% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

Mundua aldakor iruditzen baldin bazaigu,
gure ikusmolde faltsuengatik da.
Ez da Egia bilatzearen beharrik;
aski da ikusmolde faltsuen ezabatzea.

 

Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz, bilkurara abiatzeko autoa hartzetik etxera heltzean jaten dudan gasna xerraraino, irratian Manauen tribuko kanta entzun bitartean. Zuhaitz enborretan behera urak lehiatzen ikustea, beribil eroek kolpez eho eta bidean hilotz luze dagoen azeri gaixoa, elge biluzietarik datozkidan ardi marraka elkor bezain txukunak, belar lehor usain goiztiarrak apiril hastapenetan, hutsaren eta gauaren jabetasuna, nahiz bukolikoak izan denak dira elementu narratiboak, oraiko euskal literaturaren ezagutzaile bereziek dioten bezala. Bideko une horiek bizitzako momentu oso partikulartzat dauzkat oroz bat. Ene gauak zuen egunak baino ederragoak dira! oihukatzeko gogoa dut, lanetik kanpoko bazter-ekintzetan denbora sobera galtzen dudala leporatzen didaten kolegei. Eta egia da gaua dastatu gabe ezin nukeela iraun. Paul Austerren pertsonaien antzera, ustea halakoxea dut behintzat.

        Ordea, ordu txikietan ohe hotzean sartzen naizelarik, gasna irentsi ondoan, bakarretan malko lehiaz eta auhenez betetzen zait gogoa.

        —Pott(otta) bat nahi nuke... —pentsatzen hasten naiz eta loak hartzea zail bihurtzen zait.

        Orduan, gasna martzilikatzearen %100 euskaldun moldatu ene izateaz biluzten naiz eta metropoli erraldoietako karrika hegietako kabina telefonikoetan aterpetzen naiz, iluna jaisten den ber, euri zeharrak kabinako bitrak kolpatzen dituela. Desiraz eta antsiaz, bezperako urrats zoroen errepikatzera Lili Marlen deitzen dut: ibili, auhaldu, metroaren zerragia metalikoak klaskan herstear daudela, doi-doia salbaturik lurpetik atera lasterka eta hatsanka, bideo pornografikoak ematen dituzten ostatuetan bizpahiru garagardo hurrupatu eta Zubi Berrien gainetik eskuz esku pasatu, autoak desafiatuz kaleak sigi-sagaz trebeska eta noctanbus hartzera abia presaka, bertan delako lanera joateko tenorea.

        Irakurle maitea, honainoko istorioa gustatzen ez baldin bazaizu, liburua abandonatzen eta SIVOM anitzek ordaindu zakartegietara botatzen ahal duzu: ulertuko dut. Hau, Euskal Herri honetako gizon eta emazte idazleen literaturatik biziki urrun dagoela erraten duzu etsirik; gurean bikoteak edo hirukoteak nahikoa normalizatuak agertzen zaizkizulako, hizkuntzaren eran, estandarrak, gizon eta emazte protagonistak ez direla nehoiz "bururaino" joaten, eskerrak, amodioaren irudipenarekin anitzez aski zaielako etab. Lan honek aldiz ez du zuen gustuko Herriaren itxura onik ematen; hargatik idazlearen obsesioek ez dizute desira basatirik ere pizten! Egia osoa zor dizut hala ere, eta ez dut neure burua justifikatzen: bikote eta kezka burges euskaldun jatorrak zituzten pertsonaiak sortzen nituen garai batean, baina exilioak aldatu ninduen eta gaur egun Lili Marlenen bulardi beltza baino ez daukat eredu. Nonbait bi edo trisexuala izan behar duket eta izkiriatzen dudanak hautatu ezineko kinka hori pairatzen du segur aski.

        Lili Marlenek ez zuen lagunik, ez gizon, ez emazte. Garai hartan, lau toki sinboliko ezberdinetan bizi nintzenez, erro sentimentalik gabekoa nintzatekeen, nehork ez ninduen espreski maitatzen eta desertu horretan nirauen, nomada, aire kutsatua usnatzen, gerizarik gabe eta harreman arriskutsuen menpe. Gauez ez nuen lorik egiten ahal eta hura goizetan ez zen lanean ari. Konpainia ona antolatu genuen halatan, hiriaren axola eskasaren inarrosteko eta igandeetan Du Bellay Plazan masai gudarien seme-alaben miresten astiaren galtzeko. Igandeetan hain zuzen ere, jaikitzen ginenean, arratsalde minean, ardikia jaten genuen. Tizi-Ouzoutik etorri Tahar haragi saltzailea behin harritu nuen, urdekia eskatu nionean.

        —Ez dut, emaztekia! Harategiz engainatzen zira. Guk ez dugu urdekirik saltzen.

        —Tanpis, barkatu —ihardetsi nion, bat-batean ene hutsaz ohartuz—. Orduan emadazu duzunetik —ahalke nintzen.

        Ondoko zazpi asteetan Lili Marlen nitaz burlatu zen, arrazoiekin.

        Tekno klubetara joaten ginen frankotan, musikaz eta gainerako ekaiez horditzera. Ekialdetik sartaldera hiria aztalkatzen genuen gero, eleka, maiz isilik, iraganbidea, bakardade metatuen pean hazi maitasun beharraren eremuen urrakoa bailitzan. Harrigarria zen zinez. Ez nuen nehoiz zehatz konprenitu, gizon zalea nintzela bizkitartean, arrunta hots, zergatik eta nola aurkitu ginen Lili eta biok, ohean, bata bestearen besoetan gatibu, elkarri musuka. Halako raid urbano batetik berant etxeratu ginen eta lanera lehiatu aitzineko bi orduak larruak larruari pasatu genituen. Lilik, zorrogabetuak zeuzkan bularretan jarri zizkidan eskuak eta gidatzen ninduela ahurrak bere sabelean, sabeleko fruitua Jesus! galdu zitzaizkidan. Haren titi puntekin jostatzen ari nintzela, biluzi nintzen eta Liliren behatzak nabaritu nituen handik laster pottottan kilikari. Gure lehen musu maitekorra trukatu genuen, ezpainak ezpainei, mihiak mihimenaren moldean txirikordatuak eta irri lainoaz. Mutu.

        Olio usain goibela zerion metroaren heste-sailetan urtzeko ordua hurbildu zitzaidan. Lili Marlen ohean abandonatu nuen, bihotza apurturik: ez nuen laneratzea biziki maite, are gutxiago goiz hartan pentsatzen ahal den maneran. Tiketa hartu nion emaztea agurtu nuen behingoz eta haren ile horailak atzera bultzatuz ihardetsi zidan. Gurutzatzen nituen begitarte akituak eder kausitzen nituen eta nioen, edozein amodio itxura aldatzailea zela, bikote bat elkarri erasiaka hauteman nuen arte.

        —Mentsa zara ala? Nahi duzu gure umea gal dezadan?

        —Ez, horrelakorik ez.

        —Goazen etxera orduan. Aspertua naiz.

        —Kafea har dezagun bederen.

        —Burutik eri zara. Mutiko tristea! —ahoskatzen zuela neskak, garraio publikoaren herots luzeak haien solasaren haria ebaki zidan eta bagoiaren aixolbean kokatu nintzen, Lili Marlenen gorputzaren harpeen magalean bezala.

        Maitatzea aski balitz mundua kanbia genezakeen, ez? Honakoa zen oskorri ilun hartako ene lehen oharra, ezpainak, gainekoak zein beherekoak, desiraz hantzen nabaritzen nituela, bereizte uneko eleen eresia nirekiko errepikatuz:

        —Amodioa eginen dinagu ez, sarri?

        —Ageriko nola naizen.

        —Ez didan, arauz, buruan min dunala erranen? —erantzun nion eztiki, haren dudazko jokoa, telebistako telefilmetan hainbatetan ikusiarekin ironikoki, erkatuz.

        Otsaileko goiz hartan elurra ari zen kanpoan, lohitzen lurrean, eta iruditu zitzaidan orduan harremanaren mineraltasun urdina zekarrela metroaren barne-barneraino.

        Biharamunean, hitz eman moldean, txinatar jatetxe batean afaldu ginen, sakez horditu, zerbitzariak lekutzeko momentua zela kopetaz seinalatu arte. Ipar haizeek erraztatu abenida jaitsi genuen arraposki, gorputzez eratxiki eta josirik, polizien J7ak huxtuka eta huxtuan zebiltzala larderiatsu, kefiez apaindu langile isil apurren ertzetik pasatuz, larrua diru alde saltzeaz beste bizibiderik ez zeukaten ekialdeko neskatxen saihetsetik suge trebeen antzera lerratuz, so bakarraz kliska eta kliska ari ziren neonezko Asiako denda zein ostatu entseinak miretsiz. Hotzagatik, haragiaren berotasuna isurtzen zitzaigun zainetan, zorion ote? Ohe estaliaren pean kukutu orduko, egunean zehar hanpatu desira lehertu zen, sinesgaitz: hitzik gabe eta sakonki maitatu ginen, aurre eta atze iritziak baztertuz.

        Argi zirrinta altxatu zenean, Lili Marlenek KoFiTaxi enpresari deitu zion, amari telefonatu ondoan: ez nion nik sekula amaz aipamen bakar bat ere entzun, baina bale, gezurra zirudiena irentsi nuen, gaurkoan gasna egiten dudan era berean, turik gabe. Etxe zolatik lau tuta kolpe haserreturen oihartzunak jin zitzaizkigun eta karrikan, musuen hagunaz bereizi ginen, taxi txoferraren begi-keinuen benedikazioarekin. Ez nekien zer pentsa. Ene exilio-bideak ahitu artean, anitzetan kalaka eta balakatu ginen.

        Dagoeneko ez ditut metroak oinezkatzen, baizik eta ilunabarra jaukitzen zaidala, kilometroak, Paul Austerren nobeletako pertsonaien maneran autoaz, zainak kiskailtzen dizkidaten bilkuretara joateko eta handik su gosez itzultzeko. Hargatik, zenbaitetan, ilargia zeru zohargian beteegia agertzen denean edo haize hego epelegiengatik, ezin erran, Lili Marlenen bulardi erronden oroitzak opari sentimental zaizkit. Gasna are indar gehiagorekin hortz artean purruxkatzen dut eta diot:

        —Pott(otta) bat nahi dut.

        Aldion ez dut baldintzarik erabiltzen.

        Noski.