% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

Ametsetako ikuskizunak, aireko loreak:
zergatik nekatu haien harrapatzen saiatzen?
Desager daitezela behin-betiko galtzea eta
irabaztea, egia eta gezurra!

 

Joanes Azatxun artzaina zen. Euskaldun artzainei beste dohainik ere ukatea eskatzen zitzaien garai haietan arras tipiko, autentiko eta sinesgarri izateko. Halatan, lan askorik ez zuela beharrik, Joanes kantari gisa ezaguna zen. Izugarriko ahotsa zuen, ahoa irekitzen zuenerako etxeak berak oinarrietan daldararazten zituela. Egia erran, kantan entzuten nuelarik, iruditzen zitzaidan ardien eta bildotsen marraka ikaratiak hautematen nituela, ohiturazko abesti zaharren melodiaz lagunduak. Egunak txabolen inguruko bazketan eta anitzetan gauak aziendekin iraganez, agian Joanesen kasuan abereekiko identifikazio naturala osoki normala zen. Ez ote zuten jakintsuek jadanik frogatu, haur bat demagun otsoek hazten eta hezten zutela, otso bilakatzen zela ibileraz, mintzamoldez eta izaeraz? Zure nortasuna, ekartzen zaituen sozietatearen araberakoa dela argi dago. Adibidez, ni, ene jendartearen pare orain gaua naiz, gau mutua, gau beltza, gau etengabea...

        Ardi arteko otso xuxurlaria izan gabe, olaren aterpean, Joanesek gasna biziki eztiak ontzen zituen. Bisitaz joaten zitzaizkionek korbeen gain aldeetan borobil perfektuak mirets zitzaketen isil eta idortzen. Isil diot ezen orain arteraino nehork ez baitzuen gasnaren murmuriorik gatibatu, ikerlari islandiarrek erakustera ematen dutenez, bizi den bakoitzak bere barne musika propioa dakarrela argi izan arren. Halaz, pastenagreak, porruak edo tipulak auhenez ari omen dira, etxeko andereak bipiltzen, larrutzen eta ebakitzen dituenean, familia guztiaren asetzeko salda apailatzerakoan. Gasnak haztatzean eta gero bilkuretarik landa, perilik handienean, labana zorrotzaz haustean, oinazez hantu jatekoak ezpainetaratzen ziren. Elementu honek ez duke Joanesen biografia aberasten, baina bizia oro dolore partekatua delako kontzientzia gutxienez bermatzen lagundu gaitzake.

        Joanesen botzean, identifikazio hurbil eta min berdina nabarmentzen zen, malda, pentoka, larre, zerna gaitz edo bortuko alhagia zabaletarik ihes zihoan artzain kulturaren goresteko antolatzen ziren besta erraldoietan. Karia horietan, Joanes txapela buruan zetorren, lehenagoko zamar amironatua eta abarka lohitsuak soinean, eskuz bildu caporal tabakoz hantu zigarroa aho zokoan zintzilik, kea kanporatzeko noiztenka ezpainak irekitzen zituela. Publikoan esbaditzen ziren andere panpoxak trenpu txarrean jartzen zituen Joanesek garraiatzen zuen arditegi urrinak eta ekitaldi kulturaletan zehar, mintzaldi hipnotiko eta zurrunak luzatuz, politikariek zein kulturaren zedarritzaileek medailak, oroit taulak, kopak eta zinezko baliorik gabeko mila girgilak oparitzen zizkioten. Bakarretan, omenaldia edo hitzordua garrantzitsuagoa zela, suprefetaren, prefetaren edo ministro baten presentzia segurtatua zenean hots, eskuratu medaila parrasta papoan agertzen zen Joanes: gerlan ez ibiliagatik, Hamalauko, Deboilako, Aljeriako eta Ekialdeko soldadu ohien antzaz harro zebilen orduan.

        Hargatik, alde orotarik jaukitzen zitzaizkion oroigarri eta zigilua meta hura non pausa ez zekien Joanesek. Ez zuen, sasoiko mendiko txabolaz beste etxerik, eta haraneratzen zenean, ardo botila eta gasna baten trukean, bataren edo bestearen egoitzetan kausitzen zuen unean uneko aterpea. Denbora libre gehiena, ostatuan pasatzen zuen, Sud Ouest irakurtzen, neska gazteak errabiarazten, apur zeukan hiztegiaz ele gordinak ahoskatzen eta, basoek eman ahala edaten. Joanes ez zen sekula ezkondu: bakardade bukolikoa hobesten zuela zioen, baina bazekien hogei urtetan maitatu eta familiaren ohoreagatik Parisera lan egitera joatera utzi zuen gizona zela bere bidea; jende artean zebilenetan, alkoholak, kantuak eta sasien gibeletan jotzen zuen zulo bakarreko xirula kresaltsuak bakez betetzen zutela onartzen zuen. Kantuaren xarma ez balitza, Joanesek ez zuen endelegatzen zerendako egiten zioten hainbat ohore, ohoratzaileak ez zirelarik nornahi pentsa emazu! Ohorea aldi berean zorrotz eta merke zen mende batean bizitzea egokitu zitzaiola gogoan atxikitzen zuen artzainak, kolko gantzatsuan ixkilima herdoilduez medailak itsasten zizkioten bitartean. Begiak hersten zituen eta ez zuen kasurik ematen: fini bedi hau agudo, parti gitean hemendik... marmarikatzen zuen isilik.

        Maite genituen desagertzear zeuden mundu horiek, genituen diot, hor kanpotarrekin batera multzo berean urturik genbiltzalako, artzainak, itzainak, espartingileak, ehuleak, txokolate prixa moldatzaileak, nago idokitzaileak, arto jorratzaileak, sagardogileak, ardo mingarra zoanetarik mahaietara ekarleak, etxe izenak, atari ahantzi zizelkatuak, deiturak, toponimia anemikoak, dantzak eta kantu tradizionalak. Behialako kanpotarrekin nostalgia uholde berdinaz partekatzen genituen eta norberaren folklorea deitzen ahal genukeen fenomenoaren zerrendako gauzak ziren guztiak. Mintzaldiak, ospakizunak eta unibertsitate mailan muntatu kolokioetara gonbitatzen ziren Joanes Azatxunen trakako gizaki sanoak. Tesietan eta ehun irekiduretako ponentzietan ikerlariek aztertzeko ekai brutoa zen gure artzaina. Erdaretan ez jakinez, Sud Ouest-en estimatzeko doia salbu, Joanesek ez zituen paper horietan etzan hitzak irakurtzen ahal. Baina hondarrean, hamabost axola, gasna arrakastatsuen ontzeko gaitasuna ukatzen ez zioten bitartean!

        Mozkorrak galanki harrapatu aitzineko orduetan, berotzearen eta erretzearen leize hegi horretan hain zuzen, Joanes istorio kontatzen ari zen usu, ostatuko kontuarrean bizkarra bermatuz. Irria ezpainetan, zioen, behin izendatuko ez dudan unibertsitate bateko laborategi erraldoira eraman zuela jakintsu batek —honen izena halaber gordean atxikitzera behartua naiz—; analisia franko egin zizkioten han: odola, burezurra, mihia, ahots sokak, papoa, belarriaren malguak, aire hartzeko haragizko hodiak, eskuetako eta oinetako eri puntak izartu eta zenbakiak oro ordenadoreetan sartu, neurtzera utzi ez zuen behereko txistu teleskopikoarenak salbu, hau denboraren botereaz herdoilak jana izan arren. Aste zeken hartan, goizero ehun aldiz kanta zati bat aspertzeraino errepikatu behar zuen:

        —...Bilhuuuak hoili eta koooloriaaak gooorrriii...

        Goitika bukatzen zuen, gontzetarik ateratzear, prozac pastilla bat ematen zioten arte. Arratsaldea lo hil batean higatzen zuen, plastikozko ohe gogor batean xaal-xaaala etzanik. Joanesek gertakizuna arras disgustaturik kontatzen zuen, horrelako kalbario zientifikoen pairatzeko baldin bazen ez zela gehiago inora ere abiatuko erantsiz. Astearentzat zenbat diru erdietsi zuen ez zigun sekula salatu. Ikusi genion aldaketa bakarra, handik laster, Peko Arrüan erosi zuen azeri larruzko oski berri parea izan zen. Eta gizonak sosa maite! erranez burlatzen gintzaizkion, garai hartan trufa zelarik geneukan altxorrik nasaiena.

        Edateko eta jateko ausarki eskaintzen zuten besta antolatzaileei ez zien ezetzik helarazten ordea. Zahardiek, tradizioaren ikur agergarria eta Gaztediek orainaren iraganarekiko lotura bizia zelako deitzen zuten batera, kantatzera, bere euskalki hain berezian istorio kontatzera, afari edo bazkari herrikoietan parte hartzera oro bat. Denak, abertzaleak barne, abere zaleak ziren arraiki eta baiki, naski. Ospakizunen harian anitzetan, Hiritik etorri olerkari ofizialek Joanesen erranak eta abestiak, amildegietan jartzen zituzten, seriatzen, berriz moldatzen eta munduko edozein mikro populuren egitekoekin abilki erkatzen, ikus entzuleria funtsean harrituz. Elite ikasiaren soaren menpe lerratzen zen, bestela justifikaziorik mereziko ez zuen gure kultura herrikoia. In extremiseko onarpena zen guretzat eta arrail on bat mesedez...

        Maitearen bilo horiak noizbait zuritu zirenean, geroaren segurtatzeko bederen, Joanesek erabaki zuen kantu berriak ematea hobe zuela. Piarres Gatzonek idatzi zion musika eta hitzak bere izpiritutik isuri ziren. Emaitzarekin nahikoa fier zen Joanes, hitzezko eta soinuzko jostailuak plazaz plaza jendeak loriatzen zituela. Halaz urteroko Euskaldun Ondarearen Batzarreko bestaren plegatzaileari Zirikari izeneko pieza estreinatuko zuela iragarri zion. Ez bat, ez bi, honek eza eman zion.

        —Otoi, Joanes, ez duzu arauz horrelako afrunturik eginen gure diputatu sozialista maiteari?

        —Ezar beza lehenik sosa listan!

        —Isil zaitez —erraten zion antolatzaileak larderiaz—, hor blasfematzen ari zara.

        —Bena, kreazio bat da!

        —Zer kreazio eta zer deabru! Kreatzen dakien bakarra hemen Jainkoa da. Ezagutzen dizugun maestria furiosean Egüntto batez emaguzu eta kito. Hautematen dudan oroz negarra darit begietarik...

        Euskaldun Ondarearen Batzarrean beraz, bihotza hanturik, aipatu ahaidea taularatzean, firindi eta faranda, melodiaren hausturak hegaldarazi zituen. Diputatu txit agurgarria, hizkuntza pilixkarik ere ez ulertu arren, emozioaren ezpondetan zegoen, aldi hartan berarekin ekarri Monica ohaide gosetiaren azpi muturra zaintsuki eta desiraz zartatzear tinkatu zuela ohartu ginelako: batzar-guneko komunetan handik laster menturaz pipa erreko zuten biek. Kultur erabakitzailea engoxatzeko puntuan zegoen, hark halaber, nonbait bere ekinaren mamiaren funtsa argi zekusalako "proiektu zabalago baten barru-barruan".

        Joanesek erdietsi zuen azken medaila izan zen ordukoa. Mendiko txabolaren eskuin aldean etzanik, tristeziaz hiltzera utzi zuen bere burua, noiztenka edanaren hordia zilegitzen ziola hargatik. Testamentuan "lore, hitzaldi, ikurrina eta ohorerik gabeko ehorzketa nahia" azpimarratu zuen: ondarea izan zitekeen, baina ez hondarra edo hondarkia.

        Kantua, gasna trukean.