Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

Epilogoa

 

Xeperengana hurbiltzen asmatu ez genuenez, berak inor hurbil zekion nahi ez zuelako seguru asko, Xepek, guregandik erabat urrunduta, geratzen zitzaizkion azken erresistentzia ahulak deusezturik, aurretik baskako beste askok egin zuten bezala, heroinaren besarkada amultsuari zabaldu zizkion besoak.

        Lehen egunak —eta are lehen hilabeteak ere beharbada— oso onak izan ziren Xeperentzat, zoriontsuak, inon zoriontasunik bada. Itsaso Leonen besoetatik askatu eta bereetan endredatzea lortu zuen, eta Itsaso, Txus, Kantxa, Leon eta abarrekin, bakailaotarren erresuman sasi guztien azpitik baina batez ere laino guztien gainetik bizi izan zen, lana eta etxea utzita, abandonatutako etxe zaharretan lo egiten, han eta hemen lapurreta txikiak eta handiak eginez... Arantzazuko mobidarengatik epaitu eta ehun mila pezetako isuna ezarri ziotenean ez zuen, noski, xemeikorik ere ordaindu. Beste bide batzuk zituzten haren diru mugimendu irregularrek.

        Junkie gehienei gertatzen zaien bezala, hasieran abentura freskoa izandakoa amesgaizto jasanezin bihurtu zion denborak Xeperi, eta orduan laino guztien gainetik baina batez ere sasi guztien azpitik bizitzea zer den ikasi zuen. Luze iraun zuen, gainera, egoera horrek, urte asko. Azkoitiko zenbait junkiek Gizakia Helburu edo gisako programetara jo zuten heroinarekiko adikzioa gainditzeko baina Xepek ez zuen sekula bide hori hartu nahi izan.

        Junkie moduan kalean eman zituen urte luzeetan izan zen batzuetan Xepe Atraskuan, baina ez zen gu biok izandako adiskidetasun minaren arrastorik txikiena ere geratu. Ez genuen elkarrekin hitz egiten, inoiz edo behin hark edariak eskatu eta nik edariak atera eta kobratzeko ez bazen.

        Gero, 90eko hamarkadan ondo sarturik jada, hiesa etorri zen, eta eritetxeko egonaldia, heriotza ziurraren atari. Baina hiesari aurre egin behar izan zionean ere berekin gorde zuen beti Xepek, azken-azkenera arte, adiskide min izan nuen garaiko izaera —ilun, isil, uzkur, izu, era guztietako mamorro eta narraztien lagun—, eta baita behin zerbait pentsatuz gero pentsatutakoa aurrera eramatearren edozer gauza egitera bultzatzen zuen egoskorkeria ausart eta miresgarri hura ere. Berekin izan zuen beti Xepek ni beti liluratu ninduen barne indar beltz eta sakon hura. Barne indar hori izan zen bere azkena hain gogor eta adierazkor bihurtu zuena, eta hain oihartzun handikoa ere bai ondoren. Nahiz eta asko sufritu, nahiz eta heriotza gertu dagoela jakin, barne indar handia behar du pertsona batek bere buruaz beste egiteko, eta askoz ere handiagoa, jakina, Xepek hautatu zuen moduan egiteko, hau da, bi politikarik —hiesaren inguruko kontzientziazio kanpaina batean— bera zegoen eritetxera egindako bisita protokolarioan, bi politikarien, kazetari askoren eta argazki eta tele kamera mordo baten aurrean bosgarren solairutik hutsera jauzi eginez, larrugorri bizian gainera, guztien flipea handiagoa izan zedin.

        Baina ez, ez nuen Interviú-koei hori guztia ulertarazterik lortu. Izan ere, ezinezkoa baitzen, jakina, guztiz ezinezkoa, hori guztia Interviú-koei zein beste edonori ulertaraztea. Zenbait kontu ezin dira hitzez adierazi. Alfer-alferrik da saiatzea. Jardutea. Kaka esplikatzea.