Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Florentziako CPAtik, uhin onez

IRAILAK 8, ERROMA-FLORENTZIA

 

Lau furgoiez osatu dugu Florentziarainoko karabana. Hamarretan abiatu behar omen genuen... Furgoiak kargatu, italiarren eran luze eta ozen eztabaidatu eta bat eta beste, martxa egin dugunerako 12ak. Banda Bassottikoak doaz aurretik, hauen lagunak ondoren eta gero Negutarrak. Ni naiz azkena. Bidean bazkaritarako tarte bat egiteko denborarik ere ez dugu. Lauetarako helduko garela agindu zaio CPAko (Centro Populare Autogestito-Firenze Sud) jendeari.

        Negutarrak kezkatuta daude. Gauean 2.000 lagunentzako sala batean joko dutela esan diete, eta beteko ez duten susmoa dute.

        — Kopuru horren erdia ere ez zitzaigun etorri aurrekoan.

        — Gainera bi urte daramagu hemen azaldu gabe, ez da posible ordukoa bikoiztea.

        — Sala erdia hutsik ikusteak animoa zapuzten du.

        Fabrika zahar birziklatu bat da CPA. Hartu zutenean kanpoaldeko paretak eta teilatua besterik ez zituen. 600 langile zituzten kontratatuta, adreiluak eta hauek fabrikatzeko makinak egiten zituzten garaian. Izugarri handia da edifizioa. Azken urte t'erdia kontzertuetarako sala handi bat egokitzen eman dute bertakoek.

 

 

Bost minutuko bizpahiru geldialdi besterik ez ditugu egin. Autotik korrika irten eta txiza egiteko justuko denbora izan dugu. Bart majo hoztuko zuela zirudien arren, sekulako beroa pasatu dugu bidean. Izerdi patsetan heldu naiz. Begiak erre dizkit eguzkiaren argitasunak. Ez dakit non arraio ditudan betaurreko ilunak.

        Bostak laurden gutxi ziren CPAren atzealdeko hesia zabaldu digutenean. Mutiko bixi batek erakutsi digu furgoiak aparkatzeko lekua. Martino omen da, zentroko arduradunetako bat. Sardinian sortua den arren, Florentzian bizi da aspaldidanik. Azkarra du pausoa. Negutarrek diotenez, Italia osoan ez dago berak adinako pulamentua duenik.

        Furgoitik jaitsi garenean Katarentzat izan dira goraipamen eta ohore guztiak. Soinua kontrolatzeko mahaian egiten dituen «mirakuluak» esplikatzerik ez omen dago, magiaren bidez ez bada. Aztitzat daukate.

        — Zer moduz, Merlino?

        Irribarre eginez erantzun dio Katak. Barre egin dute besteek.

        — Martin, goseak amorratzen gaude!

        — Goazen kamerinora. Ogitartekoak, fruta, freskagarriak eta kafea ditugu bertan.

        Gela argitsu eta handi batera eraman gaituzte. Ohe ugari jarri dituzte gauerako. Dutxa, komuna eta barra moduko bat ditu bazterrean. Paperezko zintzilikari koloretsuz betea dago sabaia.

        — Martino, gure etorrera ospatzeko al da hori guztia?

        Irribarre xamurra du.

        — Haurrentzat ikastaroak eta festak antolatzen ditugu hemen. Dantza ikasten ari dira azken bolada honetan.

        — Eta eszenatokia?

        — Zuk beranduago ikusi beharko duzu, Fermin. Controrradio irratira joan behar dugu agudo. Telefonoz azaldu nizun gaurko kontzertua iragartzeko galdera pare bat egin nahi dizutela. Zuek jar itzazue kartulinatxo hauek paparrean. Sartzerik ez duzue izango gainontzean.

        Ogitartekoa hartuta abiatu dira Fermin eta Martino.

        Furgoia deskargatu eta soinu-froga egiten duten bitartean bueltaxka bat eman dut inguruotan. Erasoak ebitatzearren, guztiz itxia dago eraikuntza. Aurrealdean dagoen etxean etorkinak bizi dira. Behealdean sukaldea dago. Herri bazkariak ematen omen dituzte egunero. Esaten didatenez, 3.000-4.000 liratan bapo jan daiteke hemen.

        Leninen erretratua eta Negu Gorriak-en bi aizkorak dituzte marraztuak konpondua duten fatxadan. Hesitik harantz ikusteko moduan jarri duten pankartak askatasuna eskatzen du Mumia Abu-Jamal afroamerikarrarentzat: «Free Mumia Abu-Jamal».

        Mumia Abu-Jamal... Hiltzera kondenatuta dute EEBBetan. Agintariek aurtengo abuztuan emandako hiltzeko agindua atzeratu egin dute oraingoz, bertako eta nazioarteko protestaldiek presionatuta. Kontrako frogarik ez dagoen arren, polizia bat hil izana leporatzen diote. Oraindik argitu gabe dago, ordea, 1981eko abenduko gau hartan Philadelphian gertatu zena. Berau ere larri zaurituta gelditu zen zerraldo lurrean. Pantera beltza, oso gaztetandik. Kazetari Beltzen Elkarteko lehendakaria, arrazakeria eta zapalkuntzaren kontrako lan ugari plazaratu ditu. «Ahotsik gabekoen ahotsa» artikuluari esker saritua... Curriculum horrekin eta EEBBetan ikusi direnak ikusita... «Cuando la impotencia te quema la sangre...», kantatu zuen Kortatuk.

        Mailua eta igitaia eta pintadak paretetan. «Meglio morire in piedi che vivire in ginocchio» delakoa, nabarmenena. «Liberi Paesi Baschi» pegatina zoko-moko guztietan. Fabrika erdia moldatu gabe dute oraindik. Baina ez da harritzekoa, 36.000 metro karratu omen ditu eraikuntza osoak. Nolanahi ere, ongi aprobetxatua dute moldatutako zatia: skate-a praktikatzeko pista bat, taberna, kiroldegia, entseiatzeko hiruzpalau gelatxo musika tresna eta guzti, argazkiak debelopatzeko eta ikastarotarako gelak... Kontzertuak eskaintzera datozen musikarientzat dutxa, komuna eta lotarako gelak eraikitzea dute hurrengo erronka.

        Liburutegia da, horretara, txokorik interesgarriena. Era askotako liburuez gain, herri eta nazio guztietako informazioa dute jasoa. Herri zapalduei buruzko aldizkari eta fanzineak dira bereziki axola zaizkienak. Euskal Herriari buruz ere makina bat txosten, fanzine, aldizkari eta kartel aurki daiteke. Italieraz daude gehienak, baina euskarazkorik ere bada.

        Etorri dira bueltan Fermin eta Martino.

        — Ikusi al duzu CPA?

        — Oraintxe eman diot buelta etxe osoari. Makina bat gauza antolatzen duzue hemen... Bertan bizi al zara?

        — Ez. Hemen etorkinek eta paperik ez dutenek bakarrik dute bizitzeko aukera. Lan soziala egiten den arren, hau ez da zentro sozial edo gaztetxe bat. Hemen ezin du nork bere gogoa egin. Auzokide guztiei erreparatzen diegu, ez gazteei bakarrik. Hain zuzen horregatik zaila egingo zaizu Italia osoan hau bezalakorik topatzea.

        Kontzertuetako salara narama Martinok. Besoa ondokoaren bizkarra inguratuz hitz egiteko ohitura du. Garagardo bat atera dit:

        — Birari buruzko libururako notak hartzen ari zarela esan dit Ferminek. Edozein zalantza duzularik, galde egidazu. Inguruotan ibiliko naiz.

        Dotore jarria dago sala. Estreinatu berria da. Fugazi taldeak eman zuen aurreneko kontzertua. Beltzez pintatuta dago, goitik hasi eta beheraino. Teknikariaren kaiola dago sarreran, altu xamar jarria. Metalezko dorrea dirudi. Bazter batean barra eta atzealdean eszenatokia. Bi bentiladore erraldoi sabaian.

 

 

Bertako sukaldearen ondoan dagoen jantokira eraman gaituzte. Okela erre usaina dago. Gosetuta nago neu ere.

        Bi mahai luze osatu ditugu denon artean. Sigaro, Iñigo, Davide eta Scopa isildu gabe ari dira ondoko mahaian. Gurean, Ferminek bere haurraren imintzioan egin dituen marmarrak kenduta, apal-apal ginen Bassottiko baxulariaren urtebetetzea dela oihukatu duten arte. Baso bat ur altxata, kantari jarri zaio Fermin: «Zorionak, zuri, zorionak zuri, zorionak Gianluca...». Gainerakoei gustatu egin zaie ideia. Zutitu egin dira denak. Sukaldariek erkaitz begiratzen digute.

        — Hitz batzuk esan beharko dituk, hi!

        — Horixe! Aupa!

        — Zutitu eta hasi hizketan!

        Spaghetti al pesto-z beteriko pertzak libratu du ero hauen harpa jotzetik. Jateko ez bada, eta Peppe bateria-jolea bezala, ikaragarri lotsatia da Luca. Izerdia du kopeta soilduan.

        Anestesiari ez jatea gomendatu diote Kakik eta Ferminek.

        — Minegi dago hori zuretzat. Odoluzkia zaindu beharko zenuke.

        — Lasai, hau jaten ez baduzu ere, ez zara goseak geldituko. Makarroiak tomatearekin eta okela ekarriko dute orain.

 

 

Jantokia utzi eta kontzertu salan sartu garenerako kamixeta, fanzine eta diskoen postuak jarriak zituzten. Bideo emanaldia ere badago sarreran. Begira gelditu gara Anestesia eta biok.

        — E! Euskal Herriari buruzko bideoa duk hori!

        Ertzaintzak Bilboko jaietan banatutako egurra, Polizia Nazionalaren «irtenaldiak», manifak, Joseba Arregi —ez Kultur sailburua izan zena, torturatuta hil zutena baizik—, Santi Brouard... Errepresioari buruzko materiala dena.

        — Hara! Euskaraz ari dun eta! Hemengoek ez diten kozkorrik ulertuko...

        — Euskara piperrik jakin gabe ere, imajinak bakarrik ikusita ongiegi ulertzen duk.

        Pantailari so hamar bat minutu generamala, atzerantz begiratu du Anestesiak, ikusleen keinu harrituen bila:

        — ... Dena den, lasai. Ulermena dela eta kezkatu beharrik ez zegon... Guk biok bakarrik egiten zionagu kasu!

 

 

Emanaldia hasi aurretik kamerinoan pasatzen duten denbora kafe bat hartzera joateko aprobetxatu dut. Familiari ere deitu beharko zaio.

        Nekez topa liteke telefono kabinarik inguruotan. Gertu aurkitu dudan bakarra txikituta zegoen. Ia ordubete egin dut txukunago baten bila, baina alferrikako saioa... Artaburu halakoa! Biletea besterik ez dut poltsikoan. Txanpon bakar bat ere ez. Ondoko tabernan kafe bat hartu dut etsita. Eta baita bigarren eta hirugarren bat ere. Nekeak garbituko nau martxa honetan. Pizgarriren bat behar dut begiak zabalik mantentzeko.

        Bassottikoak bukatzear zeuden ni heldu naizenerako. Harrituta nauka italiarren puntualitateak. Kaki ari da teknikari lanetan. Taldekoak eskerrak ematen ari zaizkio eszenatokitik.

 

 

Sala erdiraino ere beteko ez zuten beldurrez heldu dira Anestesia, Iñigo eta Kaki. Inozo halakoak! Ezin sarturik dago jendea atarian!

        — Handia zara «zi-pi-a»!

        CPA siglak italiarren moduan ahoskatuz egin ditu Ferminek oholtza gaineko lehen hitzak. «Txikito» da lehenbiziko kanta. Burua zentrifugatzen jarri du Anestesiak. Ferminek aizkora bihurtu ditu bere bi besoak. Kantatu beharrik ez duenean, aurrean zutikako enbor bat edukiko balu bezala kolpatzen du airea ezker-eskuin.

        Jendearen kamixetetara joaten zaizkit begiak. Han sekula ikusi gabeak hemen ikustea bada marka! Egia esanda, batzuetako mezua irakurri ondoren... eskerrak!: «Abertzale Sur» darama batek paparraldean. «Athletic gurea» atzealdean.

        «Hitz egin» dator orain.

        — Mumia Abu-Jamali eskainia! Adierazpen askatasunaren alde!

        Lepoa luzatu dut, baina ez da nahikoa. Ni bezalako satelite batek ezin du gauza handirik ikusi jendea saltoka hasten denean. Eskaintza honen esperoan balego bezala hartu du jendeak Ferminen oihua. Bolada luzea daramate pantera beltza-rentzat atxikimendu bila.

        M-ak taldearen abesti bat ondoren: «Pistolaren mintzoa». Ferminen burua ikusten dut tarteka. «Hitzak soberan daude, pistolak mintza bitez!» esaldiarekin batera bi hatz gorantz jartzen ditu bekoki aurrean. Bere buruari tiro egin behar diola dirudi. Kakirena ageri da orain. Hau da txaloaldia!

        Labea dirudi salak. Irekiten dut odola, lehertzeko zorian zainak. Irten beharra daukat. Aurrealdeko motroilo «Euskal Herria askatu» zalea ezik, sartu eta atera dabil jendea. Hau agoantatuko duenik ez baitago. Tropikoko eguerdietako tenplea eduki beharra dago horko tenperatura agoantatzeko. Gizarajoak Negutarrak... Mela-mela eginda daude.

        Kontzertu salako ate zabala zeharkatzeak hamar minutu eraman dizkit gutxienez. Hotzak dira hemengo gauak. Eskertzekoa, ordea, labe horretatik atera berritan. Ederki entzuten da kanpotik, Davidek eta Lucak jarri duten postutik. Gelditu gabe ari dira negozioan. Kamixeta bat bati, CD bat beste bati. Bukatzen ari zaie materiala.

        Garagardo bat hartzeko asmotan nenbilen, baina barraraino heltzeko egin behar den borrokaldia ikusita, nahiago dut nagoen tokian egarriz gelditu. Atsegina da konpainia.

        — Garbi, esango al diozu Jituri «Ideia zabaldu» CD ale gehiago ekartzeko? Eska eta eska ari zait jendea.

        — Ea aurkitzen dudan. Ez dago erraza.

        «Hipokrisiari stop!» abestiarekin ari dira. «Stop!» oihukatzen duen bakoitzean eskuineko besoa bular paretik aurrerantz luzatzen du Ferminek kolpe batean. Jendeak ere berdin egiten du. Izan ere, ederki dakite leloa noiz egokitzen den. Ukalondo, bultzada eta ostiko batzuez aparte, ez dut ezer lortu. Ezinezkoa da hemen inor topatzea. Eszenatokiaren atzealdean egongo da seguruenik. Negutarrei ura edo beste ezer falta ote zaien zaintzen egoten da beti. Baina ezinezkoa da hara heltzea. Itxi egin dute sarrera.

 

 

Pozik daude taldekoak. Anestesiak dioenez, «uhin ona» izan dute beti leku honetan. Baina gaurko eromenik ez zuten inondik espero.

        Sorpresa handia hartu dute kamerinotik irteterakoan: Erromako beste lagun baten bisita. Lana zuela eta ezingo zuela etorri esanez agurtu ditu goizean.

        — E! Gegia! Zer egiten duzu hemen! Ez al zenuen gaueko txanda ospitalean?

        — Gaixo nagoela esan diet.

        Musuka hartu dute denek. Ilehori eta liraina da Gegia. Erizaina lanbidez. Bart gauean Kakirekin egin ditu ordu estrak, Anestesiak, makurtzera zihoala eman dion kaskarrekoarekin handituta utzi baitio begiondoa.

        — Begia hobeto, ala?

        — Ez dakit, ez dakit... Pomada eman beharko didazu berriro oheratu aurretik.

        Barre egin dio Gegiak. Brigadista gisa ibilia da hau ere. Ederki egiten du gazteleraz. Daviden pisukidea den Ivancarekin heldu da autoz.

        — Garbiñe, barkatu lehen kasurik egin ez badizut, baina gertutik ikusi nahi nuen kontzertua!

        — Hik balio dun, hik!

        Ferminek Bolognako NG brigadak ikusi dituenean eten da solasaldia. Haiengana hurbildu eta sekulako bizkarrekoak ematen dizkiote elkarri. Talde horretako neska bakarrak liluratuta entzuten ditu Ferminen azalpenak. Maiteminduta balego bezala begiratzen dio.

        Zarata eta oihu ikaragarriak daude kanpoan, zer arraio gertatzen ote da...

        Sesioa. Borroka bila dabiltza lau mozkor. Hogeita hamar bat lagunek inguratu dituzte. Ezin dut ulertu elkarri zer esaten dioten, baina serio ari direla dirudi. Bultzaka daramatzate kanpora. Kaleratu eta hesia itxi dute, baina alferrik. Harrika eta zalapartaka hasi dira kanpotik.

        — Comunisti di merda!

        Batzuek barre egiten dute. Sigarok, Kakik eta Picchiok, esate baterako. Beste batzuek, minduta, eztabaidan eta mehatxuka jarraitzen dute.

        — Alde egin ezak hemendik, zanpatzea nahi ez baduk!

        — Putakumeak!

        — Polizia erakarri nahi al duk!

        — Desagertu hadi! Eta ez hadi sekula berriz hurbildu!

        — Ostiarena jo iezaiozue elkarri, gu bakean utzita!

        Supermerkatuetan dauden gurdi horietako batekin entretenitzen ari da kontzertuan jo eta su zebilen gazte kaskamotz pare bat. Bat barruan eserita, zigarroa lasai ederrean erretzen, eta bestea bultzaka garagardo latari astindu bat ematen. Ez zaio tantorik ere gelditzen.

 

 

Lotara joan zaizkigu musikariak, baina parrandak jarraitzen du. Davidone dugu anfitrioia. Furgoiaren atzealdea zabaldu eta hortxe ari da poltsatan miatzen, eskua batean eta bestean sartzen. Handia, potoloa eta masail gorria da. Konbertsazioetan parte hartzen duenean ez diot tutik ulertzen. Honek ez daki nik konprenitzeko moduko italiera «light» horretan egiten. Besteek adarra jotzen diote bere apetitu neurrigabea dela eta. Salamia, urdaiazpikoa, gazta, ogia, ardoa, zorioneko edari «digestiboa»... Baita gomazko goxokiak ere. Nork daki zenbatentzako janaria ekarri ote duen honek!

        Furgoiaren atzeko atearen inguruan eseri da hamarreko koadrila, Davidoneren inguruan. Kaki eta Gegia haurrak loak hartzeko asmatzen dituzten ipuinen trukea egiten ari dira. Gainerako guztiak kontu kontari daude. Bost minututan irentsi dituzte ogitartekoak. Zurrutaren eta adar jotzearen garaia da. Davidonek Il Padrino dirudi furgoiaren zoru gainean eseri denean hartu duen plantarekin. Baso erdi bat eskaini dit:

        — Te piace?

        Grazie.

        Scopak lepotik heldu dio hauetako skin bati. Adarrean ari zaio.

        — Bakeak egin al dituzu emaztearekin?

        Barre egiten dio besteak.

        Muturtzeari buruzko azalpenak ematen hasi zait.

        — Greta...

        — Nirekin ari al zara?

        — Zurekin ari naiz, bai.

        — Greta?!

        — Bai, Garbi, Garbo, Greta. Zure izenarekin gogoratzeko dudan modu bakarra da. Esaten ari nintzen bezala, hemen ikusten duzun gizon hau aita izango da aurki. Berak Spartaco izena jarri nahi dio semeari, baina emazteak inondik ere ez. Ba al dakizu nor zen Spartaco? Toreroa ez, bestea...

        Gaupasaren tankera hartu diot festatxo honi. Zurrutari pixka bat eman eta agurtu egin ditut lagunak.

        — Goizeko laurak dira. Ni banoa. Bihar arte.

        — Ciao!

        Zurrunga ozenak entzuten dira lotokian. Bost minutu begira daramadan arren, ez dut ohe librerik topatu. Bai ordea argi berde bat...

        — Arraioa, Kata! Zer demontre egiten duk garai honetan ordenagailu portatilarekin jolasean?!

        Bista pantailatik kendu gabe erantzun dit.

        — Ez naiz jolasean ari.

        — Orduan zertan ari haiz? Insomnioak jota?

        — Ez.

        Begiratu ere ez dit egiten.

        — Nire enpresaren kontuak eramateko lortu dudan programa berria probatzen.

        — Erotu egin al zaik?!

 

 

Sekula ez bezalako plazerra sentitu dut nire furgoiaren atzealdean zakua zabaldu eta bertan etzan naizenean. Hau bakea!

        Parrandazaleen algarak entzuten ditut.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus