Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Atzeko atetik

IRAILAK 22, BARTZELONA

 

Bart neska izateagatik bota zidaten lotsagabekeriarekin elkartasuna adierazteko, beste jantoki baten bila abiatu gara bazkaltzeko garaian. Iñigok ezagutzen omen du bat. Lokaztuta daude Rambletako kale bazterrak. Denda eta taberna gehienek ezin izan dituzte ateak zabaldu. Uste baino denbora gehiago behar izan dugu jantoki bat topatzeko. Ia ordubiak ziren mahaian eseri garenerako. Gaurko tabernariaren bromak ere niri zuzenduak izan dira:

        — Ondo zainduta zaude horregatik! Zer egiten duzu horrenbeste mutil zureganatzeko?

        — Ederra egokitu zaizu, Garbiñe!

        — Zer edango duzue?

        — Ura.

        — Denok?! Gaurko gazteria ulertuko duenik ez dago. Botatakoak nahikoa ez ala?

        — 16.000 Wattioko ekipoa izango dugu gaur, Kata. Santik esan didanez, Palaun joko dugu. Azken orduko plan aldaketaz enteratzen ez den jendearentzat autobusak jarriko dituzte Celeste aretoan.

        Jitu muskalduta dago, tripako minez pasatu du gaua. Anestesia ere kexu da:

        — Bira pentsionista honetan piskanaka agertu diren gaitz guztiak batera harrapatu ditut nik gaur: fungi-mungia, gripea, kakalarria...

        — Arratsalde osoa deskantsatzeko dugu. Aprobetxa ezazue lo-kuluska egiteko. Leher eginda eta erdi gaixo gabiltza denok.

 

 

Palau inguruko jatetxe batera garamatzate afaltzera. Koadrila handia gara. Hamazortzi, guztira. Negu Gorriak-en kamiseta pirata ugari ikusi ditugu bidean. Horrek sortzen duen amorrua komentatzen ari ginelarik, gizonezko bat hurbildu zaio Fermini kamisetak saltzera:

        — Erosteko diozu?! Niri eman egin beharko didazu sorta bat, taldeko kantaria naiz eta.

        Beste batzuengana eraman du. Hamar bat minutuko eztabaidaren ondoren, hiruzpalau kamiseta besapean hartuta sartu zaigu jatetxean.

        Matxitxa umoretsu dago:

        — Santiri Brigadisten eguna dela esan diot. 8.000 lagun helduko direla autobusetan. Sinetsi egin dit!

        Konturatu garenerako hamaika buru genituen jatetxeko leihoetara igota. Negutarren fansak dira. Batzuok, intimitaterik gabe gelditzea gustokoa ez dugun arren, barre egin dugu. Negutarrei egonezina sortu die. Kakik eta Ferminek horri ihes egiteko estrategia asmatu dute:

        — Hoberena zera litzateke: zuek lasai ederrean afaldu eta eserita gelditu kafea hartzen. Gu atzeko atetik aterako gara afaldu eta berehala, ongi iruditzen bazaizue. Zuek atera arte ez dira konturatuko falta garenik.

        Taberna jabea konfiantza hartzen hasi da bigarren platera ekartzerako. Jakinguraz hasi da galdezka emakumea:

        — Nortzuk zarete, orduan?

        — Negu Gorriak.

        — A... Denok jotzen al duzue?

        Matxitxak erantzun dio:

        — Ez. Musikariak bazterreko bost haiek bakarrik dira. Gainerakook tintazorri batzuk gara.

        Negutarrek bete-betean asmatu dute. Kanpoan zain zegoen jendea ez da jokaldiaz konturatu gu atera garen arte.

        Buruari buelta eman diot Palau-ko sarrerara heldu garenean. Harrituta daude jantokiaren atarian, Negutarren zain. Susmo txarrak hartuak dituzte dagoeneko.

 

 

«Estan aquí todos los que se mojaron anoche?». Hitz hauekin hasi da Todos Tus Muertos-ekoen kontzertua. Albertok, argentinarren gidari etorri den ondarroatarrak, eszenatokia aldenik alde zeharkatzen du etengabe, argazki-makinari segundu erdiko deskantsua eman ezinik.

        Pablitok sekulako komeriak egiten ditu perkusioa utzi eta eszenatokiaren aurrealdera etortzen denean. Matxitxa eta Fernando eszenatoriaren bazterrean jarri dira, anplien dorreen atzean. Fernandok tarteka jende artetik agertzen den bandera kubatarrari argazkia egin nahi dio. Zorterik ez du, ordea. Makina enfokatzen duenerako argiak itzaltzen dira edo bandera ezkutatzen diote.

 

 

Azkenengo txokoraino beteta dago sala. Dena emanda dabiltza Negutarrak. Eguraldiaren erruz gertatutako txikizioa konpentsatzeko ahaleginetan.

        — Oker dabiltza! Lo dijimos hace muchos años! Es el Estado Español el que tortura! Es el Estado Español el terrorista!

        Bandera kubarrak, kataluniarrak eta ikurrinak haizatuz eta oihu eginez erantzun du jendeak.

        Aurrealdeko hesian zegoen gazte batek eszenatokira igotzeko salto egin duenean eszenatokiko burdinak jo eta muturra hautsi du. Gurutze Gorrikoek, eskuartean zuten ogitartekoa utzi eta korrika agertu zaizkio. Besoetatik helduta daramate. Asko dira salto eginez oholtzara igotzen saiatu direnak, baina bakarrak lortu du orain arte. Burdinazko hesi eta segurtasuneko zaindarien gainetik hegan egin izan balu bezala erori da Kakiren parean. Segurtasunekoei ez zaie gustatu tipoak hesia gainditu ahal izana. Eszenatokira igo eta beregana doaz korrika. Baina Ferminek uxatu egin ditu, espontaneoa laguna balitz bezala lepotik helduz.

        Francesc eta Santiri kontzertuaren bigarren zatia 16 orduko epean antolatzeak sortu dien neke guztia ahantzi zaie bat batean. Txundituta daude eszenatokira begira.

        — Ez da posible ordu t'erdi martxa horretan irautea. Zuk esan duzunez, gainera, gogorra izan da bira. Zer kirol mota egite dute sasoi horretan mantentzeko?

        — Ez dut uste bereziki kirolzaleak direnik. Berezkoa dute kemena. Gainera, gustokoa dute egiten dutena eta jendea bero ikusten dutenean adrenalina toperaino igotzen zaie.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus