Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Eguna bezain goibel

IRAILAK 19, GENEVA-DIJON

 

Goizeko hamaiketan hasi gara furgoia kargatzen. Tenple hobea dute denek. Jitu, beti bezain zuhur, aurrikuspenak egiten hasi da.

        — Suitza eta Frantzia banatzen dituen mugan geldiarazten ez bagaituzte, eta bazkaltzeko justuko denbora bakarrik hartzen badugu, arratsaldeko lauretarako Dijon-en izango gara.

        — Gaur sikiera deskantsatu xamar gaude kilometroak egiteko.

        — Garbiñe, zure furgoian sartu genituen CD eta kamiseta kaxak gure furgoira ekarriko ditugu badaezpada ere. Nork daki zer gerta daitekeen poliziekin...

        — Nirekin al zatoz, Kata?

        — Noski.

 

 

Begi bistan ditugu mugako poliziak.

        Arazorik gabe pasatu dira Negutarrak. Begiratu ere ez diete egin, ez suitzarrek ez frantziarrek. Katak eta biok, berriz, madarikazioan eman dugu muga-zaindari frantziarren menpe pasatu behar izan dugun ordu laurdena. Kata ez da, nonbait, sekula urduri jartzen. Ni, ordea, kezkatuta nago. Jitu hemen harrapatuta gaudela konturatu ez bada, alde ikaragarria hartuko digute eta nik ez dut Dijoneko bidea nondik norakoa den asmatuko. Kata ere, ni bezain despistatua da errepidean.

        Goitik behera arakatu didate furgoia. Txokorik ezkutuenetan sartu dute muturra, baita erruberen azpian ere! Nire praka zabaletako poltsikoetan ere saiatu dira, eskua ezkerreko izterrean jarriz. Baina begiak zabal-zabal eginda jarri natzaionean, utzi egin dio zuen asmoari. Gizonezkoek ezin dute emakumezkorik miatu. Poliziek beren betebeharrak ezer gutxi errespetatzen dituztela ikusiak garenez, larritzen hasia nintzen.

        Restopik gertuenean geldituak ziren Negutarrak. Zain.

        — Eskerrak disko eta kamixeta kargamentua zuek hartu duzuen, Jitu...

        — Horixe bera komentatu dugu geuk ere...

        — Zer gertatu da?

        — Ohikoaz gain, ezer handirik ez... Fermin, zuk oparitutako CD-ROMak, Mumia Abu-Jamali buruzkoak, jakinminez utzi ditu poliziak. Sekulako denbora pila pasatu dute konpaktoa jira eta bira eta kutxak zioena irakurtzen...

        — Ez zizuten lapurtuko, ezta?

        — Ez.

        — Goazen, beraz, lehenbailehen.

 

 

Ez zebilen oker Jitu. Bazkaltzeko restop batean egin dugun geldialdiak ordu erdi eskas iraun duenez, lauretarako heldu gara La Vapeur kontzertu salara. Diskoteka dirudi kanpotik. Dijoneko periferian dago, autobide ondoan. Eraiki berria dela ezagun da.

        Eguraldi kaxkarra egokitu zaigu. Hotz, ilun eta haizetsu zegoen inguruotara heldu bitarteko tramoan. Dijonera hurbildu orduko euri erauntsi batek harrapatu gaitu bete-betean. Bertako langileek euritan deskargatu behar izan dute furgoia. Fermin inspekzioan dabil:

        — Maila handia erakusten dute Frantzian. Rockaren kultura bizi dutenez, errespeto handia izaten diete musikariei. Beti dituzu bi lagun furgoia deskargatzen eta kargatzen laguntzen... Zoragarria da.

        Hervé eta Olivier datoz ongietorria ematera. Antolatzaileak dira biak, Cactus Association taldeko partaideak, Maloka anarkista taldearekin batera kontzertua burutzeko modua bilatu dutenak. Cactus erakundea orain dela lau urte sortu zen, kultur munduari astindu bat eman asmoz. Geroztik, 14 kontzertu antolatu eta arte plastikoetako lan ugari erakutsi dituzte. Musika taldeak ekartzearena, ofizioa baino, afizioa dute Hervék eta Olivier-ek. Irakaskuntzatik bizi dira. Hemen hartzen dituzten lanengatik dirurik ez irabaztea ez zaie axola, baina esfortzuak gustoko taldeekin bakarrik egiten dituzte. Gaurkoa dugu horren adibiderik argiena. Astearte buruzuria izaki, ez da jende askorik hurreratuko. Bestalde, Dijongo populazioaren gehiengoa ikasleek osatzen dute, baina ikasturtea hasi gabea da oraindik.

        Gaurko gastu guztiak kubritu ahal izateko, 8.000 libera beharko dituzte. Horietatik 1.500 janari eta hotel gastuetan joango zaizkie. 4.500 argi teknikariarentzat dira, 5.000 Negu Gorriak taldeari emango dizkiote eta beste 1.500 Punishment Park taldeari, Negutarren aurretik joko duen laukoteari. Sarrerak 50 libera balio ditu aldez aurretik erosiz gero, eta 60 bertako leihatilan.

        La Vapeur sala apirilean zabaldu zuten, hauteskundeak baino 15 egun lehenago. Izugarri poliki jarria dago barrutik. Tabernako paretan burdinazko baporezko tren baten maketa dago itsatsita. Kamerinoak, sukaldea eta jantokia eszenatokiaren atzealdean daude.

        Ferminek birako orain arteko pasadizoak kontatzen dizkien bitartean, soinua probatzen hasi dira gainerakoak.

 

 

Hamarretan hasi da kontzertua. Punishment Park taldeak hardcore-punk xelebrea egiten du. Cro-Magnon tankera hartzen diet, gorputza gerritik gora bilutsirik, petrolio bidoia makila lodi batzuez jotzen dutenean. Ikaragarri ona da soinua, baina harrapatu dudan gripearekin durunda ikaragarria sortzen zait belarrietan eta burmuinean. Kamerinora noa.

        — Zer moduz?

        — Tira, nekatuta gaude gehienok. Gaixotasun arrastoak ez zaizkigu oraindik pasatu... Zeuk ere, hobe zenuke hotelera joatea. Azken finean, ez duzu ezer handirik galduko gaur. Jende gutxi dago.

        — Horrek ez al dizue animoa muskaltzen?

        — Ez, egia esan. Gainera, jakin bagenekien horrela gertatuko zela. Baina ezin genion Cactus-ekoen eskaintzari uko egin. Bestalde, Bartzelonarako bidean dago Dijon eta ez zaigu horrenbeste kostatzen, familia giroan egoteko bada ere.

        — Beno, bakean utziko zaituztet. Tabernan jarri dituzten salmenta postuak ikustera noa.

 

 

Hemen Euskal Herritik ekarritako gauza ugari dute salgai: Errefuxiatu eta Presoen Sostengu Komiteak plazaratutako aldizkaria, pegata ugari («Sexismoari intsumisioa», «Liberté pour le Pays Basque»), Negu Gorriak-en kamisetak...

        Paretetan jarriak dauden kartel asko ere tankera horretakoak dira. «Armadari ez, mila esker. Militarismoaren Aurka, Intsumisioaren alde», «Ongi etorri Euskal Herrira, Willkommen in Baskeland, Welcome to the Basque Country», «A la defense nationale les tahitiens reconnaissants». «Militarrik ez, nuklearrik ez», MAIAk sinatua.

        Kontzertuen aretoan sartu naizenean, Chirac eta Mururoaren kontra ari zen Fermin. Jendea bero-bero eginda dago, baina gutxi dira. Antolatzaileek ez dute gaurkoan gastuak ordaintzeko lain aterako. Oker ez banago, 125 lagun etorri dira.

        Katarengana hurbildu naiz. Hortxe dabil botoiak gora-behera eta ezker-eskuin maneiatzen.

        — Zer diozu zuk?

        — Hau da hau! Gutxi dira etorri direnak, baina istilutsuak denak!

        Oihuka eta dantzan dabiltza aurrealdekoak.

        — Faxismoaren eta arrazakeriaren kontra! Front Nazionalaren kontra! «Zu atrapatu arte»!

        Txundituta uzten nau taldekideek erakusten duten sasoiak. Egoerarik zailenean ere, pizkortzeko ahalmen ikaragarria dute. Kontzertua hasi baino hamar minutu lehenago, burumakur eta ahozabalka zeuden kamerinoan. Eszenatokiko eskailerak igotzen hasi orduko guztiz aldatua zuten planta, eta bat-batean, jendea ikusteaz batera, energia soberan balute bezala hasi dira saltoka, jo eta su.

 

 

Autopista ertzeko hotel batera eraman gaituzte ordu batean. Hiru gela gorde dizkigute. Batean Fermin eta Pintza sartu dira, bigarrengoan Kaki, Jitu eta Iñigo eta hirugarrenean Kata eta biok.

        Fermin etorri zaigu atea itxi eta berehala.

        — Barkatu. Bihar goizeko zazpi t'erdietan jaiki behar dugu.

        — Guk ez dugu iratzargailurik...

        — Lasai, neronek joko dut diana.

        Katak ez du ordenagailurik piztu gaur. Aspertuta dago.

        — Molestatzen al dizu telebistak?

        — Ez horixe. Jar ezazu beldurrik gabe... Zer moduz doakizu bira?

        — Ongi. Niretzat oporretara joatea bezala da. Eraman eta ekarri egiten naute bazter batetik bestera, ez dut ezertaz kezkatu beharrik, janaria eta lotarako lekua ziurtatua dut... Zer gehiago eska nezake? Bestalde, enpresa aurrera ateratzeko ia egunero egiten dugu lan, igande eta larunbatetan ere berdin... Ongi etortzen zait handik ateratzea.

        Goiko literara igo da.

        — Eta irakurtzen dituzun liburukote horiek ere lan kontuak al dira?

        — Ez bereziki. Gogokoak ditudalako irakurtzen ditut. Horretarako ere ongi datozkit birak. Etxean ezin izaten diet ganoraz heldu eta furgoiko ordu luzeetan, berriz, gustora hartzen ditut.

        — Nire furgoian ez duzu irakurtzen...

        — Ez. Konturatuko zinen bezala, zure furgoian alfa egoeran egoten naiz gehienetan.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus