Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Chirac-makina

IRAILAK 6, CANNES-ERROMA

 

Chirac-en mamua nire atzetik segika izan dut gau osoan. Labana zekarren eskuin eskuan. Filmeetako banpiro zurbil horien antzean begiratzen zidan. Zorrotz, goseti. Esku hotz eta ubelak lepotik estu heldu nauenean esnatu naiz beldurtuta. Goizeko zazpiak. Bost ordu egin ditut lo.

        Bart gauean irratian entzundakoa ongi ulertu ote dudan ikasi beharrak lagundu dit nagiak ateratzen. Lo-zakutik irten, izerdi likeak Insalus botilako kondarrekin garbitu eta kiosko baten bila abiatu naiz.

        Susmo txarrak konfirmatu dizkit prentsak. Frantziako presidente berria eta bezperan Mururoan egindako froga nuklearra dira gaurko protagonistak. Liberation ikusi ondoren, epelkeria hutsa iruditu zait bart gaueko amesgaiztoa. Chirac desitxuratu batek hartzen du egunkariaren lehen orrialdea. Aurpegi erdia mutatua, errea, ustela du ordenagailuz fabrikatutako argazki honetan.

        Cannes inguruko Carrefour batean gosaltzen ari naizela jo dizkidate bederatziak. Bart hitzartutakoa errespetatzen bada, Italiarantz abiatu beharrean gara ordu erdi barru. Hotelera arrimatu beharko nuke.

        Autopista ertzetan topa daitezkeen katea-hotel horietako batean gelditu ginen bart. Amorrarazita nengoen ni. Burmuina lehertuko zitzaidala usten nuen.

        Mizpira baino zimurrago nuen atzealdea, hilda. Begiak erreta, erne mantentzeko ahaleginak behartuta. Hotelaren aldamenean aparkatu genuenean jendea agurtzeko kemenik ere ez nuen. Furgoiaren atzealdean etzan nintzen luze. Ez nuen hortzak garbitzeko betarik hartu.

        Banda erdia baino ez dut topatu gosaritan. Egunkaria utzi diet mahai gainean. Kaki, gurinez igurtzitako ogia ahora eraman aurretik, Ferminena egiten hasi da:

        — «Zortzietan jaiki behar dugu ezbairik gabe, Erromaraino gelditzen zaigun bidea luzea baita. Ez zaitezte horrela jarri! Furgoian egingo duzue lo. Lasai! Neronek esnatuko zaituztet. Ni jarrita nago. Haurrarekin goizean goiz jaikitzen ohitu naiz»... bla, bla, bla.

        Irribarretsu dator Fermin. Harpa joko diotela badaki. Pintza bere gelakidea eta Anestesia atzetik datoz. Loaldiaren arrastoa nabari zaie aurpegian. Ez da zaila asmatzen zein masailen kontra egin duen lo.

        — Hara, gure lotia! Non dira zure bart gaueko presak? Zortzietan jaiki eta bederatzietan abiatu behar omen genuen. Esan genizun, ordu bata bazela, egun osoa generamala bidean, nekatuta geundela, hobe zenuela lehenbailehen italiarrekin hitz egin eta gaurko afalordua atzeratzea... Ez alferrik!

        Jituk esku artean duen egunkarira joaten zaizkio begiak Fermini.

        — Gaurkoa al da?... Inperialismo frantsesaren pozoina. Ez al dakar ezer Polinesiako mugimendu independentistari buruz?

        — To, ikusi beharrekoak ikusiak ditut.

        — Egunkari frantsesak bakarrik erosi al dituzu? Zer dioen azal iezaguzu, Fermin.

        — Are handiagoa bota behar omen du aurki. Putakume hori!

        Bazter batean utzi du egunkaria.

        — Ikusi al zenuten atzo Canal +-eko filmea? Mundiala! A, zuk ez duzu hotelean lo egin... Eskerrak autoan gelditzea erabaki zenuen. Hiru gela baino ez zituzten alokatzeko moduan... Eta ez dakizu okerrena! Sekulako porro kiratsa zegoen sartu ginenean! Gehien erretzen zuena, jabea! Ia ito ginen pasiloan!

        — Mugi zaitezte! Goizeko hamarrak dira. Bagoaz.

 

 

Monako parean egin dugu gaurko lehen geldialdia. Abiatu eta ordubetera. Joko elektroniko horietako martiztarra sentitu naiz bidean topatu dugun tunel mordoa zeharkatzean: oztopo guztiak gainditzeko ahaleginetan, ahalik eta puntuazio handiena lortzeko... eta bidenabar, garbi ez nazaten.

        Dibisak aldatzeko aitzakia horrekin Montecarlo gaineko behatokira hurbildu dira Negutarrak. Txundituta gaude herri aberats honek dituen parajeei begira. Oso garbi dago zerua, urdin-berde itsasoa. Katarainek Pintzari ematen dizkion azalpenek interesa piztu diete besteei.

        — Urrutiko eraikuntza dotore hura ikusten, Fermin? —hatzarekin seinalatuz—. Estefania printzesaren jauregia da.

        — Aizue!... Kaki, Estefaniaren jauregia omen da haranzkaldeko hura!

        — Itsas bazterrean dagoen palazio handi horri buruz ari al haiz?... Ez, motel! Kasinoa duk hori!

        — Kata! Joan hadi antzarak perratzera!

        — Autotik irten aurretik idazten ari zinela konturatu gara... Zer jarri duzu zure koaderno horretan?

        — Barkatu, txiza egitera noa lehenbailehen. Bi minutu eskas ditut.

 

 

Genoa inguruan bukatu zaio ia gasoila Negutarren furgoiari. Gasoilaren mangera zuloan sartu dudanean hasi dira Negutarrak furgoitik jaisten. Banan-banan. Zurbil, buruak makur. Burmuina beratuta baleukate bezala. Diosalik ere ez. Ozen entzuten da irratia: «I'm Scattmaaaann! pa-pa-pa, pa-pa-ra-pa-pa pa-pa...».

        Barre algara disimulatzeko esfortzu ikaragarria egin behar izan dut komunetik autora bueltatu naizenean. Hau pena argazki-kamera autoan utzi izana! Fermin, Pintza, Galder eta Anestesiak diskoteka pista bilakatu dute gasolindegia. Scattman-en erritmoan ari dira dantzan, besoak gora eta behera, aldakak lizunki astinduz, «pa-pa-pa» esaka. Gurekin batera gelditu den emakume pinpilinpauxak ez daki nora arraio begiratu. Ni bezain harrituta dago, baina hauei bost axola. Jo eta fuego ari dira, dantzaren Nobel saria irabazteko lehian baleude bezala: jolas arrastorik erakutsi gabe, hitz erdirik egin gabe, elkarri begiratu ere egin gabe.

        Arina da Pintza. Handia eta sendoa, baina biguna. Esana zidatena egia da: gomazkoa da. Fermin baldar antzean dabil, musika mota honekin sekula praktikatu izan ez balu bezala. Anestesiak, saiatuta ere, ezin du heavy tankera hori kendu. Bere hanka zuztarrek inoiz baino argalagoak dirudite mugimendu horretan.

        Barregura etorri zait berriz. Ikusita ere ezin sinetsi. Ez da posible... Hau ez da hanka txingurrituak luzatzeko teknika hutsa. Furgoian ostiarena jotzen hasiko ziren eta Jituk hipnotizatu egingo zituen bake pixka bat izateko. Seguru. Ahuleziak emanda tontakeriak egiten hasten direnean seko umetuta jartzen dira. Nolanahi ere, pozten naiz. Bi egun daramagu astoak bezala, makilari jarrita. Eskertzen da broma.

        Abestiaren amaierarekin bat egiten du albistegiak. Gelditu dira gure dantzariak. Ferminek, beti erne, belarria zorroztu du. «Mundu osoak bat egin du Chirac-en kontrako protestan. Mururoako atoloiko...».

        — Ba al duzu Chirac makinaren berri, Garbiñe? Mano Negra eta Parisko kideek hara joan ginen batean azaldu zidatenez, oraingo Frantziako presidenteak sekulako ergel fama zuen Parisko alkate zelarik. Zakurrek hirian uzten dituzten kakak jasotzeko, gurditxo motordun bat jarri zien kale-garbitzaileei: «Chirac-makina». Ea zer nolako erreminta asmatzen duen orain Mururoako txanpinoiak garbitzeko.

        Depositoak beteta daude. Mokadu bat ere jan dugu. Seiak. Azken txanpa besterik ez zaigu falta autoak behingoz aparkatzeko. Bandakoek iragarri didatenez, ordu pare baten buruan bukatuko zaigu bakea. Erromatarren gidatzeko modua ikusita hartuko omen diot usaina datozkigun egunen estresari.

 

 

Erotu egin zaiei hauei. Zertarako daude trafiko seinaleak?! Hau da kaosa! Istripuen estatistikak irakurtzeko morboa piztu zait bat-batean. Azkarrenaren legeak agintzen du Erroman. Ez da ezer errespetatzen: ez semafororik, ez karrilak banatzeko marra zuririk, ez bidea emateko oharrik... Eta motorrak?! Udako euliak baino karganteagoak direla esanda motz gelditzen naiz. Ezkerretik nahiz eskuinetik aditzen ditut ziztu eta hots gogaikarri horiek. Orain bozina jotzen digute... gainera, noraezean galduta gabiltza.

        Gasolindegi batean gelditu behar izan dugu. Aurreko restopean gelditu garenean telefonoz eman dizkiguten azalpenak eskasak izan dira lekua topatzeko. Inguruan dauden gidariei laguntza eske joan dira Fermin eta Jitu. Auto batean sartu eta eraman egin dituzte.

        — E! Bahitu egin dituzte gure lagunak!

        — Etorriko dituk, lasai. Ezezagunak izan arren, lotuak garen tokiraino eramango dituzte, seguru. Horrelakoak dira italiarrak.

        Barregarria egin zitzaidan aurreko urteetako zita Vatikanoan egiten zutela jakitea. Pena da aurten ez errepikatzea. Argazki polita litzateke: Bassottitarrek eta Negutarrek elkarri emandako lehen besarkada... Inkisizioaren inperioaren aurrean! Baina behin hona helduta, barregarria baino, zentzuzkoena iruditu zait. Estatu hesitu hori da ongi seinalatuta dagoen leku bakarra, edo behinik behin hala iruditu zait niri honanzko bidean.

        Talde bitxia da Banda Bassotti. Komunista erradikalak dira denak, mihi gaiztoek diotenez. Langileen borroka da abesti gehienetan errepikatzen den gaia. Eta ez da harritzekoa, eraikuntza lanetan ezagutu zuten elkar, pioitzan. Han lanik gabe utzi zituztenean kooperatiba ezkertiar batean sartzeko aukera izan zuten. Aldamioak montatzen, beti ere. Hastapen haietan laguntza internazionalista zen lagun koadrila haren kezkarik handiena. Brigadista joan ziren Nikaraguara bizpahiru aldiz. Gerra eremuan zeuden laborarientzako babesleku bat eta eskola bat eraikiz erakutsi zioten iraultza sandinistari beren atxikimendua. Iaz, El Salvadorren ibili ziren Negutarrekin.

        Nikaraguara joan zirenerako makina bat eszenatoki montatua zuten dohainik zentro sozialetan —italiar erako gaztetxeak—. Handik sortu zen musika talde bat bultzatzeko gogoa. 80ko hamarkadaren amaiera zen horretan, hamazortzi bat lagun ziren eszenatokira igotzen zirenak. Horietatik hamabik koroa osatzen zuten. Abesti bana kantatzen zuten.

        Ezagunak egin ziren neurrian eta beste lekuetatik kontzertuen eskean etortzen hasi zitzaizkienean, murriztu egin behar izan zuten taldea, funtzionamendu egokiago baten izenean. Serioagoa bilakatu zen dibertimentu moduan sortutako hura.

        Bost dira gaur egun taldean jotzen dutenak. Sigaro, Scopa eta Picchio dira historikoak. Sigaro —zaharrena, 40 bat urte izango ditu— taldeko burua dela esan liteke. Berak idazten ditu letra gehienak. Eta, belarri batetik kozkorrik entzuten ez badu ere, begiurdin honenak dira doinu gehienak. Gitarra jo eta kantatu egiten du. Anestesiak dioenez, «bertsolari kastakoa da. Ondokoei adarra jotzen ematen du eguna».

        Scopak ere gitarra jotzen du eta koroetan parte hartzen. Berak du tradizio musikalik handiena. Banda Bassotti sortu aurretik Fori del Ghetto taldeko partaidea zen. Berak biribiltzen ditu abestiak.

        Picchio taldeko abeslaria da. Indar handia du eszenatokian. Bi alaba ditu. Harpa-jole ikaragarria, hau ere. Italiarren esterotipoak agintzen duen bezala, goapoa, builosoa eta eskuzabala da.

        Pascual eta Davide ere plazarik plaza ibili izan dira orain dela gutxi arte. Pascualek familiari kasu egitea deliberatu zuenean utzi zion jotzeari. Ez da jada eraikuntzako langilea. Krisia eta langabezia handitu zenean tatuaia denda bat jarri zuen. Davidek Gridalo Forte disketxea bultzatzeko utzi zuen musika taldea. Berari otu zitzaion Banda Bassotti sortzea. Letraren bat edo beste ere idatzia du. Berea da gehienetan kontzertuen antolakizunen ardura. Managerraren moduko zerbait da.

 

 

Hor datoz bueltan. David dator xerparena egitera. Zentrotik hogei bat minutura omen gaude.

        Gitarrak, baxua, bateria, anpliak eta gainerako musika tresnak toki seguruan uztea da lehendabiziko lana. Bassottikoen eta hauen lagunen kooperatibara omen goaz.

        Montespaccato auzo aldera hurbildu garen arte ez da trafikoa apaldu. Bertan bizi dira gehientsuenak, kooperatibatik gertu. «Berlusconi mafioso» dio horma gorri bateko pintada batek.

        Bost bat pisuko etxe baten sotoraino jaitsi gara. Aldamio, oholtza, iltze kaxa, iturri, hodi nahiz eraikuntzarako baliagarri den oro topa liteke hemen.

        — 25 Aprile al da kooperatibaren izena?

        — Bai, liberazioaren eguna da apirilaren hogeita bosta. Baina jada ez dugu denok bertan lan egiten. Langabeziak gogor jo du eta gauzak ez dira behar bezain ongi atera... Baina zertan gabiltza? Dena deskargatuta baldin badago, mugi gaitezen lehenbailehen. Jende guztia San Lorenzo auzoan dago zuen zain!

        Lasai noa orain. Negutarren furgoian txoko bat egin didate, Fermin eta Iñigo besteen furgoian baitoaz. Etzi goizera arte ez dut gidatu behar izango.

        Kakik azaldu didanez, gain batean dago «San Lorenzo auzo gorri mitikoa». Erromako zentroa zeharkatzen ari garen arren, ez dugu monumentu aipagarririk ikusten. Gauaren ilunean eta goazen abiaduran ez da apenas ezer antzematen. Pintza, Kata eta Anestesia hizketan datoz.

        — Hiria ezagutzeko bueltaxkaren bat egin beharko dugu...

        — Nahiago nuke berandu arte lo egin...

        — Hara! Eskabazioak espaloiaren erdian!

        Kaki da gure gida turistikoa.

        — Zentro osoa zulatuta omen dago... Antzinako hiriaren gainean eraiki omen zuten Erroma modernoa. Orain sekulako arazoak dituzte...

        — E! —Pintzak—. Begira paretei! Biharko kontzertuaren iragarkia! Polita da afitxa!

        — Horrek esan nahi du heltzen ari garela... Hortxe ataria!

        Arkupe bat zeharkatzen ari gara. Harresi batek inguratzen du auzoa.

        Kontzerturen batean egindako argazkiez egina dago kartela. Bertikalean osatua, erditik gora Negu Gorriak ageri da, erditik behera Banda Bassotti.

 

 

Banan-banan datoz denak. Bosniako sarraskitik ihes egitea lortu izan balute bezala hartu dituzte. Algara batean, besoak zabal, euforiko, izenak urrunetik oihukatuz. Lagun zahar eta maiteei zaien errespetoa antzematen da besarkada bakoitzean. Gero eta handiagoak dira bizkarrekoak. Lagunik minenak ilararen atzeko muturrean jarri direla dirudi.

        Hamar urte luzetako ezagutza dago tartean. Ferminek eta Iñigok erein zuten harremanaren lehen hazia Kortatu garaian —«Zer moduz dabil Treku» entzuten da tarteka—. Baina erromatarrok Euskal Herrira heldu zirenean estutu ziren bi taldeen arteko loturak. Elkarrekin makina bat joan-etorri eginak dira geroztik.

        Bakarren bat kenduta, Amnistiaren Aldeko Batzordeen pin-a —giltzaren itxurakoa— edo belarritakoa daramate denek nabarmen.

        Sateliteoi (Galderri eta niri) berehala xamurtu zaigu arrotza sentitzearen lotsa. Hogei bat dira dagoeneko eskua luzatuz edo musuka hurbildu zaizkigunak. Zeintzuk diren ez dakigu, baina tira. Italieraz egiten digute gehienek, mantso. Guk ere mantso egiten dugu... gazteleraz.

        Baretu da mugimendua. Mahai luze baten inguruan jarrita gaude denok. Banda Bassottiko abeslaria eta honen emazte irribarretsua ditut aurrez-aurre. Bi alabak harantzago. Honaino egindako bidaiaren berri galdetzen digute.

        Asteazken buruzuri bat besterik ez bada ere, mukuru dago pizzeria. Zein baino zein ozenago ari da hizketan, ondoan duen solaskidea gorreriak jota balego bezala. Harrigarria bada ere, Sigaro da tono normal xamarrean hitz egiten duen bakarra. Nik ez diot ezer aditzen. Anestesia oihuka ari zait aldamenetik.

        — Gure kontzertuetan baino dezibelio gehiago dago hemen! Eskerrak ez duten musikarik ipini!

        — Eta jendearen itxura ikusita, denak diskutitzen ari direla dirudi!

        — Bai zera! Ikusten ari zarena solasaldi lasaietan erabiltzen duten tonoa da!

        — Nola jartzen ote dira haserre daudenean!

        — Aurreko aldian etorri ginenean ezagutu ninan nik italiarren muturtzeko modua! Lasai ederrean afaltzen ari ginela, gure aldameneko mahaian eserita zeudenak orruka hasi hitunan bat-batean! Konturatu ginenerako labana eskuan zinaten eta plater guztiak aidean dantzan jarri zizkinaten. Spaghetti western filmeetan baino bortitzago, hi!

        Hogeita hamar bat gara, haur eta guzti.

        Errosarioa kantatzen hasi direnean utzi dio gaiari Anestesiak.

        — Pizza Margherita! Nork eskatu du pizza Margherita?! Pizza Marinara! Marinaraaa! 4 estazione! 4 fromaggi!... Simoon! Zer demontretan habil! Etor hadi hona laguntzera! Norena da pizza hau?!

        Pizza trukean ari dira Negutarrak, pour tout le monde-ka.

        Postrerako hiruzpalau izenen jabe egin dute Galder: Galderissi, Galderini, Galderete... Nork bere trikimailuak erabiltzen ditu izena gogoan geldi dakion. Nireak hurbileko erreferentzi izpirik ez dakarkie gogora, nonbait. «Ragazza»rekin konformatu beharko dut oraingoz. Pizza lau zatitan tolestu eta osorik mokadu pare batean irentsi du Picchiok.

        — Nola duzu zuk izena?

        — Garbiñe... Garbi-rekin errazago gogoratuko zara. Laburragoa da.

        — Garbi, Garbi, Garbi... Izen euskalduna al da?

        — Hala da, bai.

        — Aupa, Garbi! Berotu ezazu zintzurra!

        Edalontzia bete digu ingurukooi.

        — Gradu asko ditu baina oso digestiboa omen da.

        — Izena ala goitizena da Picchio?

        — Goitizena. Walt Disney-ko marrazki bizidunetatik hartua dago. Ikusiko zenuen zuk inoiz okiltxori gandordun ero bat... Horixe bera da Pi cchio... Tira, italierazko bertsioan behintzat. Zurgin lanetan jarduten dudalako deitzen didate horrela.

        Erdia gazteleraz erdia italieraz egiten du Picchiok, baina dezente ongi ulertzen zaio.

 

 

Tripa ongi bete ondoren, Formula 1 pizzeria utzi eta auzoan bertan dagoen taberna batean sartu gara. Mintzagairik ez duenarentzat —alegia, niretzat bakarrik— Mano Negra-ren «Santa Maradona» dute jarria. Gaugiro dago kanpoan. Davide atarian dago, aparkatuta dagoen auto baten gainean jarrita.

        — Nola izena du taberna honek?

        — Utzidazu koadernoa, neronek idatziko dizut.

        Koadernoa bueltatu didanean «Hosteria senza nome» irakurri dut ozen. Gorritu egin naiz. Zertarako galdetzen ote ditut horrelako tontakeriak, nire artean. Deformazio profesionalari bota diot errua.

        — Auzo honetan bakarrik zaigu posible horrelako tabernak zabaltzea. Eskuindarrekin erne ibili beharra daukagu. Asko aldatu dira gauzak aspaldi honetan. Lehen aberatsak bakarrik ziren faxistak. Oraingo gehienak pobreak eta ergelak dira. Ez dira konturatzen egiten dutenaz. Nahi al duzu garagardo pixka bat?

        — Ez, grazie. Goizean goiz omen zoaz Villaggio Globale-ra.

        — Bai. Bada nahikoa lan gaueko kontzertua prestatzen. Hauek berandu arte lo egin behar omen dute. Bazkalordura arte ez omen dira azalduko. Nahi al duzu bihar nirekin etorri?

        — Gustatuko litzaidake, bai.

        — Goizeko bederatzietan pasatuko naiz zure bila.

        Pascualen etxera naramate. Bost ordu ditut lo egiteko.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus