Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—I—

 

Ilun, isil, uzkur, izu. Hala diote Interviú aldizkarikoek. Neuregandik jaso dute gainera Xeperen deskripzio hori, neuk banan-banan horrelaxe esandakoak baitira hitzok, gutxi gora-behera: «Oscuro, callado, tímido, un poco arisco. Eso es: un poco arisco.» Haren zaletasunik handienak punk musika eta era guztietako mamorro eta narraztiak zirela diote geroxeago, eta egia da hori ere. Ez dago gezurrik. Oso arraroa iruditu zait dena ordea. Ahoz esandako egia xumea xede maltzurreko gezur bihurtu balitz bezala inprimaturik agertzean. Izan ere, ilun, isil, uzkur eta izua zen Xepe, baina ez hori bakarrik, beste gauza asko ere bai. Bizitzari behin eta berriz aurre egin eta bizitzari behin eta berriz gaina hartzeko balio zuen barne-egoskorkeria indartsua zuen, esate baterako. Hark barru-barruan sarturik zuen bizimin beltz ezkutu baina indartsu hura misterio benetan liluragarria zen. Ez naiz ondo ari baina. Oso zaila da hitzez azaltzea, eta nik behintzat ez nuen Interviú-koei hori behar bezala azaltzen asmatu. Ezagutu egin behar zen hura, eta hori egiteko ez zegoen harekin nolanahi jokatzerik, kontu handiz jokatuta ere ez zen-eta batere erraza. Niretzat lehengusu bat eta adiskide bat baino gehiago zen Xepe, askoz ere gehiago, eta Interviú-n irakurri dudanak ez du ezer jasotzen, dena egia izan arren dena gezurra da aldi berean, ez du ezertarako balio. Ez dute arrastorik ere nor zen Xepe, eta axola ere ez zaie axola handirik izango, noski.

 

 

Eskerrak, hala ere, ez diedala Santa Engraziakoa kontatu! Akabo bestela! Orduantxe bai izorratuko genuela Xepe benetan, edo Xeperen oroitzapena. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer idatziko zuten gibelandi horiek.

        Xeperen arreba Ines ezkondu zen egunean izan zen Santa Engraziako gertakari hura, 1983ko udako egun bero batean. Hemezortzi urte zituen orduan Xepek, neuk bezala; hemezortzi urte eta, neuk bezala eta adin horretan dagoen edonork bezala, nahasketa handia buruan, bere buru ilun, isil, uzkur eta izuan. Emaztegaiaren lehengusu nintzenez, ni ere izan nintzen eztei haietan. Lehengusuak izan arren, Xepek eta biok oso azaletik ezagutzen genuen elkar artean ere, ez baikinen auzune berekoak, eta ezta eskola berean ibiliak ere: Floreagako eskolan ikasia zen hura, umeak jipoitzen gupidagabe izateko fama zuten fraile merzedarioekin (merzenarioekin, haiek gertutik ezagutu zituztenen hitzetan esateko), eta ni, aldiz, Eskola Nazionaletan (Nazional Espainiarretan, jakina). Nolanahi ere, nahiz eta elkar ez oso ondo ezagutu, egun hartan gurea ez zen festa batean galduta geunden biok, eta horrek elkarrengana hurbiltzera bultzatu gintuen ezinbestean. Ez genuen asko hitz egin elkarrekin baina, isiltasunean bildurikoa bazen ere, babesa eman genion batak besteari.

        Dotore jantziarazi zuten Xepe etxekoek egun hartan, alkandora zuri berri batekin eta pintzadun galtzekin, bakeroak baina pintzadunak; eta beste inoiz ikusi ez diodan janzkia ere bai: zapata pare bat. Hasiera-hasieratik bakarrik eta galduta sentitu zen alaitasun eta algara errazeko festa handi hartan, arrotz senitartekoen jaialdi nardagarrian. Adin guztietako jendea dotore jantzita, zermoduzka eta zorionka elkarri, irribarrea beti ezpainetan, festa hartan parte hartzeko eskubidea izateko ziurtagiri ezinbestekoa balitz bezala. Jan, edan, barre egin algaraka, karameloa baino likatsuagoko talde horteroaren musika melengaren konpasean dantza egin, dena irri, dena ezti, dena zorion zuri. Zer egiten zuen Xepek han? Zer eskubide zuten bere senitartekoek Xepe bere izaerarentzat guztiz kaltegarri eta arrisku benetan handikoa zen festa hartara joatera derrigortzeko?

        Egoera anker hari Anjel Marik eman zion errematea, Xeperen anaiak, bazkalostean, kafearen orduan. Xeperen ondoan eserita nengoen ni, festa zentzugabe hartako bi arrotz bakartiok elkarrengana bildu baikinen bazkalordu eta bazkalondo luzeen mehatxuari aurre egiteko, nor bere bakardadean bakar sentitzeari utzi gabe. Gure aurrean Anjel Mari beste lehengusu, koinatu eta bestelako ahaide batzuekin berriketan ari zen, oso animatuta. Mutilak ziren denak, gu baino urte batzuk zaharragoak, 25 urtetik 30era bitartekoak gutxi gora-behera, eta hizketa gaia, berriz, neska kontuak zituzten. Alkoholak pixka bat erasanda zeuden guztiak ere ordurako eta algaraka mintzatzen ziren, elkarri txanda eman nahi gabe, nor baino nor oilarrago.

        — Honek, berriz, ia hemeretzi urte zauzkak eta ez ziok oraindik neska bati gerririk ere ikutu —bota zuen Anjel Marik algara batean, hatz erakuslearekin Xepe seinalatuz—. Ez dik nire anaia ematen. Lotsa eta dena ematen zidak. Marikoia ote den pentsatzen hasita nagok.

        Xepek ez zuen gehiegizko larridurarik erakutsi. Irribarre bortxatua ezpaineratu eta besoak astinduz anaiari bakean uzteko adierazi nahi zion keinu traketsa egin zuen, anaiak esana broma hutsa bailitzen, garrantzi handirik gabekoa. Barrutik, ordea, min handia egin zion anaiaren komentarioak. Ezteietako giro itogarriak bere baitako sumendian pilatua zuen laba guztiak gainezka egin zuen anaiaren ateraldi baldarraren ondoren. Ez kolpetik baina, ezarian-ezarian baizik.

        Xepek ez zuen inor bere barrenean gertatzen zenaz konturatzerik nahi izan. Tarte bat utzi zuen pasatzen, eta neu ere ez nintzen ohartu aldegin zuenean. Geroago jakingo nuen nola sentitu zen eta zer egin zuen Xepek egun hartan. Hurrengo urtean kontatu zidan, zortzi edo bederatzi hilabeteren buruan, jada elkar hobeto ezagutu eta elkarren adiskide min egin ginenean. Benetan harrituta utzi ninduen, zur eta lur, Xepek bere arrebaren eztei eguneko arratsaldean zer egin zuen jakiteak.

        Etxera jo zuzenean, arropa deseroso haien ordez zapatilak, kirol-galtza motzak eta nikia jantzi eta bere motor txikia hartu zuen, batetik bestera mugitzeko maiz erabili ohi zuen 49 zentimetro kubikoko Mobylette apal horietako bat, kolore gorrikoa. Hobeto sentitu zen berehala. Ezteietako giroak barruan utzi zion ezinegonaren zama arintzen hasi zitzaion. Azkoititik Azpeitira eta Azpeititik Erdoiztarako bidera jo zuen. Herri kaskotik urrunduz paraje gero eta bakartiagoetan barneratu ahala, arin eta askeago sentitu zen, bere desoseguen iturburu ziren oroitzapen eta arazoak oro atzean uzten ariko balitz bezala. Erdoiztarantz jarraitu barik Aizarnara doan bidea hartu eta Santa Engraziako baseliza txikirantz abiatzen den mendi-bideskaren hasieraraino heldu zen. Motorra han utzi eta oinez ekin zion bideskan gora.

        Arratsaldeko bost eta erdiak pasatxo izango ziren Santa Engraziako baselizak burutzen duen tontorrerantz abiatu zenean. Bero zegoen makularik gabeko zeru urdinaren azpian. Gorputz barneraino sarturik, ezteietako giroak utzitako ezinegonaren azken aztarnak erretzen zizkion eguzkiaren indar garbiak; desoseguaren eta barne-minaren sumenditik irtendako laba urtzen ari zitzaion bero sarkor haren indarrez. Guztiz arin eta libre sentitu zen bakardade handi, eder eta garbi hartan. Bere buruaren jabe. Izerditzen hasia zitzaion nikia erantzi eta eskuetan eraman zuen baselizarako dagoen bide laburrean gora. Pixkanaka-pixkanaka, ia-ia oharkabean, bakardadeak, beroak eta biluztasunak bere grina sexuala kilikatu zuten.

        Gora heldu zenean ez zegoen inor ez baselizan eta ez inguruetan. Santa Engraziako baselizaren ataria inguruko mendietara begiratzeko terraza aparta da, bista zabalekoa. Kiroletako galtzak, berriz, aise eranzteko moduko janzkia. Pixa egiteko zakila galtza barrutik atera barik galtzak jaitsi egin zituen Xepek, inguruan zituen mendi eta paraje haiei guztiei bere gorputz osoa erakusteko irrika kontrolagaitz batek bultzaturik. Pixa egin bitartean, pixkanaka jiratu eta alde guztietara jarri zituen ikusgai bere gorputzaren atalak oro. Pixa egin ondoren, galtzak oin artetik askatu, zapatilak ere erantzi eta guztiz larrugorritan geratu zen, begiak itxita, besoak lau haizeetara zabalduta eta bere gorputza poliki-poliki jiratuz. Zakila bere kasa gogortzen eta zutitzen ari zitzaiola sentitu zuen, eskuen ukiturik gabe. Irrika erotiko zorabiagarri batek bahitu zion borondatea, «munduarekin narrutan egiteko» (hala zioen egun hartakoa kontatu zidanean) premia esplikagaitz batek.

        Hala ere, larrugogo zoro hark ezkerreko eskuarekin —ezkerra baitzen— zakilari heltzera bultzatu zuenean, inork ikusiko ote zuen beldurrez edo, baseliza barrura jo zuen Xepek, nikia, galtzak eta zapatilak eskuineko eskuarekin hartuta. Barruan eme baten irudiarekin egin zuen topo Xeperen grina sutsuak: Santa Engraziako Ama Birjina. Hari begira jarraitu zuen zakil zutitu eta gogortua astintzen. Bera ere harrituta zegoen, ez zekien oso ondo nondik atera zezakeen aurrera jarraitzeko ausardia, baina guztiz ezinezkoa zen hasitako bidean atzera egitea. Gero eta handiagoa zen Xeperen plazerra, gero eta bortitzagoak ziren Xeperen eskuak zakilari eragiten zizkion astinaldiak, gero eta urduriago bihurritzen zen Xeperen gorputz osoa, harik eta azkenean mugimendu haiek isuri oldarkor eta atsegin batekin amaitu ziren arte. Azken unean, zakil muturretik isuritako hazia aldare gainera eta aldare gaineko loreetara bideratzen saiatu zen.

        Bat-batean, artean guztiz bere onera etorri gabe zelarik, kate-hots trakets batek asaldatu zuen. Taupada larrietan azkartu zitzaion bihotza. Ondoren, sei kanpai hots makal entzun zituen: baselizako kanpai mekanikoa seiak jotzen. Azken kanpai hotsa entzun orduko nikia, galtzak eta are zapatilak ere jantziak zituen, baina bihotzak taupaka larrian jarraitzen zuen. Baselizatik irten, inguruetara begiratu eta ez zuen inor ikusi, baina hala ere korrika ekin zion beheraka, mendizaleren batek goraino igo eta berak baseliza barruan utzitako arrastoak ikusiko ote zituen beldur. Ez zuen inor ikusi errepiderainoko bidean baina motorra hartu eta etxerako bideari ekin zion arte ez zen erabat salbu sentitu.

 

 

Zortzi edo bederatzi bat hilabete geroago, Atraskuko barran nengoen ni, zerbitzari lanetan, bezero askorik ez zegoenez Xeperekin berriketan, hark bere abentura sexual ezohiko eta heterodoxo hura kontatu zidanean. Adiskide minak ginen ordurako eta maiz antzean hitz egiten genuen biok gisa hartan, Atraskuko barraren alde banatan, bezero hura, zerbitzari ni. Ezin izango dut sekula ahaztu egun hartako gure solasaldia, hain utzi ninduen liluratuta Xeperen kontaketak. Nahiz eta ia urtebete pasea izan ordurako, gogoan tinko iltzatua zuen artean ere arrebaren eztei eguneko bere jokabide aitorgaitzaren oroitzapena. Hartaz hitz egitean ezagun zuen gertakaria bere baitan bizi-bizirik zuela. Bera ere harrituta eta ezin ulertuta zegoen. Txikitandik eman diguten heziketa erlijioso eta errepresiboaren aurkako bat-bateko ateraldia izango zela esan nion nik. Baietz erantzun zidan, bazitekeela, baina horretaz oso ziur ez zegoela edota horrek axola handirik ez ziola adierazten zuen keinua eginez. Hala izango zela beharbada baina hala ere, kontuak kontu, arratsalde hark indar misteriotsu berezia zuela beretzat.

        — Eta ba al dakik gauza bat, Niko? Egia esateko, Santa Engrazian egin nuenaz harro sentitzen nauk, oso harro, benetan —esan zidan irribarre eginez, garagardoari trago luzea jo aurretik.