% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Eskaintza oparoa ahantz ezazu.
Gauza bakoitzean urrako bat agertzen da:
argia hortik sortzen zaizu.

 

Gau hartako joan jin bakartian, labana bezain zorrotz, Jean Jacques Goldmanen kanta bat neukan buruan: quoique je fasse, où que je sois, rien ne t'éfface, je pense à toi... Bilkura denboran hitzok biribilketa eroan kasko zokoan ibili zitzaizkidan. Bitxiki. Baiki, euskaldun identitatearen oinarrian zitekeen edozein errepika hobeko nuela ezpainetaratzea erranen duzu irakurle, arrazoiekin, baina horrela zen orduan: irratian goizeko seietan entzuna egun osorako daramazu gogoan ixkilimatua, saihets eta ekidin ezin. Merezi ditugun erreferentziak dauzkagu, ez gutxiago, ez gehiago. Aitortu beharra daukat gainera, Jean Jacques Goldmanen ahotsaren gatibu melodikoaren haraindian, batzarretik etxerakoan, gasna ez nuela nihaurk ahoratu, Mairosen konpainian baino.

        Ezkiz inguratu Herriko Plazara heldu nintzenean, argi zurpailek mugatzen zuten ilunpean, lanpara baten pean, itzal luzea begimen neukan. Hainbat desiratu estralurtarraren gurutzatzeko esperantzak tanpez gelditzera bortxatu ninduen, eta izaki arraroarekin hitz egiteko erabiliko nuen mintzaira zein zatekeen izan nire orduko kezka; hondarrean nekien ingeles apurra gauaren bizkarrera ekartzea deliberatu nuen: how are you? What's your name-number? How old are you? From where do you come? Are you just married? Do you hear the last song of JJ Goldman? Perpaus egokiak apailatuak nituela irudikatu bezain laster, beribila plazan kokatu eta motorra eho nuen.

        Urrunetik, estralurtarra zitekeenari jende forma antzeman nion, eta larru samurra merke saltzen zukeen Roxanne ospetsua zela pentsatu nuen: you don't have to put on the red light... abestuz eta beldurra gordetzen saiatuz hurbildu nintzaion. Negarrez hipaka higatzen zen emazte bat zela konturatu nintzen. Herriko plaza karroinez zuri eta ikaragarriko hotza nabaritzen nuen hezurretan etxeratzen nintzen tenore horretan. Emazteak zakur zanpatu soaz begiratu ninduen. Zetazko ohe jantzi arinekin beztitua zen eta orduan zimiko latzak bihotza irauli zidan. Izotz haizeak erraztatu plazan hitz egiteko premia ankerra piztu zitzaidan.

        —Ez dira gau guztiak berdinak.

        —Bakea eman, otoi, eta habil hoa antzara ferratzera! —ihardetsi zidan gaiztoki emazteak.

        Begiak kleenex purtzilikatuaz torratuz besoak papoan juntatu zituen. Erdi biluzia zebilen anderearen sokorritzeko eta gerizatzeko gutizia nigan bermatzen sentitu eta bat-batean behialako beldurra inarrosiz, herriko plazan kateme bustiak goseti bilatzen zituen serial killer baten balizko presentzia imajinatu nuen. Bazterretara beha, segidan, James Ellroyren nobela sobera irakurtzen nuela ondorioztatu nuen; alabaina zahar kankail konkortu libindintsu eta gerlari ohiez aparte, Garapenak abandonatu herrialde hau El Monte lanjerosa ez zela onartzekoa nuen. Emaztea altxatu zen eta oihu batez mintzatu zitzaidan.

        —Deabru astana! Mairos naun! Ez naun ezagutzen ala?

        —Mairos? Zer ari haiz ordu hauetan herriko plazan bakarrik?

        —Eta hi?

        —Ni? Bilkuratik heldu naun. Non dun senarra?

        Negar hipako zarratada bat jasan beharrean aurkitu nintzen, hats hartze soilaz ene estraterrestra, Roxanne edo Dalhia beltz fantasmak ezabatu beharrean aurkitzen nintzela. Senarra non zeukan galdea errepikatuz ondoratu nintzaion. Malkotan itsaso eta eleei ausikika ari zen.

        —Etxetik kanpoa eman zatan Joanesek —erantzun zidan—. Badin orain bulta bat ostikoka eta zaflakoka erabiltzen nauela. Ihiztorak naski ni baino eztikiago tratatzen dizkin... Afarirako ardi kostaletak erreegiak zirela eta hara... karrika gorrian naun. Nora noake?

        —Zer gertatzen zautzue? Jotzen hau eta ez datan sekula deus erran?

        —Amodioa zela uste ninan. Zer eginen huen hik? Hire ilusio makina martxan jarriko eta Joanes zitzikatuko?

        —Berdin. Bitartean haugi ene apartamentura.

        Bosgarren solairuan zegoen neure bizitoki eskaseraino igotzen lagundu nuen Mairos eta argipean, neskaren begitarteko ubelak zenbatzen ahal nituen, ubelak eta odol idorra zerien urrakoak. Soa ezpainetan iltzatu nion.

        —Azken aldian, matelan huen sarraskiaz eskatu naunalarik, eskaileretan eroriko malestruka bat egin huela erran hatan. Gezurra zunan?

        —Bai.

        —Eta hondartzan izan ginenean, azpian haraman ospel ustela?

        —Ukabilkadak eta ostikoak. Ez huen ulertuko. Hain haiz inoxenta!

        —Eiki —ahoskatuz irentsi nuen zintzurrean behera nekez lerratzen zitzaidan tua.

        Emazteari irri zozoa eskapatu zitzaion eta ene inguruan dantzan hasi zen.

        —Inoxenta! Inoxenta errea!

        Hitza agortu zitzaigun. Bezperan erosi Onetik puska gotorraren ateratzeko hozkailua ireki nuen. Gasna puska finetan moztearren zaintsuki nabala erraldoia eskuetan hartu nuen. Nabala ahurrean ikusi ninduela, izuaren izuaz bezala, Mairosek urrats bat atzera egin zuen. Neure harridura herabeaz jabetzean jabaldu zen neska. Gasna partekatu nuen. Mairosek bere zatia daldaraka bildu zuen. Laser irakurgailuan Jean Jacques Goldmanen KDa jarri nuen, apal-apalik, auzoak ez iratzarrarazteko gisan. Segurtasun une berriaz baliatuz eta janaria gozatuz, Mairosek aho plegua marraztu zuen.

        —Non dun gure gazte denborako Guk taldearen disko hura?

        —Nahi duna aldatzea? Bizkitartean gustatzen zaidan grâver l'écorce jusqu'à saigner, clouer les portes, s'emprisonner, vivre des songes à trop veiller, prier les ombres et tant marcher borobil etengabean entzutea, horditzeraino. Ene istorioa kontatzen din gizon horrek. Hirea ere bai nolabait.

        —Isil hadi! Eta Gurea Da Geroa? Gomendatu naunan funtsez euskaldun egoteko eta frantses bilakatzen ari haiz! Bakea eta zigarro bat eman iezazkidan. Arropa zenbait ere bezti nadin. Hummm gasna hau ez dun batere txarra!

        Ahatara bakoitzean euskalduntzen ninduen, ene onanismo gastronomikoaren bizio ahalkegarria azaltzen nion neskari, armairuetan ikastolako atorrak eta Nafarroa Oinez 95eko kirol galtza pareak bilatzen nizkiola. Egia erran, Euskal Herriak eskaintzen zizkidan jantziez salbu, apaindura gutxi neukan lau haizeetara barreiatzeko. Mairosek ezpainak doi-doia mugituz, neure opariak onartu zituen, besterik ezean. Arraposki beztitu zen. Lo zakua harrapatu eta estralurtar ipuinez hanpatu liburu metak saihestuz, pausatzeko toki txikia mugatu nion.

        —Hire ezteiez ontsa oroitzen naun —artekatu nuen zolari beha—, izugarri ederra hintzen! Zer besta egin genuen! Gogoan dinat halaber bitxiki, Joanes hire ordez deblauki mintzatzera uzten huela: ez hindudan nehoiz horrela ezagutzen eta pentsatu ninan, bai hori da egiazko amodioa, ahots bakarrez hitz egitea, ideiak gorputzekin batera ezkonduz, uztartzea. Gaur atzematen haut plazaren erdian, odol buruz josia eta kanpoko hotzean pikarrai. Ezin sinetsia zatan.

        —Duela urtea zunan. Gure bi egunetako formakuntza sail ero eta erotikoez asea nindunan. Ez ninan zazpi orenez, seiehun eta hogeita zortzi zakil eta erdi aluratu zituen Houston anderearen bidean lerratzeko gutiziarik! Hark munduko marka hautsi zinan bere bular eta izter silikonatuekin! Gizon bat behar ninan. Gizon azkar eta sendo bat. Enea. Enetako. Joanes hor neukanan aiduru.

        —Lelo berdina eramaten huen orduan —segitu nuen kasik desesperatua—, emazte bat ez zela gizonik gabe bizitzen ahal, lege biologikoa zela hori eta denak hortik iraganen ginela goiz edo berant. Uste ninan zoriontsu zinetela!

        Kexatu zitzaidan Mairos. Ene makurrak eta bakardadeak baizik ez nituela begiztatzen azpimarratu zuen; gizon bat emazte baten eskutik paseatzen agertzen zen ber zoriontasuna irudikatzen zelako ilusioa neukala beti. Errealitatea ez zela horrela oroitarazten zidan, bikoteak ez ziolako zorionari edo aldizkari arrosetan hedatzen zen amodioari bermerik eskaintzen. Predikua ez zuen debaldetan bururatu.

        —Ezkondu eta lehen hiru hilabeteak zoragarriak izan genizkinan bistan dena. Ondoko bederatziak aldiz infernu kolorekoak enetako! Xoxokeria batengatik, supermerkatuan erosi usain on botila bat demagun, Joanes haserretzen zitzaidanan eta "heziko haut" orroaz oihukatzen ere, auzoek entzuteko maneran. Nahi zinan guztiek jakin zezaten gizon errespetatua zela ohetik eta etxeko sukaldetik haste. Joanesen amarentzat trapu zakar bat nindunan, ez denat erraten! Espero zuten etxeko segidarako semea ez nienan ematen haiek nahi zuten bezain laster. Bazekin zer den ohorea?

        —Ohorea? Ez.

        —Ohorearen estakuruz maite ditugunak oro suntsituak suertatzen ditun: amodioa, elkartasuna, umiltasuna, jendeen arteko harremanak, denak izenik ez duen gerla batean xitxifrikatuak. Ohorea eta urguiluari esker irauten diten borroka anitzek, eskuak negoziatzen zikindu beldurrez, buruzagiek heroi handi atera gogo dutelarik. Ohorea itxuraren mundua dun. Ohorearen zaintzeko kolpeak bildu dizkinat emazte frankoren antzera eta halaber gezurra erran zienat lankideei, medikuei, auzoei, amari eta hiri, nola ez, hain haiz inoxenta!

        Jendearen jasan ahalmena hausteraino eramaten zuen amodioaren ideia gohaingarri zitzaidan bat-batean. Mairosek laguntza behar zuen. Ene esku ukaldi gautarra ez zitzaiokeen aski: egiazko arta sail baten premia zeukan. Ene ohizko zekenkeria zikoitz eta bekaitzaren mugak urtaraziz gasna zati gehiago moztu nuen. Mairosek argia pasatzera uzten zuten xerrak agudo irensten zituen, aspaldian jan ez bailuan.

        —Lanerako haiz ez sarri?

        —Hago lasai... Lorik gabeko goizak maite dizkinat. Akitua naun baina akiduraren mugarri horren haraindian "gizartearen" bortxa aldiro sumatzen dudanean, bazekinat bizitzea zaila dela.

        —Ene eztei afarian zehar hitaz burlatu nindunan Joanesekin —gehitu zuen—, binakako gonbita ukan arren, bakarrik etorri hintzelakoan. Joanesek algara gordinaz alhatzaileetarik hintzela xuxurlatzen zatanan belarrira! Eta ni karkailaka lerratzen nindunan hire aurpegi ahalketua mirestean. Jakin banu...

        —Hemen haiz orain. Tira ezan Onetik horretarik.

        Jean Jacques Goldmanen KDa aspaldian isildua zen. Karrikatik auto eta urruneko iturri herots elkorrak jaukitzen zitzaizkigun. Mairosen azken hitzak hautematearekin, zintzurrean buztinezko birlak hazten nabaritu nituen: non zeuden salbatuko ninduten estralurtar haiek?

        Oheratu nintzen.