% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

Antsiak arima nekatzen du: zergatik honi ihes
eta hura onartu? Garraio bakarraren bidea
hartu nahi baldin baduzu, sei zentzuen
gauzekiko aurre iritzirik ez hazi.

 

Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean irakurri eta bilkuratik etxerako ibilaldi gautarrean berria alde guztietara plegatu nuen: "Agur gutuna idatzi ondoan, urtarrilaren 12an, astearte iluntzearekin, 86 urteko emazte zahar bat bere Ivryko baratzean aulki luzean etzan eta elurpean hiltzen joan zen". Egunkariak ez zuen agertzen emaztea zein egoeratan atzeman zuten leku hartara heldu ziren artatzaileek? Emazte adinduaren izenaz deus ez: Narayama izan zitekeen, baina banekien, banekien funtsean kazetak aipatzen zuen Maddalen Erreka zela. Adiskide, debaldeko eta euskal literatura nehondik ere aberasten ez duten hainbat orrialderen buruan adiskiderik geratzen baldin bazait bederen, adiskide beraz, nolaz eta nondik dakidan hain segurki eskatuko didazu menturaz. Nahiko nukeen arren, ez naiz aztia, gasnak ez nau pertzepzioaren ateen haraindira eroaten, telepatia zein sinpatiaren ordez laketago zait urdepatia, are gutxiago ez naiz X3C izarbeletik etorri eta idazlez itxuraldatu den V kuskandela ikaragarria. Ezer ez naiz eta badakit.

        Egunkari hark ateratzen zuen berriaren pertsonaia nagusia Maddalen Erreka zela banekien, emaztearen egiazki ezagutzeko parada eduki nuelako ene gazte aroko exilio-bideetan. Alabaina, Antonin Artaud poeta iluminatuak azken hatsa eman zuen ospitalea zegoen auzuneko lantoki publiko batean egunak higatzen nituen orduan: Tarahumara umeak herrokan, konkorturik eta lasaigarriz zintzurreraino emokaturik, jiten zitzaizkidan, gordeka bezala, sos bila. Begi hil haiek oro noiztenka zoro etxetik eskapatzen ziren, baina ez luzerako haatik, laster anbulantzia herotsak hautematen zirelako, lanetik apartamentu hitsetara presaka zihoazen jendeen bakea kabala sangreatu oihu larrutuz hausten zutenen harrapatzera. Erreka anderea ez zen Antonin Artauden kidegokoa. Bestelakoa zen.

        Maddalen, hala dei dezagun hemendik aurrera, urteek haragiz hustu emazte mehakoil laburra zen. Begitartean, betaurreko hirukoitzak zeramatzan. Arropa pobre eta hitsez bezti zen. Bizi osoa lanean eramana zuen, Parisko soto bateko dendari atelierrean, turkiar eme eta haur hotzak ekarrarazi zituzten tarte horretan, Bretainiako Crozon arrantzale herritik gazte joan zenetik erretreta hartu zueneraino. Mintzamoldean, haizeek izoztu lurmutur hartako soinuak atxikiak zituen, batez ere azken hizkien hersteko eta aldi berean, herrestarazteko ohiturak. Maddalenen behatzea maite nuen, Tristan tristearen eta Isolde gosaioaren Brokeland oihanean barna gidatzen baininduen, nolabait, herrialde tragikotik urrundua izan zelako. Biltzen gintuen destinoaren altzairuzko zerupean ez zen urrezko orrazirik, ez eta Graal sakratuaren altxorreko diamantez hornitu kalizarik. Ezer ez, salbu hatsaren mugimenduaren etena.

        Gure ametsak, eskualde anitzetako tren geltoki busti edo portu zikinen kaietan hurrantzen zirenak ziren; hiri nagusia gehienontzat, gero gabeziaren tupina herdoildua zen, sentimendu horrek gintuela hain zuzen elkartzen eta behin-betiko etsitzetik desbideratzen. Lanaren ukateak, mugimenduaren jarraipena itxura zezakeen, baina ez zuen ametsaren kidetasunarekiko inongo loturarik. Maddalenek erraten zidanaren arabera hargatik, esklabo bihurtzen zuen lana utziz geroztik gustatzen zitzaion Ivryko karrika bazterretan, itsas ertzak irudikatuz, debaldeko kazeta eta paperak zakar ontzietarik salbatzen aritzea, orbel hezeak, txirla urtsuak nahiz harkaitzetan hautsi arrain zatiak bailiran. Maurice Thorez abenidako larunbat goizeko merkatuan erosi mihimenezko sarea erabiltzen zuen horretarako, eta eguna bukatzean, uzta ona zitzaiola berretsirik, zazpiak laurden gutxitan lantokira zetorkidan, hitz egin lehiaz hanpatua. Humanoetan, nihauren humanitateari buruz duda latzak neuzkan arren, bere interlokutore bakarra omen nintzen.

        Bi zangodun guztiak joan arte igurikatzen zuen fotokopiagailuaren ondoan, eta hurbiltzen zitzaidan, begi lagunak eri zalantzakorraz ozkan jarriz.

        —Pierre Curieko zikindegian, ingelesaren irakasteko aldizkaria atzeman dut. Gogoa dut orain mintzaira baten ikasteko. Zer diozu?

        —Biba zu —ihardesten nion, segituz—: baina hainbeste trasturekin, etxea estaliko duzu!

        —Egia erran, ez dut etxerik. Duela bost urte kanporatu ninduten, periferikoaren aldameneko ibai hegi ireki hartan zentro komertzial erraldoiaren eraikitzeko. Badakizu. Gaur egun, baratzea duen txabola eskas batean egoten naiz, Gagarin HLM multzoaren auzoan. Sosa behar dut ori zu...

        Dirua ematen nion amultsuki, nigana heltzeko oinez zegien bidea mentalki errepasatuz: Gagarin egoitza saila Stalingrad etorbide aldean zegoen, Stalin plazaren inguruan. Hortik Danielle Casanova karrikara jauzi egiten zuen, metroaren hartzeko. Maddalen Erreka ibiltzaile ona zen, biltzaile hobea naski. Gau apaletan kuxeluz bezala etortzen zitzaidanean modazko eta bihotzeko aldizkariak oparitzen zizkidan.

        —Ez dut nik horien beharrik! Har itzazu.

        —Atxiki zuretzat! Gozoak dira irakurtzeko. Lady Diren gizongai berriaz artikulu sakon bat bada...

        —Ene adinean —mozten ninduen—, ez dut printze urdinez axola handirik.

        Leihatilaren azpitik, ongi plegatzen zituen hilabetekari koloretsuak luzatzen zizkidan. Mila eskerka zinpurtzen nintzaion. Eta hitzak isurtzen zitzaizkigun, bazekielako Maddalenek hunkitzen ninduela, erretzen. Behin ordea, biziaz ari ginela, durduzatuz eta galdea euskaldunki bihurdikatuz, eskatu nion:

        —Ezkondua zara Maddalen?

        —Zuk dena jakin nahi duzu! Uste dut ezetz. Izan baldin banaiz, aspaldi zen eta ez naiz gogoratzen noiz izan zitekeen.

        Irri karkaila kokin bezain xoxo batez lehertu zen Maddalen orduan eta algara xehe hark, mundua inarros zezakeela iruditzen zitzaidan. Marguerite Durasen nobela batean noizbait kausitu nuen, deus ez zuenaren alegrantzia umil eta mendekariaren musika, Vitryko eremuetan gertatzen zen istorioa kontatzen zuela.

        Maddalen Erreka metroko arroiletan gurutzatzen nuenean, plastikozko pegarrak dohaineko urez betetzen laguntzen nion, eleka egoten ginen ilunpeak ilunpeari eta azkenean nor bere etxera abiatzen zen, lur azala aski jorratua zela ohartzen ginenean. Pentsatzen jarririk, Maddalenen herioak biziaren antzekoa behar zuen: ez zen hiritar izutu eta melenga haietarik. Halatan, elurra mara-mara aritu zen larunbat gau batez, etengabeko exilio geldoaren menpe abandonatu gintuen. Urtetik urtera aurrekontuak murrizten zitzaizkien Ivryko udaleko zerbitzu sozialentzat, huts egite galanta zena, jendearentzat, bereziki Maddalen Erreka bezalakoentzat, ametsaren hondar hatseko garaipena zen.

        Berdin joan nahi nuke: elurte batez.

        Je retourne à Ivry.