Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—V—

 

Ez zitzaion merke atera barrabaskeria hura Xeperi. Etxerik gabe geratu eta lanerako zeukan aukera urri baina bakarra galdu zuen Finisterrerainoko bidaia ero eta zentzugabe baina eder eta ezinbesteko hartan. Periskopio ere haserre izan zuen egun batzuetan, ez luzaz ordea, Periskopio bera ere gisa bereko bihurrikeria bat baino gehiago egina baitzen. Kontuak kontu eta kalteak kalte, ez zuen damurik izan Xepek, ezta hurrik eman ere.

        Etxekoei kasurik egin gabe, kamioneta bere ohiko gordelekuan utzi, zuzen-zuzenean gaztetxera jo eta huraxe bizitokitzat hartu zuen Xepek itzuli zenean. Gaztetxea zegoen edifizio zaharreko geletan begiraturik, koltxoi zahar bat eta hainbat burusi are zaharrago aurkitu eta, haiek pixka bat txukundurik, logela txiki bat prestatu zuen gaztetxeko areto nagusiaren ondoko gela estu batean. Hurrengo egunetan maindire txukunak ekarri zizkion Mirarik eta nahiko eroso lo egiteko moduan zen.

        Komuna ere bazuen, noski, gaztetxean, logelatzat hartu zuen ziegaren eta gaztetxeko areto nagusiaren artean. Estua, zaharra eta narrats samarra zen, eta ez zuen dutxarik, baina balio izan zion Xeperi bai gorputza eta bai arropa, noizean behin badarik ere, garbitzeko. Grafitiz josita gogoratzen dut beti komun hura. Bazen bat, luze samarra, frantsesez idatzia —zorioneko 68ko maiatz hartatik hartua nonbait—, azkenean denok buruz ikasi genuena, lehiaketak ere egin baikenituen geure artean, ea nork akats gutxiagoz idazten zuen: «L'humanité ne sera heureuse que le jour où le dernier bureaucrate aura eté pendu avec les tripes du dernier capitaliste»; motz eta enigmatikoagoa zen beste bat: «Askatasuna!», zioen letra gorri larriz goian, eta azpian, berriz, urdinez marraztutako letra txiki eta bihurriagoz: «Zertarako? Gora ETA esateko?». Komun hartan kausitu zituen Xepek ordura artean irakurketen edo inoren aipamenen bidez baino ezagutzerik izan ez zuen droga ia-ia mitiko baten zuzeneko lehen aztarnak: Azkoitiko lehen junkie-ek erabilitako xiringak.

        Jateko, berriz, egia esan, ez dakit oso ondo nola arraio moldatzen zen. Seguru asko gutxi jatea izango zen metodoaren oinarri nagusia. Atraskuan ere afaldu zuen bizpahiru bider. Aitaren batean irentsi zituen nire kontura jandako otarteko haiek, bere gutiziarik minena ziren saltxitxakoak batik bat.

 

 

— Zer moduz bizi gara, Primo? —galdetu nion nik, kontsolamendua eman nahirik, Galiziako bidaiaren ondotik Atraskura egin zidan lehen bisitaldian—. Bolada txarra bizi arren ez duk animoa galdu behar...

        — Ez larritu, Niko, ez nauk gaizki sentitzen. Azkenean ere nire inguruko kaka guztia astindu eta garbitzeko gauza izan nauk behintzat. Banian horrelako zeozer egiteko ordua ere, ez al zaik iruditzen?

        — Bai, igual bai, baina orain kale gorrian hago. Ez etxerik, ez lanik...

        — Irtengo gaituk zulo honetatik, Niko, irtengo gaituk alde batera edo bestera. Eta bitartean ere moldatuko gaituk nola edo hala. Egin beharra zegoan, ez zegoan beste erremediorik, eta gainera, zer hostia!, harro nagok, ederra izan duk biajea. Hik ez dakik zer den hori, joan eta joan, aurrera eta aurrera, gelditzeke, gero eta urrutiago. Barru-barrutik irteten den zeozer duk, ez zagok hitzez esplikatzerik.

        — Donostiako aktore-probako hartakoa bezala, ezta?

        — Bai, antzekoa behintzat...

        — Bai, baina Donostiakoa, bueno, jende ezezagunaren aurrean egin huen eta gero lasai-lasai bueltatu hintzen etxera. Oraingo honetan berriz...

        — Alferrik duk, Niko. Ez zagok buruari bueltak ematen ibili beharrik. Horrelakoak bururatzen bazaizkik egin egin behar dituk, derrigorrez, gero izango diren ondorioetan pentsatzen gelditu gabe. Egin egin behar dituk eta gozatu, hor ez zagok besterik. Horrelako zoro-irteerarik egingo ez banu, ni ez ninduan ni izango, ez ninduan ezer izango. Ez al haiz konturatzen? Zertarako da bizitza horrelakoak egiteko ez bada? Zer egin behar dugu bada? Musika Bandan jo, telebistan futbola ikusi, dirua irabazi, ezkondu, umeak ekarri, zoriontsuak izan... Puaj! Hau nazka! Zoriontsuak! Botakagura ematen zidak hitz horrek.

 

 

Gaztetxea lortzea borroka bat da, eta gaztetxea lortu ondoren gaztetxea ondo eramatea beste bat, oso bestelakoa. Gaztetxea okupatzean inondik inora sumatu ere egiten ez ziren gora-beherak sortzen dira gaztetxea okupatu eta gero. Ondo daki horren berri gaztetxeen mobida pixka bat ezagutzen duenak. Gaztetxea ondo eramateko, gaztetxea behar bezala baliatzeko, gaztetxea gure borroka garatzeko gune benetan eraginkorra izan zedin, telefonoa eta gutunontzia izatea aurrerapauso handia izango zela pentsatu zuten batzuek, ia-ia ezinbestekoa. Beste batzuei, aldiz, Xeperi adibidez, ez zitzaien oso atsegin tramankulu hura gaztetxeratzeko ideia.

        Xepe gaztetxean bizi izan zen aurreneko astean planteatu zen lehen aldiz telefonoaren ideia. Astegun buruzuri bateko arratsaldea zen. Urrategi, Xingular, Pipi, Mirari, Periskopio, Xepe eta beste zenbait lagun gaztetxeko barraren ondoan geunden, denborapasa, garagardoak edaten eta porroak erretzen. Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokaz eztabaidan ari ziren Urrategi eta Xingular.

        — Nik ez dinat independentzia kontu horietan batere sinisten —esan zion Xingularrek Urrategiri—. Ni seguru nagon Euskal Herria inoiz independente izatera ailegatzen bada orduan ere galtzaileak izango garela gu. Gaur abertzale eta iraultzaile moduan agertzen diren horiek egurtuko gaitizten orduan. Ondo ezagutzen ditinat...

        — Ba nik, nahiz eta borroka eramateko moduan akats larriak ikusten ditudan, uste diat errespetu bat merezi duela independentziaren aldeko borrokak —ohartarazi zion Urrategik—. Azken batean, ezin diagu ahaztu inperialismoak zapaldutako herri batean bizi garela, eta zentzuzkoa dela...

        — Bai —eten zuen Urrategiren jarduna Xingularrek—, nik ez dinat hori dena ukatzen, Urra, baina niri borroka nazional horiek ez zidaten ezer esaten. Goian lau espabilatu egoten ditun beti estrategia markatzen eta dena zuzentzen, eta beheko denak, ardi otzanak bezala, haiek esandakoa egiten... Borroka nork bere inguruan egin behar din, eta niri HBko jende gutxik erakutsi zidan bere inguruan borrokatzeko benetako gogoa... Gaztetxearen inguruko mobida ikusi besterik ez daukan...

        — Baina Azkoitian hori gertatzeak ez dik esan nahi toki guztietan hala denik, Xingu. Beste toki batzuetan HBko jendea benetan inplikatzen duk bere inguruko borroketan. Eta beste gauza bat esango diat: ondo zagok, hik esaten duan bezala, gure inguruan borroka egitea, baina kanpoko jendearekin harremanak izatea eta koordinatzea ere beharrezkoa duk. Hori oso aberasgarria duk norberarentzat eta gainera indar handiago edukitzen laguntzen dik. Eta horretan gutxi saiatzen garela iruditzen zaidak.

        — Gipuzkoako Gazteen Eguna antolatu geninan behintzat, ezta? Ez al zitzainan mobida guapoa iruditu?

        — Bai, hura ondo egon zuan, baina zer egin dugu harrezkero? Oso ondo zagok Oñatira edo Andoainera joan kontzertu batera eta hango baskakoekin egotea, baina nik uste diat harreman kontinuoagoa landu behar dugula beste herrietako gaztetxeekin. Hobeto antolatu behar diagu, bai probintzia mailan eta bai nazio mailan, Euskal Herri osoan.

        — Bai, nik ez dinat hori ukatzen... —samurtu zuen bere jarrera Xingularrek—. Baina nik esan nahi dudana dun horren aurretik herriko lana dagoela. Herrian ondo funtzionatu gabe kanpora begiratzen hastea zeharo faltsua iruditzen zaidan.

        — Bai, Xingu, baina beti geure zilborrari begira bizitzea ere ez duk batere osasuntsua —esan zuen Urrategik, eta, eztabaida amaitutzat emanik, berak nahi zuen aldera bideratu zuen berriro solasaldia—. Aurreko batean, horretaz pentsatzen ari nintzela, ideia bat okurritu zitzaidaan. Nik uste diat kanpora begira laguntza handia izan daitekeela eta barruko funtzionamenduari inolako kalterik ez diola egingo. Ea zuei zer iruditzen zaizuen: gaztetxean telefonoa jartzea.

        Pentsakor geratu ginen guztiok Urrategiren burutazioa entzun eta gero.

        — Telefonoa gaztetxean? —harritu zen Periskopio—. Ez zakinat ba... Zertarako nahi dun telefonoa gaztetxean?

        — Gauza askotarako. Esate baterako, Gipuzkoa osoko talde feminista mordo baten telefonoak eman zizkidaan orain dela aste batzuk Donostiako kolega batek, eta horiekin harremanetan jartzeko beharrezkoa diagu telefonoa. Etxetik hots egiten jardutea marroi bat duk; kabinatik, berriz, hots egin zezakeagu baina deirik ezin jaso...

        Arrazoizkoa iruditu zitzaion Xingularri Urrategiren ideia.

        — Bai, horrelakoetarako bentaja handia dun telefonoa. Eta baita geure arteko kontuetarako ere.

        — Eta telefonoaz gain, buzoia ere jarriko nikek nik —biribildu zuen proposamena Urrategik—. Ez diat uste oso garestia izango denik, eta telefonoa eta buzoia jartzea mesede handia izango lukek gaztetxearentzat.

        Xeperi ideia hura oso atsegin izango ez zitzaiolako susmoa izan zuen berehala Mirarik.

        — Hik, Xepe, zer irizten diok? Hi hemen bizi haiz eta hiri tokatuko zaik beste inori baino gehiago telefonoari kasu egitea.

        Xepek ezin zuen ordea aurrerakuntza hura eragotzi.

        — Zer esango dinat ba nik? Gaztetxea ez dun nirea bakarrik. Asanbleak erabakitzen badu...

        — Niri ere nazka ematen zidak aparatu horrek —argitu zion Xingularrek—, baina, ondo pentsatuta, gauza askotarako balio izango likek. Kaleko edozein mobida egin eta gero Egin-era hots egiten dugunean kabina batetik egin beharrean bertatik egin ahal izanez gero hobe. Eta enkarguak jasotzeko ere telefonoa edukitzea komenigarria izango lukek. Hiri tokatuko zaik oraingoz telefonoaren muertoa baina ez diat uste gehiegizko latakada izango denik...

        Ez zegoen dudarik: arrazoizkoa zen gaztetxean telefonoa ezartzea.

        — Ez, ez, lasai. Neuri ere mesede egingo zidak batzuetan. Garagardo kaxak eskatzeko-eta...

        Pipik, haatik, beti bezain ezkor, bazuen bere kezkatxoa gai haren inguruan ere.

        — Eta jendea noiznahi telefonoa hartu eta hara eta hona hots egiten hasten bada, zeinek pagatuko du gero telefonoko faktura? Hori kontrolatu beharra egongo duk...

        Xingularrek kendu zion kezka Pipiri.

        — Hori konpontzea erraza duk. Bazaudek deiak hartzeko numeroa izan arren bertatik hots egiteko txanponak sartu behar izaten diren aparatuak.

        — Bai, berde horiek, ezta? —Atraskuko telefonoa horrelako modeloak sortu baino lehenagokoa zen arren banekien nik zerbait gai horretaz—. Tabernetan horrelakoak jartzen ditiztek orain.

        Ez ziren artean bizpahiru egun baino izango Xepek Periskopioren aitaren kamioneta hartu eta Finisterreraino eraman zuenetik baina Periskopio Xeperekin zeharo adiskidetua zen ordurako, eta txantxetako komentario batez berretsi zuen Xeperekiko adiskidetasun zintzo hura.

        — Badakik, Xepe: Finisterren konkistatu huen rapazinha-ri hots egin nahi badiok, txanponak sartu behar.

        Esker oneko barre herabe eta samurra egin zuten Xeperen ezpain meheek.

 

 

Hurrengo ostiralean punk kontzertu bikaina genuen antolatua gaztetxean, hau da, Xeperen behin-behineko etxean, Xepek logelatzat zuen gelaren ondoko areto nagusian. Lau talde izan genituen emanaldi gogoangarri hartan: Cirrosis, Optalidón, Basura eta Odio. Ez zen kartel makala! Garai hartan La Polla Records, RIP, Eskorbuto eta Cicatriz ziren punta-puntako talde punkiak, baina ezinezkoa zitzaigun haietako bat bera ere gure gaztetxera ekartzea, batetik ikus-entzule guztiak hartzeko lekurik ez zelako izango eta, bestetik, talde horiek ekartzeak, lekua ezezik dirua ere dexente eskatzen zuelako. RIP eta Hertzainak Azkoitian izanak ziren, gaztetxerik ez zenean, Goiko Losa pilotalekuan jotzen, Antijos, Urrategi, Xingular eta abarrek —Talde Antimilitaristak— ekarriak, baina hori talde haiek artean hain ezagun eta arrakastatsu ez zirenean izan zen.

        Nahiz eta taldeak oso ezagunak ez izan, gainezka egitear zegoen gaztetxea kontzertua hasi baino lehen, jende asko etorri baitzen kanpotik, Donostiatik, Oreretatik eta Arrasate eta inguruetatik batik bat. Kanpotik etorritako jendearen artean Donostiako baska punki bat zegoen, Optalidón taldekoen ingurukoena, eta haiekin Ute izeneko neska aleman bat, moztaka eta ipurtandia baina bizi-bizia, geldirik egoten ez zena. Txaleko punkia zuen, zulatutako niki berde ilun baten gainean jantzia; galtza eskoziar kremaileradunak; ilea motz-motz eta tarte batzuetan berdez tintatua; belarritakorik ez baina ezkerreko sudurzuloan eraztun moduko bat sartua. Euskaraz ez zekien eta gaztelaniaz ere ez askorik, baina hala ere ez zuen arazorik izan barran zeudenei, Pipi eta Xingularri garagardoak eskatzeko, ezta gau hartan bere burua ezagutzera emateko ere. Kimikaren laguntza ere bazuen horretarako, anfetaminarena zehazkiago esateko. Kontzertua baino pixka bat lehenxeago komunean ikusi nuen speed arraia bat sartzen, Donostiako bere kolegekin batera.

        Ez zen giro izan emanaldi basati hartan! Sekulako kristoa sortu zuten Cirrosis, Optalidón, Basura eta Odiok. Oholtza aurrean estu-estu pilatu ziren punkiak, pogo eroa dantzatzen, elkarri bultzaka eta oihuka, elkarri garagardoa botatzen. Kantariei ere garagardoa parrastaka bota zieten, eta baita listukada bortitzak ere aurpegira zuzen-zuzenean. Jendea oholtza gainera trumilka igo arren, kantariek hantxe jarraitzen zuten, berean tinko, gogor. Oholtzatik jaitsi eta zoruan buerdaka ere ibili ziren kantarietako batzuk, mikrofonoaren aurrean oihu egiteari utzi gabe. Gero jaiki eta inguruko jendearen ahoetara hurbiltzen zuten mikrofonoa, nahi zuenak nahi zuen orroa egin zezan... Kaos erabatekoa!

        Kontzertua hasi zenetik, Ute aurrealdean kokatu zen, oholtzatik gertu, Txus, Xepe, Kantxa, Mirari, Periskopio, Leon eta abarrekin batera. Itsaso ere bai, Xeperi gustatzen zitzaion neska ere han inguruan zen, bere baskakoekin, David, Poli, Trino, Nekane eta abarrekin, inoiz baino punkiago jantzita guztiak, nahiz eta punki dotore samarra izan haiena Txus, Mirari eta Periskopiorenaren aldean, sofistikatuagoa, alegia. Bere betiko jertse urdin iluna soinean, Xepe izango zen seguru askorik aurrealde hartan larru beltzezko janzkirik edo punk estetikako beste inolako elementurik ageri ez zuen bakarra. Dena den, hori bai, janzkerak janzkera, aurrealdean zeuden guztiak, Xepe ere barne, speed arraia bana baino gehiago sartuta zeuden. Nola ez ba halako egun seinalatuan!

        Xepe, horrelakoetan ohi zuen bezala, nahiz eta aurrean kokatu, ahal izan zuen bezain geldi egon zen, taldeek taula gainean isurtzen zuten indar guztia oso-osorik xurgatu, irentsi eta bereganatu nahirik bezala, guztiz kontzentratuta, barnebilduta, ia-ia estasi mistikoan. Lanak izan zituen hala ere inguruan zuen jendearen bultzakada etengabeei eusten. Inguruko horien artean Ute izan zen gerrarik handiena eman ziona. Inguruan egokitzen zitzaizkion guztiak behin eta berriz hara eta hona astintzen jardun zuen neska alemanak eta Xeperi ere ez zion bake handirik eman. Xepek ez zion, ordea, jaramon handirik egiten. Neskak bultza egiten bazion, berak ere atzera beste norbaitengana bultzatuko zuen Ute indar handirik gabe eta kito.

        Kontzertua amaitu zenean, artean ere mugimendu gehiagoren beharrean nonbait, okupazioa izan zenez geroztik gaztetxeko areto nagusiko txoko batean kokaturik zeuden igeltsuzko bi figura giza-neurrikoei eraso zieten kanpotar batzuek: San Kanuto punkiari eta Kristo gurutziltzatu txapeldunari. Figurak hautsi ondoren, zatikatutako atalak elkarri jaurtitzen hasi ziren eta azkenean gaztetxean zegoen jende guztiaren artean zabaldu zen jolasa. Halako batean ordura artean Kristo gurutziltzatuaren buru gainean egondako euskal txapela Xepe eta bere baskakoen artera heldu zen airean. Donostiako lagunak ahazturik, Xeperen baskakoekin zegoen une hartan Ute. Gustatu egin zitzaion txapela neskari eta, gehiegi pentsatu gabe, jantzi egin zuen, ez oso estilo jatorrean ordea, burua barru-barruraino sarturik baizik, kopeta osoa estali arte. Barregarria iruditu zitzaien ateraldia une hartan harekin zeuden Xepe, Txus, Kantxa, Periskopio, Mirari eta Leoni.

        Umore onean jarraitu zuten baskako guztiek Uterekin edaten eta porroak erretzen. Gogotik egin zuten barre gau hartan. Komunikaziorako oztopo izan barik, gaztelaniaz deus gutxi jakitea lagungarri zitzaion Uteri, bere hankasartzeek bizitasuna ematen baitzieten gau hartako solasaldi kaotikoei.

        — Aquí, en el gaztetxe, podemos organizar un montón de conciertos como el de hoy, y eso está de puta madre —azaldu zion Txusek, ia-ia oihuka, kontzertuaren ondoren musika altu-altu jarria baitzuten barran Pipi eta Xingularrek, kontzertuak sortutako giroari eusteko asmotan.

        — Ah. Eso es bien. Sí, sí, es muy bien.

        Alemanaren ateraldiak lagun guztien barreak sortu zituen, eta bera ere barrez hasi zen, zergatik egiten zuen barre oso ondo jakin gabe.

        — Aquí en Azkoitia, todos un poco locos, ¿eh? —eta denei bultzaka hasi zen, kontzertua artean ere amaitu gabe egongo balitz bezala. Nahiz eta neskak burua astindu, txapelak haren buru gainean jarraitzen zuen tinko, hain zegoen burua txapel barruan ondo sartuta.

        — Y otra raya de speed, ¿qué? ¿Es bien, Ute? —galdetu zion jostari Txusek.

        — Ja, ja, ja, es bien, es muy bien. ¡De puta madre!

        Barre egin zuten guztiek berriro.

 

 

Luzea eta latza izan zen egun hartako parranda, ez bakarrik Ute, Xepe eta Xeperen baskakoentzat, kontzertuan izan ginen guztiontzat baizik. Egunsentia heldu zenerako, bareago zegoen gaztetxea, baina gaueko giro beroaren ondorioak agerian zituela. «Gaztetxe usaina» esaten diogun hori zegoen areto osoan, hau da, garagardo barreiatu eta lehortuarena. Kristo gurutziltzatuarenak eta San Kanutorenak izandako gorputz atalak garagardo makulaz eta plastikozko edalontzi zirtzilduz jositako zoru ezin narratsagoan zehar sakabanatuta zeutzan. Zapatilak itsatsi egiten zitzaizkion zoruari, hain zegoen likina. Hantxe zegoen, hala ere, bazter batean goxo-goxo etzanda Tras sagutxakur herrena, erdi lotan. Xepe barraren atzean zegoen. The Clash taldearen diskoa jarri zuen baina ez oso bolumen altuan. Barraren aurrealdean, berriz, inor gutxi geratzen zen: Mirari, Txus, Ute eta laurok taburete banatan eserita eta nahiko abailduta guztiak, Ute bereziki, ezeri jaramonik egin gabe, euskal txapelak bekainetaraino estalitako burua barra gainean ezarritako bi besoen artean sarturik erdi lotan baitzegoen; eta guregandik pixka bat aparte, barra ondoan zutik, hankak zabal-zabal eginda, patxaran hondarra esku batean eta zigarro puroa bestean, beste eite bateko gazte bat, Joseba, koadrozko alkandoraz jantzitako mutikote bizardun sendoa, abertzale peto-petoa, bere ustetan behintzat. Ez zen oso maiz izaten gaztetxean Joseba, baina gau hartako kontzertua ikusten eta entzuten izana zen, urruti samarretik izan bazen ere, eszenategi aurreko anabasan sartu gabe.

        — Zuekin ez zagok Euskal Herria jasotzerik —egin zuen oihu Josebak, gure solasaldiko isilune bat baliatuz ea kontzertua zer iruditu zitzaion galdetu nionean—. Mekaguen La Puta! Esaten diat ba nik! Erdaraz kantatzen duten lau hankamehe belarrimotz negargarri ekarri eta hemen hostiarena jotzen. Euskaldunik ez al dago ala? Gu zer gara ba? Besteak baino gutxiago? Herria borrokan eta zuek espainiarren alde. Espainiarrak zarete zuek azken batean!

        — Heu izango haiz gudari handia! —egin zion aurre Mirarik, bizardunaren sabel ingurura begira—. Borrokan latz jarduteagatik izango duk hik patata-zaku hori. Hau duk hau txorimaloa!

        — Hi, txikita! Hik oraindik ere ez dakin bizimodua zer den eta egon hadi isilik, bestela ez dun eta inoiz ikasiko. Hik begiratu, entzun eta ikasi, eta gero izango dun hitz egiteko aukera.

        — Hi haiz hemen isildu behar duena, gure aita ematen duk eta. Bueno, ni banoak etxe aldera.

        — Baita ni ere —neka-neka eginda zegoen Txusek.

        Nik ere etxeratzeko ordua nuen.

        — Ni ere zuekin joango nauk, bihar eguerdian txikito banaketa zaukaat eta.

        — Bai, eman iezaiek behar duten dosia arratsaldeonei —umore ona zuen artean ere Xepek—, ea lasaitzen diren. Bestela horiek reboluzioa egiten hasteko ere kapazak dituk eta.

        Gaztetxetik irten aurretik, Utez oroitu zen Mirari.

        — Horri preparatu iezaiok txoko bat —esan zion Xeperi, neska alemana seinalatuz—, bere lagunek bakarrik laga ditek eta.

        — Lasai, moldatuko gaitun nola edo hala.

        Kanporantz abiatzen ginela ikusirik, parrandari jarraipena emateko azken ahalegina egin zuen artean ere Josebak etsi-etsian.

        — Hi, Atrasku —egin zidan oihu—, ez hadi joan, geratu hadi pixka bat, hik hauek baino gehiago dakik eta. Gaztetxearekin zer egin behar den erakutsiko diat nik. Hik entzun eta gero heuk ikusi. Askatasuna aipatzen duzue zuek baina zuek ez dakizue zer den hori. Askatasunak ez dik batere balio denok libre izan artean. Presoak barruan dauden bitartean ez zaukaagu nahi duguna egiterik, ulertzen al duk?

        — Bueno, bueno, Joseba, ez hadi orain dramatiko jarri, hik nahi duana eta gehiago ere egiten duk eta.

        — Itxi egin behar diagu, Joseba —lagundu zidan Xepek—, baduk ordua eta. Bihar Niko Atraskuan egongo duk eta han izango duk berarekin luze eta zabal hitz egiteko aukera.

        — Ez iezaiok ba hori esan, Xepe, ez iezaiok hori esan... Arratsaldeonak agoantatzearekin gutxi zaukaat ba!

        — Ez kezkatu, Primo —erantzun zidan irribarrez lehengusuak—. Honek biharko egun osoa ohean botako dik. Eta gainera hik badakik Joseba sakon-sakonean mutil ona dela.

        — Mutil ona? Izango ez nauk ba! Hi baino askoz hobea. Eta gehiago bizi izandakoa, eskarmentu handiagokoa, txikito!

        Besotik heldu behar izan nion gaztetxetik behingoz irten zedin.

        — Bai, Joseba, bai, eta mutil ona haizenez, orain etxera. Bale?

        Areto nagusitik irten ginenean, gelditu, burua gorantz jiratu eta orroaka hasi zen, ordea, ahots lakarrez.

        — Presoak kalera! Gora Euskadi askatuta! Mekaguen Dios!

        Orroa latz haiek lasaiago utzi balute bezala, isil-isilean irten zen gaztetxetik gurekin batera.

 

 

Ute, Xepe eta Tras baino ez ziren geratu gaztetxean. Ez zen txakurra gaztetxe barruan geratzen zen lehen gaua. Ute iratzarri zuen Xepek, lo egiteko toki egoki batera eramango zuela esanez. Erdi lotan artean ere, Xeperen atzetik abiatu zen neska. Xepek bere gela txikian prestaturik zuen ohean sartu ziren Ute eta biak, arropak erantzi gabe, txapel eta guzti artean ere neska. Ohean sartu orduko hasi zen zurrungaka alemana. Hala ere, mugimendu itxuraz behintzat inkontziente batean, Xeperen gorputza besarkatu zuen. Xepe dardarka zegoen. Ez zekien zer egin eta denbora asko behar izan zuen Uteren besoen artean loak hartzeko.

        — Bueno, ez zuan hura bezain polita, baina Itsaso gaztetxeko gau hartan izan nuena baino hurrerago nian Ute —komentatu zidan biharamunean bertan Xepek, Atraskura otartekoaren bila etorri zenean—, Ute eta bere gorputza, titiak nire bularraren kontra estututa. Zakila tente nian, baina nola atrebitu ezer egiten aurretik ezer hitz egiteke? Ez nekian zer egin. Txortarako gogoa nian baina burua dudaz beteta. Ez ninduan ezer egiteko gauza, ezta mugimendurik txikiena ere.

        Eguerdi inguruan esnatu zen Ute. Xepe lo zegoen, baina arina zen haren loa, ez zuen asko behar izan esnatzeko.

        — Guten Morgen, Xepe! —eskuekin aurpegia laztanduz esnatu zuen Utek Xepe.

        — Egun on, Ute!

        — Egun on! Egun on! ¡Es bien! ¡De puta madre!

        Musuka eraso zion Utek Xeperi. Neska besoekin inguratu eta gorputz handi hura oso-osorik laztantzen hasi zen, urduri, Xepe. Utek txapela erantzi zuen, bere ile motz tarteka berdetua, aspaldiko partez, agerian utziz; zuloz jositako niki berde iluna ere erantzi zuen eta... Larrua jotzea zer den orduantxe probatu zuen Xepek lehendabiziko aldiz, hemeretzi urterekin, herriko mutil gazte adinkide gehientsuenak baino lehenago, neu barne, jakina.

        Ordurako gure arteko konfiantza nahiko handia zen arren, ez zidan xehetasun gehiegirik eman Xepek hortik aurrera etorri zenari buruz. Baina oso samurra iruditu zitzaidan larru kontuak —estreinako aldikoak behintzat— amaitu ondorengo jolas txiki baten pasadizoa. Larru grinak aseturik, biak koltxoi gainean biluzik etzanda zeudela, zangoak altxatu eta gora begira ezarri zituen Xepek, eskuak gerri parean soinaren sostengu gisa ezarrita. Lasterka edo bizikleta gainean pedaleatzen ariko balitz bezala, zangoak mugitzen hasi zen orduan, gero eta azkarrago. Xeperen ariketari dibertigarri iritzirik, Ute ere gauza bera egiten hasi zen, Xepe baino pixka bat traketsago baina ez hura baino gutxiago zela pentsaturik.

        — ¡A ver quién llega antes! —bota zuen erronka Utek.

        — Voy ganando yo. Yo voy más rápido.

        — No, no, yo voy más adelante...

        Bere zangoetako bat neskarenen artean trabatu zuen Xepek, lehiakideari zangartekoa egiten dion atleta gaiztoaren antzera. Lau zangoak koltxoi gainera erori ziren, Xeperenak Uteren gainean, eta bi gorputz biluziak besarkada estu batean nahastu zituzten berehala.

        — Has hecho trampa —esan zuen neska alemanak barreari ezin eutsita.

        Ez zen bekaitza izan Xepek gau hartakoak kontatu zizkidanean nire baitan bildu ziren sentimendu nahasien artean proportzio txikiena zuena.