Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—III—

 

Ordura artean elkar gehiegi ezagutu gabe elkar errespetatzen zuten lehengusuak ginen, baina gaztetxearen inguruko mobida martxan jarri zenean benetako adiskide egin ginen Xepe eta biok pixkanaka-pixkanaka, oharkabean. Ez ginen berdinak, ezta hurrik eman ere, baina elkar ondo ulertzen genuen. Edo, tira, nik bai behintzat hura, hark ni ez horrenbeste beharbada. Gaztetxean baino gehiago, Atraskuko barraren alde banatan izan ohi genituen solasaldietan mamitu zen bereziki gu bion arteko adiskidetasuna. Igande gauetan izaten genituen solasaldirik gehienak, gauerditik aurrera. Igandeetan gaztetxea goiz samar ixten zuten gehienetan eta Xepe Atraskura etorri ohi zen, futbolari buruzko telesaioak amaituak zirela, taberna erdi hutsik zegoenean. Askotan taberna itxi eta gero ere berriketan jarraitzen genuen, garagardoak edaten goizaldera arte, biok bakarrik gehienetan, biharamunean jaikitzeko presa handirik ez zuen adiskideren bat edo besterekin beste batzuetan.

        Periskopio, Mirari, Txus, Kantxa, Lu, Pako... Beste batzuk ziren Xeperen betiko lagun minak, bere baskakoak. Haiekin elkartu ohi zen beti, garagardoak edan eta porroak erretzeko, edo aldameneko herriren bateko kontzertu punkira joateko. Baina adiskide egin eta konfiantza hartu genuenean haiei kontatzen ez zizkien gauza asko niri kontatzen zizkidan. Bihotzeko kontuak, esate baterako. Tabernariok beti izan dugu nahi izan gabe ere horrelako konfiantza girora heltzeko erraztasun berezia.

        — Eta hik zer, Primo, nirekin egon beharrean ez al huke nahiago izango neska batekin geratu hemen, kanpoko atea itxita, biok bakarrik, goxo-goxo? —bota zidan bat-batean Atraskuan garagardoak edanez berriketan geratu ginen lehenengo aldietako batean—. Tabernaria izanda neska asko ezagutzeko aukera eduki behar duk, ezta?

        Harritu egin ninduen Xeperengandik hori entzuteak. Ordura artean ez nion sekula neska konturik edo antzekorik entzun.

        — Bueno, ezagutu bai, baina horixe justu-justu, ezagutu besterik ez —erantzun nion irribarre apalez.

        — Ba beste tabernariak hor ibiltzen dituk esaten neskatan egiteko ofiziorik onena zuena dela. Ordu txikietan aukera asko izaten dela, eta zuek ordu horietan argi-argi egoten zaretenez, ba...

        — Ez zakiat, hi —esan nuen sorbaldak altxatuz—. Beste tabernarien kontuak izango dituk horiek, ez nireak. Atraskuan ez zaidak horrelako aukera askorik fortunatu niri behintzat.

        — Niri ere ez, ez pentsa —serio eta tristeago jarri zen bat-batean—. Ez hemen, ez gaztetxean eta ez inon. Gogorra duk gure kontua. Birrak edan eta porroak erre, ematen dik besterik ez dakigula egiten, batzuek behintzat. Zaharrei kontra egiteko, Aiuntamentukoak estutzeko eta munipekin borrokan egiteko, horretarako bazaukaagu eduki beharrekoa, baina gero neska baten aurrean ez gaituk ezertako gauza izaten.

        — Oso kontu diferenteak dituk, Xepe. Ez zagok konparatzerik.

        — Bai, baina zergatik ez gara atrebitzen? —burua makurtu zuen etsipenez garagardo botilari begira.

        — Oi, oi, Primo, zeini zer esaten atrebitu nahiko huke ba hik? —galdetu nion burlaizean.

        — Hik ezagutuko duk —esan zuen burua altxatuz. Distira zerien une hartan haur batenak ziruditen Xeperen begiei.

        — Seguru asko.

        Berriro makurtu zuen burua garagardo botilari begira.

        — Itsaso —burua altxatuz eta begi distiratsuz berriro ere, irribarre bihurria ezpain meheetan.

        — Joder! Ez duk neska zatarra aukeratu.

        — Hiri ere gustatzen zaik ala?

        — Niri eta beste askori, Xepe, niri eta beste askori... Eta hiri zer? Betidanik gustatu izan zaik ala kolpetik enamoratu haiz?

        — Bueno, gustukoa izan, betidanik izan diat gustukoa, baina gaztetxearen okupazioan bere ondoan lo egin nian... Pentsa! Bere ondoan lo egin...! Bakoitza bere zakuan sartuta, klaro... Ez genian asko hitz egin, batere ez, egia esanda, baina elkarrengandik hain hurrean egon gintuan...

        — Baina ez hion ezer esan, ezta?

        — Ez. Ezinezkoa zuan. Han jende mordoa geundean... Eta bestela ere, zer esan behar nion ba? Nola? Ez nian asmatuko. Eta gainera, auskalo!, seguru Itsasorekin zeozertan hasiz gero, segituan, egun gutxitan, aspertu egingo ginela biok. Sekula ez diat oso ondo entenditu zer egiten duten bikoteek. Derrigorrez beti elkarrekin egon behar hori ez zaidak naturala iruditzen. Edozer gauza egiteko pentsatu egin behar hire neskari zer irudituko zaion... Ez zakiat...

        Harrigarria zen Xepek nirekin hain azkar halako konfiantza estua hartu izana. Baina lehendik ere ohituta nengoen horrelakoetara. Askotan pentsatu izan dut neurri batean guk, tabernariok, apezen lana egiten dugula zenbaitetan, barrak aitorlekuaren antz handia ere izan dezakeela sarritan. Xeperekin ezezik beste jende askorekin ere luze eta sakon hitz egin izan dut nik barra tarteko dela, barraren babesean, eta, gainera, esango nuke gutxitan izan naizela neu solasaldien gaia bideratu duena. Entzun egin izan dut beti hitz egin baino gehiago. Baina ez dut damurik, ez, entzuten asko gozatzen eta ikasten baita. Txikitandik nago tabernan lan egiten ohitua eta, egia esan, horretantxe sentitzen naiz beste ezertan baino eroso eta ziurrago. Traketsa naiz, guztiz desegokia, jendearekin izan beharreko harremanetan, eta ez dut inoiz asmatu barraren aurrealdean behar bezala mugitzen. Barraren atzealdean, aldiz, egoeraren jabe sentitzen naiz. Triste samarra da hau aitortzea, baina egia da: nire adiskidetasunik minenak, nire gaurik ederrenak lanean bizi izan ditut, barraren babesean beti. Gurpil-aulki baten ordez tabernako barra behar duen elbarria naizela ere pentsatu izan dut behin baino gehiagotan.

 

 

Santa Engraziakoa bezala, bere bizitzako kontu eta sekretu ugari neuri beste inori ez zizkion kontatu Xepek, Atraskuko solasaldi lasai haiek bere barruko mamuak pixka batean badarik ere paseatzera ateratzeko asmotan, nik isilean gordeko nituelako ziurtasun osoz.

        Filme baterako aktoreak aukeratzeko Donostian egin zuten casting batera joan zeneko kontuen berri ere ez zion beste inori eman. Isilean ondo gorderik baitzuen aktore izateko amets ezkutua Xepek. Izena eman ohi zuen aktore lanetarako proba baten berri zuen bakoitzean, eta ekoiztetxeen helbideak eskuratzen saiatzen zen haietara bere argazkia eta zenbait datu igortzeko, ezertarako behar izanez gero dei ziezaioten eskatuz. Baina inori ere ez zion horretaz hitz egiten nirekin konfiantza hartzen hasi zen arte.

        Aktore izan nahi hura aldarrikatu izan balu, ez zion seguru asko arrakasta handirik iragarriko inork Xeperi, neuk ere, egia esan, asmo haien berri jakitean, iragarri ez nion bezalaxe, bere itxura ez baitzen aktore batengandik normalean espero izaten dena. Xeperen aurpegia ez zen batere gozoa, batere ederra, egun eta hemen nagusi den edertasun ereduaren arabera behintzat. Argaltasun gehiegizkoaz gain, halako zakartasun ilun bat zuen haren aurpegierak, ez, ordea, batere samurtasunik gabekoa, ongi begiratuz gero. Ezpainak bezala, begiak ere txiki eta beldurtiak zituen, izuak. Bati baino gehiagori entzun izan diot —gehiegi harritu gabe, egia esan— itsusia zela. Gorputza, berriz, argalegia ezezik baldarregia ere bazuen, eta haren ibilera ziurtasunik ezaren adierazpiderik ziurrena zen. Dena den, bere heterodoxian ere, indar espresibo handia zuten, nire ustez, hala Xeperen aurpegierak nola gorpuzkerak. Hala iruditzen zait niri behintzat orain. Baina beharbada ezagutu nuelako eta adiskide nuelako iruditzen zait hori. Ezin naiz objetiboa izan.

        Egunkarian irakurritako iragarki baten bidez jakin zuen aktore izateko bidean jar zezakeen Donostiako casting haren berri Xepek. «Buscamos actor desconocido para hacer el papel de joven rebelde», zioen iragarkiak; aurkezten zirenen artean bat aukeratuko zutela, zenbait probaren ondoren. Goizeko zortzietako autobusa hartuta jo zuen Xepek Donostiara, loroa, kasko txikiak eta La Polla Records punk taldearen Salve kaset-zinta hartuta. Egun batzuk lehenago erosi berria zuen aurki beretzat kristau zintzo batentzat Biblia izango bide denaren pareko zerbait izatera iritsiko zen zorioneko zinta hura, La Polla Recordsen lehendabizikoa. Beti aldean eraman eta non-nahi eta noiznahi entzuten zuen, ia-ia obsesio patologikoa bihurtu arte. Makina bat buelta eman zuen zinta hark Xeperen belarriak gozatuz!

        Ulia muinoaren inguruko txalet batean ziren aktore hautaketarako probak. Heldu zenean gazte mordo handia ikusi zuen Xepek txaletaren atarian, hogeita hamar bat gutxi gora-behera. Iristearekin bat ohartu zen zerk bereizten zuen gainerako hautagai guztiengandik. Gehientsuenak larruzko txamarrak zituzten jantziak, edota jaka bakeroak bestela, latorrizko txapaz apainduak. Ez ziren gutxi punki itxura erabatekoa zutenak, koloretako gandor eta guzti pare bat. Belarritakoa ere ia-ia guztiek zuten. Patila luzeak ikus zitezkeen askoren masailetan, asko ziren lepoaren bueltan zapiren bat zutenak... Errebeldearena egiteko behar bezala jantzita zeuden guztiak, alajaina! Xepe, aldiz, bere betiko jertse urdin estuarekin. Xeperen betiko jertse xaharra! Xepek, ohartu gabe bazen ere, hain gustukoa zuena, Xepek, batere pentsatu gabe seguru asko, jertsea behar zuen bakoitzean janzten zuena, oraindik ere Xepez gogoratzen garenean jantzita ikusten dioguna, eta geratu zaizkigun Xeperen argazki ia guztietan soinean ikusten zaiona; Xeperen betiko jertse urdina, jertse baino gehiago ia-ia Xeperen larru izatera heldu zena, udako edozein egun sargoritan ere hura jantzita kaleratzeko gauza baitzen. Jertsearen azpitik, berriz, lepoa doi-doi agertzen zuen niki gris apala; galtza bakero arruntak eta zapatila zuri higatuak. Berandu ohartua zen mozorroaren beharraz.

        Ez dakit gainerako hautagaiek Xeperi piztia arraroa balitz bezala begiratu zioten ala ez. Bai ordea berari halaxe begiratzen ziotela iruditu zitzaiola; elkarren artean hizketan ikusten zituenean, ez zuela dudarik egiten auskalo nondik etorritako kaskajo itsusi hari burla egiten ari zirela marmarrean. Bakarrik eta iraindurik sentitu zen hasieran; gero barne harrotasun moduko bat nagusitu zen haren baitan; azkenean, proba haietan lehiakide izan behar zituen gazte haien guztien aurkako gorroto eutsiezinak bere onetik atera zuen. Mendekua eskatzen zion barrenak, ustezko errebelde ustel haiei inoiz ahaztuko ez zuten lezio bat emateko gogoa, beharra, premia.

        Xeperen ondoren ere hautagai gehiago heldu zen txalet atarira, banan-banan batzuk, talde txikietan besteak, errebelde itxurakoak guztiak. Hirurogeita hamar bat lagun izango ziren txalet aurrean bilduak halako batean txalet barruko atea zabaldu zutenean. Hautagai guztiak ate ondora inguratu ziren orduan bat-batean, elkarri bultzaka, larri-larri guztiak atea zabaldu berri zutenen ondoan egon nahian. Dotore jantzitako eta txukun orraztutako hogeita hamarretik berrogei urtera bitarteko bi gizonezko eta emakume bat ziren hauta-proba haren arduradunak. Ezagun zuten larri zebiltzala, uste baino hautagai gehiago agertu zitzaielako beharbada. Gazteekiko mesprezua eta gutxiespena antzematen zen haien keinu eta begiradetan.

        — A ver, por favor, un poco de orden —egin zuen oihu emakumeak umore txarrez—. ¡Por Dios! Más que jóvenes rebeldes parecéis niños de parvulario...

        Ondoren, hautagaiei banan-banan izena esateko eskatzen hasi zen, esku artean zuen karpeta barruko paperetan apuntatzeko. Luze jo zuen izenak emateko lanak, eta Xepe, jende artean bultzaka ibili ez zenez, azkenekoetakoa izan zen izena ematen.

        Izen guztiak apuntatzeko lana amaitu zuenean, banan-banan sartu behar zutela adierazi zien emakumeak, idazkari lanetan, hautagaiei.

        — Uno a uno iremos diciendo vuestro nombre y vais entrando.

        Hautagaiekiko sentitzen zuen gorrotoa eta mendeku nahia casting-aren antolatzaileengana hedatu zen Xeperen baitan. Eta hazi ere egin zen, luzaz egon behar izan baitzuen txaletaren atarian itxoiten, harik eta azkenean ere idazkari pipertuak bere izena oihukatu zuen arte.

        — Martin Larrañaga.

        Txalet barruan sarturik, korridore batetik zehar gela handi eta zabal batera gidatu zuen ezpainetan irribarre izpirik erakutsi gabe jarraitzen zuen idazkariak, karpeta bi besoekin gorputzaren aurrealdean tinko oratuta zeramala. Gelan sartu zirenean, Xeperi gelaren erdi-erdian kokatutako espazio karratura joateko agindu keinu lehor batez eta ate ondoan geratu zen zain. Gelako bazter guztietan ezarritako fokoek argiztatzen zuten Xepe kokatu zeneko espazio karratua. Xeperen alde banatan bi mutil gazte zeuden, bakoitza kamera banarekin. Aurrez aurre, paperez betetako mahai luze baten atzean eserita, arestian txalet atarira irtendako bi gizonezkoak zituen: casting-eko epaileak. Idazkari antipatikoa atzean, kamerariak aldamenean eta bi epaileak aurrean, inguratuta sentitu zen Xepe. Espazio itogarri hark txinparta berezia sortu zuen Xeperen baitan. Mahaiko epaileetako batek izena galdetu zionerako, gertatzeko zenak ez zeukan atzerabueltarik. Horrelakoetan ez zegoen Xepe geldiarazterik.

        — Tu nombre, por favor.

        Hitz haiek bere gorputza bete-betean harrapatu zuten tiroak izan balira bezala, Xepek belaunak apur bat tolestu eta eskuekin sabelari eutsi zion. Zabuka ibili zen, belaunak dardarka zituela. Mahairantz egin zuen, harri eta zur begira zituen hauta-probako epaileengana. Doi-doi oratu zuen mahaia eskuineko eskuarekin, baina gero, orduantxe bertan hil balitz bezalaxe, zoru gainera erori zen ahuspez.

        Epaileak, izuturik, dardara batean, aulkitik altxatu ziren, mahai aurrean zegoen hautagai bitxi hura zertan ari zen ikusi ahal izateko. Xepe geldi-geldirik zegoen, hilotz balitz bezalaxe.

        — Pero, pero... ¿qué es esto? —esan zuen epaileetako batek. Kamera atzean zeuden mutilei begiratzen zien, erantzun bat bilatu nahian bezala. Haiek, ordea, beste epailea bezala, paralizaturik zituen harridurak.

        Zorutik altxatu eta zutik geratu zen Xepe epaileen aurrean, zuzen-zuzen, soldadu bat bezala. Orduan begiak itxi, burua gorantz jiratu, arnasa sakon hartu eta besoak atzera bota zituen. Gero pixkanaka-pixkanaka besoak altxatu eta aurreratu, horizontalean zabal-zabal eginda jarri arte. Besoak bular aldera bildurik, ahoa okertu eta orroa lazgarriak egiten hasi zen ondoren, erraietan infernuko etsaia sutan balu bezala. Orroaka eta marrumaka, munstro trakets baten alderokako ibileraz hartu zuen aterako bidea, epaileak eta kamerariak aho bete hortz utzita. Munstro harrigarri hura aterantz zihoala ikusi zuenean, idazkariak alboratu eta bidea libre utzi zion, izututa, handi-handi egindako begiak Xeperengan tinko; karpeta gorputzaren kontra estuturik zuen artean ere, ezkerreko besoak oratuta; eskuineko eskuarekin, ostera, zabal-zabal eginda zuen ahoa estaltzen saiatzen ari zen.

        Gelatik irten eta korridorean sartu zenean, orroak egiteari utzi eta berezko ibilera normala berreskuratu zuen Xepek. Zuzen-zuzenean itzuli zen Azkoitira, eskueran zuen lehendabiziko autobusean.

        — Kristoren gozamena izan zuan bueltako biajea —gogoratu zuen Xepek egun hartan gertatutakoa kontatu zidanean—. De la hostia sentitu ninduan kaskoetan La Polla Recordsen zinta aditzen. «Punki de postal. Punk de escaparate...» —kantuz ekarri zuen une hura gogora—. Ederra duk noizean behin munduari ez garela kikiltzen erakustea. Ez al zaik iruditzen, Niko?

        Bai, halaxe iruditzen zitzaidan eta arrazoia eman nion. Baina ni neu ez naiz egundo horrelako ezer egiteko gauza izan.