Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Laudorio artean

IRAILAK 13, BERLIN

 

Etxe honetan bizi den emakume batek atera behar zuela aprobetxatuz, irten egin naiz neu ere. Atea giltzapetuta egoten da normalean. Nagiak ateratzen ditudan bitartean, inguruko kafetegi italiarrera joatea deliberatu dut kaputxino bat hartzera.

        Kreuzberg-en mugan dago KOB. Berlingo distritorik ospetsuenetariko baten aldamenean. Etorkin turkiarrak, ikasle eta langile ugari, jende edadetua eta mugimendu autonomo zaleak biltzen dira area honetan. Kaleak, fruta eta barazki denda oparoz eta espezialitate turkiarrak eskaintzen dituzten tabernez josita daude. Ongi dakite hori Negutarrek. Entzun dizkiedan komentarioen arabera, kebab-aren sinonimoa da Berlin. Bertara etortzea egokituz gero, sekula ez dute alde egingo kebab ogitartekorik dastatu gabe.

        Agerikoa da pobrezia. Eta baita umore beltza ere. Halaxe dio parean ikusten dudan neoizko letreroak: Mr. Pech. Alegia, Zoritxar jauna. Auzoko botikaren izena da. Hamar minutuotan ikusi dudanez, auzoko gainerako dendak baino bezero gehiago du.

        KOBera bueltan, Thomas eta Kata daude leihoan, espaloiak zeharkatzen dituen jendetzari begira. Giltzak bota dizkidate.

        Gosari oparo baten inguruan topatu ditut Negutar gehienak. Wemean-ekoak dutxa libratu zain daude oraindik. Felsen gora eta behera dabil. Gizon honen mugimenduak ikusita, arras neketsua dirudi bira honetan hartutako lana. Gelditu gabe ari da batetik bestera. Orain honantz orain harantz. Ulf ere inguruan dugu, patxada ederrean baina. Kostata egiten du gazteleraz, baina elkar ulertzeko adina badaki.

        Thomasek leiho aldamenean segitzen du. Kafe bat esku batean eta Süddeutsche Zeitung egunkariaren pliego bat bestean.

        — Entzun! Begira zer dioten hauek Munich-eko kontzertuari buruz.

        Gosaria baztertu eta belarria luzatu dute denek.

        — «Berlindarrok, koloniarrok! Oraindik ez duzue jakingo eskuartean zer daukazuen, zuen herrietara ez baitira gaur iluntzera arte edo bihar arte helduko. Atzo ikusi genituen guk. Eta ikusle gehiago bilduko zituzten, rockzaleek jakin izan balute Negu Gorriak delako izen luze horren atzean dagoena: era sinple batean esanda, zuzeneko talderik onena. Irail osoan zehar, gure klub txiki nahiz handi guztien artean, hurreratu zaigun aukerarik interesgarriena».

        Jakina dena taigabean irakurtzen digu, itzulpenik egin gabe.

        —«"Negu Gorriak" hitz euskalduna da —zera esan nahi du... Cross-Over—. Boskotea Euskal Herriko separatismorik bortitzena apoiatzen zuen talde punk batetik dator. Ideologia hura berdin mantentzen da Negu Gorriak taldean ere... Gai politikoak aztertzen dituzte. Mamiari dagokionean, Euskal Herriaren metaforatik abiatu eta mundu zabalaren askatasunari heltzen diote, Txiapaseko mugimendu zapatistaren aldeko oihuekin bukatzeko. Honainokoa irakurri ondoren, bost euskaldunok beren ikuslegoa lirika nahasi eta tono minor edo apalekin aztoratzen dutela uste baldin baduzue, oker zaudete. Lehenik eta behin, euskara ulertzerik ez dago (hizkuntza honek zein jatorri duen oraindik ez da argitu). Bigarrenik, ez dira batere negartiak. Zorrotzak dira, aho biko ezpatak. Eta hirugarrenik, Negu Gorriak-en musikak segundu erdi ere ez du sobera. 90 minutu luzeko lehen atalean, erauntsi baten antzean jarduten dute eszenatokian, marrumaka bezala. Gainerako Cross-Over taldeak akorde beretan gal litezke. Negu Gorriak-ek etengabekoak ditu gitarren saltoak, maiz aldatzen dute erritmoa. Ezustean harrapatzen dute jendea beren ezohiko doinu irudikaezinekin. Boskotearen kantu bakoitzak ideia musikal berriak zipriztintzen ditu. Negu Gorriak taldearentzat bost minutuko doinu bat besterik ez dena, disko oso bat bihurtuko lukete gainerako taldeek. Eta honekin batera, bizitza ikaragarri indartsu bat eszenatokiaren gainean, taldeakideak gastatzen duen kaloria estra bakoitza gerra bilakatuko balitz bezala. Laburrean esanda, ordu t'erdi irauten du kontzertuak eta plazer hutsa da».

        Barren-barrenetik hartu du arnasa.

        — Hiru duk!

        — Baina, baina... zer da!

        — Zero akats, beraz!

        — Arratsaldean siesta egin denok, gauean sekulakoa eskaini behar dugu!

        — Aupa Munich!

        Goizeko hamaikak. Apaldu dira piska bat euforiak. Errealitatea krudelagoa da. Gaurko goiza, aisialdirako aprobetxagarria izan zitekeen hau, zeregin domestikorako tartea bilakatu da. Arropa garbitu beharra daukagu, izerdi sundak irentsiko gaitu bestela. Inork ez du jada janzteko moduko ezer ekipaian. Gertu dago labanderia. Ulf-ek azaldu digunez oinez joanez gero, hamar bat minutuko bidea dugu.

 

 

Bi emakume topatu ditugu labanderiako aulkietan eserita. Batek puntua eginez aprobetxatzen du arropa garbitu bitarteko egonaldia. Bestea hizketan ari da. Maiz «niet» eskapatzen zaiolarik, jatorriz errusiera egiten den lurraldekoa dela otu zaigu. Asper-asper eginda dagoela dirudi. Sartu orduko, makinak funtzionatzen jartzeko jarraitu behar den prozesua azaldu digu gutariko bakoitzari banan-banan. Eta eskerrak. Ez da dirudien bezain xinplea. Hasteko, txanponak jaten dituen tramankuluak, labanderiako tresna baino, ospitaletako kafe-makina dirudi.

        Emakumearen azalpenekin gehiegi jabetu ez direnei lagundu eta aulkira esertzera joan naizen orduko, beste emakumea jarri zait berriketan. Orratzak albo batean utzi ditu. Solasaldi luzea nahi du honek, nonbait.

        — Nik banuen garbigailua etxean. Baina sukaldea erre zitzaidanetik hona etorri beharra daukat. Seguruak ez du batere presarik hartzen nire arazoa konpontzeko.

        — Hara...

        — Zure ikasle hauek bihurri xamarrak dira, ezta?

        — Nire zer?! Ez dira nire ikasleak. Lagunak ditut.

        — Ez dirudi, bada... Irakasle tankera hartzen dizut.

        — Ez naiz, ordea.

        — Eta zer egiten duzue inguruotan?

        — Arropa garbitu.

        — Begi bistakoa. Berlinen, diot.

        — Hauek musikariak dira. Kontzertua eskainiko dute gaur gauean.

        — Espainiarrak al zarete?

        — Ez. Euskaldunak gara.

        — Jatorrak gara bertakoak. Ez zaitezte gugatik gaizkiesaka ibili zuen herrira bueltatzen zaretenean.

        Makina martxan jarri ondoren postalak idazten jarri dira Negutarrak.

        Blai eginda gaude. Hemengo bero sapa agoantatzerik ez dago. Dena den, luze joko du eskuartean dugun lanak.

        Labanderiatik irten eta berehala, nork bere bidea hartu du. Seiak arte ez dugu inongo konpromezurik eta bakoitzak bere kasa ibiltzeko premia du. Soinu-frogarako Tommy Weissbecker Haus-era heltzearekin nahikoa.

 

 

Muralez josia dago etxea. Teilatutik hasi eta beheraino. Berlingo etxe zahar gehienen tankeran, sarrerak patiotxo batera garamatza zuzenean. Bertan dago kotzertuetarako erabiltzen duten sala.

        70eko hamarkadan okupatu zuten Tommy Weissbecker Haus, mugimendu okupazionala pil-pilean zegoenean. Hastapenetako urte haietan etengabekoak ziren polizien bisitaldiak. Erakunde armatuak babesten zituztela aitzakiatzat hartuta (borrokalari baten izena darama etxeak), miaketak eguneroko sufrikarioa bihurtu zitzaizkien.

        Arras aldatu da giroa geroztik. Gaur egun ez da etxerik okupatzen. Ez Berlinen, ez Alemania osoan. Orain dela pare bat urte, eztabaida latzen ondoren, udalek eskaintzen zituzten kontratu modukoak sinatzea erabaki zuten etxe okupatu gehienek. Akordio horren baldintza gisa, okupek etxeak konpon zitzaten eskatzen zuten. Berrikuntza gastuen %15 bertan bizi nahi dutenek beren gain hartuz gero, gainerako %85 diru publikoz ordainduko zitzaiela. Hitzartutakoa beteta, 10 eta 20 urte bitarteko baimena eskuratzen dute.

        Fermin euskaraz ari da neska handi batekin. Isa da, errenteriarra, aspaldiko ezaguna. Bost urte daramatza Alemanian.

        — Garbiñe! Zer moduz paseotxoa?

        — Ongi etorri zait burua lasaitzeko.

        — Nik horretarako abantaila daukat. Nagoen tokian nagoela ere, berehala joaten zait burua. Nire munduan galtzen naiz estresak estutzen nauenean. Horri esker agoantatzen ditut horrelako birak. Baina inor gutxi ohartzen da horretaz.

        — Batzuk konturatzen gara, Fermin. Umore txarreko aurpegia jartzen zaizu nahi gabe. Begiak bildu egiten dituzu eta kopeta ilundu. Esku batez kokotsari heltzen diozu.

        — Hara! Beno, zuk, bandakoen antzera, aspaldidanik ezagutzen nauzulako.

        — Txintxilikario polita daramazu. Zer da egurrezko kareta beltz hori?

        — Ez dakit. Tipo batek eman zidan Paduan. Izena ez dut gogoan... Robert de Niroren antza zuen. Mamutones bat omen da, Sardiniako amuletoa. Halaxe esan zidan: «To, Fermin. Honek zorte ona dakar. Jantzi ezazu. Hartu beste hau ere Unairentzat».

        — Semearen izena ere ba al zekien?

        — Bai, aizu...

        Isak irribarre egiten du.

        — Hemen bizi al zara, Isa?

        — Ez, Hamburgen. Kontzerturako etorri naiz.

        — Barkatu, soinu-frogara joan beharra daukat. Gero ikusiko dugu elkar.

        — Gero arte, Fermin.

        — ... Hemen 45 bat lagun bizi dira. Ezagunak ditut batzuk.

        — Zer nolako mugimendua dago orain?

        — Elkartasun ekintzak, batik bat. Fatxadan ikusiko zenuen pankartaren bat... Jende ugari biltzen du, esate baterako, Kurdistanen aldeko mugimenduak. Manifestaldietan 70.000 lagun elkartzen dira. Izan ere, kurdu asko dago herri honetan, eta oso zapalduak dituzte. 1993az geroztik debekatua dugu PKKren —Kurdistango Langileen Alderdia— sinbologia guztia. Baita ERNK hemengo erakunde politikoaren siglak idaztea edota aldizkaria bera ere. Gainera, NATOren akordioa dela eta, Alemaniak babes ekonomikoa eta armak ematen dizkio Turkiari. Bestalde, Turkiako 10.000 preso politikoren gose grebari segida eman zitzaionean... Makabroa da, oso. Polizia gose greban zeudenen egoitzan kolpe batean sartu zen batean, emakume bat hil egin zen bihotzekoak emanda. Orain greba antolatzaileek omen dute heriotza horren ardura eta errudun gisa epaituko dituzte aurki.

        — Benjamin Ramosen aldeko komitearen kartelak ikusi ditut hor kanpoan...

        — Kontzertu hau preso politiko honekin atxikitzeko antolatu zuten. Jakingo duzunez, Ramosi ETAren Bartzelona komandoari lagundu izana leporatzen diote. Urtarrilean atxilotu zuten. Geroztik, Berlingo Moabit-eko presondegian dute. Alemaniako eta Euskal Herriko abokatu talde batek darama kasua. Auzia hau da: Espainiako Gobernuak Ramosen estradizioa eskatuta dauka. Baina torturaren kontuak zirela eta, Alemaniako Kanpo Harremanetarako Ministerioak bi herrietako enbaxadetako dipolomatikoen artean txosten bat egitea eskatu zuen, torturarena egia ote zen frogatzeko. Espainiarrek honen aurrean erakutsi duten egonezina ikaragarria da. Enbaxaden lana ikusi ondoren, iturri guztiak agortu dituztela, hemen tortura izpirik ez dagoela eta txostenarekin jarraituz gero bi herrien arteko harremanak arriskuan jartzen direla erantzun dute Madrildik. Zer gertatuko den ez dakigu, baina susmo txarrak hartu ditugu.

        — Ba al da mugimendurik hemengo preso politikoen alde?

        — Une honetan gelditzen diren preso politiko gehienak RAFeko militanteak dira. Senitartekoak eta lagunak izan ezik, gutxi dira haien alde jarduten dutenak. Aurki hamabost urte giltzapean daraman neska bat epaituko dute. Harresiaren erortzearekin batera, 80ko hamarkadan borroka armatuari utzi eta bestaldean babestu ziren hainbat militante ohi harrapatu zituzten. Agintariek berehala jakin nahi izan zuten hauen ahotik atera zitekeen bertsioa. Orduan esandakoaren ondorioa da datorren epaiketa hau.

        — Begetarianoek indar handia dutela aditu dut.

        — Egia da. Begetariano erradikal edo meganoen ideologia oso zabaldua dago gazteen artean. Aspaldi honetan apalduxe dabiltza. Nire iritzi pertsonala jakin nahi baduzu, animaliez pertsonez baino gehiago arduratzen direla iruditzen zait askotan, hainbestekoak baitira gizakumearen kontrako erasoak, gerrak... Anekdota gisa, Munich-en Maiatzaren Lehenean gertatutakoa aipatuko nizuke. Egun hartan, manifestaldia bukatu eta ozen entzun zen irakurgai bakarra meganoena izan zen, animalien aldeko defendatzaile sutsuenen manifestua. Pentsa!... Baina ezin zaie errurik haiei bota. Faltsua litzateke. Gainerako mugimenduak dira makalduta daudenak...

        — Bost urte asko dira. Zer du Alemaniak Euskal Herriak ez duenik?

        — Zaila da arrazoi konkretuak bilatzea... Hemen aukera gehiago dago lan gutxiago eginez duin bizitzeko. Job delakoa, orduka hartzen diren lanak, ongi etortzen zaizkigu denbora librea beste zereginetarako erabili nahi dugunoi... ez dakit.

        — Alde txarrik?

        — Euskal Herria faltan botatzen da maiz. Hemengo jendea hotzagoa da, kaleko bizitzarik ez dago apenas... Politikoki, zailtasun ikaragarriak dituzte nazionalismoa ulertzeko. Errezeloz begiratzen dute euskaldun izateaz harro zaudela esaten duzunean. Alemaniarrek faxismoarekin lotzen dute nazionalismoa. Nekez banatzen dituzte biak. Ulertzekoa da, dena den. Guretzat ere oso desberdinak dira espainiarren nazionalismoa eta geurea... Laster batean hasiko da kontzertua. Sartuko al gara?

 

 

Txikitxoa da kontzertua egingo den sala. Jendez gainezka dago. Patioan ezin sarturik gelditu direnak ere sardinak potean bezain estu daude.

        Simonek kamixetak saltzen jarri nau Thomasekin batera. Gertutik gozatu nahi du suitzarren ikuskizunaz. Wemean-ek jotzen zuen bitartean Thomasekin solasalditxo bat egiteko aukera izan dudan arren, deskantsutik aurrera elkarri hitz erdirik egiteko betarik ere ez dugu izan. Nahikoa lan badugu eskatzen zaigun neurriko kamiseta topatzen, Wemean-ek grabaziorik ez duela jendea komentzitzen eta Negutarren CD berriari buruzko azalpenak ematen. Thomas laguntza eske Simonen bila joan denean gorriak ikusi ditut. Eskerrak berehala etorri diren.

        — Barkatu desagertu izana, ez naiz konturatu.

        — Kanbiorik lortu gabe ezingo duzu ezer saldu.

        Negutarrak eszenatokira igo bezain laster lasaitu da postu inguruko mugimendua. Solaskidearekin segitzeko aprobetxatu dut.

        Thomasek ongi ezagutzen du Euskal Herria. Gartzelari buruzkoak, batik bat. Anjel Rekalderen Herrera. Prisión de guerra liburua alemanera itzulia du, Herrera. Aufzeichnungen eines baskischen Gefangenen izenburuaz.

        — Hemengo preso politikoek gustora hartu zuten itzulpena. Argitaratu aurretik banenbilela bazekiten. Presondegiko hizkera imitatu nahian laguntza eskatzen bainien etengabe.

        — Zergatik diozu ongi etorri zitzaiela?

        — Eztabaida prozesuan zeuden hemengoak. Esan zidatenaren arabera, Euskal Herriko preso esanguratsu baten kontuak lagungarriak egin zitzaizkien, nork bere iritzia ikuspegi desberdin batekin kontrastatzeko aukera eskaintzen baitzien liburuak. Bestalde, erreferentzi puntu inportantea izan da beti Euskal Herria. Gezurra badirudi ere, Rekaldek kontatzen dituen anekdota asko beraiei gertatu zaizkie dagoeneko. Zeure ispilua ikustea bezala da. Orain dela gutxi, lau pareta artean hogei urte pasatu dituzten lau preso askatu dituzte... Barkatu. Nire abestirik gogokoena aurkeztu du Ferminek. Hitz egingo dugu gero...

        Zutitu egin da Thomas. Eszenatokira adi dago.

        — Hauxe da nire abestirik begikoena, «Itxoiten».

        Ferminekin batera kantari ari da.

        — Gaur egungo egoera oso ondo islatzen du abesti honek. Atzeranzko prozesu historiko baten aurrean gaudelarik, bolada hobea etorri bitartean ahal bezain ondo gureari eutsiz zain egon beharra dugula uste dut. Eta kantu honek bete-betean asmatzen du. Amorrua, inpotentzia ere erakusten baitu aldi berean.

        — Pena da, gaurko soinuaren kalitatea ez da larregi ona...

        — Horixe bera uste dut neuk ere. Alde ederra dago Negu Gorriak hemen aditu edo Munichen.

        — Thomas, atzeranzko prozesu historiko baten aurrean gaudela esan didazu. Horren larria al da egoera?

        — Larria? Ez dakit. Hala iruditzen zait. Ezkerra behera amildu da eta giro atzerakoia nagusitzen ari da. Jende askok galdua du utopia. Horregatik, kultura dagoen eremuan lan egitea erabaki nuen nik, kultura oso bizia baita eta utopia mantentzen laguntzen du. Aipatutako atzeranzko prozesua nire uste apala da, dena den. Bestalde, gaur egun zailagoa da dena. Ezin diozu arazo bakarrari heldu. Lotua dago dena. Adibide bat jartzearren, ezin da iraultzarik egin ingurugiroaren arazoa kontuan hartu gabe. Jendeak zerbaiti ekiten zionean iraultza 3 urteren buruan egitea lortuko zuela uste zuen. Niri, behinik behin, hala gertatu zitzaidan. Planteamentua okerra dela ikustean, bide erdian pott egiten dute askok. Baina segitu beharra dago. Sugea bezala ibiltzen ikasi behar dugu. Malgutasunez. Zurruntasunak ere izan du zerikusirik atzeranzko prozesu horretan. Mugimenduaren zati batek kemena erakusteko modu bakarra indarkeria dela uste izan du. Zailtasunen aurrean, iraultzaren biblia moduko bat egiten dute, egin behar dena eta ez dena zehazteko ahaleginetan. Alemanian, behintzat. Esan izan da alemaniarrongatik egoskorrak garela, geure burua koadratua dela, Horixe da, nire ustez, ezkerreko mugimenduetan maiz gertatu izan den akatsik handiena: egoskorkeria.

        — Zein dimentsio du nazismo antolatuak?

        — Zaila da hori neurtzea. Ez dakit zer den arriskutsuagoa, faxisten eraso xenofoboa edo gobernua bera, politika kamuflatua... Egia da antolakuntza aldetik asko eboluzionatu dutela, erabiltzen dituzten medioak kontuan hartuta salto ikaragarria eman dutela. Baina hori guztia ez litzateke horrela izango gobernuaren politika ofizialari esker ez balitz. Atzerritarren kontra indarkeria erabiltzen dutenak ez dira horrenbeste, baina oso efektiboak dira. Erasoak izan badirenez, horiek burutzen dituztenak omen dira mutur-muturrekoak. Baina hemen dena da estremismoa, arrazakeria eta xenofobia. Faxisten eta polizien arteko elkar laguntzarik gabe, ez lirateke efektiboak izango, ez batzuk eta ez besteak.

        — Oso eraginkor fama du Alemaniako Poliziak.

        — Munich-en berehala zanpatzen dituzte matxinadak. Telefono mugikorrak metroan funtzionatzeko tresnak jarri dituen lehen hiria da. Poliziengatik egin zuten. Lurrazpian patruilatzen zutenean beharrezkoa egiten zitzaielako. Antolatu duten sare bereziari esker, mota guztietako uhinek funtzionatzen dute metroan. Gainera, orain dela hamar urtetik honantz 250 kamera ditugu hiriko gune estrategikoetan jarriak. Eta komisaldegiak zaintzeko zerbitzu pribatuak kontratatzen dituzte. Horrela, neke gutxiago hartzen dute bulego eta zainketa lanetan. Ia polizia gehienak kaleetan ibiltzen dira.

 

 

Goizeko hirurak. Amaitu dira gaurko lanak: ekipoa bilduta dago, furgoiak toki seguruan ditugu eta KOBen gaude. Aspaldiko partez, garagardo bat hartuko dugu oheratu aurretik. Negutarrak, kontzertu ororen ostean bezala, goseak amorratzen daude. Fermin eta Kaki kebab pare bat eskuetan hartuta azaldu zaizkigu. Pintza korrika batean hurbildu zaie:

        — E! Nondik atera duzue hori?

        — Horko taberna turkiarretik. Zabalik dago oraindik.

        — Emaidak puska bat... Baina politikoki zuzena al da?

        — Har ezak lasai, motel! Honek zerikusirik ez du contencioso-arekin.

        — Aupa! Pour tout le monde!

        — Konturatu al zarete... Alemanian eman ditugun kontzertuetan ez dugu inor atxurtuta ikusi. Formalak dira hauek.

        — Aipatzen dituzun kazkar horiek Frantzian harrapatzen dituzte batik bat. Hemen nekez ikusiko duzu horrelako mozkorrik. Italiarrek edaten dute baina tamainan... Espainian ere sekulakoak ikusiak gara.

        — Txahala bota eta gero gainean zerraldo etzaten direnak, eta...

        — Tira, jaten ari gara!

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus