Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—XIII—

 

Lan konturik ez zidan aipatu Xepek solasaldi trakets hartan, baina ziur naiz lan kontuek ere izan zutela eragin zuzenik bere jenio txarrean eta bere jarrera zakarrean. Mirari eta Periskopiok esanda jakin nuen, egun batzuk geroago, Xepe lanean hastekoa zela. Lan gogorrean gainera, alajaina! Baskako mutil asko aritu izan da, eta ari da, Azpeitiko Landeta auzoan, altzarien hiriburuan, egurrak lixatu eta garbitzen edo antzeko lan toxiko eta nazkagarrietan, eta ez dut egundo bat bera ere ezagutu bere lanarekin gustura zegoenik. Pentsatzekoa zenez, Xepe ere ez, noski.

        Hamar ordu astegunetan eta bost larunbatetan, birikarik onenak ere izorratzeko moduko produktu toxikoak barneratuz arnasarekin batera, segururik gabe eta miseria hutsa den soldata baten truke, aginduak errieta gisa ematen dituen nagusi zakar, petral eta harroputz baten menpean. Hala zen, gutxi gora-behera, orain dela hamar urte eta halaxe jarraitzen du orain ere, gero eta okerrago gainera, nagusiak langabeziak sortzen duen premiaz baliatzen baitira errukirik gabe. Langileak ez badu haren eskaintza miserablea onartzen beti izango du nagusiak ordezkoa aise aurkitzeko aukera.

        Ez zen bolada gozoa izan Xeperentzat. Bizitza aldatu zitzaion eta bera ere aldatu egin zen, sumindu, zakartu, petraldu erabat. Lehendik barruan zituen minak ez ziren gutxi izango, baina lanak lehertarazi egin zituen Xeperen baitako min haiek. Lanak nekatuta eta nagusiak umiliatuta etxeratu ohi zen iluntzero, lur jota, abailduta, «musika entzuteko ere kemenik gabe», geroago aitortuko zidanez. Asteburuetan, «Itsaso ikusteko beldurrez eta beste inor ikusteko gogorik gabe», ez zen kalera jaisten. Puska batean ez genuen baskakook Xepe ikusi ere egin.

        Baina gure artera ez etorri arren, egin zuen Xepek barrabaskeria bitxi bat asteburu haietako batean. Santa Engraziakoa bezala, sekretua izan zen hura. Nik dakidala, ez zion beste inori kontatu.

        Xeperen nagusiak —Fidel bere Azpeitiko lehengusuaren aitaginarrebak— txalet handi eta dotorea zuen Azkoitiko mendi auzune batean, Martirietan, piszina eta guzti. Oporretan eta udako zenbait asteburutan baino ez zen joaten hara nagusia familiarekin, eta gainerakoan hutsik egon ohi zen txaleta. Nagusiaren alaba gazteenak lehen jaunartzea zuen asteburu hartan eta Xepek bazekien txaleta hutsik egongo zela. Etxean asteburua mendian pasatzera zihoala esan eta, morralean, kasetarekin, hainbat zintarekin eta garagardo botila batzuekin batera, burdinazko palanka txiki bat sartuta, nagusiaren txaletera jo zuen oinez larunbat iluntzean. Hara heldu zenean, isilean eta kontu handiz, kanpoko pertsiana altxatu zuen palankarekin, gero harri koskor batekin leihoko kristala hautsi eta barrura sartu ahal izateko. Barruan zelarik, berriro pertsiana itxi eta etxearen jabe zen Xepe. Eskuetan zuen mendekuaren gozoa.

        — Sekulako sentsazioa duk hori, Niko. Ez dakik zer poz sentitzen den barruan...

        Txaletaren inguruan beste etxerik ez zegoenez, batere kezkarik gabe jarri zuen musika kasetean. Aldez aurretik errebobinatua zuen La Polla Recordsen zinta Canción de cuna kanta entzun ahal izateko, huraxe baitzen, zalantzarik gabe, une hari ondoen egokitzen zitzaiona: «Llegará, llegará, cada burgués recibirá su broma, su broma, se vengará la humillación...»

        Hantxe egon zen Xepe, bere erara, igande iluntzera arte, musika entzuten, telebista ikusten, lo egiten, bazter guztiak miatzen, dena hankaz gora jarri eta narrasten... Alde egin zuenean ez zen etxe barrura sartzean hautsitako kristala izan Xepek utzitako arrasto bakarra: altzari guztiak hankaz gora jarri zituen, ispiluak, lanparak eta hormetako koadroak txikitu, baita altzarien gaineko kristal zein buztinezko pitxer eta figura dotoreak ere, telebista zorura jaurti eta lehertarazi, bainontzian kaka egin, idiarena jo eta nagusiaren eta emaztearen bikote-oheko izara nahasien artean isuri hazia...

        — Bueno, ez zuan Santa Engraziakoa bezalakoa izan, baina ondo egon zuan hala ere. Gustura geratu ninduan ni behintzat. Besterik ez zian merezi kabroi zikin horrek.

 

 

Lanean hasi zenetik lauzpabost bat aste baziren Xepe berriro kalera irten zenerako. Ekaineko larunbat arratsalde batean izan zen. Mirari, Periskopio, Pipi eta Xingularrekin berriketan ari nintzen ni, Atraskuko barran, Xepe atetik sartzen ikusi nuenean.

        — Hara zein dugun hemen! —esan nuen, harrituta, denak atzera begira jarriz—. Euskal langileriaren ordezkari sufritua!

        — Kaixo, Xepe, aspaldiko! —agurtu zuen Mirarik, pozez eta adiskidetasunez—. Bizi al gara?

        — Justu-justu, ez pentsa! —erantzun zuen Xepek, lagun guztiak berari begira izateak sortarazitako irribarre dardartia ezpain meheetatik egotzi nahi eta ezinean.

        — Bueno, bueno, ez hadi orain negarrez hasi —zirikatu zuen Periskopiok, arratsaldeonen hizketa modua imitatuz—. Hiri gertatzen zaiana duk ondoegi ohituta hagoela, kolpe zorririk jo gabe bizitzen. Bahuen lana zer den ikasteko ordua. Horrek egingo hau gizon.

        — Bai, bai, hik erraza daukak jarduna... Lana trukatuko diagu nahi baduk, Kopio... Hik ez huke bi ordu ere iraungo gure lantokian. Hire lana, berriz, gustura askorik hartuko nikek nik tailer nazkagarri horretakoaren ordez.

        Laneko zein etxeko penak eta nekeak kontatu zizkigun arratsalde hartan Xepek. Nagusiaren txaletean egin zuenaz ez zuen ezer esan, noski. Hori egun batzuk geroago kontatu zidan niri, biok bakarrik geunden batean.

        Hainbeste denbora lanetik etxera eta etxetik lanera pasatu ondoren, parrandarako gogo handia zuen Xepek egun hartan, eta guretzat ere parrandarako aitzakia ona zen Xepe aspaldiko partez gure artean izatea. Gau zoro samarra izan zen, bai, hura!

        Barrako txanda amaitu nuenean, iluntzeko zortzi eta erdietan, Periskopioren aitaren autoan sartu eta Antzuolara jo genuen seiok, hango jaiak zirela eta. Autoak atzealde zabala zuenez, ederki sartu ziren Mirari, Xepe, Xingular eta Pipi atzeko eserlekuan; ni, berriz, Periskopioren ondoan eseri nintzen, kopiloto gisa. Bidaia girotzeko Zarama taldearen zinta jarri zuen autoko kasetean Periskopiok. Aurki itzaliko zuen, ordea, atzealdean sortutako eztabaida hobeto entzuteko.

        — Egin al duzue azkenean gaztetxeko karguak aukeratzeko bilera eta botazioa? —izan zen eztabaidari hasiera eman zion galdera. Xede txarrik gabekoa zirudien galdera hark, baina nik uste dut hasieratik zuela guri gureak eta asto zaharrarenak esateko gogoa Xepek. Laneko neke eta umiliazioek barruan utzitako amorrazioa kanporatzeko premia zuen, eta, jakina, aspaldiko partez baskakookin biltzea aukera aproposa zen horretarako.

        — Ez al dakik oraindik ezer horretaz? —galdetu zion harrituta Xingularrek?

        — Ez, motel! Egun hauetan ez nauk ezertaz enteratu.

        — Hortaz, oraindik ez dakik zein izango den gaztetxeko presidentea? —bota zuen barrez Pipik.

        — Ez badidazue zuek esaten...

        — Hik zein uste duk aukeratu genuela?

        — Ez al zuten EGIkoek irabazi?

        — Ez, motel! Baskako jende mordoa izan gintuan eta irabazi egin genian —argitu zion Pipik—. Eta oraintxe bertan Presidente Jaunaren ondoan jesarrita hago.

        — Xingu?!

        — Gaizki iruditzen zaik ala? —galdetu zion irribarrez Xingularrek—. Ez al naiz ba presidente egokia hire ustez? Min ematen didak, Xepe.

        — Ez zaudete burutik sano! —bota zuen, zakar, Xepek, ordura arteko txantxa giroa hautsiz. Orduantxe itzali zuen kaseta Periskopiok—. Absurdua duk!

        — Baina hori dena tranpa hutsa duk, Xepe —argitu zuen berehala Pipik—, gaztetxea zabaltzea lortzeko trikimaina besterik ez. Aiuntamentuak bilera eta botazioa eskatu zian gaztetxea zabaltzeko eta orain lortu diagu gaztetxea zabaltzea. Datorren astean duk inaugurazioa. Xingu izenez besterik ez duk izango presidente. Asanblea izango duk benetan erabakiak hartuko dituena. Geure erara antolatzeko aukera izango diagu. Bestela ez genikek inola ere onartuko gaztetxea.

        — Bai, bai, entzuna zaukaat ipuin hori lehen ere, Pipi. Ez daukak berriro kontatu beharrik. Baina ba al dakik zer iruditzen zaidan niri hori dena? Inondik inora ere ezin irents daitekeen kaka mokordo nazkagarria, horixe! Gaztetxearen alde kalean borrokatu beharrean, Aiuntamentukoekin hitz egin, presidentea izendatu eta herriko intelektualilloentzako pelikulak bota, non eta Floreagan... Ba al dakizue zer esaten dizuedan? Gaztetxearen mobida bukatuta dagoela, hilda eta lurperatua... Ez dik ezertarako balio.

        — Oso erraza duk hori esatea —azaldu zion Xingularrek—. Baina egin duguna egin badugu beste biderik ikusten ez genuelako izan duk.

        — Lehen ikusten genitian ba beste bide batzuk.

        — Zer bide? —galdetu zion Pipik Xeperi.

        — Zer bide? Ahaztu al zaik ja musika bandari egindako sabotajea? Eta alkatearen monigotea nola zintzilikatu genuen gruatik behera? Edota alkatearen etxean egin genituen pintadak? Eta karreterako barrikadak?... Mila bide zaudek beti puteatzen hauenari kaña sartzeko.

        — Baina ondo pentsatu behar dituk momentu bakoitzean eman beharreko pausoak —argudiatu zuen Xingularrek, ozen mintzatuz, ia-ia oihuka, ohi baino haserre eta minduago—. Eta beste gauza bat esango diat, Xepe: egin dugunarekin ados ez bahago eta bide egokiagorik ikusten baduk, badakik zer egin behar duan, ezta? Etorri asanbleara eta planteatu hire ideiak. Oso erraza eta oso komodoa duk besteek egiten dutena kritikatzea. Norberak zeozer egitea, hori duk benetan zaila eta benetan balio duena.

        — Egiten duen hori kaka mokordoa ez denean, esan nahiko duk.

        — Hiri hala iruditzen bazaik, hala izango duk hiretzat... —etsi zuen Xingularrek, lasaiago ordurako, bere argudioak garbi utzi eta gero.

 

 

Gure artean esaten dugun moduan esateko, guztiz destroy zegoen gau hartan Xepe. Destroy Total. Antzuolara heldu ginenean ez zegoen hura errenditzerik. Gehiegi edan eta erre gabe ere, zoroarena egiteari ekin zion berehala: kalearen erdian, ibiltzeari utzi gabe, pixa egin zuen, udaltzain zahar samar bati buru gainetik txapela kendu eta airera bota, kale erditik pasatzen ari zen auto baten gainera jauzi egin, kale ertzean aparkatutako autoetara igo eta batetik bestera jauzi batean pasatu...

        — Antijosen dizipulua nauk —egin zuen oihu auto artean jauzika ari zen bitartean—. Iraultza totalaren apostolua. Egin dezagun reboluzioa, neba-arrebok. Iraultza perfektua, akatsik gabekoa. Egin dezagun borroka gogor, garaipenaren egun eder eta handia heldu arte...

        Manifestazio bateko leloa kantatzen ariko balitz bezala hasi zen gero.

        — Jo ta ke, irabazi arte! Jo ta ke, irabazi arte!...

        Bere zorakerietan lagun niezaion nahi izan zuen orduan.

        — Niko! —deitu zidan—. Hator hi ere auto gainera. Bion artean egingo diagu reboluzio perfektua. Banian hi Atraskuko mostradoretik kanpora ikusteko gogoa...

        Horixe bera pentsatu nuen neuk ere. Banekien, bai, Xingular, Pipi, Mirari eta Periskopiori ez zitzaiela oso dibertigarria iruditzen Xeperen gau hartako jokabidea, baina niri oso tentagarria iruditzen zitzaidan Xeperen proposamen eroa. Arrazoi zuen lehengusuak. Nik ere banuen zorakeriak egiteko grina, Atraskuko tabernari enroilatu eta legala izateaz gain beste zerbait egiteko premia, nahiz eta zerbait hori zer zen oso garbi ez izan. Elbarria gurpil-aulkiarenetik bezala, nik ere Atraskuko barraren loturatik askatu nahi nuen. Xepek niregana luzatutako eskua hartu eta autoaren gainera igo nintzen ni ere, barre urduria ezpainetan, txoke-auto batean lehen aldiz esertzen den haurraren antzera. Adiskideak gure ondoan ziren artean ere, eta, gogoa banuen arren, ez nintzen Xeperekin batera oihu egiten ausartu. Hark berean jarraitu zuen, dena den.

        — Jo ta ke irabazi arte! Jo ta ke irabazi arte!...

        Halako batean bi udaltzain ikusi genituen guregana lasterka bizian. Xepek txapela kendu ziona zen bietako bat; bestea, guregana arinen zetorrena, gazteago eta bulartsuagoa zen, sasoi onekoa. Auto gainetik jaitsi eta aldameneko kaleska estu batean sartu ginen Xepe eta biok korrika, neu aurrena eta hura nire atzetik. Zorionez, garai hartan ez ziren artean ere atezain automatikoak egoten herrietako etxeetan eta bebarru batean gorde ginen.

        Arriskua pasatu zenean bebarrutik irten eta enparantza aldera jo genuen, berriro ere jende artean nahastera. Bakarrik geratu ginen Xepe eta biok. Ez genituen gau osoan gehiago ikusi adiskideak. Egia esanda, ez ginen asko ahalegindu haien bila. Zoroarena egiteko gogorik gabe utzi ninduen ni udaltzainek emandako ikaraldiak, baina Xepe ez zegoen geldirik egoteko. Bere baitan ezin kabituta zegoen.

        Xeperentzat beti-beti bereziki higuingarri izan den Egan plaza talde azpeitiarra ari zen jotzen gau hartan Antzuolako enparantza nagusian. Gurasoen arratsaldeonkeria eta gazteriarik zintzo, aspergarri eta inozoenaren horterismoa armonia okaztagarrian batzen zituen giro jasanezin eta zapaltzailea zuten guretzat, baskako guztiontzat, berbenek, plazetako dantzaldiek. Higuingarriak iruditzen zitzaizkigun plaza talde guztiak, eta Egan zen, dudarik gabe, higuingarrietan higuingarriena, melengakeria gorrotagarri haren guztiaren ordezkaririk zuriena. Xepek plaza talde guztiei, eta Egani bereziki, zien herra apartekoa zen ordea. Berbenetako oroitzapenez ere mintzatu zitzaidan behin Atraskuan, eta giro hartan beti baztertu eta gutxietsia sentitu zela azaldu zidan: neskek ez zuten Xeperekin dantza egin nahi izaten eta, horrenbestez, mutilek ez zuten egundo Xepe neskei dantza eskatzera joateko lagun egokitzat izan. Ez zen harritzekoa, horrenbestez, bolada hartan zein petralduta zebilen eta bereziki gau hartan nolako aztoramen mailetara heldua zen kontuan harturik, Xepek Antzuolan Eganekoei eraso egiteko burutazioa izatea. Mendekurako grina piztu zion Egan hantxe aurrez aurre ikusteak.

        Taberna batean sartu, garagardo bana eskatu, edalontzirik gabe, botilan, eta, hura eskuan genuela, tabernatik irten eta enparantzara jo genuen.

        — Zer nahi duk? Eganekin dantza egin ala? —galdetu nion nik, enparantza aldera gindoazela konturatuta.

        — Hi etorri hadi nirekin, Primo. Ikusiko duk.

        — Ez nauk hirekin fidatzen, Xepe. Zeozer arraroa dabilkik hik bueltaka buruan.

        — Lasai, motel! Ez duk ezer gertatuko. Eganen kanta batzuk entzuteak ez ziok inori kalte egiten.

        — Harritzen naik hiri hori entzuteak.

        Pixka batean bake-bakean eta geldi-geldirik egon ginen biok Eganekoei begira, elkarrekin loturik dantzan ari ziren bikoteen artean nahastuta. Beti handiegia geratzen zitzaiola iruditzen zitzaidan masta biko bere gitarra igurtziz, pastela baino gozoagoko kanta melenga ari zen kantatzen Xabier Saldias, mugarik gabeko horterismoaren adierazpen gorena.

        — Goazen hemendik taberna batera —esan nion Xeperi—. Hau mezatara joatea baino aspergarriagoa duk.

        Ez zidan kasurik egin. Taldeari begira-begira jarraitu zuen. Beldurtu egin nintzen. Xeperen abentura zoroen berri izateak halako poz ganberro eta bihurria sentiarazi ohi zidan beti barrenean, baina gisa hartako une batean haren ondoan egotea beste kontu bat zen, oso-oso bestelakoa.

        Halako batean esku artean zuen garagardo botila trago azkar batean hustu eta Saldiasengana jaurti zuen Xepek indarrez. Ez zuen asmatu. Kantariaren ezkerraldetik pasatu eta, oholtza gainean errebotatu ondoren, bateriaren ondora joan zen botila, baina ezusteko sustoarekin kanta eten egin behar izan zuten Eganekoek. Ez zien grazia handirik egin txantxa gaizto hark.

        — Mesedez, hemen denok pasatu behar dugu ondo —esan zuen serio-serio mikrofonotik Saldiasek, masta biko gitarraren uhala askatu gabe—. Horretarako gaude hemen, eta ea ondo konpontzen garen denon artean.

        Ez zekien, ordea, nork bota zion botila. Pentsatzekoa da beharbada gure inguruko zenbaitek ikusiko zutela Xepe botila jaurtitzen, baina kontua da ez zigula behintzat inork ezer esan. Xepek hantxe jarraitu zuen, geldi-geldirik oholtza aldera begira, ezer gertatu ez balitz bezala. Lehengo kanta melenga berari berrekin zioten Eganekoek eta inguruko bikoteak dantzari lotu zitzaizkion berriro.

        — Goazen hemendik, Xepe, goazen —esan nion, pixka bat lasaiturik, lehengusuari—, hemen ez diagu gauza onik egingo eta.

        — Ez, ez —erantzun zidan irribarrez—. Orain hik, Niko, orain hire txanda duk.

        — Hi burutik eginda hago, Xepe. Oso peligrosoa duk. Egurtu egingo gaitiztek.

        — Benga, Niko —eutsi zion bereari, temati—, ez zagok inor begira eta.

        — Ezetz ba...

        Horretan ari ginela, niri bat-batean eskuetatik botila kendu eta hura ere Saldiasengana jaurti zuen Xepek, geratzen zitzaidan garagardo hondarra hustu ere egin gabe. Masta biko gitarraren erdian jo zuen bete-betean botilak, Saldiasen esku geldotik oso gertu, eta berriro ere kanta melenga eten egin behar izan zuten musikariek, oso umore txarrez.

        Orduan baserritar itxurako lau morrosko guregana hurbiltzen ari zirela erreparatu nuen, jende artean bultzaka, bizi-bizi eta haserre aurpegiz. Ez zegoen dudarik, ospa egin behar genuen handik lehenbailehen. Ezin ordea. Besotik heldu eta gaztigua eman nion berehala Xeperi, baina hark, nahiz eta morroskoak gureganatzen ikusi, ez zuen mugitzeko keinurik txikiena ere egin. Ez zuen beldurrik, edozertarako prest zegoen. Ni, aldiz, ikaratuta, dardar batean.

        Ez dakit zergatik, gutaz gupidatu egin zirelako beharbada, edo ezustean harrapatu zituen gure jarrera pasiboak sortutako perplexidadeari esker akaso, baina ez gintuzten han bertan jipoitu behintzat. Bestela ez genuen figura ederra izango lau morrosko haien kolpeak jaso ondoren. Besterik gabe, ihes egin ez genezan, haietako bik gure beso meheak oratu zituzten beren esku sendo eta zailduekin.

        — Eta orain zer, mekaguen Dios? —oihukatu zion Xeperi besoetatik eutsita zuen morroskoak—. Bukatu al zaizkik botilak? Ikusiko duk, txikito!, ikusiko duk! Zer uste huen, adarra joko higula? Ba damutuko zaik, bai, tontoarena egin izana, ondo damutuko zaianez, bai horixe!

        — Geldirik denok! Zer gertatu da hemen? —entzun genuen orduan agintea adierazten zuen ahots baten oihua.

        Ahots hura zetorren tokira begiratu eta arestian gure atzetik ibilitako udaltzain gazte sasoikoa ezagutu nuen. Atzeraxeago, udaltzain zaharra zegoen, Xepek txapela kasko gainetik kendu eta airera nola botatzen zion ikusi behar izan zuen berbera.

        Gu esposatu eta Bergarako komisariako ertzainei entregatu gintuzten, zintzo-zintzo, Antzuolako udaltzainek, eta artean berri samarra zen komisaria hartako ziega ilun banatan pasatu genuen gaua, ohiko mortadela otartekoa jan ondoren. Tratua ez zen oso ona izan, baina jo ere ez gintuzten egin behintzat, eta ez da gutxi hori, Ertzaintzaren komisarietatik pasatutako baskako jende asko gogotik jipoitu baitute ertzainek. Nik badakit baskako jendearen berri, uste dut igartzen diodala noiz ari zaidan bat egia esaten eta noiz gezurretan, eta entzun ditudan lekukotasun ugarietatik ateratzen dudan ondorioa da behin ertzainek atxilotu eta komisariara eramanez gero gutxien-gutxienez kolpe batzuk eta mila eratako irain umiliagarriak jasotzeko arriskua handia dela gu bezalako porreroentzat, eta areago tartean politika konturik baldin bada. Gure kasuan ez zuten alderdi horretatik inolako susmorik hartu eta horrek salbatu gintuen beharbada.

        Igande goizean aske utzi gintuztenean, Xeperen aita joan zen autoan gure bila. Gogoan ditut gu ikusi bezain laster barru-barrutik atera zitzaizkion aurreneko hitzak.

        — Ez al zarete lotsatzen? Mekaguen La India! Jo ta garbitu egingo zintuzketet!

 

 

Lankide batek eraman eta ekarri ohi zuen Xepe egunero Azkoititik Azpeitira eta Azpeititik Azkoitira autoan. Lankide hark Azpeitikoa zuen, ordea, andregaia, eta batzuetan, lankidea Azpeitian geratzen zenez, auto-stop eginez egin behar izaten zuen Xepek iluntzean itzulbidea. Txus eta Kantxak ekarri zuten behin Xepe Azkoitira, kolorea galdutako Dyane 6 zaharkitu batean.

        — Seguru al gaude katxarro zahar honen barruan? —galdetu zuen Xepek autoan sartu eta atzealdean nolanahi utzitako arropak baztertu eta eseritzen zen bitartean.

        — Kopioren zaharraren bugan baino askoz ere seguruago gaudek hemen, Xepe —esan zion bolantea askatu gabe burua atzerantz jiratuz Txusek—. Azeleradorea beheraino zapaldu eta zuzen-zuzen pareta bat jota ere, bizirik aterako gintuan hemendik.

        — Baina Azkoitiraino eramago gaitik behintzat, ezta?

        — Problemarik gabe. Guk Elgoibarreraino joateko asmoa zaukaagu. Ez al duk gurekin etorri nahi?

        — Elgoibarrera? Zertara?

        — Materiala pasatzen digun batekin egotekoak gaituk han, eta gero Eibar aldera zeozer hartzera. Giro ona egoten duk hango tabernetan, eta oso jende legala. Ez al haiz animatzen?

        — Zuetakoren bat joango balitz lanera nire partez bihar goizean...

        — Lana material txungoa duk, Xepe. Guri ez eskaini horrelakorik.

        — Material txungoa? Ederra definizioa! Horixe bera esango zioat zaharrari, ea zer irizten dion.

        — Hi, eta beste kontu bat: zer moduz gaztetxe berriarekin? Aste honetan izango omen duk inaugurazioa, ezta?

        — Hala ematen dik, bai.

        — Ez al habil ba hi horretan sartuta?

        — Lanean hasi nintzenetik oso-oso gutxi irteten diat kalera eta, gainera, ez zaidak gustatzen azken aldi honetako mobida. Baina... —pentsakor— oraintxe bertan ari zaidak okurritzen inauguraziorako ideia bat. Bai, bai..., akaso nik ere preparatuko diat zeozer inauguraziorako. Hiri gustatzeko modukoa izango dela uste diat gainera, Txus.

        Arin egiten da autoan Azpeititik Azkoitirainoko bidea. Xepe ohartu orduko helduak ziren.

        — Ez al hator gurekin hortaz?

        — Ez. Gustura joango ninduan, benetan, baina bihar ere material txungoa sartu beharko diat zainetatik.

        — Argi ibili, oso kaltegarria duk eta! Horrek bai izorratzen duela benetan odola!

        Ez zuen aise hartu loak Xepe gau hartan. Txusek proposatutako Elgoibar eta Eibar alderako bidaia hura paradisu ezezagun baterako eskaintza izan zela iruditzen zitzaion, eta proposamen hari ezezkoa ematean urruti ederretara eraman lezakeen trena galdu zuela.

        — Bazakiat hau esatea oso gogorra dela baina inbidia ematen zidatek batzuetan bakailaotarrek, Niko —aitortu zidan biharamunean Atraskuan, honetaz eta hartaz mintzatzen ari ginela—. Benetan. Horiek bazakitek behintzat zer nahi duten, bazakitek zer egin, nola jokatu, eta gaizki pasatzea tokatzen zaienean ba gaizki pasatzen ditek eta kito. Baina sikiera nahi izan dutena egiteko askatasuna izan ditek, aurrera jo ditek, eta horrek asko balio dik, hori la hostia duk.

        Apez edo tabernari on gisa, saiatu nintzen Xeperi bere argudioen ahulezia erakusten, Elgoibar eta Eibar alderako bidaia hura destripatu eta desmitifikatzen, junkieen bizimoduaren alderdirik ilunenak gogorarazten, baina ez zen batere erraza lilura hura Xeperen burutik kentzea.

        Nolanahi ere, harritu eta poztu egin ninduen solasaldi berean Xepek gaztetxearekin nolabaiteko lotura izaten jarraitzen zuela konturatzeak.

        — Zapatu gauean libre al hago gaztetxearen inaugurazioko kontzertua ikusteko? —galdetu zidan.

        — Bai. Paulori aldatu zioat txanda. Aspaldian ez ditiat Jotakiekoak ikusi eta bazaukaat gogoa.

        — Ba garaiz azaldu hadi, espektakulu ederra izango duk-eta kontzertua baino lehen. Gustatuko zaik.

        — Kontzertua baino lehen? Zer esaten ari haiz? Kartelean ez dik ezer jartzen, eta Xingu eta hauek ere ez zidatek ezer esan.

        — Beraiek ere ez zakitek oraindik eta... Teatro txiki bat egiteko asmoa zaukaat...

        — Teatroa? —galdetu nion, harrituta.

        — Akordatzen al haiz Txusek gaztetxean egin zuen play back harekin?

        — Juleni batere gustatu ez zitzaiona?

        — Bai, huraxe. Ba atzo Txusekin berriketan ari nintzela mobida harekin akordatu ninduan eta antzeko zeozer egitea pentsatu diat. Antzekoa baina beste era batera. Oraindik ez zakiat neuk ere oso ondo zer egingo dudan, baina okurrituko zaidak zeozer, eta bestela hantxe bertan irteten zaidana egin eta kito.

        — Nahi al duk guk behetik txistua botatzea?

        — Ba ez zagok gaizki pentsatuta, ez. Nahi baduzue... Indarra emango ziok horrek espektakuluari. Bost edo hamar minutuko teatro motza izango duk, baina nik uste diat mereziko duela.

        — Bai, bai, seguru. Ni behintzat ikusteko amorratzen nagok —erantzun nion, ideiarekin ilusionaturik.

        — Mesede bat egin behar didak.

        — Heuk esan.

        — Traste batzuk behar ditiat teatroa egiteko, ez dituk gauza asko ere, eta inporta ez bazaik zapatura bitartean trasteak zuen atzeko almazenean gorde nahi nitizkek.

        — Ez zagok problemarik, Primo.

        — Beste kontu bat, Niko —esan zidan, doinua aldaturik, modu intimoagoan hitz eginez, herabe antzean.

        — Bota.

        — Ba al dakik ezer berririk Itsasori buruz?

        — Berririk? Ez, gauza handirik ez.

        — Baina ikusiko huen, ezta? Izango huen noizbait hemen.

        — Oso gutxi, egia esanda. Nik uste diat kanpora irteteko joera handia duela neska horrek.

        — Mandiopekoa eta gero ez diat ikusi —aitortu zidan burumakur—, eta oraindik ere hura ikusteko beldur nauk. Bazakiat umekeria dela beldur hori, baina... Neura hori zaukaat buruan sartuta eta alferrik duk horri kontra egitea.

        — Xepe, ez daukak erremediorik —esan nion txantxetan—. Erromantiko hutsa haiz! Aldrebes samarra baina erromantiko hutsa azken batean.

 

 

Gaztetxe berriaren atarian egin genuen inaugurazioko ospakizuna, hau da, herriko enparantza nagusian. Alegiako gazte batzuei alokatutako bideo pantaila handia ezarri Goiko Losa pilotalekuaren aurrean eta Monty Python zinemagile taldearen La vida de Brian eman genuen lehenik. Ondoren, hantxe bertan, ondo-ondoan ezarritako oholtza gainean, Jotakie eta Os Galiardos taldeen emanaldia zegoen iragarrita. Baina emanaldiaren aurretik azken orduan prestatutako ezusteko txiki bat genuen publikoari eskaintzeko: antzerki emanaldi labur eta bitxia.

        La vida de Brian amaitu zenerako, antzerki emanaldi laburrarentzako eszenatokia prestatuta zegoen, ondoren egitekoa zen musika emanaldiarentzat atondutako oholtza berean. Eszenategiaren erdialdean, musika emanaldirako prestaturiko bateria, anplifikadore eta abarren aurrean, teleaparailu zahar bat zegoen, bata bestearen gainean ezarritako hiru tabutere idulki gisa zituela, metro eta erdi inguruko alturan kokatua. Goiko Losa aurreko bideo pantaila erraldoia itzali orduko, fokoek oholtza argiztatu zuten eta erdian kokatutako teleaparailu hura piztu egin zen. Arraia nahasiak baino ez ziren ageri pantailan. Xingular igo zen orduan oholtza gainera, kontzertuaren atariko antzerki emanalditxoa aurkeztera.

        — Orain, nahiz eta programan horrelakorik ez zen esaten, Jotakie eta Os Galiardos taldeen kontzertuaren aurretik teatro emanaldi txiki bat ikusiko dugu. Ez dakigu zein den aktorearen izen artistikoa, ezta obrak zer titulu duen ere. Bost edo hamar minutu irauten duela eta tarte horretan La Polla Recordsen musika entzuten dela, horixe da dakigun dena.

        Xingularren aurkezpen laburraren ondoren, La Polla Recordsen Venganza kantaren lehen akordeak entzun ziren bozgorailuetatik eta Xepe agertu zen fokoen argipean, oholtzaren atzealdetik aurrealdera eginez. Ia-ia biluzik zegoen, galtzontzilo hutsetan, eta gorputz guztia grasa beltzez zikindua zuen. Harrituta, Mirari, Periskopio eta ni biba eta txaloka hasi ginen; Jotakieren zain bide zeuden fan berantetsi batzuek, aitzitik, txistua jo zioten. Konkorduna balitz bezala, oker-oker eginda zuen bizkarra, eta ibiltzean herren egiten zuen trakets, gurpilak hautsita zituen eta bete-bete eginda zegoela antzematen zen erosketa-gurdi zaharkitu batetik neke handiz tiraka. Evaristoren ahotsa entzun genuen bozgorailuetatik Xepe oholtzaren alde batetik bestera gisa horretan zebilen bitartean: «Voy arrastrando mi decepción, de un escenario a otro escenario. Voy arrastrándome sin nada que decir... Vamos arrastrando nuestra ruina. Estamos demostrando que nada nos motiva...»

        Mirari, Periskopio eta hirurok ginen Xeperen antzezpenari begira geratu ginen baskako bakarrak. Xingularrek gaztetxera jo zuen aurkezpena egin ondoren, barran lanean ari ziren Antijos eta Estherri laguntzera; Urrategi eta Pipi bideo pantaila handia ekarri zuten alegiarrei trasteak jaso eta furgonetara eramaten laguntzen ari ziren; Presto, berriz, Jotakie eta Os Galiardosekoekin afaltzera joana zen... Antolakuntza lan handia eskatu zuen inaugurazio jaialdi hark, eta nork bere zeregina zuen. Haren adiskide gutxik hartu genuen aintzat Xeperen emanaldia. Gainerakoan ere, oro har, oso jende gutxi zegoen antzezpenari begira. Jotakie eta Os Galiardosen emanaldia noiz hasiko zain zeuden han gehienak, porroak erretzen, garagardoak edaten eta berriketan.

        Nahiz eta oholtza gainetik ikusten zuen panorama ez izan aktore bakartiari adorea emateko egokiena, bereari eutsi zion hala ere, tinko, Xepek. Gurdi astuna herrestan eramanez, ibilera herren, neketsu, trakets, mantso eta mingarri harekin oholtzaren alde batetik bestera ibili zen tarte batez, minutu bat edo, eszenatokiaren erdian kokatutako teleaparailuaren aurrealdetik beti, harik eta, nekeak zutik irautea eragotziko balio bezala, oholtza gainera erori zen arte. Orduan oholtza gainean narrazean ibili zen pixka batean, baina gero, kostata, sekulako ahalegina egin eta ikaragarrizko oinazea sentituko balu bezala, nola edo hala jaikitzea lortu zuen, gurditxoa zoru gainean utzita. Teleaparailurantz jo zuen, bizkarra oker, herrenka, neke eta oinaze handiz eginez aurrera. Tabureteen atzealdera heldu eta bultzada batez eraitsi zituen aurrean zituen denak, hiru tabureteak eta teleaparatu zaharra. Kolpe lehor batean lehertu zen teleaparatua eszenategiko zoruaren kontra.

        Ordurako baziren zenbait urte La Fura dels Baus sortu zela, eta lehenago Japonian egin omen zen gisa horretako antzerkia, are gogorragoa, are benetakoagoa. Baina gutako inork ez zuen artean horrelako ezer ezagutzen. Guretzat berria zen hura. Xepek, guretzat behintzat, aurrea hartu zion antzeztalde katalanari, beste musika batekin jokatu arren eite berekoa baitzen haren antzezpena.

        Ahalegin ikaragarria antzeztuz, ezinean, gurditxoa zegoen tokira heldu eta gurditxoa zorutik jasotzea lortu zuen, kostata, eta, beste pixka batez, beti bezain oker, herren eta trakets, gurditxotik tiraka ibili ondoren, gelditu eta gurditxoaren barrutik trasteak ateratzeari ekin zion. Gezurra zirudien gurditxo haren barrutik hainbeste traste zahar atera zitekeenik: garbigailu baten motoreko piezak, bizikletako gurpil eta eskuleku herdoilduak, hautsitako aterkia, josteko makina zahar hondatua, motozerra... Motozerra gurditxotik ateratzen ari zelarik, Txus, Kantxa eta Sanson ikusi zituen oholtzara gerturatzen, eta haien atzetik neska-mutil bikote bat, elkarri gerritik helduta eta musuka: Leon eta Itsaso ziren!

        Eskuetatik ihes egin eta oholtza gainera erori zitzaion motozerra Xeperi. Bihotz-bihotzean tiroa eman baliote bezala, eskuak bular aldera eraman eta, herrenka orduan ere, oholtza gainean alderoka ibili zen aurrerantz, eta gero oholtzaren aurrealdeko muturrean erori ahuspez, hilotz balitz bezala. Fokoen argiak itzali zituzten orduan. Antzezpen laburra amaitua zen.