% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Ez atxikimendurik eman binako ikusmoldeei:
begira zaitez kartsuki haien jarraitzetik.
Baiaren edo Ezaren den mendreneko herexarik baldin bada,
izpiritua zailtasun dedalo batean galtzen da.

 

Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut barda bilkuratik landa, logaitz nintzela, Testamentu Zaharreko, Itun Berriko, Apostoluen Aktetako eta Jondone Joanesen Apokalipsiko orrialdeen lur hutsetan. Bibliako ardiak ez dakit gureen irudikoak zirenez, baina argi da Abraham, Melkisede, Isaak, Jakob, Noe, Matusalem edo Moises haien zaintzera ez zirela erraz heltzen: beti artzain bila eta ezinbestean, bat, trebea etorriko zela iragartzen. Ordea, zer edo zer berri eskatzen zitzaienean, jeremiada handitan, burua inarrosten zuten ihardetsiz: ez baitakigu noiz jinen den, gau hartan artizarra zeruan usaian baino dirdiratsuago dateke, artean ardiak eraman itzazue basamortu idorretan barna, bat sakrifika bazko oroz Hitzaren izenean eta prest egon zaitezte adiskideak!

        Sortu zen azkenean, hogei mila patriarka artzainen lana bakarrik egingo zuena. Ameslari erraldoia, uraren gainean aharrausika ibil zitekeena, bostehun ogi eta antxoa xerra soilekin hamar jende ase zitzakeena, edo alderantziz ez naiz gogoratzen, jotzen zutenean matela batean bestea eskaintzen zuena, hilak berpizten, farisauekin alaiki solastatzen eta gorputza saltzen zuten emazteekin geroaren kartak irakurtzeko juntatzen zena. Barruki tzar batean jaio zen, Eguberriz, eta gaztarotik munduaren hegitik hegira lelo berdina, ahoak eman ahala, oihukatzen zuen.

        —Ni naiz denen artzaina, ardientzat bizia ematen duena!

        —Bakea emak mutikoa —erraten zioten asperturik, labrit tte tte tteka Sinaiko desertuan ardiak biltzen saiatzen ziren patriarka zaharkituek—. Isil hadi! Bildotsak izuaraziko dizkiguk hik!

        Hargatik behiala iragarritakoaren egiaztatzea mirakulua zen; profetak berak etsitzen hasiak ziren engoitik, zenbatu lau miliar ardi haiek nahastear zeudelako. Marraka ozenez barreiatzen ziren Galilea edo Judeako bideetan, Atenastik, Alexandriatik nahiz Erromatik hurbildu marmolezko jainkoen adoratzen, diskriminaziorik gabe. Gaur egun bezala funtsean, pitonisa pulpos eta ausarten bestaburuetarik kanpo zeuden palestinarrak, beren ahuntz mehakoilekin, Zisjordania eta Gazako ordoki okupatuetan barna. Ekialdeko gaietan naizeno, aitortzekoa dut, nehon eta nehoiz ez zela hitz eman gure salbatzera etorriko zen Clinton izenekorik, are gutxiago Roswellgo estralurtarraren jaukitzerik!

        Jesusen parabolak behatzen ditut nik ere, noiztenka igandeetan mezara noanean, urtean bizpahiru ehorzketaz eta eztei bakarraz betetzen dut ene zerrenda, eta jainko deiei marrakaz erantzuteko gutizia hazten zait, auzoko emazteen ahotsak imitatuz. Oraiko artzainek ez naute beldurtzen, lehenagokoek aldiz daldaraka atxikitzen gintuzten, batez ere misione garaietan. Animaleko trakako apez batez oroitzen naiz: haurrak bata bestearen kontra metatzen ginen ikaraz, gizonaren botzak ardiak, fede-bideak eta bekatuak deiadarka madarikatzen zituela. Itzala gure gainera makurtzen zen eta sotanaren hegalek, elizako ezko argiak gordetzen zizkigutela, arras galdua ginelako irudia geneukan. Hezurrak kliski-klaska, hortzak banbaka, esku ahurrak heze eta haragiak daldarez zebilzkigun, atzealdeko jargietako emazteei halaber, amironatu berri zituzten mantelina brodatu beltzen gerizan. "Ni naiz artzain ona" orroatzen zuen baina ez genion hitzik ere sinesten. Gure bihotzetakoak ez ziren, alabaina, hain basak.

        Prediku latzaren ondotik, meza-bide lohitsuan zehar etxeratzen ginen ilunpean, gaurkoan nola, hala den mendreneko kahaka uhuluak edo baten aztalak lehertzen zuen abar idorraren kraskakoak lotsa gorriz itotzen gintuela. Mendi muinoaren bizkarrean agertzen zen azeria gure desbideratzeko jauzi egin zezakeen deabrua zena? Tentazioari amore emanez gero infernua segur genuen. Afaldurik, ohe hotzeko manta urrien pean sartu arte ez geneukan sosegurik. Noski hautatzekotan, misionestak xeheki plantatu infernua orduan, etxeko ohe baino anitzez beroagoa suerta zitzaigukeen!

        Mendearen bukaerarako infernuak, paradisuak, ardiak eta artzainak desagertu ziren, elizak hustu eta apez larderiadunak xuhurtu. Bibliako lau miliar ahari arkarak merkatuan sartu ziren, Garaziko ekoizleen salmentak ustekabean trabatuz: prezioak supituki apaldu ziren eta nehor ez zen Bekatuaren salatzera deliberatzen. Egoeraren arrazionalki esplikatzeko Espainiako ardiaren falta zela erraten zen. Gure bakearen kalterako maiz, ardiak eta artzain dibinoak gatazkatzen ziren. Eri potoloak altxatuz, kontuz, apezek Dohatsu Bihotz Garbiak kantatzen eta kantarazten zuten, telebistako kamera anitzen aitzinean: enekin ez dagoena, ene aurka dago, azpimarratzeko maneran. Eiki.

        Bizkitartean parabolak dio Artzain Onak ez duela lehiaketarik hazten bere ardien erdian; ehun ardietarik bat galtzen duenean, gainerako laurogeita hemeretziak baino garrantzitsuagoa zaionez, haren bila abiatzen da tiroa bezala, errabiaz, ezpain izkinetarik tua zirristan dariola, naba eta holtzetan behera, bere biziaren perilik handienean. Ardi kolpatua soinean bordara hurbiltzen delarik, begiak zilar, adiskideak eta auzoak gonbidatzen ditu: bozkaria zaitezte, errebelatua zen ardia kausitu dudalako. Lepoko zaina zehatz ebakiz eta larru azal artean buhatuz, ahari zaharra hiltzen dute, odol putzua itun arraberritua bailitzan, eta alegrantzian auharitzen dira guztiak elkarrekin, zeruan argizagia gora dela, bi botzetan abestuz. Ardi galduaren pare gara, baina ez zaigu artzain amultsurik bila etortzen.

        Gaueko ihesaldietan pentsamendua hegaldatzen zaigu, batean Biblian eta bestean Odisea-n txertatzen. Pagano erreen fama daukagu bidenabar. Abandonu sentimenduak agian eramaten gaitu gureak ez diren lurraldeetan ihes. Jakin beharko genuen alta, papoa bortizki ukabilkadaz astinduz, komunio egunean, apezaren eresiei ihardesten geniela, orain huts honen obszenitatea iragartzen zitzaigula:

        —Deabruari!

        —Uko egiten diot.

        —Bekatuari!

        —Uko egiten diot.

        —Haragiari!

        —Uko egiten diot —eta marmara saila, Kaliforniako hirien zerrenda zirudien saindu sanoen letaniarekin bururatzen genuen:

        —Santa Monica!

        —Otoitz egizu guretzat.

        —Santa Barbara!

        —Otoitz egizu guretzat.

        —San Bernardino!

        —Otoitz egizu guretzat.

        —San Antonio!

        —Otoitz egizu guretzat.

        Saindu bakar batek ez zuen "guretzat" behatza mugitu eta jainkoarekiko bitartekari lana bere gain hartu: hamasei miliar axuri herabeontzat, bakartasuna zama dorpeegia zen eramateko.

        Bourdieu izanen ote da hirugarren milurteko artzaina?

        Aintza zeruak.