% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

Gauzak ez dituzularik gehiago gorrotatuko,
orduan sartuko zara argitasunean. Zuhurra deus
obratu gabe, dago; eroa aldiz berez kateatzen da.

 

Bilkura luzea, astuna eta urmaela bezain nahasiaren ondotik goizaldera etxeratu nintzen. Izenda ez nezakeen sentimendu goibel batengatik, egia erran, bazter so anitzik gabe bidaia kexu eraman nuen. Antsia zena? Akidura? Gasnaren bidea segitu nuen beste behin, zientifikoki aldion, herenegun arratsaldean supermerkatuan bildu gasna tipikoaren erreklama hostaileko argi eta eder guneak gogoan: ni baino sanoagoak ziren "gure" inguruak eta ondikotz etsia nenbilen; funtsean haserre hargatik, faltsukeriaren xendak, gasnaren antzekoak zirelako, indartsuak, plantakoak eta behar bezalakoak. Faltsukeriak nolabait irauten laguntzen ote gintuen?

        Egoera horretan, hiria zeharkatu nuenean, karrikak jendez mukuru zeudela ohartu nintzen: ikusiz besten arrakasta, ostaleren eta hauen sustatzaile sutsu zebiltzan herriko kontseilariak behingoz kontent izaten ahal ziren, Sud Ouest-en irakurriko zutela gero "Un succés remarquable!" beren urteko negar auhen sailak halatan isilaraziz. Autoko leihotik, pixa idor urrina zeriela karrikei, bide erdira pantzoila jori malguen irudira luzatu tabernako kontuarrari eta goitikin narras hatsa aldiz hiriko izkina ilun eta gordeei zeriela usnatu nuen disgustuz. Hiru zartagailu, lau gasna transgeniko eta zazpi mozkor erraldoi: hori zen eskaintzea maite genuen ohizko itxura mediatikoa! Axolagabe edo umore onez nengoenean spot horiek jasan eta onar nitzakeen; izpiritua irakiten hasten zitzaidanean ordea ezin. Bestondoetakoa itzaleko ahur beltzek agiri publikoen bidez kudeatu eta usteltzen zihoan gure pentsamendu jadanik bakunaren hirotzearen aire zizkolatsua ere bazela iruditzen zitzaidan. Lehen musu eta balaken trukatzeko toki horiek zituzten preseski, bikote moldatu berriek hautatzen, ezer ez bailitzan. Haserre nintzelako agian, amodioa bera gohain orokorraren zurrunbiloan urtarazi nuen.

        Etxeratu nintzenean, mendeek ausikika kolpatu haritzaren maldan gurutzatu kuplearen irudia zerabilkidan kolkoan: gazteak ziren, hain gazteak! Neskaren ahoak mutikoarena irensten zuela ematen zuen, esku irekiak anartean atorrak harrotuz gorputzeko zati leun azaleratuen aztaparkatzen zebiltzala, atsegin eta dolorezko intziriak doi-doia gordetzen saiatuz. Apartamentuko mahai kantoian, bideko ikuskizunak hatz bilakaturik geratu nintzen lo ezin, asea eta barnez nahikoa hunkitua: desiraren gaueko erakustaldiek, debaldeko bilkuren ondotiko bakardadearen izaria oparimintzen zidaten. Une psikologiko neketsu hauen jabalgarri, medikuek asmatzen ahalko zituzketen, eta agudo, papoan pausatzeko patx eratxikorrak, horrela mikro lo ugarien iturriak nornahiri zabalduz. Ez nieke alabaina besterik eskatuko!

        Zainen berriz biltzeko Mairosek utzi Gogor aldizkari pornografikoa harrapatu eta kanapean jarri nintzen. Errebistaren orrialdeen inguratzen hastean, artikulu sakonak baztertu eta biluzik ateratzen ziren gorputz argazkiei begirune berezia eskaintzen nien. Neurekiko pornografiaren biluztasuna kontsolagarri zitzaidala murmuratu nuen. Eskerrak ez ninduela orduan, noiztenka hesitzen nauten egiazko euskaldun zuhur eta zintzo bihi batek begiztatu: mirakulua izanen zen naski gizonezko erkide batekin pornokien komentatzeko ekina, jadanik lizun eta lohi baldin bazitzaion estatistika zurrungatsuetarik isuri euskararen desagertzearen aipamena bera. Hau to! Kontzientziaren arras lasaitzeko, gasna xerra bat moztu eta ezpainetaratu nuen.

Gogor hilabetekariko iragarki sailkatuen aldera pasatu nintzen emeki-emeki. Hizki txikitan zerrendatzen zen orri leun hormatuetako desira bilatzen nuen: bat-batean onartzekoa nuen bista lazki laburtzen ari zitzaidala. Ordea betazalak plomuz hantuak neuzkala nabaritu arte irakurtzen aritu nintzen.

        —E, 52 u, ostatuak eta tabernak ez laket (ez da erraz horrela) Bil. adiskide E. 45-57 u, sentibera, ateratzeko, zintzoa, mintzatzeko, laztantzeko. Idatz: 35132 zk.

        —G 35 u, 1 m 73, 62 k, gaztaina kolore, arina, begi urdin, moto-motozale, intel, sentsuala, bil. Pot. Gustu berdinen partekatzeko. Elkar bizi. Balizko. Laster arte. Idatz: 35122 zk.

        —G, berrogeiko, 1 m 76, 65 k, bilo hori, gorputz eder, sentimentala, eskolatua, umore eta uzki handikoa, bere sagar erdia bil. du, 35-45 urte, mehea, abila, une gozoak, irriak, bidaiak, makarroniak partekatzeko hots. Tel + argazkia otoi. Idatz: 35578 zk.

        —E 50 u, goi maila ikask. Biloak beltz eta luze, begi urdinak, ameslari, bat-bateko, ezkondua, bere biziko E bil. 30-50 u, harreman etengabe eta samurrerako. Idatz: 57098 zk.

        —49 u, g, 1m 78, 67 k, beltzarana, bil. G ekilea, une soil eztietarako eta + kidetasunik balitz. Jas. naiz, alegera, lasaia eta Batuaren maitalea. Laster arte. Idatz: 35039 zk.

        —25 urteko g, bisex bilatzen ditu 18-25 urte art. Egoera berdineko Potikoak, diskrezioa handienarekin noizbehinkako harremanetarako. Idatz: 65432 zk.

        —Nesk. Lesb. Bilatzen nesk. Lesb. batekiko harreman finkoa, adinak axolarik ez du. Idatz: 90873 zk.

        Soa altxatu eta ordulariari behatu nion. Tenorea aitzina zihoala ohartu nintzen batetik —lanerako ordua nukeen— eta bestetik behialako antsiaz husten nindoala. Aldizkariaren azken hostora heltzean, halatan ezpainak poz minberaz zimurdikatu nituen, ez jakin jadanik zein esku trebe aukera, Tatiana (110 p, uzkitxo, 24 ordu, Hotel, etxe, Visa) ala Jessicaren (berria, benetako sua, beltxinga, 95 p, gosetia, 24 ordu, hotel, etxe, Visa) proposamenen artean. Udako sexu-bide hiper beroak xerkatzen nituena nik ere, inori deus aitortu gabe, oihanak suntsituz sortzen ziren hilabetekarietako gizon (29/3 buzt.) zein emazte (130 p) super hornituekin?

        Loak eraman aitzin, bilkuraren tentsio bizkar mazelatik are urruntzen ninduten bizpahiru gogoeta inutil neramatzan oraino: apuñatik isuri endomorphina ttanttak premiazkoak zitzaizkidala sinetsiz, ahurrak sabelpera bideratu nituen, onanismoak apainkeria egokiaren prokreazio helburu saindutik saihesten ninduela ustez. Alabaina, guztiz gehienek, Axularretik haste —hauxe gizon bekaiztia!— beren prediku txukun eta hitzetan abusu-gai bakartia apalesten zuten. Apez eta notable herrokek, Betty Dodson amerikar ikerlariaren pare, euskara bizitzen lagunduko zuten arraiki Ontsa Hilçeco bidea liburuxken ordez Egociro masturbatçeco soroac epaitu baldin bazituzten, eiki. Balaka bat, balaka bi. Bat-batean kofesategiko penitentzia astunez oroituz, eskua izotz gelditu zitzaidan. Heziketaren zama inkontzientea: benetako euskalduna nintzen.

        Ene bigarren pentsamendu alorra, hala deitu badaiteke behintzat, lehena bezain alferra kausituko du, liburu hau Aitorren hizkuntzaz irakurtzearren hartu duen abertzale suharrak: justuki nioen, mintzaira zaharraren osoki normalizatzeko eta estandarizatzeko, desira linguistikoen suak pizteko, gizona edo emazteak larru gorritan, molde erakargarrian —rotin zureko aulkietan demagun eta ez beti karrikan manifestatzen...— agertuko lekizkigukeen argazki koloretsuz hanpatu hilabetekari bat eskas genuela. Ene irudi soileko, gisa horretako kultura ekoizpenak, garapen estrategia ekonomikoaz hazi lau lantegi mega guayek baino gehiago ekarriko lioke euskarari. Enpresetan euskara ofizial izan arren langilearen esplotazioak lirauke, ez?

        Ohe hegiko apalean metatzera utzi gasna azal urrintsuak mirestean, burutazio antzuak oro hasperenka zendu zitzaizkidan. Erabaki nuen orduan, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariarekin, deblauki eta sanoki, aldizkari pornografiko baikorraren ideiaz solastatzea, biharko Hizkuntza Kontseiluari zerbait helburu finko ematearren. Zuzendari haren urratsak hargatik, ez ziren nire gauezkoetan lerratzen. Gasnaren bideek urratu Euskal Herrian egiazki zaila zen gurutzatzea!

        Iragarki sailkatua.

        Ez ahantz igortzea.