Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Adiorik ez, Italia

IRAILAK 10, PADUA-ZURICH

 

Elizako kanpai hotsak iratzarri nau. Goizeko bederatziak. Metro lodiko horma kopetekoka botatzen saiatu izan banintz bezala sentitzen dut burua. Furgoiaren atzeko ehuna alboratu eta begira jarri naiz. Bart gauean nora ekarri gintuzten, ideiarik ere ez. Plaza zentriko batean gaude, Padua erdian. Jendea paseoan dabil, goizeko eguzkia aprobetxatzen... Noski, igandea da. Zein egunetan bizi garen ere ahantzia nuen.

        Plaza zeharkatzen ari da Gegia. Nekez ematen ditu pausoak. Artrosiak jota daudenak ere arinago dabiltza. Martxa horretan bost bat minutu beharko ditu handik honantza dauden 25 metroak egiteko.

        Furgoitik atera eta zapatak janzten ari nintzelarik, ondoko paradako taxistek xelebre begiratzen zidatela konturatu naiz. Ez da harritzekoa. Auskalo zer itxurarekin esnatu naizen.

        — Egunon, Garbi. Gosaldu al duzu?

        — Oraindik ez. Goazen. Hauek hamaikak arte ez dira jaikiko.

        — Bero sapa honek kiskaltzen ez bagaitu, paseo bat egiteko denbora ere badugu.

        — Zure ganorarekin hobe dugu egunkariren bat erosi, tabernan eseri eta lasai irakurtzea.

        Kilometro bat egin dugu oinez, elkarri gauza handirik esan gabe. Gustoko tabernarik ere ez genuen topatzen. Baso bat esne eta cornetto-a eskatu du Gegiak. Nik, urdaiazpiko bokadiloa, aspirina parea eta kafe bikoitza.

        Gosaria prestatzen diguten bitartean egiten ditugun gehiegikeria guztiak errepasatzen jarri naiz. Azalpen logiko bat bilatu behar diot bizkarreko zamari, lepoko paralisiari, burmuineko oinazeari eta begien nekeari. Bospasei kafe egunean, pakete bat zigarreta, bost orduko loaldiak, espazio bitalik eta isilunerik eza, kontzertuetako dezibelioak, eguneko batez besteko 400 kilometroak, italiera ulertzeko egiten ditudan esfortzuak... Tira, hobe ez pentsatzea. Ahal dudanean balneario batean sartu eta agur, benhur. Bitartean, aprobetxa dezadan. Lagun jatorren inguruan nabil.

        Tabernako mostradorean dauden egunkariak hartu ditut. La Repu bblica: «Da tutt'Europa a Loreto 300 mila giovani. Papa Wojtyla in diretta tv con Sarajevo. I servi accusano l'Onu "Colpito un ospedale"». «De Bennedetti spiega l'operazione da 2.257 miliardi: "Ora vedo la fine del tunnel" - Olivetti affronta la crisi - Maxi-aumento di capitale, tagli per 5.000 posti».

        Il Manifesto (quotidiano comunista): «Un calcio a Chirac. Ore 16: Greenpeace entra in campo. Per protestare contro gli esperimenti francesi a Mururoa, moltissimi calciatori indosseranno oggi, prima e dopo le partite, le magliette anti atomiche dell'asociazione...». Alferrik ari naiz. Indarrik ez dut ulertzen saiatzeko. Eta Chirac-i buruzko ametsetan berriz erotzeko gogorik ere ez. Eguraldi orrialdera jo dut zuzenean.

        — Suitzan euria egingo digula dio Il Manifesto-k.

        — Ez fidatu gehiegi. Joango al gara hotelera? Jaikiko ziren besteak...

 

 

Hostalaren harreratokian daude gehienak, gosaltzeko mahaiak libratu zain.

        — Enteratu al zara jabearekin izan genuen iskanbilaz?

        — Txarrerako zegoen heldu ginenean. Harro-harro jarri zitzaigun.

        — Bai, horixe! Txoro halakoa! Sekulako bronka bota zigun goizeko 4etan etortzeagatik. «Hauek al dira erretiratzeko orduak! Errespeto gutxi dago bazterretan!» ekin zigun, aizu!

        — Eta, Sigarok, «Afan culo» bota zion atzetik... Gu aluzinatuta! Sutan jarri zen jabea, aulkitik altxa eta orruka, «nork esan du va fal culo!» esaka.

        — Eta besteak, berriz, «ni izan naiz!», eskuin eskuko erdiko hatza gora zuela!

        — Handik aurrerakoa zeuk pentsa... Oihu batean jarri zitzaigun... Gu lehertu beharrean! Surrealista, benetan...

        — Gero, gelara sartu zitzaigun Banda osoa. Party txiki bat egin behar omen genuen.

        — Zuek zarete, zuek!

        — Non dira Davidone eta konpainia, hirugarren furgoiko jendea?

        — SOC Pedron gelditu ziren haiek. Bertan lotarako lekua egingo omen zieten. 12,30etan pasatuko gara haien bila.

        — Eta Iñigori gertatu zaiona?

        — Zera... Ate joka aritu zaizkit goizeko 10etan. Prakak jantzi ditut, hurbildu naiz, ireki dut atea eta emakume bat hortxe, geldirik, «Polizia! Polizia!» esaka. «Mila esker» erantzun, gelako atea muturren aurrean itxi eta ohean sartu naiz berriro. Aldameneko ohetik Kakik barrez begiratzen zion emakumeari.

        — Zer uste zuen horrek, sinetsi egingo geniola? Jabeak bidaliko zuen, sekulako txikizioa egingo ote genion beldurrez edo 12etarako irtengo ez ginen susmoa hartuta. Edo auskalo. Nolanahi ere, gu lehenbailehen bidaltzea zen kontua.

 

 

Hezurretaraino sartua zaigu estilo italiarra. Ordubete daramagu gaztetxearen aurrean eztabaida tonoan hizketan. Denak batera eta ozen ari dira. Ulertu dudanarengatik eta labur esanda, Banda Bassottikoek Milanera joan behar dutenez eta guk Zurich-erako bidean handik pasatu behar dugunez, bertan bazkaltzen gelditzea nahi dute. Negutarrak ez daude erabat komentzituta. Banda Bassottikoen ongietorri-bazkarian geldituz gero, ez omen gara arratsaldeko zazpiak arte altxatuko. Italiarren keinu tipikoa egiten diote denek elkarri. Besoa okertu, eskua aurpegiaren parean jarri, hatzak elkarren kontra estutu eta eskumuturrari atzera eta aurrera eragin. Baita Ferminek eta Kakik ere.

        Bat-batean isildu dira denak. Desegin da motroiloa. Azkenean, ez bat eta ez bestea. Bidean bazkalduko omen dugu denok elkarrekin, Milanera baino lehen.

        Gegia eta Ivanka ez dira animatu. Nekatuegi daude jarraitzeko. Erromara doaz bueltan.

        — Musu handi bat Garbiñe! Izena osorik esan dizut, konturatu al zara? Arrazoia zenuen. Izena idatzita ikusi ondoren, errazago hartzen da gogoan.

        — ... Ez naiz despedida zalea... Noizbait elkar ikusiko dugu berriro.

        — Urriaren 28an Oiartzuna joango gara seguruenik.

        — Aupa! Adiorik ez, orduan!

 

 

Ordu pare bat egin dugu autoan. Autobia bazterreko jatetxe batean gelditu gara, zubi erraldoi baten azpian. Bospasei lagun topatu ditugu atariko terrazan, sugandilen pare, lekurik beroenean. Jatetxe erdia geuretzat behar dugu. Hogei lagun gara. Italiarren eta Ferminen mahaian eseri naiz ni.

        Fermin, Sigaro, Picchio eta Davidone jostari dabiltza, txiste kontari, dirudienez. Escoba eta biok Berlusconi, «Esku Garbiak» kanpainaz eta mafiaz ari gara.

        — Gauzak aldatzen ari direla dio jendeak. Lapurrak presondegian edo legearen kontrolpean daudela. Kontrolpean bai, akaso, baina presondegian ez daude, sartzen diren bezala ateratzen baitira. Azken finean, boterean dauden guztiak, Forza Italia, Berlusconi eta eskuindarrak, Craxi-ren sozialistekin lotuta zeuden pertsonaia berberak dira. Beraz, aldaketarik ez dago boterean. Berlusconi, politika egiteko modu zaharraren aurpegi garbia da. Mafiari dagokionez, garai batean politikari gehienak zeuden saltsa horretan inplikatuta. Baina orain, gobernuaren babesa galdua dutelarik, lehen baino askoz jende gehiago hiltzen ari dira. Gauzatxo bakar bat aldatu da aspaldi honetan: orain pertsona bakar batek kontrolatzen du informazio guztia, lan merkatu guztia: Berlusconik. Industria askoren jabea da. Sortzen ari diren lege berrien erruz, egoera gero eta latzagoa da langileentzat. Baldintzak aldatzen ari zaizkie, tasak gero eta handiagoak dira, pentsionistak dirurik gabe utzi nahi dituzte...

        — Eta ezkerreko alderdiak?

        — Ezkerreko alderdi demokratikoaren apoioari esker, hain zuzen, okertu egin da egoera. Alderdiei axola zaien bakarra boterea lortzea da. Ezkerraren zati batek, esate baterako, ez luke inongo lotsarik izango faxistekin gobernatzeko. Alderdi komunista zaharrari dagokionez, eskuineko alderdi demokratikoarekin eta demokrata-kristauekin batera aurkeztu zirenetik, tradizio eta pentsamendu komunista guztia bazter batean utzi dute. Mailua eta igitaia mantentzen dute, baina ez komunistak direlako, baizik eta botoak beren alde pilatzeko. Nolabait esatearren, Espainiako Gonzalezen parekoak dira. Refundazione Comunistan, alderdi komunistaren eszisioa den alderdian, alegia, bertan ere iskanbila dute. Buru batzuek demokrata-kristauekin bat egin nahi dute datozen hauteskundeetan, baina demokrata-kristauek ez dute hauekin nahi. Refundazioneko beste batzuek ez dute demokrata-kristauen berri txintik aditu nahi... Hauek, gaztetxoak batik bat, oso maiteak ditugu. Hizkuntza berean egiten dugu askotan. Konturatuko zinen moduan, saltsa ikaragarria dago. Jendeak ez daki nondik nora jo.

        Fermin, Sigaro eta Picchioren barre algarek eten digute solasaldia. Davidone komunera joan dela aprobetxatuz, eskatu duen bigarren txuleta kendu eta beste batek utzitako hezurrak jarri dizkiote.

        — Zer arraio egin duzue nire txuletarekin?

        — Guk? Zerorrek jan duzu! Ez al zara gogoratzen!

        Kopeta ilunduta begiratu die, eskua patata frijituen azpilera luzatuz.

        — Tira, nahikoa da!

        — Guk ez dakigu ezer! Bahitu egingo zuten...

        — Zerbait egin beharko dugu... Aizue, atera itzazue lazo urdinak. Txu-le-ta as-ka-tu! Txu-le-ta as-ka-tu!

        Davidonek barrutik hartu du arnasa manifestaldiaren tonuan oihuka hasi zaizkionean. Atzean, aurrean, mahaiaren azpian, Zigaroren magalean... Bazter guztiak miatu ditu, baina alferrik.

        — Kontuz! serio jartzen hasia da. Atera txuleta lehenbailehen, gu jango gaitu bestela!

 

 

Laurak eta hogei. Hamar minutu daramagu elkar despeditzen. Musua bati, musua besteari. Besarkada bat hemendik, beste bat handik. Davidone handiak lepotik heldu du Fermin:

        — Adiorik ez. Mundua piccolo-egia da gu bezalako jendearentzat. Aurki elkartuko gara berriro, zalantzarik ez egin.

        — Nork esan du va fal culo!

        «Ni izan naiz!», erantzun dute denek batera.

        Barrez sartu gara furgoietan. Pozik. Italiarrekin lortutako giroaz kontent.

 

 

— Garbiñe! —Ferminek, furgoiko leihotik—. Komeni zaizu maketa hau bidean entzutea. Zurich-eko Wemean izeneko neska talde batena da. Gurekin ibiliko dira Alemanian eta Suitzan. Ongi etorriko zaizu zuzenean ikusi aurretik beren musika ezagutzea.

        Egia da... autoan egiten ditugun orduak aklimatatzeko erabiltzen ez baditut, galduta ibiliko naiz gero. Ez al dut Erromako ergelkeria berriz errepikatuko... «Euskadiko Kutxara noa, dirua ateratzera» esanda alde egin nien, Erromako pizzerian ginela. Txundidura aurpegiak jarri zizkidaten denek, baina gehiegi pentsatu gabe, lasai ederrean irten nuen handik, Donostiako Boulebard-ean bageunde bezala. Belarri eroriz bueltatu behar izan nuen. Banketxe bakar bat ere ez, zonalde osoan. Lotsaren lotsez kontatu nien egin berria nuena, zertan nenbilen galdetu zidatenean. Ferminen abisoa gailendu zen Negutarren iseka giroaren gainetik: «Bada gauza bat birritan sekula egin behar ez dena. Ezin da lekuan lekuko dibisak lortu gabe ibili. Dirua txanponetan ekarri behar da».

        Fermin gutxi ezagutzen dutenei agresiboa egiten zaie hizketarako duen tonua, oso zorrotza baita epaietan. Debekuen bidez komunikatzeko joera du askotan. Baina gehiago ezagutzen dutenentzat amultsua eta bihozpera da. Batzuek zein besteek oso bizkortzat daukate.

 

 

Shock handia sortzen dit Suitzako muga pasatzeak. Lakuak, Alpeak... Zoragarriak dira hemengo bazterrak. Eguraldi aproposa egokitu zaigu paraje hauek zeharkatzeko. Zurich-en alemana ikasten pasatu nituen hiru hilabeteak datozkit gogora, eskolako ikaskideekin bizi izandako abenturak... Orduan konturatu nintzen Fermin eta Iñigori barnetegietan egiten nizkien «torturez». Monika irakasleak alemanaren joskera ulertarazteko zuen arteak erakutsi zidan bide onena aukeratu nuela. Alegia, AEKri egin niezaiokeen mesederik handiena AEK bera uztea zela.

        Malenkoniak jota nago. Hobe dut oroitzapenak baztertu, ez baitut lagun zaharrak ikusteko betarik izango. Eskuinean dudan lakutik harantz dagoen mendiak Cervino dirudi. Txindokirekin duen tankerarengatik diot.

        Gottard tunela zeharkatzera goaz. Kale bazterreko iragarkia ikuste hutsak kriski-kraska jarri dizkit hortzak. Hamazortzi kilometro egin behar ditugu lur azpitik. Donostiatik Irunera kobazulo batetik barrena joango bagina bezalatsu.

        Tunela zabaltzeko, mendiaren alde banatan jarri ziren langile taldeek bi urte inguru pasatu omen zituzten zuloa egin eta zuloa egin. Aurrikusitako epean elkartzen ez zirela konturatu zirenean, erotu egin omen zen ingeniaria. Handik bi egunetara, planoak gaizki egingo zituela sinetsita eta porrot hura ezin eramanez, bere buruaz beste egin zuen gizarajoak. Ingeniaria lurperatu eta handik astebetera topatu ziren bi taldeak. Berehala bukatu zuten tunela.

        Ez ahal zait tunelaren erdian erruberarik zulatuko! Aurreko aldian pasatu nintzenean, zin egin nion nire buruari ez nintzela sekula santan gehiago hemen sartuko. Diru gehiago gastatu behar izanda ere, abioiz egingo nuela bidaia... Ezer gutxi balio du, ordea, nire hitzak.

 

 

Zurich-etik hogei bat kilometrora dagoen restop batean gelditu gara. Telefono kabinan sartu da Fermin. Motelduta daude besteak, furgoiaren inguruan, gorputza luzatu nahian, eskuak giltzurrinen gainean jarrita. Arratsalde osoa autoan daramagu. Gaueko bederatziak dira.

        Luze ari da Fermin, gazteleraz, eztabaida moduko zerbaitetan. Gure bila etorri behar duenarekin, antza. Dirudienez, ez diote elkarri ulertzen.

        Hurbildu egin naiz kabinara. Ferminen aurrean jarri naiz, ikus nazan. Ezaguna zait egiteko falta zaigun tramoa.

        — Ezin al duzu zuk hona etorri?

        — ...

        — Ez naiz jabetzen, ez...

        — Nahi al duzu ni jartzea? Hiri erdiraino joaten badakit...

        — ...

        — Itxaron! Garbiñe jarriko zaizu, lehengo egunean aipatu nizun kazetaria. Azal iezaiozu bidea berari.

        Iaztik gordea nuen Zurich-eko mapa hartu eta belarrira eraman dut aurikularra.

        — Kaixo?

        — Kaixo! Philippe nauzu... Asmatuko al zenuke Zurich-eko bidea hartzen?

        — Baietz uste dut.

        — Zurich-era heldu baino bost bat kilometro lehenago, Leimbach-etik pasatuko zarete. Bertako tren geltokian itxarongo dizuet. Bide ertzean eskuinean ikusiko nauzue. Ez duzue galtzerik.

        — Ongi da. Laster arte, beraz.

        — Konpondu al zarete, Garbiñe?

        — Bai, erraza da bidea. Hamabost bat kilometrotara dagoen geltoki batera hurbilduko zaigu zuen laguna. Etor zaitezte nire atzetik.

        — Aupa, journalistin!

 

 

Philippe Surber genuen telefonoan, RecRec disketxeko arduradunetariko bat. Beronek antolatzen ditu Agit Prop taldearen izenean Negu Gorriak-ek Europan egiten dituen birak —Italia eta Frantzia alde batera utzita, noski—. Bere abileziari esker, orain dela bi urte Austria, Finlandia eta Danimarka bezalako herrietan jo ahal izan zuten Negutarrek. Kortatu zale amorratua zelarik egin ziren adiskide. Kazetari gisa lan egiten zuen orduan eta ez zekien apenas gazteleraz. Philippek lanbidea aldatu zuenez geroztik, profesionalagoa dute harremana. Gazteleraz ederki egiten du orain. Diskoaren argitalpenaz gain, Alemanian eta Suitzan banatzeaz ere arduratu izan dira.

        Hortxe dago Leimbach... Pertsona bakarra dago geltoki ilun eta triste honetan, auto zuri berri baten aurrealdean jarrita.

        — Philippe! Aspaldiko! Auto berria erosi duzu! Zer? Ongi irabazten al duzu RecRec-en?

        — Ailegatzea besterik ez duzue egin eta dagoeneko adarra jotzen?... Ea... Hartu autoak eta etorri nire atzetik. Etxera eramango zaituztet. Afaria prest daukat.

        Philipperen autoan doa Iñigo.

 

 

Korrika irten du Iñigok autotik. Philippek hamabost minutuko tartean kontatu dion berri txarra dakar. Daniel RecRec zigiluko arduraduna, Philipperen lagun mina, mendian hil da duela bi egun. Hamalau hilabeteko haurra zeraman bizkarrean... Hilik hau ere.

        Negutarrek ere ederki ezagutzen zuten, Iñigok eta Ferminek batik bat.

        Isil-isilik igo gara Philipperen etxera.

        Salgai jarriko dituzten kamixetak erakutsi dizkigu afalaurretik. Bi modelo asmatu dituzte. Bata berdea da. Unisex. NGren bi aizkoren bertsio modernoago bat du aurrealdean. «Ideia Zabaldu» diskoan agertzen den irudia eta Suitza eta Alemanian eskainiko dituzten kontzertuen aipua atzealdean. Oso polita. Neskentzako modeloa da bigarrena. Itxura deportiboa, gorputzean estu gelditzen den horietarikoa. Urdin argiak ditu beso motzak eta urdin iluna gainerakoa. Bi aizkorak besterik ez ditu.

        Mahaian eseri gara. Rösti (patata xehetuz eginiko espezialitate suitzarra, patata tortilaren antzekoa, baina arraultzarik gabea) eta saltxitxa potolo batzuk jan ostean animatu da apur bat jendea. Internet-en sartzeko Fermini egin nahi dion elkarrizketa dela eta, barre egiten du jendeak, harriduraren harriduraz. Kata eta Kaki izan ezik, «Teknologia berri horiekin» zer egin daitekeen ez dira ongi jabetzen. Philipperen zoritxarrerako, gainera, ez du sarean sartzerik lortzen. Ordu erdi darama saiatu eta saiatu. Katak burura eramaten ditu eskuak. Pintzari, harrikoa egin, mahaia txukundu, erratza pasatu eta bi yogur jateko denbora eman dio. Mantal eta guzti etorri da sukaldetik:

        — Zer? «Arazo teknikoak»?

        — Ez. Guri adarra jo nahian dabil.

        — Utzi hori eta jarri joko elektroniko horietariko bat.

        — Beno, hi, nahikoa diagu. Nor egon liteke garai honetan Interneti begira?

        — Non egin behar dut lo nik?

        Ate hotsa. Felsen da. 35 urte inguruko haur handi bat dirudi. Rote Fabrik-en egiten du lan. Kultur teknikaria da. Zurich-era bueltan etortzen garenean bertan joko dute Negutarrek.

        — Felsen! Zer moduz?

        — Ongi. Haurrak ere bai. Beno, txikienari hortzak ateratzen ari zaizkio eta negar batean pasatzen du eguna...

        — Zeu omen zatoz Alemaniara gurekin.

        — Bai. Philippek ezin du. Gertatutako deskalabroarekin... kontatu dizue, ezta?

        — Wemean-eko neskak goizeko zortzietan etorriko dira hona. Prest egon behar duzue ordurako.

        — Horren goiz?!

        — Munich urruti dago, mutilak.

        — Goazen lotara.

        Galderrek eta biok alberge batean egingo dugu lo. Lekua hartua ziguten lehenagotik. Fermin eta Philippe garagardo bana hartzera doaz. Gauza asko dute elkarri kontatzeko. Eta baita lotzeko ere. Aurten Negutarrak arduratuko dira beren CDak Alemanian banatzeaz.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus