Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

On the road

IRAILAK 5, IRUN-CANNES

 

Berandu nabil. Goizeko hamarretan jarria genuen zita Bertso-Hop dendan. Bost gutxi eta ni Irungo bertako inprimeria batean, prentsa karneta noiz plastifikatuko didaten zain. Gauza hauek ongi etortzen dira, beti ere. Izan ere, nork daki zer trikimailu asmatu beharko ote dugun 8.000 kilometroko tartean topatuko ditugun oztopo eta polizia klase guztien artetik pasatzeko. Gaurko bosgarren zigarroa piztu dut. Urduri nago, parkinsonak jota, plastifikatzeko makina gobernatzen duen atsoari lotsagabekeria bat botatzeko zorian. Baina hobe dut isilduta. Nirea da lasterka ibiltzearen errua, ez berea. Eskerrak ez nauten lagunek ikusten. Damu naiz zitetara berandu heldu diren bakoitzean muturra beltztuta esan izan diedanaz.

        — 200 pezeta dira.

        Justukoa txanponetan utzi eta sprint batean alde egin dut. Arraioa! Hamarrak eta hamar. Hau ez da bira bati ekiteko modua. Epelak aditzekoa naiz oraingoan. Ez ahal dute ni gabe ospa egingo!

        Arnas estuka iritsi naiz. Gorka Arrese eta Josu Landa daude atarian. Susa argitaletxearen izenean agurtzera etorriak dira. Fermin Muguruzarekin dihardute. Sekula baino sarkorragoa iruditu zait haren begirada. Bere kamisetako marrazkiek adierazten dutenaren moduan, pilotazale amorratua da. Iñigok, Muguruza hau ere, sekulako motxila dakar bizkarrean. Kirolzaleen janzkera eta bisera buruan, Everest-era doala dirudi.

        Barnetegi batean euskara ikasle izan nituenetik ezagutzen ditut bi anaiak. Kortatukoak ziren garai hartan. Zazpi urte pasatu dira jada.

        Fermin da zaharrena. Gazteagoaren planta duen arren, 32 urte ditu orain, eta bost hilabeteko haurra du Jonerekin: Unai. Gogotsu heldu zion euskara ikasteari, enpeinu horretan lepoa jarri izan balu bezala, eta baita berehala lortu ere. Irakasleak baino hobeto egiten du orain. Asmatiko kronikoa izateak eragozpen handiak sortu izan dizkio bizimodu normala eramateko garaian, baina gaur egungo botika berriei esker kontrolpean dauka gaitza.

        Iñigok bi urte gutxiago ditu. Gitarra-irakaslea da lanbidez. Delirium Tremens taldea desagertu zenetik arrastoa galdua nion. Baina berdin segitzen duela dirudi. Barnetegian patxadatsu eta elegantea zen besteekiko tratuan. Jostaria zen, oso.

        Dut taldean bateria jotzen duen mutikoa ere gurekin dator, Galder du izena. Oporraldi musikala egin behar omen du Negutarrekin. Gaztea da gure aldean. Hogeita bi bat urte izango ditu. Apala dirudi.

        Dendatik gitarra pare bat eskuetan hartuta irten berria dena, Jitu, bistaz bakarrik ezagutzen dut. Kortatu garaitik. Furgoiaren gidaria zen orduan eta horretara dator orain ere, Esan Ozenki disketxeko lanak utzita. Ez da makala egokitu zaion lana. Berak arduratu beharko du kontzertuen osteko diru-kontuez, kamiseta eta CDen salmentaz, lotarako lekua topatzeaz eta logistika arazo guztiez. Euskaldundu gabea zen lehen aldiz hizketan entzun nuenean. Poliki egiten du orain. Bada zerbait beste ezeren gainetik nabarmentzen zaiona: ezker peto-petoa da. Keinuetan eta furgoian sartzen ari den kaxak jasotzeko moduan antzematen zaio. Begiekin etengabe egiten duen irribarreak pertsona atseginaren itxura ematen dio.

        — Garbiñe, hartu autoa eta zatoz gure atzetik. Usurbilera goaz, Kakiren etxera, tresnak kargatu eta taldeko besteak jasotzera... Arin! Berandu da.

        Musu banarekin agurtu ditugu Susakoak.

 

 

Goizeko hamaikak. Mercedes Benz furgoi zurian sartu dira Fermin, Iñigo, Galder eta Jitu. Zortzi eserleku ditu. Literak ere baditu, baina kendu egin beharko dituzte bateria, anpliak, gitarrak eta motxilak eraman nahi badituzte. Txapel handi bat du kanpoaldean. Barrengo airea girotzeko eta indar elektrikoa emateko balio behar omen zuen. Baina putzik ere ez du egiten eta Jituk ez du kentzen asmatu. 600.000 pezeta pagatu dituzte bi hilabetez erabiltzearen truke. Askotxo. Ford Courier batean noa ni. Anaiari eta bere neskalagunari kendua. Atzean koltxoi bat jarria dut, lotarako lekurik topatzen ez dudanerako.

        Oriorako eta Donostiarako bideak elkartzen dituen bidegurutzearen parean bizi dira Kaki eta bere familia: Izaskun neskalaguna, Luken eta Martzel bi semeak —seko bihurriak omen dira— eta Kakiren gurasoak. Ongi zaindua dirudien baratzatxoa dute etxearen atzealdean.

        — Kontzertuetatik gaupasan gatozenean aitak letxuga batzuk hartzen ditu hauei partitzeko, «goizaldeko garai horietan sikiera esku hutsik joan ez daitezen».

        Kaki bistaz ezaguna dut aspaldidanik, M-ak taldeko partaidea zenetik. IZ estudioetan lan egiten zuelarik ere topatzen nuen behin edo beste. Noizbait elkarrizketaren bat ere egina nion Argia-rako. Bere kasa jarduten du egun, soinu eta grabazio teknikari gisa. Lan libreagoa hobeto datorkio Negu Gorriak taldeko gitarra-jole izaten jarraitu ahal izateko.

        Mikel Abrego Pintza —izenaren jabe, arroparako pintza bat darama alkandorako poltsikotik zintzilik— Negu Gorriak eta Bap! taldeetako bateria-jolea ere bertan zegoen heldu garenean. Ezkerra da hau ere. Iñigoren antzean, esku ona du marrazkietarako. Komikitxoak asmatuz entretenitzen da bidaia luzeetan. Noizbait elkarrekin jendearte berean egonak gara baina gutxi ezagutzen dugu elkar. Moztu egin ditu garai batean zituen txima kizkurrak. Dantzari aparta ere bada. Ezer gutxi behar omen du gorputza edozein musikaren erritmoan mugimenduan jartzeko.

        Anjel Katarain Kata soinu teknikaria da azkena ikusi dudana. Paseoan zebilen heldu garenean. Musikariek asko estimatzen dute duen artea. Botoiz betetako mahai horietako baten atzean jartzen direnen artean onenetakoa omen da. Informatika eta ordenagailu-zale amorratua. Teknikaren azken aurrerapenak ere kontrolpean ditu, antza. Informatika esku-libururik potoloenak irakurtzen ditu furgoian sartuta ematen dituzten orduetan. «Excel 5» 600 bat orrialdeko liburukotea dakar motxilan. Gutixiek galtzen dute Kata. Kaki bere lagun zaharrak ongi daki hori. Ahulezia horri esker lortu ditu etxeko 486 PCan erabiltzen dituen programa gehienak. Kakiren amak egindako flan handi bat nahikoa omen da Azkarateko baserritik jaitsiarazi eta Usurbileraino etor dakion. Dirutza handiak eskatuak ditu banketxeetan. Baserrian estudio txukuna montatzeaz gain, lotarako eta otorduetarako lekua eskaini nahi die grabatzera joaten diren taldeei.

        Lasai daude denak, eguneroko zereginetan baleude bezala.

        Etxeko sotoa erakutsi behar didate Kakik eta Ferminek. Bertan isolatuta dagoen gela batean entseiatzen dute... Sinesgaitza. Denak sartzeko espazioa nola banatzen duten ulertzeko eman dizkidaten azalpenak logikoak izanik ere, ezin ditut imajinatu taldeko bost partaideak, bateria, gitarrak, anpliak eta gainerakoak gela estu eta itxi honetan, poteko sardinen pare. Buru baten tamainako leiho bat besterik ez du.

        — Ez al dizue klaustrofobiarik sortzen?

        — Askotan galdetu izan digute zer arraio egiten ote dugun eszenatokira horren kementsu irteteko... Ba, hauxe duzu arrazoia. Hemen hiruzpalau ordu pasatuz gero, bi egunez jan gabe eta katean egon den zakurra bezala jartzen gara gelako atea irekitzean. Ulertzen?

        — Gutxi gorabehera... Ez dakit masokista xamarrak ez ote zareten. Belarriak eta barrenak lehertuko zaizkizue.

        — Dena den, ez uste sobera etortzen garenik ere...

        Aipatu «poxpolo kaxa» ikusten ari ginela tresneria guztia kargatu dute gainerakoek. Alde batera, hobe lagundu behar ez izana.

        Nor bere txokoan eseri da —leku berean jartzen dira bidaia guztietan—: Jitu gidari, Kaki kopiloto, Fermin eta Pintza atzerago, eta Iñigo, Kata eta Galder atzealdean. Azken hau gonbidatuen aulkian. Ia konpleto. Mikel zarauztarra falta da. Fermin eta Pintzaren parean eseriko da Donostiako Orly hotelaren aurrean hartzen dutenean.

        Hamar minutu daramagu zain. Gaizki xamar utziak ditugu autoak.

        Hor dator Mikel Kazalis, aitarekin, medikuarenetik bueltan. Aitaren zapaterian laguntzeari utzi zionetik, musika du lanbidea. Negu Gorriak taldean baxua jotzeaz aparte, gitarra ere dantzatzen du Anestesia taldean. Hortik datorkio goitizena. Beti bezain argal eta heavy dago. Ileak ere beti bezain luze. Taldekideek Mikelen aitarekin duten solasaldia tabakoa, txikleak eta hiru botila ur erosteko aprobetxatu dut.

        Konturatu gabe pasatzen dira orduak. Eguerdiko hamabi t'erdiak dira.

 

 

Malabarismotan ibili gara Irundik aurrera pasatu garenean. Usurbildik ia mugarainoko bidea autopistatik egin dugu. Gero errepide normala hartzeko bira zakar eman eta Hendaian autopista hartu dugu berriro. Atzetik segika noa ni. Negutarren furgoitik telebistako kateak aldatzeko erabiltzen diren aparailu batekin gobernatuko banindute bezala. Polizien kontrola ebitatzearren egingo zuten, noski.

        Euskal Herriko eremutik kanpo irten dugunean jabetu naiz datorkidanaz. Biraren lehenengo bi egunetako plana errepasatzen dudan bakoitzean muskaldu egiten zaizkit euforiak. Zortziehun-bederatziehun kilometro aurreratzea da gaurko helburua. Oker ez banago, Cannes inguruan pasatuko dugu gaua. Beste 600 bat egin beharko ditugu bihar Erroman afaldu ahal izateko. Nire despistearekin beldurtzen hasia naiz. Ez nago ohituta horrenbeste kilometro segidan egiten.

        Sargori dago. Negutarren furgoiak goian daraman txapelak abiadura makaldu besterik ez du egiten. Tresnen zamak ere izango du zerikusirik mantsotze horrekin. Aldapetan abiadura apaldu egin behar izaten dut atzean segitzeko. Espero dut biraren diziplina delako honetan kontuan hartuko zutela behar fisiologikoak asetzeko premia...

 

 

Hankak txirikorda bat eginda ditut. Bihurrituta ezin gehiago. Eskerrak gelditu garen. «Toilettearen bila, madame? Hor, ezkerrean». Toulousetik gora gaude. Lau ordu egin ditugu gelditu gabe. Ziztu batean eseri gara denok, bazkal-afari oparo baten esperoan. Auskalo noizko etxea den Montrejeau delako jatetxe hau. Iluna da jangela, zaharkitua du dekorazioa. Kanpoan ditu komunak.

        50 urtetik gora dute jabeek. Ahozabal begiratzen digute. Itxurak baino, abstemio koadrila honen sake neurrigabeak harritzen ditu. Zerbitzariari hamar beso altxatzen zaizkio tinko, menuaren aukerak aurkezten dituen bakoitzean. Arrapazka heldu diogu ogiari.

        — Potage?... Bat, bi, hiru... Pour tout le monde... Entsaladarik?... Bat, bi, hiru... Pour tout le monde?!

        Konbertsazio asko entzuten ditut batera. Ertzainek Gasteizen egin duten estreinaldiari buruzko kritikak aurreko biretako oroitzapenekin nahasian heltzen zaizkit paretik. Erdialdean Mikel Anestesiaren aitak agurtzerakoan esandako xelebrekeriak errepikatzen ari dira maitekiro:

        — Belaunaldiei buruzko teoria bitxi bat ere kontatu digu zure aitak. Zergatik diren ilobak seme-alabak baino maiteagoak... —esku batez kokotsari eusten dio Ferminek, Aristoteleren bertsio modernoa ematen du. Anestesiari zuzendu zaio—. Hara, seme-alabak, maitatzeaz aparte, hezi egin behar dituzu. Ahaleginak, beraz, bi eginkizun horien artean banatu behar dituzu: maitatu eta hezi. Aiton-amonek, berriz, heziketaren ardurarik ez dutenez, denbora doblea dute maitatzeko...

        — Oso zahar jatorra diat, zer uste huen ba!

        — Semea baino pitzatuago dago...

        — Aberia handiagoa izango diat nik haren edadera heltzen naizenean.

        Bazter galdu batean informatikaren abantailez ari dira. Kata eta Kaki, noski.

        — Entsaladan sardinzarra jarri digute, aizue...

        — Burdina asko du. Jan ezazu —Pintza da elikadura kontuetan jantziena.

        Tripazorro xamarrak ez ote diren aipatu dudanean bildu gara denok konbertsazio bakarrean.

        — Biretan ia obsesio bilakatzen da elikadura —serio jarri da Fermin; begietara adi daukat—. Egunean zehar egindako kilometroek apetitua aztoratuta ere, ongi eta ugari jan beharra dago kontzertuetako presioa jasan ahal izateko. Fisikoki indartsu ez dagoena zapuztu egiten da bide erdian. Konturatuko zara aurrerago. 300 bat kilometro besterik ez ditugu egin oraindik.

        — Galdera bat pour tout le monde... Herri honetan nola eska liteke ogia, ultraeskuindarrak erne jarri gabe? —Hitz jokoekin gozatu egiten du Iñigok—. Nola ahoskatu beharko nuke «le pain», «Le Pen» uler ez diezadaten?

        — ... Lehenbizi s'il vous plaît esan ezazu apal. Gero, saskirantz luzatu hatza.

        — Lehengo hariari helduz, Garbiñe, ahuleziaren ondorioz datozen gaitzak dira gure etsairik handienak. Galdetu Mikel Anestesiari zer nolako komeriak sortu zizkion aurreko biran atera zitzaion odoluzkiak. Gizarajoak ibili ere ezin zuen egin. Bi hilabete horietan, gainera, Kakiri eztarria urratu egin zitzaion eta Anestesiak egin behar izan zuen bertsolariarena, «Bertso-Hop» abestian. Gripea, bizkarreko mina, beherakoa...

        — Kafea ere pour tout le monde?

        Grazia egin digu «pour tout le monde» delakoa hainbestetan entzuteak. Negutarrei, batez ere. Beren ohiko estiloa da gustoko bromak behin eta berriz errepikatzea.

        — Barre ederrak egin genituen Bretainian, jana dela eta —Anestesiak, aurpegira datorkion txima atzera botatzen duen bitartean—. Festa batera eraman gintuzten bazkaltzera. Ekarri dute mahaira lehen platera. Gu, dena emanda. Txist eta pist hustu dugu erretilua. Pasa dira bost minutu. Pasa da ordu laurdena eta beste platerik ez. Urduri denak. Hasi da bandako baten bat marmarrean, «ze arraio, besterik ez al dago?». Halako batean, bigarren plater dotore bat gure muturren aurrean. Hau ere hustu dugu. Tira, lasaiago gaude. Beste ordu laurdena pasa da, ordu erdia... Beste baten marmarra, «hi, ba ni ez nauk asetu oraindik». Ixiltzeko haranzkoak... Eta honela beste bost aldiz. Lehertzeko zorian ginen denok azkenerako, gehiago ekar ez zezaten erreguka. Plater bakoitzeko, gainera, ardo desberdina ateratzen ziguten. Halako batean, gure betekadari buelta nola eman asmatu ezinik gabiltzala, hara non hasten zaizkigun kantari!

        Anestesiak berari begira ditu gehienak, erne.

        — «Platera ongi garbitu» komandokoak gara.

        — Egia esan, lotsagarri gelditu ginen. Haiek bihotzetik ari ziren kantari, ahots lodi eta pausatuz... Eta gu bitartean barrez lehertzen.

        Ferminek arrazoia eman dio Kakiri buruarekin:

        — Abesti nazionalistak ziren haiek, aberriari eta hizkuntzari buruzkoak. Baina kasu egiteko ezintasun ikaragarria geneukan. Onenak emanda ginen, hilabetetik gora generaman etxetik kanpo, biran. Leher eginda ginen eta gutako askori barre txoroa eragiten dio nekeak. Ezagutzen gaituzu apur bat...

        — Dena den, kontuz esaten duzuenarekin. Horrek liburu batean paratuko ditu gure komentario guztiak.

        Ordubete pasatsu egin dugu mahaiaren inguruan. Seietan heldu diogu berriz bolanteari. Ez dugu hurrengo geldialdia egiteko inongo ordurik ez lekurik jarri. «Furgoiak gasoil gehiago eskatzen digun arte jarraituko dugu». Errukirik ez dago ni bezalako pixontzientzat. Atzetik erne joan beharra naiz.

 

 

Restop batean ogitarteko bana jaten ari garela gaueko hamarrak jo dizkigute. Sartu aurretik gasoilez bete dut furgoiko depositoa. Orratza muga gorrira heldua zen.

        Restopetako janariarekin kexatzen hasia da baten bat. Fermin gustora dago.

        — Jendeak gorrotatu egiten omen ditu, baina niri atsegin zaizkit leku hauek. Berehala zerbitzen dizute. Hala ere, batez ere dendatxoarengatik gustatzen zaizkit. Txokolate, gaileta, jostailu, pila eta bestelakoei begira paseotxo bat egiten duzularik burua arindu egiten zaizu... Astuna bidaia, ezta?

        — Egia esanda, bai.

        — Jendeak oso oker epaitzen ditu gure birak. «Kanpora, bai ederki! Kontzerturen bat eskaini, lekuak ikusi...». Nahi bai, baina hori ez da horrela, ezta inondik ere. Biraren erdia errepidean pasatzen dugu, ez dugu apenas lo egiten, gure lagunak faltan botatzen ditugu, eta hori gutxi balitz, gaztetxeez eta gasolindegiez aparte, ez dugu apenas beste ezer ezagutzen.

        Anestesiak izugarrizko siesta aurpegia dakar geldialdi guztietan.

        — Sekulako inbidia ematen zidatek hire loaldi horiek...

        — Ez natorren lotan, alfa egoeran baizik. Badakin, erdi lo, erdi esnai...

        — Eta tresneria horren guztiaren gainean dagoen «apal» horretan etzaten al haiz?

        — Gaizki, ala? Hauei klaustrofobikoa iruditzen zaien... Begiak itxi besterik ez zaukaten! Hori bai... Mugitzen hasiz gero, sekulako kaskarrekoa har dezaken gitarren ertzekin.

        Bileratxo bat egin dugu kafea hartzen ari garela.

        — Ni hementxe geldituko nintzateke. Oso nekatuta gaude gehientsuenak eta ia hamaikak dira.

        — Hobe genuke aurrera segitzea, beste 200 bat kilometro. Hemen gelditzen bagara, beste horrenbeste egin beharko dugu bihar... Erromako ongietorri afarira garaiz iristekotan, goizeko zazpiak aldera jaiki beharko genuke.

        — Baina, leher eginda gaude... eta zeu ere bai, Jitu.

        — Berak du, ordea, azken hitza, gidaria baita.

        — Nik nahiago dut gehixeago aurreratu. Nekatuta nago, baina beste esfortzu bat eginez gero, lasaiago lo eginen dut. Italiako mugara zenbat eta gehiago hurbildu, hobe.

        Cannes-eraino jarraitzea erabaki dute azkenean. Bi bat ordutan han omen gara. Beste bi kafe eskatu dizkiot zerbitzariari. Bata bestearen atzetik irentsi ditut epeldu direnean. Poltsa tabakoz eta goxokiz bete eta aurrera. Errepidea ilun dago. Jack Kerouac ez da inoiz hemen ibili. Seguru.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus