Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—VI—

 

Soldaduzkara joan behar zuten Azkoitiko mutil gazte guztiak batera neurtu eta pisatzen zituzten lehen herriko udaletxean. Gaur egun beste modu batera egin ohi dio zerbitzu hori Azkoitiko Udalak Espainiako Armadari, mutil gazteei banaka deituta. Beharbada izango du aldaketa horrekin zerikusirik gaztetxekook 1984ko martxoaren 11ko neurketei egindako sabotaiak.

        Gu, 1965ean jaiotakook —Xepe eta biok, besteak beste—, urtebete lehenago egon ginen bezala, eguerdiko hamabietarako zeuden deituak igande hartan 1966an jaiotako Azkoitiko mutil gazterik gehienak udaletxeko kontzejupera, han bildu ondoren gora igo eta udaletxeko batzar areto nagusian banan-banan neurtu eta pisa zitzaten. Udalak deitutakoez gain gaztetxeko hainbat nes ka-mutil ere bildu ginen. Xepe ere han zen, noski, eta beste asko, garai hartako gaztetxeko ia-ia denok: Periskopio, Txus, Kantxa, Antijos, Urrategi, Esther —argazkiak egiteko kamera hartuta—, Xingular, Pipi, Presto, Lu, Pako eta beste asko...

        Neurketa lanak hasi zirenean denok batera igo ginen eskaileretan gora, indarrez, kementsu, borrokarako gertu. Neurketak egiten ari ziren aretoan sarturik, ezertan erreparatu gabe, zuzen-zuzenean neurtzeko tresnei heldu genien (ni ez nintzen haiek ukitzera iritsi, asko baikinen, baina, tira, han nintzen behintzat). Esther atzeraxeago jarri zen, argazkiak egiteko. Neurketa lanetan zebiltzan udal zinegotzi eta langileak aho bete hortz geratu ziren, erreakzionatzeko denborarik gabe. Batzuk saiatu ziren neurgailuari eta baskulari eusten baina ez zeuden horretarako prestatuta. Baskula aldameneko leihotik behera bota zuen Xingularrek, aldez aurretik inor ez zuela burutik behera joko ziurtatu eta gero. Neurgailua, aldiz, handiegia zen kalera botatzeko eta zenbaiten artean eskaileretara atera eta eskaileren erdiko tartean behera bota zuten. Zoruaren kontra hautsi zen Azkoitiko Udalak mozo-ak neurtzeko zuen neurgailu zaharra.

        Gure helburua beterik, korrika eta oihuka jaitsi ginen udaletxeko eskaileretan behera, «Soldaduzkarik ez!» oihu eginez.

        Zinegotzietako bat, Juanito Txinparta esaten diotena, gure atzetik abiatu zen, bere onetik irtenda, oihuka eta mehatxuka.

        — Nora zoazte? Ez ihes egin. Etorri hona! Hau ez duk honela geratuko!

        Eskailerak jaitsi eta kontzejupeko atera iritsi zenean gelditu egin zen azkenean zinegotzi amorratua, jazarpen zoro haren antzutasunaz konturaturik edo. Besoak altxatuz azken mehatxua bota zigun.

        — Gogotik damutuko zaizue!

        Zemaia ahoan eta besoak airean, bete-betean harrapatu zuen une hartan Estherrek bere argazki kamerarekin. Ez genuen barre gutxi egin gaztetxean hurrengo egunetan argazki haren kontura.

 

 

Sabotaia gogoangarria izan zen hura, arrakastatsua oso, baina, atzera begiratuta, gaztetxearen aro baten amaiera markatu zuela ere esan daiteke. Nolabaiteko garapen eta normalizazio bidean sartzen hasiak ginen ordurako. Onerako eta txarrerako. Lehen lauzpabost asteetan Udalak gaztetxea ezagutu eta gaztetxeari, argindarra mozten ahalegindu barik, urteroko aurrekontu bat onar ziezaion egin genuen borroka, hainbat eratan: udal batzarrera joan eta gaztetxeari buruz hitz egin eta erabaki artean irteera eragotzi genien behin zinegotziei, oso tentsio handia sortuz; batzokiaren okupazio sinbolikoak ere egin genituen; enkarteladak, pintadak, barrikadak eta bide mozketak...; borroka horren parte izan zen Xepe etxetik ihes egitera bultzatu zuen udal bandaren emanaldiaren sabotaia zaratatsua ere... Baina, nahiz eta Udalak gaztetxea ez ezagutu eta gaztetxeari dirulaguntzarik ez eman, gai horren inguruan nolabaiteko oreka batera iritsi ginen azkenean eta giroa baretzen hasi zen, poliki-poliki, oharkabean.

        Kaleko mobiden ordez, gure ekimen kulturalak hasi ziren izaten, pixkanaka-pixkanaka, gaztetxearen ezaugarri eta sinbolo nagusi. Hori bai, heterodoxo eta eskandalagarri samarrak ziren horietako batzuk, bai Euskal Herriko erreserba izpirituala zen gure herrian behintzat. Rock eta punk musikako kontzertuak antolatu genituen batik bat, baina baita antzerki emanaldiak eta beste era askotako ekimenak ere. Esate baterako, garai hartan astero-astero haxix zozketa egiten hasi ginen; dirua atera eta, bide batez, geure-geurea genuen drogaren legalizazioa aldarrikatzeko modua izan zen hura. Gogoan dut zozketa haietako txarteletan idatzitako testua: «Hamar gramo palili»; kontaezinak baitziren, izan ere, haxixa izendatzeko genituen izenak.

        Udaleko neurgailua eta baskula txikitu genituen egunaren biharamunean ere bazen, astelehen arratsaldez, Gazteen Asanbladak antolatutako ekimen kultural bat: Pinturaren Festa. Herriko pintore enroilatu baten gidaritzapean, gaztetxeari kolore berriak eman zizkioten egun hartan zenbait gaztek, Xingular eta Esther horien artean.

        Kanpoaldean hasi ziren lanean. «Gaztetxea» zioen letreroaren inguruan eta azpian, komiki estiloko hainbat irudi pintatu zituzten, lehendik zeuden grafitietako batzuk —´A` bat zirkulu baten barruan, okupazioaren zeinua, «Gaztetxea, gure etxea»...— ezabatu gabe: talde punki bat zuzenean jotzen, akelarre bateko figurak, rasta bat porro handia erretzen...

        Barrualdeari ekin zioten ondoren, ordura artean apaindura bakartzat letra okerrez egindako grafiti narrats batzuk baino ez zituen areto nagusiari. Haiek ezabatu eta hormetan muralak egin zituzten. Bi horma bat eginez, zaldiak pintatu zituen pintaketa lanak zuzentzen ari zen artistak, amets giroko paisaia magiko, koloretsu eta liluragarri batean. Beste horma batean, berriz, Estherren ideia bat gauzatu zuten Estherrek berak, Xingularrek eta beste kolega batzuek, elkarlanean; sokatira baten irudia zen: alde batean gazte jendea, gure erara jantzitako neska-mutil gazteak, arropa punkiz edo, bestela, bakero arruntez, eta bestean hainbat uniformedun: militarra, polizia nazionala, guardia zibila, ertzaina, gotzaina eta traje dotorez jantzitako gizona, hots, bankaria edo enpresaria. Barra atzeko horman zati txiki bat baino ez zen libre geratzen, gainerakoa barra atzeko apalategiek hartzen baitzuten; zati txiki hartan kalera jotzen zuen leiho bat zegoenez, pintore zuzendariari leiho inguruak kolore psikodelikoz egindako makula nahasiz apaintzea bururatu zitzaion.

        Xepek ez zuen parte hartu pintaketa lanetan. Gaztetxean egon zen, ordea, pintoreak beren lanean ari ziren bitartean, Periskopio, Txus, Mirari, Leon eta Itsasorekin berriketan, porroak erre eta garagardoak edaten, tarteka-marteka pintaketa lan korapilatsu haiei begira. Beltza eta Tras ere, gaztetxeko bi txakurrak, han ziren, noiz zoruan usnaka, noiz etzanda eta begirada noranahi galduta. Zorua pintura potez eta egunkari orri zaharrez beteta zegoen eta, egoera horixe aitzakiatzat harturik, Periskopiok pintore sufrituei adarra jotzeko gogoa izan zuen.

        — Hau ez duk kuxidadea! Gero txukun-txukun utzi behar duzue dena, aditzen al duk, Xingu? Ez ahaztu Xeperen etxean zaudetela, eta Xepe mutil txukuna duk gero...

        Bere betiko umore ona erakutsiz, makurtuta lanean ari zen Xingularrek zutitu eta irribarrez erantzun zion Periskopiori, arratsaldeonen doinua eta jarrera imitatuz.

        — Hau duk hau gazte jendea! Lanik egiteko gogorik ez eta lanean ari dena ere ezin bakean laga...

        — Lana lehen ere nahikoa egiten diagu bestela. Ez gaudek alferrikako lanetan nekatzeko.

        — Alferrikakoak? Ikusiko duk zer txukuna geratuko den hau.

        Txusen ikuspegi estetikoa ez zetorren bat Xingularrenarekin.

        — Alde ederra lehen zegoen bezala! Niri lehen oso ondo zegoela iruditzen zaidak. Pareta pintatu eta txukunak etxean zauzkaat nik, eta gaztetxera etortzen naizenean etxea ahaztea duk nahi dudana.

        Itsasok, aldiz, nahiz eta pintaketa lanetan ez aritu, begi onez ikusten zuen Xingular, Esther eta abarren lana.

        — Ba niri ondo geratuko dela iruditzen zaidak. Eta hik nahi duana esango duk, Txus, baina hemengo paretak ez dituk hire etxekoak bezala geratuko. Nire etxekoak baino askoz politago geratuko dituk behintzat, hori seguru.

        Itsasoren oniritziaz baliatzeko aukera ederra ikusi zuen orduan Estherrek, lanari une batez utzirik.

        — A, ba hain ondo iruditzen bazain, lagunduko digun pixka bat, ezta?

        — Zertan? —estutu zen Itsaso—. Ez zaukanat aldatzeko arroparik...

        — Ez, lasai, pintatzeko nahikoa jende gauden, baina agoarrasik gabe geratu gaitun eta Unamunorenera joan eta ekartzen badigun...

        — Bueno, hori besterik ez bada... —Bere inguruko adiskideei begiratu zien gero—. Zeinek lagunduko dit?

        Zalantzak bereganatu zuen kolpetik Xeperen barrua. Urduritasuna areagotu egin zen Periskopiok hautagai egokiena Xepe zela esan zuenean.

        — Bueno, Xepe, egun osoa hemen pasatzen duk eta komeni zaik noizean behin bueltatxo bat ematea, aire pixka bat hartzeko besterik ez bada ere.

        — Eta hiri ez ala? —atera zitzaion Xeperi, Itsasorekin bakarrik egoteko aukeraren beldur eta, batez ere, barruan zuen larritasuna ezkutatu nahi etsian.

        — Gu ondo gaudek hemen, Xepe —esan zion patxada adierazten zuen bere doinu afektatuarekin Leonek—. Zuek etortzen zaretenerako porro bat egina izango diagu guk.

        — Goazen ba —etsi eta irribarre urduriari ezin eutsirik abiatzeko keinua egin zuen Xepek.

        — Hi zer, ez al hator gurekin? —galdetu zion Itsasok Mirariri, eserita zegoen taburetetik jaiki eta gero.

        — Ez, nahiago dinat hemen geratu. Gure ama kalean ibiliko dun eta ez zaukanat harekin topo egiteko batere gogorik.

        — Gero arte orduan.

        Ez zion poztasun handirik ekarri Xeperi bere bihotzeko Itsasorekin bakarrik egoteko aukera xume hark.

        — Burua huts-hutsik sentitu nian —esan zidan Xepek egun hartakoa kontatu zidanean—. Ez zitzaidaan Itsasori une hartan komentatzeko moduko ezer bururatzen, eta berak ere ez zidaan ezer esaten. Isil-isilik joan gintuan biok Unamunoreneraino. Nirekin baino askoz gehiago hitz egin zinan kalean ikusitako ezagunekin. Niri ezta kasurik ere. Ni inor izango ez banintz bezala.

        — Jakina, hik ez bahion ezer esaten...

        — Ez nekian zer esan, Niko. Zeharo blokatuta nengoan, ezinduta... Berak nahi duenean Itsasok bazakik hizketarako gaiak ateratzen. Baina harentzat bere ondoan egongo ez banintz bezala zuan. Edo okerrago: molestatu egiten niolako irudipena nian.

        — Bueno, bueno, Xepe, ez hadi paranoikoa izan. Igual bera ere blokatuta egongo zuan, hi bezala, hi harentzat berezia haizelako... Akaso seinale ona duk Itsasok hiri hitzik ere ez esatea.

        Kontsolamendu ahalegin hark ez zuen batere indarrik ordea, are gutxiago agoarrasa erosi eta gero Itsaso eta Xepe gaztetxera itzultzen ari zirela gertatu zena kontuan hartuz gero: Poli, Trino eta Nekanerekin topo egin eta haiekin Dean tabernara joatea erabaki zuen Itsasok, abarrasa gaztetxera eramatea Xeperen kargu utziz.

        Ondorio garbia atera zuen Xepek agoarrasaren kontu etsigarri haren ondotik.

        — Garbi geratu zuan Itsasorekin ez dudala zer eginik... Eta hobe horrela. Egia esanda, ederra duk eta nahiko nikek berarekin egon. Baina berarekin egonda, zer egin? Ez zauzkaat ideiak batere garbi, Niko.

 

 

Agudo ezarri zuten telefonoa gaztetxean, Xepek artean etxetik kanpo bi aste eta erdi baino ez zeramala. Bertan bizi eta bertako tabernari lanak egin ohi zituenez, Xeperi egokitu zitzaion hark batere maitea ez zuen traste haren deirik gehienei erantzutea. Hala ere gutxien hartu nahi izango zuen hura iritsi zenean, telefonoa jarri zuten aste bereko larunbateko bazkalondoan, ez zen bera egokitu aparailuaren ondoan.

        — Hi, Xepe, hire amak hots egin dik lehenxeago telefonoz hitaz galdezka —esan zion arratsalde hartan gaztetxeko barran egokitu zen Xingularrek, orduantxe lokalean sartu berriak ziren Xepe eta bere baskakoei garagardoak ateratzen zizkien bitartean.

        — Amak? —harritu eta urduritu zen Xepe—. Eta zer nahi zuen?

        — Hirekin hitz egin. Ez hengoela hemen esan zioat.

        — Besterik esan al dik?

        — Ez, ez dik ezer esan.

        — Traste madarikatu hori! —atera zitzaion barru-barrutik Xeperi, telefonoari gorrotoz begira. Guztiz patetikoa zen bere aurpegiera: tenk jarri zitzaizkion lepo meheko giharre finak, xitel-xitel, eta ezpainak itxuratxarki bihurritu, beldurgarri baina, aldi berean, barregarri—. Txiki-txiki eginda lagako haut halako batean! Kabroi zikina!

        Isilik geratu ziren Xeperen adiskideak. Inork ez zekien zer esan. Periskopiok urratu zuen isilunea, Xeperi bere iritzia emateko.

        — Ez duk horrela jartzekoa ere, Xepe. Ez duk harritzekoa ama hire bila izatea. Hik ez badiok kasurik egiten...

        — Egon hadi isilik! —oldartu zen haserre baina hala ere lehen baino pixka bat lasaixeago Xepe—. Ez diat ezer ere jakin nahi familiarekin. Orain bake-bakean nagok eta ez diat bake hori inork izorratzerik nahi, ulertzen al duk?

        Beste isilune laburra sortu zen. Amorruaren ordez bazirudien negargura zela nagusitzen hasia Xeperen baitan. Ordura artean isilik egon zen Mirarik serio hitz egin zion orduan Xeperi.

        — Aita eta anaiak ez zakiat, baina ama asko sufritzen ari duk, Xepe. Joan den larunbatean, Fidel zuen Azpeitiko lehengusuaren bodan, Arantzazun, oso gaizki pasatu zuela esan zidaan, denak hiregatik galdezka eta bera zer esan ez zekiela... Ni ikusten nauen bakoitzean galdezka hasten zaidak eta lasaitzen saiatzen nauk, baina...

        — Hik esaion ondo nagoela, baina lagatzeko ni bakean. Eta ez hots egiteko berriz hona... —Isilune labur bat egin zuen, kalkuluak ateratzen ariko balitz bezala—. Seguru hik eman dionala hemengo telefonoa.

        Xeperen begirada salatzaileari harro eutsi zion Mirarik.

        — Ba bai... Gaizki iruditzen zaik ala?

        Xeperi, aitzitik, behera joan zitzaion begirada, burua makurturik.

        — Ez zakinat, Mirari, ez zakinat... Ez dinat horretaz pentsatu nahi...

        Indarrak bildu eta burua altxatu zuen berriro, inguruan zituenei begiratzeko kemena berreskuraturik. Trago luzea jo zion eskuan zuen garagardoari.

        — Egin ezak porro bat, Kopio —esan zuen gero, botila barra gainean uzten zuen bitartean.

 

 

Arrastoa utziko zuen parranda latza etorri zen ondoren. Larunbat gau hartan bero-bero eginda ibili ziren Xepe, Periskopio, Leon, Mirari, Kantxa eta Txus, tripi bana janda. Bolada hartan nahiko ohikoak izan ziren tripiak gure artean. Nahiz eta LSDak gure aurreko belaunaldiko batzuen buru-osasuna kolokan jarri zuela jakin, oso erakargarria zitzaigun aluzinogeno koloretsu eta bitxi haien puskerra.

        Xingularren adiskide baten bitartez egindako kontaktuari esker, Frites Modernes talde punki holandarraren kontzertua genuen gaztetxean. Talde indartsua zen eta oso giro ona sortu zuen kontzertuak. Pogo saio ederra egiteko aukera izan zuten punkizalerik amorratuenek.

        Zenbaiti gutxitxo iruditu zitzaien, ordea, kontzertu hura. Izan ere, Frites Modernesen emanaldia, bere gogorrean ere, musika zerutiar gozoa baino ez baitzen izan Cirrosis, Optalidón, Basura eta Odiok bi aste lehenagoko ostiralean sortu zuten kristoaren aldean. Pipi ari zen barran lanean, eta Frites Modernesen kontzertua amaitu eta gero Pipiri Sex Pistolsen diskoa jarriarazi eta musikarientzat prestatutako oholtza gainera igo zen Txus. Nahiz eta deskonektatuta egon, tinko eutsi zien mikrofonoari eta mikrofonoaren zutoinari, eta, diskoko kantuarekin bat eginez, play back zoro bati ekin zion, bene-benetan ariko balitz bezala, buru-belarri, guztiz kontzentratuta bere zereginean. Ez zekien ingelesez baina horrek ez zuen axolarik, noski, ez baitzuen horren beharrik Sid Viciousena egiteko. Kontzertuan egondako jende asko gaztetxetik irtena zen ordurako baina hala ere jende multzotxo bat osatu zen oholtza aurrean. Xepe, Leon, Mirari, Kantxa, Periskopio eta beste batzuk zeuden lehen lerroan kokatuta, oholtzatik gertuen. Sex Pistolsen kantak Txusek zuzen-zuzenean kantatuko balitu bezala jarraitzen zituzten, dantza eroan, elkarri bultzaka. Txusi muturrera listua botatzen hasi ziren aurki batzuk, eta Txusek, haserretu barik, are gusturago jarraitzen zuen berean, play back harrigarri hartan itsu-itsu murgilduta. Ni eszenatokitik urrun samar nengoen, Antijos, Xingular, Urrategi eta Estherrekin. Harrituta geunden Txusek sortutako ezusteko ikuskariari begira.

        — Ikusten al duzue hori? —komentatu zigun Pipik irribarrez barra barrutik—. Alkateak hau ikusiko balu...

        — Bihotzekoak jota hementxe bertan geratuko lukek gizagaixoa —erantzun zion irribarrez Antijosek, eskuan zuen garagardo latari tragoa jo baino lehen.

 

 

Ez bakarrik herriko alkatearentzat edo herriko alkatearekin bat etortzeko moduko jendearentzat, EAJ eta ingurukoentzat alegia, ezker abertzaleko jende askorentzat ere asaldagarriak ziren Txusen play back haren gisako bat-bateko ekimen eroak, guri berriz, fresko eta dibertigarri iruditzen zitzaizkigunak, guri ondo sentitzen laguntzen zigutenak.

        Preso eta errefuxiatuen aldeko edo errepresioaren aurkako manifestazio eta kale borroketan elkarren ondoan izan gara beti HBkoak eta gu. Asko izan ziren kaleko mobidak garai hartan: 1983ko abenduan GALek Ramon Oñederra Kattu errefuxiatu azkoitiarra hil zuen, eta beste asko gero, 1984an zehar; gainera, Belgika eta Frantziako Gobernuak euskal exiliatuak estraditatzen hasi ziren urte hartako udan. Gure lehen bileretatik hasi eta okupazioarekin jarraituz, HB izan zen gaztetxearen mugimenduaren alde agertu zen alderdi politiko bakarra, eta HBko zinegotzien bidez sartzen genituen, adibidez, mozioak Udalean. Baina ez ziren, haatik, inoiz ere oso ondo konpondu gurekin HBkoak, eta gaztetxean oso noizean behin baino ez ziren sartzen, musika emanaldiak zeudenean soilik ia-ia.

        Oro har, oinarrizko hainbat puntu nagusitan —presoen zein langileriaren aldeko borroka, errepresioaren gaitzespena, Espainiako Konstituzioaren zein EAEren Autonomi Estatutuaren erabateko ukoa eta abar— gu haiekin bat etorri arren, gure ideiak eta haienak ez baitziren guztiz parekoak: ordezkaritzarik eta bozketarik onartu gabe, erabaki guztiak asanbladaren bidez hartzearen alde geunden gu, autogestioaren alde, abangoardia eta hierarkia modu guztien aurka...

        Horregatik, esate baterako, Komando Autonomo Antikapitalistek Enrique Casas PSOEko senadorea hil zutenean ere —1984ko otsailak 23— izan ziren gora-beherak HB eta gure artean, edota HBko batzuen eta gure arteko batzuen artean behintzat. HBk hilketa hura gogor gaitzetsi eta gerra zikinarekin lotu zuen, eta atentatua kondenatzeko biharamunean egin zen greba orokorrerako deialdiari sostengua eman. Komando Autonomoekin zerikusi zuzenik ez genuen arren, haiek gertuko erreferentzia ziren guretzat. Izan ere, Komando Autonomoak, gu bezala eta ETA edo HB ez bezala, mugimendu asanblearioaren eta autogestioaren alde zeuden, eta, gu bezala eta ETA edo HB ez bezala, abangoardia eta hierarkia guztien aurka. Horrenbestez, guk ezin genuen begi onez ikusi HBk Komando Autonomoak gaitzetsi eta arbuiatzea.

        Nolanahi ere, ideietan baino alde handiagoa zegoen bizitzaren edozein arlotan genituen jarreretan, eta hori zen, nire ustez, funtsezkoena, hori zen benetako aldea, gutariko askok —Xepe zen horren adibide garbi— gatazka politikoen inguruan ez baikenuen ez jakintza handirik eta ezta aparteko interesik ere. Estuegiak ziren, gure ikuspuntutik, HB eta Jarraikoak, ez guztiak beharbada baina bai gehienak behintzat. Estuegiak gizarteari buruz zuten ikuspuntuan eta estuegiak eguneroko jokabideetan. Ortodoxoegiak. Arratsaldeonegiak. Gure gurasoen antzekoegiak. Eta, gatazka politiko ororen gainetik, horixe zen haien eta gure artean zegoen benetako leizea.

        Txusen play back basatiaren ikuskizunaren ondoren, kalera irten ginen Antijos, Xingular, Esther, Urrategi eta bostok, herriko tabernetan pote batzuk hartzeko asmoarekin. Etxe-Aitz tabernaren atariko aulkietan eserita geundela, Julen inguratu zitzaigun, Xingularren adiskide min, gogaide eta burkide izandako jarraitxo azpeitiarra. Ez zen oso maiz izaten gaztetxean baina egun hartan Frites Modernes ikusten izana zen, eta Txusek kontzertuaren ondoren emandako ikuskariarekin harri eta zur gelditua.

        — Hi, Xingu, kontzertua oso ondo, baina ez al zaik iruditzen geroko emanaldi hori gehiegitxo izan dela? Bueno, pixka bat ondo zagok baina gaurkoa zatar samarra izan duk. Gaztetxea zaindu beharreko gauza duk.

        — Lasai, motel! —erantzun zion Xingularrek, irribarrea galdu gabe—. Ez ziotek inori kalterik egin, ezta?

        — Baina gaztetxean jende mordoa zegoan eta badakik orain zer esango duten hor zehar, gaztetxea kaos hutsa dela eta horrelako kontuak. Gaztetxearen irudia erabat izorratuta geratzen duk horrelako txorakeriekin. Horrela hasten bazarete, orain arte lortu duzuen dena pikutara joango zaizue segituan.

        Julenekin tratu handirik ez nuen arren, neu atera nintzen orduan Txusen eta bere adiskideen defentsan.

        — Horiek prejuizioak dituk, besterik ez, eta horrelako prejuizioekin hautsi beharra zaukaagu. Txusentzat ondo pasatzeko modua duk egin duena, besterik gabe. Bakoitzak nahi duen moduan dibertitzeko eskubidea izango dik ba!

        — A zer dibertitzeko modua, alajaina! Ez didak esango hori normala denik...

        Ordura artean solasaldi hartatik nahikoa aparte egon bazen ere, Antijos Xingular eta ni baino zakarrago mintzatu zen orduan, auzia erabakita utzirik.

        — Normala? Eta zer da normala? Futbolean jokatzea? Batetik bestera korrika zoro baten moduan eta denak elkarri ostikoka? Horren aurka ez duzue ezer, ezta? Zergatik da bata normala eta bestea ez? Gaztetxeak horrelako ikuspuntu interesatuak puskatu behar ditik, bestela ez dik ezertarako balio. Eta ez bazaizue gustatzen, oraindik ez bazaudete horrelakoak ametitzeko prest, ez joan gaztetxera eta kito. Ez zaukaagu zuen beharrik. Askoz lasaiago egongo gaituk zuen sermoirik gabe.

        — Bueno, motel, ez daukak horrela haserretu beharrik...

        — Ezta hik apaizarena egin beharrik ere! Beti berdin ari zarete zuek!

 

 

Ordura artekoak nahikoa zer esan eman bazuen ere, Txus, Kantxa, Periskopio, Mirari, Leon eta Xeperen gau hartako abenturak amaitu gabe zeuden artean. Tripiek zurruterako ematen duten erraztasunak akuilaturik, Dean, Atraskua eta Etxe-Aitzen garagardo mordoa edan eta, larunbat gauetan ohikoa zenez, porro mordoa erre ondoren, taberna denak itxi zituztenean, etxera joateko batere gogorik ez zutela-eta, gaztetxera itzuli ziren, Xepek giltza zeukala baliatuz. Sartu baino lehen, Urrategi eta Xingularrek egun batzuk lehenago kanpoko sarrerako ate ondoan ezarritako gutunontzi berriari heldu eta indarrez tiraka hasi zen Kantxa, bere barruko amorru guztia kutxatxo hari zuzendurik. Hormari gogor erantsita zegoenez, ez zuen hasieran gutunontzia pixka bat mugitzea baino lortu, baina Txus ere tiraka hasi zenean bion artean gutunontzia hormatik desatxiki zuten, lagun guztien algara zoroen artean. Gutunontziari ostikoka futbolean jardun zuten gero pixka batean. Ondo-ondoan zuten, gaztetxearen aldamenean, Urola ibaia, eta Periskopiok haraxe bota zuen gutunontzia azkenean, uretara, ostiko gogor batez.

        Gaztetxean sarturik, Tras aurkitu zuten areto nagusian, bazter batean etzanda. Txus zaunkaka hasi zitzaion, amorruz, eta txakurrak zutitu eta zaunkaka erantzun zion Txusi. Baina Kantxak ostikoa jotzeko keinua egin zionean izutu eta aretotik herioan irten zen, herrenka, txakur koitadua. Txakurraz ahazturik, diskogailura jo, Sex Pistolsen diskoa jarri eta elkarrekin borrokan ariko balira bezala dantza egiten hasi ziren Txus eta Kantxa. Esther, Xingular eta abarrek aurreko astean pintatutako zaldien koadroari pixa egitea bururatu zitzaion orduan bat-batean Txusi, eta Kantxak ere zeregin berari ekin zion. Pixa egiten ari ziren adiskideei sustoa eman nahian, isilean barra barruan sartu, hozkailutik garagardo botila atera eta Txus eta Kantxarengana jaurti zuen indarrez Periskopiok. Bion arteko tartean horma jo eta lehertu egin zen botila. Txus eta Kantxari gustatu egin zitzaien Periskopioren ideia eta aurki ziren haiek ere hozkailutik botilak atera eta hormaren kontra jaurtitzen, indarrez, amorruz, erotuta baleude bezala.

        Iskanbila zoro haren erdian, barra ondoko horman kokatutako telefonoari begira-begira geratu zitzaion une batez Xepe. Eskuetan taburetea hartu eta telefonoa zegoen tokira jo zuen.

        — Ez, Xepe, ez... Hori ez... —egin zion oihu Periskopiok, Xepek zer egiteko asmoa zuen igarririk.

        Beranduegi ordea. Indar handirik ez bazuen ere, gogor ekin zion Xepek taburetearekin telefonoari harik eta hormatik oso-osorik desatxiki eta zorura bota zuen arte. Bere onetik irtenda balego bezala, oihuka eta algaraka, Xeperi laguntzen hasi zen Kantxa, zorura eroritako aparailuari ostikoka. Txus ere berehalaxe hurreratu zen Kantxari laguntzera. Leon eta Mirari ez ziren mugitzen, barraren bazter batean zeuden, barre algaraka, begien aurrean zuten ikuskariarekin gozatzen. Periskopio, berriz, etsita eta akiturik, bi hormaren arteko bazterrera jo eta botila hautsietatik isuritako garagardoz bustitako zoru likinaren gainean eseri zen, kuzkurtuta, besoekin belaunak inguraturik. Lur jota zegoela zirudien baina bat-batean barre algaraka hasi zen hura ere, bere kasa.

        Bere-berea zuen antzezpenari ekin zion Xepek orduan: tiroa eman baliote bezala, belaunak tolestu, eskuak sabelera bildu eta zabuka ibiltzen hasi zen, harik eta, hantxe bertan hil balitz bezala, Periskopioren ondoan ahuspez erori zen arte. Hautsitako beira zati batek ezkerreko esku ahurrean egindako ebakitik odol arrasto mehea isuri zitzaion.