% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

Binakotik sortzen baldin bada Batasunaren itxura,
Batasun mota horri ez zatzaizkiola lotu.
Bata gatibatu gabe, izpiritua biltzen denean,
hamar mila gauzak kaltegabeko bihurtzen dira.

 

Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan, goizeko ez dakit zein tenoretan, hozkailua ireki eta ez dudalarik gasna pilixkarik aurkitzen, biharamunetan umore txarrez iratzartzen naiz. Balio ote du jaiki nadin? Diot gauak karrikak oraino gatibatzen dituenean. Eta ohetik altxatzen naiz, makina herdoildu baten gisa. Egoera horretan, errabiak eta animaleko antsiak bihotza hantzen didala, egunak pasa ditzaket lan edo "borroka" kideekin hitzik trukatu gabe. Gohaina hazterainoko paranoia. Orduan nire izana zein izenak gorrotatzen eta murruak arrasatzen ditut, burua apal, hatsa labur eta begiak altzairu.

        Izan-mineko garaietan, oso inutil eta funts bako sentitzen naiz. Laguntza eske edonoren deitzeko gutiziaz nagoenean, haren denbora preziosoa ebastearen beldurrez, norbait hura trabatuko baizik ez dudala iruditzen zait eta ezizatean urtzen naiz salbaiki, nekez eraikia erraz xitxifrikatuz. Pentsatzen dut hor, Egunkaria-ko edo Sud Ouest-eko horoskopoek zenbaitetan iragartzen duten bizitza aldaketa errausle baten premia dudala, zapartatze erraldoia, mila puskatako suntsiketa, barreiaketa latza, gertakari baten desira hots, lanaren eta bilkuren monotonia haustearren. Ondorioz, eguneko betekizunak derrigorrezkoak izanagatik, auhena jabaldu artean, nehor ez dut gehiago helatzen, telefonoari ez diot ihardesten. Orokorki bisean bis gurutzatzen ditudanei ere ez diet "gaizki izana" aipatzen, nahikoa ezezkorra naizela beraiek ohartzen direla hargatik.

        Horrelako batean, zainetan nintzela, ezagun bat nitaz oroitu zen eta hirian "poesia errezitaldi" bat zegoela, hara elkarrekin bideratzea gomendatu zidan, olerkarien hitzen estimatzeko egoeran ez baldin banintzen bederen bizpalau garagardo edanen genituela erantsiz. Axola gutxi nuen eta bakearen izenean, baiezko motelaz erantzun nion. Telefonoan agertu zidanez, deklamatuko zutenak, hitzak ardi marrakaz mukurutzen zituzten "artzain poetak" ziren eta niretzat ez zen beharbada hain seinale ona. Azken urteotan, hiri goraipatuak ez zukeen sosik ekartzen eta hirira orduko edozeinen ametsa baserrira bizitzera joatea zenez, Euskal Herriak moderno itxura ezabatzen zuen kultura alorrean, laborari eta artzainen ikurrak erabiliz, hobetsiz eta kanpoan zein barnean kulturaren gailurtzat joz. Kantariek, poetek, artistek eta oroz bat sortzaileek mugimendu horretan, arraiki parte hartzen zuten, diru publikoak euskaradunen irudi arkaikoa garatzen laguntzen zuelako. "Euskal touch" zelakoa, minoria pribatu batentzat absolutuki zaintzekoa zen, gasnaz bezainbat zaharkeriaz kartzelatu liburuak ekoiztearren, gainerako jendearen euskal edo erdal hizkuntzarekiko biluzte ekintzak justifikatzeko. Isiltasun berriaren urmaelean erran gabe zihoan, euskaltzaleak, sobera laster gizendu zamo arrainen antzera, harroki igerika zebiltzala, ur azalera hatsartzera sekula atera beharrik gabe.

        "Artzain-poetak" behatzekoak genituen arrats hartan, irakurketa gelara heldu ginenean intsentsu usainak ninduen harrapatu, bortitz. Sartu orduko salmoak oihukatzeko gogoa nigan zanpatu nuen, mendi eta haran berde argazkiz edertua zen gunean hedatzen zen ardi zintzarri ozenetan bermatuz. Txukun grabatu kobreen dilin-dalan etengabean, jendeak menturatzen ziren eta giroa jadanik dastatua zuenez, lagunarekin hitz egiten hasten.

        —Gaurkoa ederra izanen da!

        —Bai hala uste dut —zioen batek bere kanibal karkasa inarrosiz—, goi mailako poesia entzunen dugu! Joanes Katsun hauteman nuen behin, ikaragarria zen: ahots bat, horma!

        —Eta behingoz hau hiriko antzoki nagusian eskaintzen dela. Ordu da gure Herri Kultura onartzen dutela froga dezaten!

        —Nor duzu hori? —eskatzen zion baten batek, eriaz erakusten ninduela; eta lagunak ez zuen aski elerik ene aurkezteko:

        —Barnealdetik heldu da —espantuz ari zen—. Poesia maite du eta egiazko indigena da!

        "Indigena" solasa ahoskatzean kidearen ezpainak plegatzen ziren eta neure zinezkotasun markaren azpimarratzeko "Euskaraz badaki" gehitzen zuen:

        —A baia? Autentikoa da beraz?

        —Euskaraz gain besterik ba ote daki? —irri lodi eta gurintsuz lehertu ziren biak, hogei mende astunetan arraileria hobeagorik nehoiz izan ez bailitzan.

        Nire autoktono papera planttan eta sanoki bete nuen, isilik geratuz. Karkazail diskretu bakoitzean urrezko hortzak agerian uzten zituzten emazte biziki ederrak gelara lerratzen miresten nituen, banaka, larrazken aireko jantziz apainduak, biloak hori eta koloreak gorri, Gucci zakuak eskuetan, ardi marrakek eta joare ozenek alegeratzen zuten irakur tokia Channel 5 urrinaz tepotzen zutela. Agurtzen ninduten zenbaitek lagunaren aldamenean nengoelako, baina orokorki, ez nintzen politeziaz akitu gau hartan.

        Bat-batean argiak hil ziren. Aulki herotsak biderkatu. Hasperen estiratsuak hauteman. Hamazazpi eztul idor. Zamarraz eta txapelaz beztitu aurkezlea, punpean hupatu zen taula gainera. Fitxa txikiak zeuzkan ahurrean, deklamatu behar zuten lau Bardoen biografia elementuz belztuak agian. Jakitate herrikoiaren hunkiduraren mugetan amil, izenak eman zituen.

        —Bat. Bi —hasi zen—. Martxan da? Beno, gau on denei lehenik. Arrats berezi honetan, lau artzain-poeta entzunen ditugu: Joanes Katsun, Joanes Mentasun, Joanes Beitzun eta azkena, Joanes Kapatxun. Beren bortuetan libreki eta botereetarik urrun kreatzen duten Iparralde barnealdeko lau poeta onenak! Kultura Ministerioak, Euskal Kultur Erakundeak, Hizkuntza Kontseiluak, Eskualdeko eta Departamenduko kultura zerbitzuek denek batera arrats berezi honen antolatzen lagundu gaituzte: eskerrak guztiei. Bukatuko dut erranez gure gaurko lau artzain-poetak dohainik etorri direla, artearen amodio soilez. Txaloak otoi!

        Esku-zarta zaparradaren erdian azaldu ziren lau gizonak. Orduan nire "gaizki izate" kongenitala ahantzi eta ikuskizunari errotik interesatu nintzaion. Zaharkituak, konkortuak, hagin gabeak ziren. Palto higatuz jantziak. Galtzak herrestan edo pantzoila erraldoietan zinta trinkoaz finkatuak. Bortuko jendeak zirela egiazki agertzeko, horma artifizialez atxikiarazi biloak zut-zuta zituzten, haizeak buhatzean bezala karmuza buruaren gibel aldera bermatua. Ikusleen arima emozio handi batek gatibatu zuen, bederazka, kaiolar mutzituetako giro poetikoa itxuratzen zutela. Duda-muda bulta baten ondotik Joanes Mentasun hasi zen, papera daldaraka.

                        Hegoak hegan hoa

                        Hegalen higadura

                        Higituz.

                        Hi hegan hoa

                        Hegalak higituz

                        Higanako higaduran.

        Hatsa motz geratu zen jendea. Isiltasun mistikoak gela berotzen zuen. Ardien joare herotsarekin batera, goragailuetarik ekaitz ari zen haizearena entzun zen handik laster, bigarren poetaren aldia iragarriz: Joanes Kapatxunek koskoilak hazkatu zituen eta gogoz ikasia zirudien olerkiaren oihukatzeari ekin zion. Hamar liberatan erosi betaurreko meharrak oxkan jarri zituen sudur makurraren gainean. Deklamatu bitartean eskua irudiz kukusoz hanpatu ile zione harroan pasatzen zuen: Joanes Kapatxun hitzekin jostatzen zen galanki, soinuak eta moldeak biderka, behatzaileetan aztoramendua sortuz. Kasko puntatik oskietaraino so egin nion: arropa ilunez beztitua zen eta zapatak zuri-zuriak zeuzkan, tripa animalearen itzal beltzez ttakatuak.

        Irri gogoa bermatu zitzaidan. Lagunari ukabilkada bat eman nion eta hark begirada tzar batez geldirik egotera gonbidatu ninduen. Marmaran ninderraion.

        —Ez dük hoberik gizon —nioen ironiaren eta ilundura latzaren artean erdibitua, non hago Kerouac? Desolazioaren aingeruak etor daitezela! Isildu nintzen.

        Orduan Joanesen ahotsaren apaltzeak harrapatu ninduen, haur. Joanes Kapatxun konkortu zen lurreraino. Lehen lerroko emazte panpox batek, urre eta zilarrezko bere girgileria ozenki inarrosiz, arrosa zimel bat aurtiki zion aurpegira: hortz hirotuak erakutsiz gizona "mila esker"ka atera zen tauladatik.

        Aspertzen ari nintzen. Zigarro baten erretzeko jalgi eta ondoko bi poetak huts egin nituen. Ikusle bilduak trabatuz, lagunak soaz erasiatzen ninduela, gelan berriz sartu nintzenean, azken poetaren txanda zen. Joanes Katsun hedonistagoa zen irudiz.

                        Behiak eta ardiak marrakaz

                        Eta zu maitea,

                        Erdian

                        Deizten.

                        Ai nindezazu deitz ni ere

                        Barnean dudan esne guztiaz

                        Huts nadien.

                        Ahoa ireki eta edan nazazu.

        Argiak piztu ziren eta aitzineko ikusleek, karga erotikoaz arinduak, taula gainera jauzi egin zuten, artzain olerkarien zoriontzeko, autografoak eta xehetasunak galdegiteko: nola bada, poesiaren jakitate zientifikorik gabe, horrelako pieza ederrak moldatzen ahal dituzue? Euskarak ba al du gauzen errateko manera berezirik? Euskara hiltzen baldin bada altxor bat desagertuko zaigu eta blablabla. Guztiak gero, diru publikoaz ordaindu afari erraldoian gelditu ziren, poesiaz hitz egiteko. Geratzeko otoiztu ninduen arren, laguna han utzi nuen.

        —Badakizu —aitortu nion— hauek baino nahiago dudala Jean Jacques Goldmanen abesti bat?

        —Betiko analfabetoa...

        Lagun bat galdu nuen.

        Gasnaren gustua ere bai.