Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—XIV—

 

— Gaztetxea lortu diagu azkenean, baina horrek ez dik esan nahi borrokan segitzeko motiborik ez daukagunik —ohartarazi zuen Xingularrek hurrengo asteartean, gaztetxe berrian egin genuen lehendabiziko asanbladan—. Seguru nagok gure aktibidadeentzat dirua eman beharrean gure kontra egingo dituela ahaleginak inondik ahal badu Aiuntamentuak. Hori beti izan duk horrela eta nik ez diat sinisten hori gaztetxe berri honekin aldatuko denik.

        Ez ninduen harritu Xepe asanblada hartan ez ikusteak. Gainerakoan gehientsuenok geunden: Antijos, Xingular, Esther, Pipi, Urrategi, Presto, Periskopio, Mirari...

        — Dena dela, nik uste diat garbi izan behar dugula gure borroka bakarra ez dela gaztetxea bera —zehaztu zuen Antijosek—. Gaztetxea ez duk helburua. Gure ideiak, gure mobidak eta sistemaren kontrako gure borroka aurrera eramateko bitarteko hutsa izan behar dik gaztetxeak. Nik behintzat oso garbi zaukaat hori. Gustuko musika entzun, porroak erre eta zerbeza edateko leku bat baino gehiago ez baldin bada, frakasoa izango duk gaztetxea.

        — Ni ere sistema honen aurka nagok, eta borrokatzea beharrezkoa ikusten diat —azaldu zuen bere ikuspuntua Estherrek—. Baina iruditzen zaidak askotan gehiegi fijatzen garela kanpora begira egiten den borrokan, gure artean sistemak inposatutako eskemak itsu-itsuan erreproduzitzen ari garela konturatzeke, neska eta mutilen arteko harremanetan, hitz egiteko moduan eta beste kontu askotan. Gaztetxeak jokabide berrientzako espazio librea izan behar dik, gure arteko harremanak modu naturalagoan lantzeko tokia. Horretan ez badugu ezer aurreratzen, alferrik ari gaituk sistemaren kontrako borrokan, gure mundua azken batean gure gurasoena bezalakoa izango duk eta. Niri behintzat ez zaidak iruditzen orain artean horretan asko aurreratu dugunik.

        — Zer esan nahi dun? —galdetu zion Prestok, jarduna eten gabe, begirunez—. Potroak gora eta potroak behera ibili beharrean beste era batera hitz egin beharko genukeela, esate baterako?

        — Ez duk hori bakarrik, Presto —argitu zion Urrategik—. Hori ondorioa besterik ez duk, gure arteko harremanetan dauden akatsen ondorioa. Zuek igual ez zarete konturatu, baina asanblean ez duzue neska batek esandakoa mutil batek esandakoa bezala hartzen. Asanbleako emakumeok askotan hitz egin diagu horretaz geure artean eta ados gaudek denok: guk esandakoak zuek esandakoak baino askoz ere pisu txikiagoa zaukak asanblean. Hori hala duk.

        — Nik horretan arrazoia ematen dinat, Urra —mintzatu zen orduan Mirari—. Baina problema jeneralagoa dun. Ez dun neska eta mutilen arteko harremanen kontua bakarrik. Gaztetxean juntatzen gaitun, elkarren ondoan borrokatzen dinagu, Aintamentuaren kontra, Ejerzitoaren kontra, sistemaren kontra, presoen alde, nahi dunan guztia, baina ez dinagu elkar ezagutzen, ez zaukanagu elkarren berri, ez zaigun batere inporta aldamenekoak zer problema dituen. Eta, Estherrek esan duen bezala, sistemaren kontra borrokatzea alfer-alferrik dun gu geu ez bagara barrutik aldatzen.

        Asko ikasi genuen, mutilok batik-bat, asanblada hartan, eta baita gisa bereko mintzagaiak izan zituzten beste bilera askotan ere. Teoria asko ikasi arren, ez zait iruditzen, ordea, praktikan aurrerakuntza handirik egin dugunik egundo, ez garai hartan eta ezta geroago ere.

        — Ba al duk Xeperen berririk? —galdetu zidan asanblada ostean Mirarik, adiskideei buruzko kezkaz esandakoak praktika zuzenean jarriz.

        — Ez. Azkena plazako eszenario gainean ikusi ninan, teatroa egiten. Hik ere ez al dun harrezkero ikusi?

        — Ez, eta kezkatuta nagok. Ez diat uste oso gustura geratuko zenik bere teatroak izan zuen exitoarekin.

        — Bueno, ez dinat uste berak inportantzia handirik emango dionik horri. Teatroarena azken orduan okurritutako ideia txoroa besterik ez zunan izan. Gainera, nik uste dinat eszenariorik eta publikorik gabe egiten duela ondoena teatroa Xepek, gurekin, lagun artean.

        — Bai, igual arrazoia daukak. Baina Xepek ez dik asko behar izaten lur jota geratzeko... Ea ez zaigun berriz ere etxean itxita geratzen.

        — Ez dinat uste. Azalduko dun.

        Ez nengoen oso ziur ordea. Antzezpenaren porrotaz gain, Itsaso Leonekin musuka ikusi izana gainditu beharko zuen Xepek eta ez zitzaion erraza izango. Ezin nion horretaz ezer esan hala ere Mirariri. Apezek bezala, tabernariok ere aitorpenaren bidez dakiguna isilean gordetzen dakigu.

 

 

Barruan gorderik zituen nahigabeei aurre eginez, hurrengo ostiralean gurekin biltzeko animoa izan zuen Xepek. Ni Atraskuko barran lanean nintzen bitartean, ostiral eta larunbateroko tabernen zirkuituan bueltaka ibili zen Mirari, Periskopio, Urrategi, Xingular, Antijos, Esther, Pipi, Presto eta beste zenbait lagunekin. Azkenean, taberna guztiak ixteko orduan —garagardo litro mordoska edan eta dozena eta erdi bat porro erreta ordurako—, kanpoko atea giltzaz itxita, Atraskuan geratu ziren nirekin Xepe, Presto, Urrategi eta Pipi.

        Zine-klubaz zuen iritzia azaldu zion, besteak beste, gau hartan Xepek Pipiri. Horretarako, horman itsatsita zegoen kartela kolpe batez erauzi eta mostradore gainean ezarri zuen, berriketaldian ginen bost lagunon erdian.

        — Ea, Pipi, esplikatu iezadak zer hostia den hau. Más allá del bien y del mal. Zuzendaria: Liliana Cavani. Azkoitiko Gaztetxeko Zine-Klub Taldea. O, zein polita! O, zein interesgarria! Gaztetxea ere kulturaren alde. Hau kaka zaharra duk, Pipi... Honek ez dik ezertarako balio.

        Kartela paperezko pilota bihurtzeraino zimurtu eta zorura jaurti zuen. Inork ez zuen gaizki hartu Xeperen ateraldia. Barregarria iruditu zitzaigun guztioi, baita Pipiri ere.

        — Ondo zagok, Xepe, ondo zagok... —erantzun zion irribarrez Xeperen erasoari—. Arrazoia daukak. Eta niri ondo iruditzen zaidak hik gauzak horrela ikustea. Baina bazagok gauzak beste modu batera ikusterik ere.

        — Hori duk, oso ondo, Pipi, orain bota iezaguk hire esplikazio lehor horietako bat, benetan, entzun nahi diat zer esaten duan. Ziur nagok ez hanka eta ez buru ez duena justifikatzeko arrazoi ederrak asmatuko dituala, horretan aparta haiz eta.

        — Ba saiatuko nauk, Xepe, saiatuko nauk —esan zuen Pipik irribarrez, eta gero burua makurtu zuen, pentsatzeko beta hartu nahirik bezala—. Hara —ekin zion hizketaldiari, burua altxatu eta serio jarriz—: literatura, zinema, pintura eta abar sistemaren kontra borrokatzeko modu bat izan daitezkek, hori garbi zagok. Hik nahi duana esango duk, Xepe, baina historian zehar hala izan duk. Benetako arteak ideia berriak landu eta ikusleari edo entzuleari bideratzen zizkiok, batzuetan hau konturatu ere egin gabe...

        — Horiek lerdokeriak dituk, Pipi —moztu zuen Prestok Pipiren jarduna, Xeperekin bat eginez haren aurkako borroka dialektikoan—. Nik ez zakiat historian nola izan den, baina gaur egun eta hemen sistemari bost piper inporta zaizkiok literatura, zinema eta osterantzeko intelektualkeriak. Kaleko borroka duk putre koadrila hori benetan larritzen duen gauza bakarra.

        Ezintasunezko keinu etsia egin zuen Pipik, esanez bezala alferrikakoa zela Xepe eta Prestorekin gai hartaz eztabaidatzea. Urrategik lagundu zion orduan.

        — Gauzak ez dituk hain sinpleak, Presto. Nik uste diat badirela zapalkuntzak eta injustiziak salatzeko egindako liburuak eta pelikulak, eta horiei beldurra dietela agintariek, oso beldur handia gainera. Eta ez bakarrik historian zehar edo hemendik urruti. Baita gaur eta hemen bertan ere.

        — Eta ez dun derrigorrezkoa salaketa zuzena izatea —berotu zen Pipi—. Surrealisten liburuak, koadroak, eskulturak eta pelikulak, esate baterako, ez zitunan mundu burgesaren aurkako salaketa zuzen eta garbiak, baina burgesak harritu eta eskandalizatu egiten zitiztenan, eta gizartearentzat zein pertsonarentzat ikuspegi berriak zabaldu... Horixe dun inportanteena, ikuspegi berriak zabaltzea, gauzak ez direla derrigorrez beti modu bakar batean ikusten konturaraztea... Eta horretarako balio behar diten liburuek, koadroek, eskulturek eta pelikulek. Eta horretarako balio behar din gure zine-klubak ere. Betiko pelikula sinple beti berdinak ikusi beharrean ikuspegi berriak izaten lagunduko diguten pelikulak ikusteko, gure ikusmirak zabaltzeko; azken batean gu libre eta aberatsago izateko.

        — Oso ondo, Pipi, ederra benetan! —esan zion irribarrez Xepek—. Oso ondo hitz egiten duk. Zergatik ez duk gaztetxearen gainean nobela bat eskribitzen, jendeari zer jator eta zer guay garen erakusteko? Hik segi horrela eta urrutira ailegatuko haiz. Baina nirekin behintzat alferrik ari haiz. Ez didak sinistaraziko Diputazioaren subentzioa duen aktibidade batek agintariei min eman diezaiekeenik. Eta ba al dakik zer den okerrena? Ba gu geu ari garela gezur horiek sinisten, eta gaztetxeak soziedade gastronomikoen gero eta antz handiagoa duela.

        — Bai, bai, arrazoi pixka bat bazaukak Xepek —berretsi zuen Prestok, barrez, Xepek esana—. Beti-Poz-ekoen gero eta antz handiagoa zaukaagu. Arratsaldeon bihurtuko gaituk denok azkenean, ibili-ibili eginda.

 

 

Biharamunean izan genuen, larunbat gauez, Xepek eta biok Atraskuko gure azken solasaldia. Nahiko triste sumatu nuen. Saiatu nintzen Itsasorekin hartutako kolpea leunduko zioten hitzak esaten, eta baita gaztetxea bizirik zegoela erakusten ere, Xingularren lehendakaritza eta zine-klubaren ekimen kultureta ez zirela gaztetxearen mobidak zentzurik ez zuela pentsarazteko motiboak. Baina Xepek ere bazekien hori guztia. Sakonagoa zen haren etsipena.

        — Niri gertatzen zaidana duk ez dakidala zer egin nahi dudan. Benetan, Niko, zeozertan sinistuko banu gustura emango nikek bizitza horregatik. Baina ez diat sinisten, ez zakiat zeren alde egin, hori duk gogorrena. Azken batean, konturatzen haiz dena kaka zaharra dela, gaztetxea, kontzertuak, gure giroa, gure roiloak eta putetxeko madrea... Kaka zaharra gaituk, Niko, kaka zaharra, eta ez gaituk sekula beste ezer izango.

        Ez genuen luzaz hitz egin. Zuzenean etxera joan eta lo egiten saiatuko zela esan zidan. Bidenabar zine-klubeko filmea gaztetxera eramateko eskatu nion. Bilbo edo Madrildik iristen ziren filmeak, eta gaztetxean gordetzen genituen normalean; gau hartan, ordea, Liliana Cavaniren Más allá del bien y del mal Atraskuan zegoen, eguerdian Prestok han utzia, La Guipuzcoana garraio konpainiatik jaso ondoren gaztetxea itxita aurkitu zuela-eta. Kartoizko maleta karratu dotore batean bildu ohi dira 16 milimetroko filmeetako pelikula-erroiloak eta oso itxura erakargarria izan ohi dute maletatxo horiek.

        — Seguru al hago esku onetan laga duala? —galdetu zidan Xepek irribarrez, nik barra barrutik emandako maletatxoa hartzean.

        — Zer egin behar duk ba horrekin? Errekara bota ala?

        — Ez zakiat, baina oso maleta polita duk... Okurrituko zaidak zeozer bidean... Bestela, gaztetxean laga eta bakea.

        Kezka pixka bat piztu zidaten Xeperen hitz haiek, baina berehala lasaitu nintzen. Lotsagabeegia izango zen horrelako egoera bat baliatzea zine-klubaren aurkako ganberrokeria bat egiteko. Ez zen bidezkoa izango. Traizio zikina izango zen. Gainera, gau hartan horrelako zerbait egiten hasteko abailduegia zegoela iruditu zitzaidan.

        Seguru asko berak ere ez zuen maletarekin ezer egingo zuenik uste nirekin hitz egin zuenean. Seguru asko, berak esan zuen bezala, bidean ezer bururatu ez balitzaio pelikularen maleta gaztetxean utzi eta etxera joango zen. Baina, nahiz eta Atraskutik gaztetxera ehun metro baino askoz gehiago ez egon, aski izan zuen Xepek tartetxo hura burutazio xelebre bat izateko. Eta behin gisa hartako burutazioa izanez gero ez zegoen hura geldiaraziko zuen amaren seme-alabarik.

        Udaletxe atarian, Udaltzaingoaren bulegoaren parean, Udaltzaingoaren 4L auto txuri-urdina ikusi ez balu, ez zuen burutazio hura izango Xepek, zuzen-zuzen jarraituko zion bere bideari. Baina, patuak berariaz jarri balu bezala, hantxe eta orduantxe suertatu zen autoa, eta ez nolanahi gainera: hutsik eta txoferraren aldeko atea gaizki itxita zuela, edonor sartzeko moduan. Gaztetxeko leihotik kanpora begira zegoen une hartan Lu, eta huraxe izan zen, geroragoan kontatuko zigunez, Xepe, inguruetara pixka bat begiratu ondoren, auto barruan sartu, pelikularen maletatxoa alboko aulkian utzi eta autoa martxan jartzen ikusi zuen bakarra. Azkar eta isilik egin zuen dena eta Udaltzaingoaren bulegoan zeuden udaltzainak ez ziren ezertaz ohartu. Kalera irten eta autoa falta zela jabetu zirenerako bost bat minutu pasatu ziren gutxienez.

        Euria ari zuen, eta euripean kuzkurtuta sentitzen da bat 4L baten barruan. Halaxe sentituko zen Xepe gau hartan, baina bide luzea egin zuen hala ere errepidean. Harrituko zen beharbada bat baino gehiago ateetan «Azkotiko Udaltzaingoa» errotulua zuen autoa Azkoititik hain urrun ikusita, baina inork ez zuen Xepe geldiarazi.

        Periskopioren aitaren kamionetarekin egindako bidaia amaitzeko Finisterre aukeratu zuen bezala, Azkoitiko Udaltzaingoaren autoarekin egindakoari ere ez zion nolanahiko amaiera eman nahi izan Xepek. Goizean goiz jaiki eta berebiziko ikaraldia hartu zuten Arantzazuko fraile batzuek basilikako sarrera nagusian —Jorge Oteizaren hamalau apostolu ospetsuen azpian, Eduardo Txillidaren burdinazko lau ate sendoen aurrean— 4L txuri-urdin harekin topo egitean. Ez zen inor ikusten autoaren barruan baina goiko kapotan maletatxo karratu susmagarria zegoen, aise ikusteko moduan, nabarmen, zutunik jarria.

        Berehala ziren han Oñatiko udaltzainak, Oñatiko koarteleko guardia zibilak, Bergarako komisariako ertzainak, DYAkoak, argazkilariak, kamerariak, begiluzeak... Sekulakoa! Eta Xepe ere hantxe zen, jende artean galduta, Guardia Zibileko artifizieroek robot txiki batekin maletatxoa nola aztertzen zuten adi-adi begira. Bazekien ez zutela han zeuden polizia haiek guztiek, artean Arantzazura heldu gabe zeuden Azkoitiko udaltzainen laguntzaz, denbora asko behar izango Azkoitiko Udaltzaingoaren autoak Arantzazun egindako agerpen miragarri eta misteriotsu haren nondik-norakoak argitzeko, baina hala ere lasai-lasai geratu zen han, sortu zuen iskanbila nahasi hartaz harro seguru asko. Robotaren bidez, leherketa txiki bat egin behar izan zuten azkenean artifizieroek maletatxoan lehergailurik ez zegoela egiaztatzeko.

 

 

Luk baskakooi baino ez zigun kontatu gaztetxeko leihotik ikusitakoaren berri, baina Arantzazura heldu eta Xepe han ikusi zuenean Roberto sarjentuak ez zuen zalantza handirik izan auto lapurreta bitxi haren egilea nor izan ote zitekeen. Ikusi orduko jo zuen korrika Xeperengana.

        — Hi izan haiz, gizarajo hostia hori, hi izan haiz —egin zion oihu besotik heltzen zion bitartean—. Alferrik esango duk ezetz. Ezagutzen haut, Larrañaga, ezagutzen haut.

        Xepek inolako larritasunik eta damurik gabe aitortu zuen egia osoa. Arantzazun bertan atxilotu zuten ertzainek, Robertoren eskutik.

        Gaztetxearentzat kolpe gogorra izan zen, jakina, Xeperen barrabaskeria hura. Jakinekoa zen Xepe gaztetxeko mobidakoa zela, Azkoitiko Gazteen Asanbladako kide, eta, gainera, gaztetxeak alokatutako 16 milimetroko pelikula zen, azken batean, auto gainean agertu zen maletatxo susmagarria. Fedearekin ezezik, euskaltzaletasunarekin eta abertzaletasunarekin ere estu lotutako indar handiko sinboloa da Gipuzkoan Arantzazu, eta horrek areagotu egin zituen gure aurkako erasoak. Komunikatu bat plazaratu behar izan genuen, mobida hura Xepek bakar-bakarrik eta bere kasa sortu zuela argitzeko, eta guk ez geniola Arantzazuko basilikari gainerako elizei —«zapaltzailetzat jotzen dugun Elizaren jabego eta sinbolo diren neurrian»— dieguna baino herra handiagorik.

        Gure artean era askotako erreakzioak sortu zituen abentura hark. Bere grazia bazuela iruditu zitzaigun, eta barre ederrak ere egin genituen fraile, polizia, agintari, kazetari eta begiluze guztiak maletatxoari beldurrez begira imajinatuz. Baina arazoa ez zen txantxetakoa. Batetik, ezin genuen ukatu Xeperen jokabidea desegokia izan zela, eta arriskutsu eta kaltegarria gaztetxearentzat, zine-klubarentzat bereziki, noski; Pipik behintzat oso-oso gaizki pasatu zuen, berea zelako zine-klubak alokatutako pelikulen erantzukizuna. Bestetik, Xepe ez zegoela batere ondo erakusten zuen horrelako zerbait egiteraino iritsi izanak, eta ezer behar izatekotan laguntza zela, eta ez zigorra. Halaxe adierazi genuen komunikatuan.

        Baina Xeperi ez zitzaion axola gure jarrera. Ertzaintzaren Bergarako komisarian hiru egun eta hiru gau eman ondoren berriro kalera irten zenean ez zen gaztetxera agertu. Garbi utzi zuen ez zuela gure laguntza nahi, ez zuela ez guregandik eta ez beste inorengandik ezer ere espero. Nik uste dut gau euritsuaren erdian 4L barruan kuzkurtuta Arantzazurantz egindako bidaia hartan gaztetxearekin zuen harremana behin eta betiko etetea erabakirik zuela. Niri ere ez zidan besteei baino kasu gehiago egin. Bolada luzea egin zuen Atraskuan sartu ere egin gabe. Ez zuen gehiago jo nahi izan Atraskuko aitorlekura On Nikolasen bila. Oso haserre nengoela eta ez niola sekula barkatuko pentsatuko zuen beharbada, edota odolik gabeko zozo txepela nintzela, bestela, hain modu traidorean egin zidan doilorkeria barkatzen niolako. Batek daki! Oso pena handia dut, kontu zaharrok gogoratzean, Xeperekin Arantzazun amaitutako ibilaldi hartaz lasai eta astiro, patxadaz eta adiskidetasunez, hitz egiteko paradarik sekula ez izana. Horixe da iraganari begira jarri eta neure orain arteko bizitza errepasatzen dudanean sentitzen dudan penarik handienetariko bat.