% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

Bidetik txotx baten neurriaz urruntzea, lurra eta zerua
urratzen dituen zulo sakonean lerratzea bezala da.
Ez izan ezeren alde edo kontra, bidea
harrapatu nahi baldin baduzu behintzat.

 

Aitortu beharra daukat oraino, ipuin sail honen abiatzeko perpausaren zizelkatzen eta ohitura unibertsalean kokatzen nekezia erraldoiak eduki nituela: lehenbizikoz irakurle, amodio arazoez gain, zinezko duda literarioek larrantzi ninduten. Tom Woolfen hitzak erabiliz halatan lan hau sutan sortuko zen: "Los Angelesko naba, mojave basamortutik zetorren haize bero batek erraztatzen zuen, 1962ko agorrilaren 5 hura egun bihurtu aitzin, Brentwoodeko Marilyn Monroeren etxea gerizatzen zuten eukaliptus gorakoien puntak inarrosiz. Carl Sandburg poetak oparitu zion txirrin zaharra entzuten zen ilunean kantari. Bestelako herotsak, arraroagoak, eraman zituen haizeak gauaren hegaletan: oihuak, hausten ziren kristal hotsak. Auzoek histeriaz jo emazte garrasiari baten orroak errepikatu zituzten: «Hiltzaileak! Hiltzaile alaenak! Zoriontsu zarete hor, hilik datzalako?»". Tentsioz bete sarrera eredu hau ere gustukoa nuen noski, nolabait Hollywoodeko urrezko lastotxoen herrokan urtzen zuelako ahuleziaz eta erreferentzia eskasaz hanpatu ene ekin-molde larrutua: banuen zerbaiten premia alajainkoa!

        Hollywood eta Marilynen aipamenek, izar ihintzez busti pentoka eztietara eramaten ninduten, haurtzaro osoan zaintzen nituen artaldeengana laburki erranik. Bidez bide oroitzen naiz, hara Perecen imitatzera lerratzen naizela bat-batean, Borda kaskoan artzain nengoela, irratia aldamenean, Eve Ruggierik Marilyn Monroeren "suizidioaren" misterioa kontatzen zidala, purpura koloreko arropaz janzteko ohitura zuten star horiek goraipatuz. Orduko associated press agentziako agiria berriz irakurtzen baldin banuen, irratiko ahotsak eta azienda ñapurren marrakak jagoitik belarrian oihar, galbidean erratu "emazteki" baten biografia nire nezakeen: "Biloak hori eta eder, Marilyn Monroe, Hollywoodeko bizitza kitzikagarriaren ikur eraginkorra, tragikoki hil izan da igandean. Ohean, etzanik atzeman dute, biluzik. Menturaz bere buruaz beste egin du. Hogeita hamasei urte zituen. Starra, zain beheraldian aspaldi honetan, eskuetan zetxekion telefonoaren besagiari. Hurbilean, lo-gailu hoditxoak". XX. mendean hiltzeko elementu erakargarrienak agiri motzean kausitzen nituelako, urrutizkina, lexomil eta Herria astekariko azalpen nekrologikoen aierua halaber, idazkiak erabat berazten ninduen.

        Gauez ibiltari nenbilenetan, bilkuraz bilkura zehazkiago, Norma Jean anderea ardura neukan gogoaren zirikari, Emile Zola bera asmatzera ausartuko ez zen haren bizipen sufritua: abandonatu haurra, Gladys "ama" deitzea debekatzen ziotena, bederatzi urtetan Murray Kinnel aktoreak bortxatu zuena, umezurztegiz umezurztegi hartze-familiaka erabilia, Di Maggio eta Arthur Millerren emazte baliatua, JF eta Bob Kennedy anaien amante purtzilikatua, ondorioz CIA eta KGBk kontrolatua. Miserableak nobelako Cosette edo Rougon Maquartarrak, Marilynen aldean ontsa galanki bizi ziren, frantses literaturaren tradizioak alderantzizkoa erakutsiagatik. Noiztenka ardiak auzoko larre aberatsagoetara ihes joan arren, ez ginen gaizki gu ere.

        Eve Ruggieriren botz herrestaria buruan, barda arratsean adibidez, zerbitzu sekretuekiko egiazko beldurra nabaritzen nuen, bihurgune bakoitzean, mehatxua senti nezakeelako. Massive Attack taldearen zinta behatzen nuen eta ilunak bazterrak belzten zituen bitartean, musikak antsia hazten zidan. Marilynen azken arrats apaleko gertakariak, kronologikoki eta mentalki zerrendatzen nituen: hiru gizon hurbildu zitzaizkion etxera, gerora ikerketak haietarik bat Bob zela baieztatuko zuela. Beste biak? Gerla hotzaren minean nor izan zitezkeen? Pentsamenduaren latzaz eta musikaren indar zaplastatzaileaz zainak daldaraka susmatzen nituen: bat-batean saihetsean norbaitekin hitz egiteko gutizia bermatu zitzaidan. Eta nehor ez.

        Detektibe eta zientzia-fikzioko nobela sobera irakurri nuen, trenetan edo geltokietan aiduru denbora gehiegi pasatu nuelako ene bizitzan: halaz, arrazoia arazoz betea neukala nihaurk, bidean, Hollywooden ekoitzi film frankotan miretsi estraterrestra baten gurutzatzea espero nuen lasaiki, salbatua izateko gisan; baina zerbitzu sekretuetako agenteen agerpenak uste dut, horma gogor utziko nindukeela. Banekien bai, guztien joan-etorriak eta telefono lineak "kontrolpean" zeudela, ene solasek interes pilixkarik ez eta neureak salbu noski. Sekula memoria galtzen baldin bagenuen, itsuan xehetasun metatzen zihardutenek, galdatuz gero, ibilera askoren edukiak zein norabideak eskaintzen ahalko zizkiguten. Estatua bezain paranoikoak bihurtzen ari ginen eta horrek intimitatearen haria hausten zigun, aldi berean gerizatzen gintuen boterearen "hegats" mutuak arranguratzen gintuela. Izenik hartzen ez zuen burdinazko teilatu sozio-politikoak hein batean, nomada izatera behartzen gintuen, munduko kideekiko lotura bilakatzera, irabaztearen eta galtzearen arteko eremu hutsetako automata psikotiko oso, etxe eta amodiorik gabe, ardien atzetik lehen, pentoka tzar batetik malda samurragoetara terrentan genbiltzan garaian bezala.

        Bidearen buruan ene sukaldera heldu orduko, irratia piztu nuen eta berehala ikasi Eskoziako laborategi batean sortu Dolly hura zendu zela. Berriak, iragan bidaia dorpea zela kausa, izuz harrapatu ninduen: gaizki maitatu Marilyn haren eta anitz gozatu Dolly klonatuaren bitarteko xenda non zegoen? Itxuraz naturalak ez ziren izakiak parez pare epaitzen zituena herioaren dailuak? Zertarako hatsa hartzen nuen oraino hala balitz? Jainkoaren gaztiguaren seinalea ote zen? Jainko bat bazen halatan? Dollyren aita biologikoaren penak "inarrosi" ninduen, kontuan hartuz gaur egungo bioteknologia goraipatua herenegungo artzain bakartien ardifiliarako ohitura sexualen urrats berdinetarik zihoala. Gasna ahoratzen nuela arraposki, Norma Jeanen ohorea zaintzen saiatu nintzen, honen bularrak, ezpainak, sabelpeak, azpiak, ipurdi mazelak eta zango-sagarrak ez zirela nehoiz silik(l)onatuak izan erantsiz nirekiko.

        Uste duzu irakurle, astotik mandora eramaten zaitudala, baina ez da hala: hitzak odoletan, larru-has dauzkat eta den mendreneko haize firfira beroak zauriak zornategi, irekitzen dizkit. Angustiak kateztatzen nau eta horixe zitzaidan gau hartan gertatu, antsiak hondarrean abandonatu ninduen arte. Mirail baten aitzinean plantatu nintzen, ikusten nuenaz gohain, galdezka hargatik: zergatik ez zen Roslin Institutuko laborategian, ardiaren ordez, behi bat klonatu? Hinduistak izan bagina segur asko, metenpsikosirik gabe, idi zainart bat biderkatu zen! Baina judeo-kristauak ginen oinarrian, eta ardia gure eskualdeetan sakratua zen: fededun bakoitza marrakari bakun gisa kontsideratzen zen, artaldeak fedea bermatzen zuela, artzain onaren zuzendaritzapean, gure borroka guztien egituren piramideak irudikatuz. Bibliako Abraham patriarkak, Isaak bere semearen partez, mendi gain hartan altxatu aldarean, Jahveri eskaini zion erreformako ahariaren sakrifizioaren historia errepikatzen zen, Marilyn, Dolly edo Itziarren itxurarekin. Irratian ziotenaren arabera, klonatze teknika jendeetara hedatuko zuten denbora labur barne. "Claudia Schifer klona dezatela, baina ez Chevènement" marmaratuz oheratu nintzen.

        Goizeko hirurak eta hamalauko Lapsus Tempo delakoak bristadan iratzarrarazi ninduen. Zabalik utziak nituen leihoetarik ganbaran buhaka haize epelegia sartzen zela ohartu nintzen. Bat-batean lotsak ninderoan: etxe zolan, urrunean itorik bezala, haur negarrak hauteman nituen, aztalkada astunak eskaileretan gora igotzen eta antsiak bereganatu ninduen. Bazetozen. Eskapatzerik ez neukan. Zenbat ziren? Lau? Bat? Hiru? Bost? Zazpi?

        Gasna mater neurea.

        (Zi)klona mentalak.