Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Irratietatik elkartasuna

IRAILAK 9, PADUA

 

Goizeko hamarrak. Furgoiko atzeko leihora hurbildu naiz esnatu eta berehala. Bart utzi nituen leku berean segitzen dute Davidonek eta ezagutzen ez ditudan beste hiruk. Gainerakoak futbolean ari dira inguruan. Nola arraio agoantatuko dute Paduarainoko bidaia eta gaueko kontzertua lorik egin gabe? Bassotti brigadena zail da sinesten.

        Inguruko tabernaren batera doaz gosaritara. Nire kasa joatea erabaki dut. Lehertzeko zorian dut burua. Gaur ere sargori.

        Supermerkatu batean sartu naiz fruta ale batzuk erostera. Jendez gainezka dago, kobratzeko kaxetan pilatuta daude gehienak. Ilara luzeak osatzen dituzte gurdiekin. Kiwi batzuk hartu eta bertara hurbildu naiz. Kaxa azkarrean jarri naiz zain, eskuartean gauza bakarra izaki eta nire aurretik hiru lagun besterik ez ditudalarik, berehala aterako naizen esperantzan.

        Hamabost minutu daramatzat hemen zutik. Nire aurrekoa lau gauzak pagatzeko zertan ari ote den ez dakit, baina gurdia beteta daramatenak ere arinago doaz ondoko kaxetan. Murphy-ren lege batekin gogoratu naiz: «Ondoko ilara azkarrago doa beti». Urduritzen hasia naiz.

 

 

Jaikita dabiltza Negutarrak, furgoia kargatzen hasteko prest. Hortzak garbitzera sartu naiz logelako komunera.

        — Egunon! zer moduz egin duzu lo?

        — Tira... Ondo. Eta zuek, egin al duzue batere? Zalaparta batean ibili gara bart hemen atarian...

        — Ez behar adina, baina ez horregatik. Atzo leher eginda bukatu genuen.

        — Katak ez du batere deskantsatu. Ordenagailuarekin jolasean pasatu du gaua.

        — Ez naiz jolasean aritu.

        — Garbiñe, presta ezazu urdaila. Trippaio zer den ikasiko duzu aurki.

        — Zer da, jateko zerbait?

        — Hanburgeseria ibiltarien bertsio italiarra... Tripakiak gosaldu behar dituzu gaur!

        — Bai zera!

        — Baietz. Eta badakizu gure lema zein den: heltzen zaren lekuetan, egin ikusten duzuna.

 

 

Eguerdiko 12ak. Paduarantz abiatu aurretik txurreriaren tankerako roulotte baten ondoan geldialditxo bat egin dugu. «Trippaio» jartzen du txapan letra handitan. Bassottikoen furgoia, beren lagunena, Gegia eta Ivancaren autoa eta nirea kale bazterrean aparkatu eta Trippaio delakora hurbildu gara. Negutarrak kafetegi batera joan dira. Orain ulertzen dut Pintzaren komentarioa. Tripakiak bakarrik saltzen dituzte. Mila modutan jarriak, baina tripakiak bakarrik. Mostradorea ere tripaki egosiz josia dago. Animaliaren barrunbeak bista-bistan paratzeari ez diot tankera itxurosorik hartu. Picchio eta Davide ari dira eskatu behar dena apuntatzen.

        — Zer nahi duzu, Garbi?

        — Ez dakit... Picchiok eskatzen duena. Ondoko kiosko horretara noa.

        — Eta edateko?

        — Ura, mesedez.

        Mila aldizkari klase ikusten ditut. Baina egunkari bakar bat ere ez dute agerian.

        — L'Unità?

        — E... Badakizu gaur bideorik ez dakarrela...

        — Zer?

        — Bideorik ez dakarrela gaur!

        Italiarren estilora gehiegi aklimatatu naiz, dirudienez. Kioskoko saltzaileak gortzat hartu nau, kanpotartzat hartu beharrean. La Repubblica ere erosi dut.

        Egunkaria leituz abiatu naiz lagunengana, burua makur eta mantso, lehen orrialdeko tituluak eta argazkiak Trippaio-ra heldu baino lehen ulertzeko ahaleginetan. Badakit hara heldu bezain pronto arrapaladan joateko presa hartuko dutela eta egunkariak beraien esku geldituko direla. Ezin baita gidatu eta irakurri batera egin.

        La Repubblica, «Bosnia, veti di pace. Croazia, Serbia e Sarajevo: riconoscimento reciproco. Mentre continuano i raid della Nato, Eltsin accusa gli occidentali con toni da ultimatum». «Scatta l'allarme antiterrorismo in tutta la Francia. L'esercito in campo per sorvegliare gli uffici pubblici e le scuole Rafforzati i controli alle frontiere».

        L'Unità, giornale fondato da Antonio Gramsci. «Sordi conquista Venezia. Al Lido è il giorno di Albertone: "Romanzo di un giovane povero" e ritira il Leone alla carriera».

        Beste muturretik entzuten ditut lagunak.

        — E! Utzidazu egunkari bat, mesedez.

        — Niri bestea, bukatzen duzunean.

        Platerkada handi bat tripaki tomatetsu luzatu didate. Ogi mutturra eta guzti jarri didate plastikozko plateraren ertzean. Hau dena janez gero, jai dut gaurkoan.

 

 

Lau bat ordu egin ditugu bidean. Bologna inguruan harrapatu gaituen zaparrada latza izan da bidaiako oztopo bakarra. Txepelduta heldu gara SOC Pedrora (Spazio Occupato Conquistato Pedro). Bospasei gazte daude atariko belazean, tam-tama jotzen eta kantari. Autotik jaitsi bezain laster gazte argal bat etorri zaigu korrika. Ezin zikinago eta oinutsik dabil:

        — Nora arraio zoazte?

        Aurpegiaren keinua aldatu gabe erantzun dio Scopak:

        — Nora goazen ez dakit, baina nondik gatozen esango dizut nahi izanez gero...

        Muturra beltztu, buelta erdi eman eta antxintxika batean joan da berriro tam-tama jotzera. Italiarrek, tam-tama jotzen duen bitartean esaten duena ulertzen dutenek, burutik jota dagoela diote. Noizbait tripiren bat jango zuela eta oraindik ez dela bidaia hartatik bueltatu. Sevillar pare bat dabil berarekin.

        Mahaiak, aulki puskatuak, silioiak, telebistak... Trasto ugari dago atarian pilatuta. Futbolinean eta pinponean ari dira bertakoak.

        Panorama ikusita kezkatu egin da Jitu.

        — Goazen hotelera siesta egitera. Oso berde dago hau...

        Gegiak hiria ezagutzera joateko proposamena egin dit. Bizpahiru ordu ditugu paseoan ibiltzeko. Ivanca, Galder eta Riccardo Bassottitarren laguna ere gurekin datoz. Azken honi ez diot oraindik hitz erdirik aditu.

 

 

Politak ditu bazterrak Paduak. Txikiak eta ongi zainduak dira Alde Zaharreko etxeak. Azoka ere topatu dugu plaza batean. Famatua omen da hemengo feria. Gogor jotzen du zaparrada osteko eguzki honek. Betaurreko ilunik gabe itsutu egiten naiz. Gutixi denda batean sartu eta eseri egin gara patxada ederrean. Gosetuta zegoen jendea. Pizza puska diferente asko eta izozkiak jarri dizkigute mahai gainean. Ikuste hutsak higuina ematen dit. Tripakiak saltoka ditut oraindik.

        Leher eginda gaude denak. Gegia batez ere.

        — Martxa honetan segitzen badugu, nik ezingo dut Milanera joan bihar. Auskalo zer ordutan bukatuko den Bassottikoen kontzertua eta nik goizeko 7etan Erroman egon behar dut etzi. Lanera joan beharra daukat.

        — Nora zoazte zuek?

        — Zurich-era... Gorputzak agoantatzen badigu.

        — Nongoa zara zu? Irun, Donostia, Pasaia eta Lasarte ezagutzen ditut nik.

        — Tolosarra naiz. Donostiatik 25 bat kilometrora dago.

        — Tolosa, Tolosa... A! «En Tolosa Iñauteriak!... Pero qué coño haces tú sin disfrazar». Bale, bale...

        Ez dut uste Tolosaren kokaguneaz benetan jabetu denik. Kortaturen abestiarengatik ezagutzen dituen lekuetatik oso urrun ez dagoela kalkulatu duela iruditzen zait. Berdin zaio 25 kilometroak kostaldera, barne aldera edo norantz egin behar dituen.

 

 

Begi bat estalita duen tipo gazte batekin hizketan topatu ditugu musikariak eta Federico. Soinu-froga egin gabeak dira oraindik.

        — Etor zaitez, Garbi! Entzun ezazu mutiko honen historia...

        — Alessandrok, hemen dagoen mutil honek, Bilboko jaietan galdu du eskuin begia. Ertzainek botatako pilota batek bete-betean eman omen zion.

        Ondokoa ere ubelduta dauka. Eta baita sudurra ere.

        — Eta? Ez al dizute osatuko?

        — Aurki operatuko naute berriro, baina eskasak dira esperantzak. Egia esan, bista betirako galdua dut. Ebakuntza argitasun pixka bat sumatzeko ahalegina besterik ez da. Ez naiz gertatutakoaren erdiaz ere gogoratzen. Ospitale batean esnatu nintzen. Nork eta nola eraman ninduen ez dakit... Baina ez nintzen kolpatu bakarra. Beste bost ertzain zeuden han. Balantze positiboa, beraz.

        Zer esan jakin gabe utzi gaitu.

 

 

Ferminek ate ondora eraman nau.

        — Begira nor etorri den...

        Giovanni Giacopucci topatu dugu atarian. Argia-n politika sailean idazten nuenean ezagutu nuen. Oso estutik jarraitzen ditu Euskal Herriko gorabeherak. Nekaezina da Giaco. Orain ere badu libururik esku artean. Txalaparta argitaletxearen enkarguz, polimili-ei buruzko historia idazten ari da. Lan orduetatik kanpo, Bolzanoko irrati libre batean parte hartzen du. Bera izan da Italiako «Hitz egin» kanpainaren bultzatzaileetariko bat. Irrati ugaritan emititu zen saioaren bidez, Galindo jeneralak Esan Ozenki disketxearekin eta Negu Gorriak taldearekin duen istilua azaltzeaz gain, ahalik eta sinadura gehien biltzea zuten helburua.

        — Aupa! Zer moduz? Harrigarria egiten zait zu hemen ikustea.

        — Bertakoa naiz, ordea.

        — Egia da, baina Euskal Herrian topo egin izan dugu beti. Egin eta Egunkaria-n irakurritako berri baten bidez jakin nuen zuen kanpainaren berri. Emaitzekin gustora?

        — Beno, oraindik ez dugu amaitutzat eman... Gure irratian, alegia Radio Bolzanon grabatu genuen irratsaioa hamar irratik emititu dute: Erromako Radio Citta Futura-k eta Radio Citta Aperta-k, Florentziako Contro Radio-k, Bolognako Radio Citta del Capo-k, Paduako Radio Sherwood-ek, Udineko Radio Onde Furlane-k, Brescia eta Milango Radio Ondoa d'Urto-k, Radio Popolare Milan-ek eta Turingo Radio Flash-ek. Prentsa idatzian ere argitaratu dute irratsaiorako prestatutako testua. Esate baterako, Il Manifesto egunkariak, Bolzanoko Il Matino-k, Frigidaire eta Narcomafie hilabetekariek, Mucchio Selvaggio eta Rockerilla musika aldizkariek... Ongi, egia esan.

        — Sinadurak biltzen ere ibiliak zarete, oker ez banago.

        — 1.500 ditugu orain arte. Arazotxo batengatik ez balitz, gehiago ere izango genukeen... Negu Gorriak-en Italiako bira antolatu zutenekin deskoordinazioa eduki genuen eta ez ziren kontzertuetan mahaiak jarri. Pena da... L´Unità PDS alderdiaren egunkariaren jaialdian ere irakurri zuten manifestua.

        — Ez dago gaizki! Lan handia egiten ohituta zaudete.

        — Urteak daramatzagu Euskal Herriari buruzko kontrainformazioa egiten, hobeto esan, informatzen... A, musika taldeak aipatzea ahantzi zait. Asko dira iniziatiba berretsi dutenak: Parto delle Nuvole Pesanti, Almamegretta, Marlene Kuntz, Ustamamò, Yoyo Mundi, Disciplinatha, Sergio Messina, A.F.A., Umberto Palazzo e il Santo Niente, Curman & Tuscadu, C.S.I., Al Darawish, Enrico Capuano, Tide Records... Ahantziko zitzaidan bakarren bat... Gauzak espero bezala baldin badoaz, aurki disko bat plazaratuko da ekonomikoki ere lagundu ahal izateko. Etekin guztiak taldeari ematea da asmoa.

 

 

Soinu-frogarako prest daude Negutarrak eta Bassottitarrak. Etorri garenetik, atarian oinutsik topatu dugun koadrila tam-tam zale horretako kide bat dut etengabe atzetik. Sevillarra omen da. Ez nau bakean uzten. Orain bizkarrean kolpetxoak eman, belarrira kantari gero. Bidean traban jarri aurrena, zigarro paketea poltsikotik kendu ostera. Aurpegi osoari buelta ematen dion irribarrea egiten dit bekosko ilunez begiratzen diodan bakoitzean. Neure onetik aterako nau txoro honek. Koadernoan oharren bat idazten hasiz gero, nire ezkerreko sorbaldatik azaltzen zait bere burua. Kargante halakoa.

        — Emaizkidazu koadernoa eta boligrafoa.

        — Ez.

        — Idazteko gogoa daukat.

        — Dendara joan eta erosi.

        — Zer idazten duzu?

        — Ikusten dudana. Esate baterako, aspaldi honetan atzetik segika zaitudala.

        — Kontua da... Arratsalde osoa daramat gauza bat galdetu nahian, baina ez nuen une egokirik aurkitzen.

        Honek gure furgoian etorri nahi du, seguro. Are nabarmenagoa egin du irribarrearen keinua. Dirua behar ote du?

        — Emango al didazu speed pixka bat?

        — Zer??!!

        Espitoso sudurra ote daukat...

        — Emaidazu speed pixka bat mesedez. Aspaldian ez dut hartzeko aukerarik izan.

        — Nik ez dut speed-ik.

        — Benga, ez zaitez horrelakoa izan!

        Bizkarrekoak berriro. Otsoa baino okerrago ez jartzen saiatzen naiz, baina ezinezkoa zait. Estresak pazientzia galarazten dit.

        — Ez dudala esan dizut.

        — Behealdetik zatozte zuek... Seguru zuetako baten batek baduela...

        Erantzun gabe aldegin diot. Bueltaxka bat eman behar dut lasaitzeko. Hauxe besterik ez genuen falta... Speed saltzailetzat hartzea.

        Panfleto bat topatu dut lurrean: Galindo, solo quemado eres lindo!. Errimazaleak dira hemen ere. «Skinhead Sharp contro il Razzismo» eta «Libertà per Euskal Herria» pankartak jartzen ari dira eszenatokian. Ikurrina bat zegoen lehendik.

        Diskoteka moduko taberna eta bi gela ditu leku honek, sukaldea, kontzertuetarako sala eta jantokiaz aparte. Aurki hasiko diren italiera eta arabiera ikastaroen iragarkiak daude gela ateetan. Dohainik biak.

 

 

Bertan eman digute afaria, gaueko zortzietan. Pizzak egiteko labea eta sukaldea majo jarria dute zentro honetan. Katak aholkuak emateko aprobetxatu du denak elkarrekin gaudeneko tartea. Mokadu bakarra eman dio tipulaz eginiko pizzari. Arrapazka ari dira besteak.

        — Nekatuta zabiltzate eta kontzertu asko falta zaizkigu oraindik. Apal-apal has zaitezte, «xoxo-xoxo», hasieratik horren basati jarri gabe.

        Besteek barre egiten dioten arren, pozik hartu diote haien osasunaz kezkatzeko ardura.

        — Saiatzen gara, Kata, ez uste. Geu ere konturatzen gara leher eginda gaudela, eta bide luzea dugula oraindik egiteko. Baina eszenatokira igotakoan ezinezkoa egiten zaizu odola hotz mantentzea. Jendea bero-bero ikusten duzunean energia pila hartuta bezala sentitzen zara.

        — Hala da, hori bezalako bitaminarik ez dago.

        — Nahi duzuena egin. Nik abisatu dizuet.

 

 

Ez da oso itxura onekoa, baina ezin dut gehiago. Loak hartzen nau. Emanaldiaren erdira iritsiak dira Banda Bassotikoak. Errespeto falta ikaragarria irudituko zaie Davide, Davidone eta gainerakoei beren kamiseta postuan jarri eta mutur honekin egotea, baina ezinezkoa zait burua altxatzea. Ukalondoko bat eman dit Davidek.

        — Ez al zaizu Banda Bassotti gustatzen?

        — Dirudiena baino askoz gehiago. Oso nekatuta nago, ordea.

        Ez naiz bakarra. Luca Bassottitarren furgoiaren gidaria ere lo seko dago aulkian.

        Esfortzu bat egin, zutik jarri eta eszenatokira erreparatu dut. Clementina igo da eszenatokira. «La conta» eskaini behar dute. Preso politikoen zerrenda batek osatzen du doinu hau. Ez dute kantatzen. Izenak bata bestearen atzetik esaten dituzte, bat Picchiok, hurrena Clementinak. Musika lagungarria besterik ez da.

        — David, zurea da abesti horren ideia, ezta? Zeintzuk dira zehazki aipatzen diren pertsonak?

        — Jende horrek, abestian agertzen diren horiek, tinko heltzen diote presondegira eraman zituen ideiari. Klase borroka ez dute amaitutzat ematen. Ez dute egoera hobe baten truke Gobernuarekin kolaboratu nahi izan. Aipatzen direnak baino gehiago dira baina presondegian egin ziguten zerrendak osatzen du abesti hau. Haiek izan zuten azken hitza. Honek ez du esan nahi egindako guztiarekin ados gaudenik. Baina horrek ez du axola kasu honetan. Memoria astintzea da helburua, ideien alde borrokatzen direnekin gogoratzea. Bestalde, arazo ugari dago, presoek ere iskanbila baitaukate beraien artean. Batek ez zuen agertu nahi beste halako baten izena ere aipatzen bazen... Espero genuen, dena den. Ez gaitu ezustean harrapatu.

        Clementina bera ere preso egondakoa da. Urte t'erdiko kartzela zigorra jasan zuen. Gegia asko poztu zen Clementina taldean sartu zenean.

        — Neskaren presentzia hutsa eskertu egiten da. Fabrizia lehengo baxularia joan zenetik zerbait falta zen taldean...

 

 

Negu Gorriak-en ekitaldiak Euskal Herrira eraman gaitu berriz ere. «Zipaioen matxinada» kanta eskaini diote Alessandrori. Jendeak kantari eta saltoka hartu du taldearen komentarioa:

        — «El que no bote es policía nacional, policía nacional, policía nacional. El que no bote es policía nacional...»

        — O carabinieri que es igual! —Ferminek, mikrofonotik.

        Alessandrok irribarre egin die eskerronez. Egun osoan ikusi diodan lehena. Oinaze ikaragarriak ditu oraindik. Txoko batetik begiratzen du, ukalondo eta dantzaldietako bultzadetatik libre.

        Orain arte kantatu gabeko abesti bat erantsi diote bira honetarako prestatutako kanta zerrendari. Radio Sherwood eta Hitz egin kanpainan lagundu duten irrati guztiei eskainia.

        — Adierazpen askatasunaren alde, Radio Rahim!!!

        Atzokoak baino baldintza hobeak dituzte gaur jotzeko. Eszenatokiaren atzealdean dagoen leihoak freskura pittin bat dakarkie. Blai eginda daude, hala ere. Bigarren kamiseta aldatu du Ferminek: Banda Bassottirena jantzi du oraingoan.

        Eszenatokira eraman zaien ur guztia bukatuta, aldameneko bati garagardo botila eskatu dio erregu aurpegia jarrita. Eztarria lehortzen diote argi fokoek.

        Bukaerakoa izan da politena. Clementinak egin ditu koroak «Aizu!» izenekoan. Lotsatuta bezala dago, ongi ari ote den pentsakor. Baina ez du kezkatzeko arrazoirik. Oso ahots polita dauka.

        Honako hauxe izan da orain arteko kontzertuetan arrakasta handiena lortu duen abestia. Momentuoro bada doinua ahoan hartua daramanik edo Vomitoko Vitor abeslariari eskainitako kanta honek zer dioen galdetzen duenik. Clementina eta Gegia, esate baterako, hitzaren esanahia jakin nahian hurbildu zaizkit kontzertua hasi aurretik.

        «Zu atrapatu arte». Negu Gorriak-ek eskainiko du gaurkoan, baina kantatzera Banda Bassottiko guztiak igo dira. Federico eta bere bideoa ere oholtzaren gainean daude. Davide, Davidone, Luca, Riccardo eta bostok aulkietara igo gara hobeto ikustearren.

        — David! Davidone!... Zuek falta zarete, zeren zain zaudete!

        Mikrofonotik botatako deiek lotsarazi egin dituzte. Jendea begira jarri zaienean aulkietatik jaitsi dira.

        Ferminek egiten dituen aizkorakada keinuak imitatzen ari da jendea.

 

 

Hirurak jo dizkigute kontzertuaren amaieran. Goseak amorratzen datoz Negutarrak. Edariak, salamia, txorizoa, gazta, ogia, patata frijituak, gailetak eta beste hamaika jaki irentsi ditugu. David mexikarra ere inguruan dabil.

        — E! Hemen zara berriro! Hauen kontzertua ikusi gabe ezin etsi, ala?

        — Etortzeko aukera izan dut eta hementxe nago.

        — Neke aurpegia duzu zuk ere.

        — Egia esan, ordu aldaketara egokitu gabea naiz oraindik. Ez dakit oraingo hau bazkaria, afaria, gosaria edo merienda ote den. Kosta egiten zait ohitzea. Gertatu izan zait besteetan. Eta Mexikora bueltatzen naizenean ere igoaltsu ibiliko naiz, bazterrak nazkatzen, denak lotarako gogoa dutenean.

        Beti elkarren inguruan gauden arren, ez dut kasik Negutarrekin hitz egiteko paradarik hartzen. Jendez inguratuta daude beti. Gustora jasoko nuke orain arteko kontzertuez duten iritzia, edo ezagutu dugun jendearen berri... Hobe bakean uztea. Biraren eromenean itota daude, neka-neka eginda, solaserako gogorik gabe. Izango da aukerarik aurrerago. Giaco datorkie berriz:

        — Fermin! Gaur ikusi dudana azaltzeko hitzik ez dago. Sekulakoa izan da!

        Gainerako taldekideak zoriondu eta korrika abiatu da. 400 kilometro ditu Bolzanoraino.

        Furgoia kargatu eta bagoaz. Zurich-eraino igo beharrean gara bihar.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus