantokian, RecRec-en. Fermin bakarrik igo da Philipperekin. Beti bezala, presatuta gabiltza.

        Orain dela hamabost urte sortu zen RecRec. Dendetan aurki ez zitekeen abangoardiako musika bultzatzea zuen helburu. Disko banatzailea eta ekoizlea da aldi berean. Gaur egun 8.000 titulu desberdin zabaltzen dituzte Suitzan eta Alemanian. Horietarik 70 zigiluak berak produzituak. Kortaturen «Azken guda dantza» zuzeneko diskotik 3.000 ale saldu zituzten. Horren harian, Japoniara eta Europara esportatzeko lizentzia berauek lortu zuten.

        Hamasei lagun inguruk lan egiten du bertan. Philippe marketing eta salmenta burua izan da orain arte. Negu Gorriak taldeak Suitzan dituen jarraitzaile mordoaz mintzatu izan garen batean, «informazio ona eta zabala» emateari egotzi dio arrakastaren arrazoia. Orain dela hiru urteko biran, 5.000 kartel itsatsi zituzten kontzertua iragartzeko. Bigarren aldian, berriz, 40.000 pegata erabili zituzten marketing-aren oinarri gisa. Esfortzu haren ondorio, 800 lagun bildu ziren kontzertuan. Gaurkoan, aldez aurretik ezer handirik egin ez badute ere, mila lagunetik gora espero dituzte.

        Badatoz Fermin eta Philippe.

        — Garbiñe, opari bat dakarkizugu, talde osoaren izenean.

        — E! Mumia Abu-Jamali buruzko CD-ROMa!

 

 

Zurich-eko lakuaren ertzean dago Rote Fabrik. Uda partean igerileku bezala erabiltzen dute eremua. Oskarbi dagoenean, Alpeen mutturrak ageri dira eskuin aldetik.

        Zurich-eko kultur zentroetariko bat da gaur egun. Eskaintza zabala du: jatetxea, taberna, erakusketetarako gelak, kontzertuetarako aretoak, antzerki, argazki eta beste hainbat tailer antolatzeko guneak, bilera aretoak, bulegoak... Fabrika zaharra birziklatu zutela hamabost urte bete dira oraintsu. Urtean 350 ekitaldi desberdin antolatzen dituzte eta 200.000 bisitari joaten zaizkie. Gastuen %30a subentzioen bidez jasotzen dute. Hilabetekari bat eta hainbat liburu ere plazaratzen dituzte.

        16 lagunek dute antolakizunen ardura. Horien erdiak emakumezkoak izan behar dute derrigorrez, hitzartuak dituzten legeen arabera. Atal desberdinetan banatuta dago zuzendaritza, bulegoetan, haiek dioten bezala. Kontzertuen antolakizuna musika buro delakoaren esku dago normalean, baina oraingoan Felsenek berak eman zien Negu Gorriak ekartzeko ideia. Gure lagunak kontzeptuaren bulegoan jarduten du. Hitzaldiak, gai monografikoen argitalpenak, politika eta nazioartearen inguruko eztabaidak eta arrazakeriari aurre egiteko moduak bideratzen ditu, besteak beste. Hiru urte daramatza zeregin honetan.

        — Agi denez, arrazakeria izugarri zabaltzen ari da...

        — Asko indartu da, bai. Eta baita eskuina ere. Kanpotarrik ez dute ikusi ere egin nahi. Esaten dutenaren arabera, hau ez da Suitza tipikoa...

        — Zenbatekoa da hemengo etorkinen kopurua?

        — Zurich-en %30ekoa, baina polizia ibiltzen den auzoan %50era iristen da.

        — Autoaren alderdia ere baduzue...

        — Orain Askatasunaren alderdia izena du. Errepideen hobekuntza eta horrelako aldarrikapenak dituzte, baina horren atzean ultraeskuindarrak daude. Etorkinek ingurugiroa kutsatzen digutela diote...

        — Orain dela bi urte soldadutzaren inguruko erreferenduma egin zen hemen. Oker ez banago, %49k ezezkoa eman zion armadari eta %51k baietza. Gazteek, beraz, soldadutza urtero egiten jarraitu beharko dute. Joaten al zara zu?

        — Hogeita hamar urte bete arte, urtean hiru aste egin behar dituzu armadan; adin horretatik gora, bi aste; eta 40 urtetik gora, epea astebetekoa dela uste dut... Nik ez dut joan beharrik. Nire txanda egokitu zenean, uko egin nionez, kartzelan sartu ninduten. Hiru aste eman nituen gose greban eta psikiatrak bidali zizkidaten. Hauek zoratuta nagoela ipini zuten txostenean, eta horri esker ez dut gehiago kezkatu beharrik.

        — Insumiturik ez al dago?

        — Bai, dexente... presondegian daude denak! Urtebeteko zigorra dute.

        — Soldaduek, maniobratan ez daudenean ere, etxean gordetzen dituzte armak.

        — Bai... eta eroaldiak ematen dien askok emaztea hiltzen dute burdina horiekin... eta etxe guztiek babesleku nuklearrak dituzte sotoan. Sei hilabetero berritu behar izaten da bertan jaso behar den janaria.

 

 

Koadrila handia bildu gara afaritan. Ohiko kideez gain, Rote Fabrik-eko koadrilatxo bat ere inguruan dugu. Nork bere gogoko platera aukeratzen du burdinazko apal batean dauden eltzeetatik. Pintza eta biok barazkien ontzira jo dugu batera.

        — Ikusi al duzu kamerinoan nuen oharra?

        — Ni ez naiz kamerinoan sartu oraindik...

        — Sobre bat zegoen paretan zeloz itsatsita. Mikel Abrego, letra handiz, eta beherago, irailaren 16ra arte ez kentzeko abisua, ingelesez idatzita. Harrituta gelditu gara denak. Sobrea hartu, zabaldu eta 100 franko suitzar barrenean! Diru freskoa niretzat!

        — Nork utzia, ordea?

        — Lehengusina bat dut Alemanian. Dantza ikastera joana, antzerki talde batekin dabil orain. Joan den astean emankizun bat eskaintzera etorri ziren, antza. Hau da neska jatorra!

        Kaki eta Philippe ditut aurrez aurre. Wemean-ek lortu duen arrakastaz mintzo dira:

        — Erne ibili beharra dute orain. Jolas moduan sortu zena, handitu egin zaie bat-batean. Disketxeetatik eskaintza ugari egin dizkiete eta zer egin jakin gabe dabiltza. Neskatoak bezala, gurasoak ere harrituta daude.

        Ondoko mahaian «Volare, cantare» kantu italiar sonatua abesten hasi dira, Wemean-ekoek hala eskatuta. Bukatu dutenean, Sabina eta Patrizia ahizpa biak mahaiaren aurrealdean jarri zaizkigu. Esnemamitan dabiltza gaur.

        — Hona hemen gure blues-a, zuei guztioi eskainia.

        Elkarren bizkarraren kontra jarri eta kantari jarri zaizkigu.

 

 

8,30etarako beteta zegoen kontzertu aretoa. Baita goiko balkoia ere. 1.500 lagunek ordaindu dute sarrera. Negu Gorriak-en pegatak eta kamisetak jantzita daramatzaten gazteak topatzen ditut etengabe.

        Silvia eta Patriziaren gurasoak eta hauen lehengusina Kakirekin hizketan ari dira.

        — Alabak ikustera?

        — Bai, noski. Eta baita Negu Gorriak ere. Musika ezaguna zaigu, etxean gau eta egun jartzen baitizkigute zuen diskoak, baina zuzenean ez zaituztegu sekula ikusi. Sabinak dioenez, munduko onenak zarete. Ea egia den...

 

 

Kontzertu beroa izan da gaurkoa. Leku aproposik topatu ez dudanez, ez dut ezer handirik ikusi, baina ikusleen jarrera aditzea nahikoa izan da giroari tamaina hartzeko.

        Wemean-ek maiteminduta utzi ditu herkideak. Inoiz baino gogotsuago igo dira eszenatokira. Chirac-en kontrako oihuak, Italiako mafiari buruz botatako erreferentziak eta kantatzean jarri duten sentimentuak dardara batean jarri dute jendea.

        Negu Gorriak-ek, lortuko zuen arrakastaren lehen abisoa Fermin Wemean-ekoekin batera «Stop al panico» kantatzera igo denean jaso du. Ziztuka eta oihuka jarri dute jendea lehenengo momentutik. Unerik hunkigarriena amaierakoa izan da, neska laukotea eszenatokira igo eta denak batera kantatu eta dantzatu dutenekoa. Txoko batetik ikusi ahal izan dudanez, Anestesiak sekulako jarraitzaile pila bildu ditu gaurko saioan.

 

 

Goizaldeko ordubatean heldu gara Felsenen etxera. Gehienok flakiak jota gauden arren, harro xamar gabiltza, barre txoroak emanda. Hozkailutik garagardo batzuk atera eta tragoan ari garen bitartean Pintzak diskoteka montatu digu egongelan. Bigarren zurrutada hartu orduko dantzan jarri zaizkigu Kaki, Jitu, Pintza eta Fermin. Philippek Felsenen ordenagailua piztu du. Internet sarean sartu duen informazioa erakutsi nahi digu, baina ezinean dabil.

        — Baina, zer arraio! Arazo teknikoak gaur ere?

        — Engainatu egin nahi gaituzu... Zuk ez dakizu hori erabiltzen...

        — Lasai zaitezte, mesedez.

        Pintzak salto batean eman dion bultzadarekin Philipperen gainera erori da Fermin. Barreari eutsi ezinda dago lurrean.

        — Baina, baina...

        — Ni ez naiz izan... Pintzak bultzatu nau.

        — Erotu egin al zaizue?

        Lepotik heltzen dio Pintzak. Lurrera joan dira biak berriro. Gainerakooi ere hezurretaraino sartu zaigu eromena. Ni neu, erraz jartzen naiz barrez Jituren algarak entzuten ditudanean. Kutsakorrak ditu, oso. Altxatu direnean, denok batera jarri gara elkarri bultzaka, saltoka eta oihuka:

        — Internet! Internet! Internet!

        Rolf eta Alix harrituta zeuden hasieran. Siloian eserita, ahozabal begiratzen zioten ordenagailuari. Nekeak, ordea, gainditu egin ditu piskanaka. Garagardo botila eskuetan, erdi lo daude orain.

        — E! Ikusten al dituzue horiek? —Kakik.

        Gure iskanbilak esnatu egin ditu. Auskalo zer pentsatuko zuten, begiak zabaldu eta lau txorook adi eta barrez zituztela konturatu direnean.

        Iñigo zintzo-zintzo dago aulkian, pantailan Internet-eko testuak noiz azalduko diren zain. Anestesia, egongelako panorama ikusita, ezer esan gabe joan da logelara. Katak ere, Philippe komunera joan den tartea aprobetxatuz, ordenagailuan «Pipo tonto» idatzi eta ospa egin du. Ia-ia harrapatu du Philippek.

        — Hau da koadrila!

        — Aupa Philippe! Internet! Internet! Internet!

        Besteak ez dakit, baina ni erabat atxurtuta nengoen Philippek testuak jasotzea lortu duenean. Euskal Herriari buruzko hainbat datu eta Negu Gorriak taldearen informazioa ageri da, ingelesez eta alemanez. Tarteka kontzertuetako argazkiren bat ere bai.

        — Eh! Hori Pintza da! Oraingoan ospetsu egingo zara! Emaiguzu besarkada bat!

        Motroilo bat egin dute Kakik, Ferminek, Jituk eta Pintzak. Hamaika besarkada eman ondoren saltoka jarri zaizkigu berriro. Ferminek lepotik oratu dio Philipperi:

        — Oso ongi ari zara! Orain mezu bat bidali behar diozu Euskal Herriko gure lagun bati, Josu Landari.

        — Ez da posible izango...

        — Nola ezetz! Saiatu! Bera sarean konektatuta egongo da orain, seguru nago!

        — Hori, hori!

        — Euskalnet-era deitu behar duzu.

        — Ezinezkoa da...

        — «Pentsatu nahi dut positiboki! Pentsatu nahi dut positiboki! Pentsatu nahi dut positiboki!».

        — Pintza! Ken ezazu musika, arren...

        — Euskalnet! Euskalnet! Euskalnet! Euskalnet! Euskalnet!

        — Hau da ganberro koadrila! Ezin dela, ordea!

        — Euskalnet! Euskalnet! Euskalnet! Euskalnet! Euskalnet!

        Rolf eta Alix etsita daude, betetzen hasiak... Barre txoroak.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus