Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—II—

 

Nahiz eta Santa Engraziako gertakaria bezain kontu bitxi eta pertsonala ez izan, Azkoitiko lehendabiziko gaztetxearen okupazioa ere oso une garrantzitsua izan zen Xeperen bizitzan, gertuago edo urrunxeago gaztetxearen inguruan ibili ginen gazte guztiontzat bezala; are gehiago: herriko gazte guztiontzat bezala. Aro berria markatu zuen gure herriko gazteriaren historian. Santa Engraziako arratsalde hura baino hilabete batzuk geroago izan zen, 1984ko otsailean.

        Gaztetxearen okupazioaren aurreko bileretako batzuk gure tabernan egin ziren, Atraskuan, mostradore aurreko zurezko mahai karratuetako baten inguruan. Izan ere, koadrilan bilduta tabernatik tabernara dabiltzan txikiteroen zirkuituko derrigorrezko pausaleku izateari inoiz ere utzi gabe, Atraskua herriko gazterik marjinal, errebelde eta punkienen habia izan baita, bai behintzat gure aitak —gurpil-aulkira lotu zuen hezurretako gaitzaren erruz— erretiroa hartu eta tabernaren martxa lau neba-arrebok hartu genuenetik. Arratsaldeonek —gure anaia Paulok asmatu zuen hitz hau txikiteroak izendatzeko, arratsaldero tabernara sartu orduko egin ohi duten diosalean oinarriturik— betidanik izan dute Atraskua beren zirkuituan, eta pixkanaka-pixkanaka ohitu egin dira herriko gazte jenderik ganberro eta subertsiboenarekin batera egoten, elkarbizitzen. Jakina, jende mota bakoitzak bere ordutegiak ditu, eta baita bereagoa duen espazio fisiko berezia ere tabernaren barruan (barraren ezkerraldeko bazterrean bildu ohi dira beti gazteak eta bestalderako joera dute, aldiz, arratsaldeonek), baina askotan ikusten ditut bateko zein bestekoak barra aurrean, armonia ederrean.

        Antijos, Xingular, Urrategi, Esther, Leon, Pipi... Xepe eta nire adin berberekoak edo bertsukoak —1963, 1964 edo 1965ean jaioak denak ere— ziren denborarekin gaztetxearen mobida ekarriko zuten Atraskuko lehen bilkura haietan parte hartzen zuten neska-mutilak. Batzuetan izaten zuten adiskide eta gogaide nagusiagorik ere, hogeita hamar urteetatik oso urrun ere ez zeudenak, EMKko txinoren bat edo beste, LKIko trosko pare bat... Lehendabiziko bilerak 1983ko urtarrilean izan ziren, okupazioa baino askoz lehenago beraz, eta hasiera hartan antimilitarismoaz eta feminismoaz mintzatu ohi ziren, zenbait liburu eta artikulu (El Viejo Topo, Integral, Ajoblanco, La lletra A, La puça i el general eta horrelako aldizkarietakoak batik bat) trukatuz eta abar. Gaztetxearen kontua gero etorriko zen, elkarrekin bildu, elkarrekin egon eta ekimenak aurrera eramateko lokal baten premia zutela jabetu zirenean, eta lokal hori berentzat ezezik herriko beste gazte askorentzat ere egokia izan zitekeela: rock musikariak, langabetuak, ekologistak, presoen sostengurako taldeak...

        Barran egon beharrik ez nuenean neu ere biltzen nintzen batzuetan haiekin. Ez nituen ideiak oso argi, ez antimilitarismoaz, ez feminismoaz, ezta gaztetxe baten premiaz ere, baina interes eta xarma berezia zuen niretzat mundua aldatzeko, mundua konpontzeko eta mundua jateko grina erakusten zuen neska-mutil talde hark. Azkoitian gaztetxe baten premia zegoela baiesten zuten laurehundik gora herritarren sinadura jaso ondoren Udalari gaztetxearen eskabidea egin ziotenean, alkatearekin eta zinegotzi batzuekin hainbat bilera izan zituzten, eta haietako batean izan nintzen neu ere, gaztetxearen alde egiteko. Bilera eta negoziazioen bide horrek ez zuen, ordea, fruiturik eman, nahiz eta Udalaren ordezkariek behin eta berriro «borondate politikoa» bazutela esan.

        Negoziazioekin etsi eta gaztetxea okupatzea erabaki genuen azkenik. Herri askotara zabaldu genuen deia, hainbat ekitaldi antolatu genituen —txalaparta, txaranga, kale antzerkia, asanblada, herri bazkaria eta rock jaialdia— egun hartarako eta Gipuzkoako Gazteen Eguna deitu genion 1984ko otsailaren 5eko ospakizun ezohiko hari. Sekulako arrakasta izan zen. Herri askotatik etorri zen gazte jende mordoa eta ekitaldi nagusia gaztetxe baten okupazio jendetsua izan zen. Egun benetan gogoangarria izan zen hura. Nik ez nuen, dena den, zuzenean parte hartzerik izan, tabernan lan egin ondoren sekulako sukarrarekin etxera bildu beharra izan nuelako, baina telebistaz ikusi nuen estreinakoz gaztetxea, gaueko informatiboari begira nengoela, Euskal Telebistakoak ere han izan baitziren. Lanak eman zizkidan hura guztia egia zela sinesteak. Telebistako irudietan herriko jende asko ezagutzeko aukera izan nuen, Xepe horien artean, kameraren aurrean gelditu eta, irribarre herabez, esku ezkerreko bi hatzekin —erakuslea eta bihotza— garaipenaren zeinua eginez.

 

 

Okupazioaren biharamunean sartu nintzen ni lehenengo aldiz gaztetxean, astelehenez, Atraskuko barrako txanda amaitu eta gero. Garai batean Miserikordiako etxea izandako edifizio abandonatu eta zaharkitua zen okupatutakoa. Kanpoan «Gaztetxea» zioen letreroa zuen letra handiz pintatu berria. Barrutik edifizio osoa ia-ia hutsik zegoen. Garai batean Miserikordiako etxekoak izandako altzari eta traste zahar hautseztatuak baino ez ziren ikusten han barruan, zoru gainean han-hemenka nolanahi barreiatu eta ahaztuak: hautsitako aulki, mahai eta ispilu zahar-zaharrak, zarpaildutako arropak eta oihalak, koadro erlijioso hautsez estaliak, santuen figura apurtuen puskak...

        Zurezko eskailera zabaletan gora egin eta bigarren solairuan zegoen okupatzaileek gaztetxeko areto nagusitzat hartua zutena. Gela zabal hartako horma oker, arraildu eta koloregabetuetan letra ez oso zuzenez egindako hainbat grafiti irakurri nuen: «Gaztetxea, gure etxea», «Okupazioa», «Espetxeak apurtu», «Quisiera ver cien curas colgados de un farol»...; letra larriz idatziak zeuden grafitiok, eta 'A' guztiak zirkulu banaren barruan sartuak zituzten. Txoko batean igeltsuzko bi figura ikusi nituen, giza-neurrikoak, telebistak bezperan emandako irudietan agertu ez zirenak: santu baten neurri naturaleko irudia zen bata, soin gainean Sex Pistols eta beste hainbat talde punkiren latorrizko txapaz jositako larruzko txamarra beltza jantzita, ahoan porro itxurako zigarro handia sarturik eta oinen azpiko oinarrian «San Kanuto» zioen letreroa zuela; Jesukristo gurutziltzatua zen bestea, neurri naturalekoa hura ere, buruan, ohiko arantza-koroa estaliz, euskal txapel beltza jantzita. Bestaldeko bi hormen artean, batetik bestera tenk jarriak, soka batzuk zeuden, eta soka haietatik zintzilik dozenaren bat lo-zaku.

        Asanbladan bilduta zeuden barrukoak, hogei bat lagun, leiho ondoko bazter batean zirkulua osatuz, zoruan eserita gehienak, altzari edo traste zaharren baten gainean nola edo hala kokatuta besteak. Bi txakur inguratu zitzaizkidan usnaka aretoan sartzen hasi orduko: handi eta beltza aurretik eta txiki eta ile beixekikoa haren atzetik; aurrealdeko zango ezkerra errotik moztua zuen txikiak eta errukarria zen haren ibilera herrena. Haxix usaina zegoen airean, gero eta handiagoa asanbladako zirkulura hurbildu ahala. Atraskuko bileretan parte hartu zutenekin batera, etxean ordu gutxien eta kalean ordu gehien egin ohi zuten gazteak zeuden, formal izatetik urrutien zeudenak, ezein etxekoandrek suhitzat edo ezein familia-buruk erraintzat inondik inora hartu nahiko ez lituzkeenak; hitz batez esateko: porreroak. Xepe eta bere baskako bi kolega zeuden han, punki itxurakoak biak: Periskopio, sudur zorrotz eta gakoduneko mutiko ihar eta luzeska, eta Mirari, neska txiki eta bizia, Xepek zuen emakumezko adiskide min eta gertuko bakarra. Asanbladako zirkuluan tokia hartzen nuen bitartean, isil-isilean agurtu ninduten ondoan nituenek, asanblada eten gabe.

        Antijos zen hizketan ari zena, mutiko handi betaurreko biribilekikoa, begirada zorrotz eta tinkokoa. Hogei urte baino ez zituen arren, Bakunin eta Kropotkinen liburu ugari irakurria eta anarkista porrokatua zen Antijos, Talde Antimilitaristaren sortzaileetako bat eta gaztetxearen ideiaren sorreran ere pisu handia izandakoa. Serio ari zen, igartzen zitzaion berarentzat oso auzi garrantzitsua zela han erabakitzen ari zena, buru-belarri sartua zegoela gaztetxearen aldeko borrokan.

        — Ez zaukaagu fidatzerik. Hemen segitu behar diagu oraingoz. Guk hemendik aldegin orduko segituan etorriko dituk lokala txapatzera. Hontaka edo hartaka, ahal den moduan eutsi egin behar zioagu.

        — Bai, baina noiz arte honela? —mintzatu zen Leon, mutil argal eta urduria. Mantsotasun etsia zuen bere hizketaren doinu afektatu eta pasotak. Mantsotasun horrekin bat zetozen bere begi beti erdi itxiak. Latorrizko bost edo sei txapaz apaindutako larruzko txamarra punki beltza zuen soin gainean, ilea luze eta nahasia, egun batzuetako bizarra, esku batean porroa eta bestean garagardo lata bat—. Okupatzerakoan bai, orduan jende mordoa. Orduan bai, denak oso enroilatuta mobidarekin, dena oso ondo, primeran, ETBko kamerak eta dena, hi!, guay del Paraguay. Bart gauean ere jende piloa egon gintuan hemen lotan. Klaro, kristoren martxa eta ijiji eta ajaja! Oso ondo. Baina gaur zenbat izango gara? Martxa honetan laster bi katu geratuko gaituk eta orduan akabo!

        — Eta zer egin nahi duk ba? —oldartu zitzaion Xingular, bizi-bizi baina hala ere doinu adiskidetsua emanez bere jardunari. Urte batzuk lehenago Jarraikoa izana zen, baina bere lehengo gogaideengandik urrundu eta anarkista bihurtua zen ordurako—. Bertan behera laga dena? Ez zaukaagu beste biderik. Oraintxe duk momentua, oraintxe zagok jokoan gaztetxea eta gure mobida osoa. Bi katu geratzen bagara, bi katu, hi! Nik behintzat horrela ikusten diat.

        — Nik ez zaukaat gauean hemen geratzerik —mintzatu zen urduri Pipi, ikasle on eta zintzoa izateaz gain, unibertsitatean orduantxe hasi berria, horrelakoxeko itxura zuen mutiko herabea, burua makurtuz—. Esamina zaukaat bihar goizean eta...

        — Aitzakiak alferrik dituk, Pipi —ozen moztu zion jarduna, haserre, Antijosek—. Asanbleak ez dituk horrelako esplikazioak emateko egiten. Gelditu nahi baduk gelditu hadi, eta nahi ez baduk heuk ikusi. Ez duk derrigorrezkoa. Hik bihar esamina edukiko duk eta beste batek gauean telebista ikusteko gogoa. Niri berdin zaidak, hori ez zaidak batere inporta. Gaztetxea nahi badugu, hemen egon beharra zaukaagu, hor ez zagok beste esplikaziorik.

        — Ni oraintxe bertan noak zakuaren bila —esan zuen, herabe eta isil antzean baina tinko, Xepek, eta Mirari eta Periskopiori begira geratu zen.

        — Ni ere hemen geratuko nauk —animatu zen Periskopio.

        — Niri ez begiratu —desenkusatu zen Mirari, denak Xepe, Periskopio eta bera zeuden aldera begira zeudelako beharturik sentituta—. Etxean hona natorrela esaten badut, bertan akabatuko naitek.

 

 

Nik ere ez nuen gau hura gaztetxean pasatu. Tentatuta egon nintzen, baina ez nuen etxean eskatuko zizkidaten azalpenak emateko gogorik. Joan gabe ere, Atraskuko barran zintzo-zintzo lanean ari nintzela, egokitu zitzaidan niri ordea entzun beharra.

        Asaldatuta sartu zen tabernan osaba Pedro, gure aitaren anaia eta Xeperen aita, gaueko hamar eta erdiak inguruan.

        — Hi, Nikolas, hi ez haiz gure semea bezain tontoa izango, ezta? —esan zidan, beste diosalik gabe, mostradorera inguratu orduko—. Gaua gaztetxean pasatzera joan ez duk ba gizarajo hori! Mekaguen La India! Gustura joango nindukek oraintxe bertan hara mamorro zikin horri belarrondoko eder bat ematera.

        Ez nion ezer esan. Ez nekien zer esan.

        — Txikitoa aterako al dizut, osaba?

        — Ez, ez diat ezer edan nahi. Hirekin hitz egin nahi dudalako etorri nauk hona.

        — Nirekin? Zer dela eta?

        — Hik gure seme horrek baino buru gehiago daukak, Nikolas, eta lagundu egin behar diok.

        — Lagundu? Zertan ordea?

        — Gaztetxeko kontu horiek lagatzen.

        — Baina, osaba, nik ezin diot ezer esan. Berak ikusi behar du zer egiten duen bere buruarekin. Niri, gainera, ez zait gaizki iruditzen egiten ari direna.

        — Hara bestea! —sumindu zen osaba Pedro—. Ez zaiala gaizki iruditzen? Baina, baina... Ba al daiteke? Zer eskubide dute etxe hori hartzeko? Ea, esplikatu iezadak hori niri. Dena libre al da ba? Sartu barrura eta hartu? Hori ez duk horrela izaten.

        — Dena libre ez, osaba... —saiatu nintzen nire iritzia ematen. Osabak berehala zapuztu zidan aukera ordea.

        — Dena libre ezetz? Zer lege da ba horiena hortaz? Horrelaxe, besterik gabe, joan eta hartu... Etxe hori herriarena duk, Nikolas, herriko gauza denak bezala langile denon inpuestoekin pagatuta zagok, baita hireekin ere. Eta justu inpuestorik pagatzen ez duten alfer denak juntatu eta berentzat hartu? Horretarako ez zagok eskubiderik. Hori ez zagok ametitzerik.

        — Baina, osaba, lokala herriko gazte denontzat eskatu dute... —urduri jarri nintzen, alkatearekin eta zinegotziekin bildu ginenekoa etorri baitzitzaidan burura. Ez ahal zuen osabak hartaz ezer jakingo! Ez nuen nire gurasoek horren berri izan zezaten nahi.

        Ezin izan nuen aurrera jarraitu argudioarekin. Zaila zen, oso zaila, nire adiskideak logikaren bidez defenditzea. Han ez zuten ezertarako balio antimilitarismoaz, feminismoaz eta anarkismoaz entzunak nituen argumentu polit haiek. Nire adiskideei bezala, niri ere ezinezkoa izaten zitzaidan gurasoei gai haien inguruan ezer ganoraz azaltzea, eta Xeperen aitarekin ez zen errazago. Beste mundu-ikuspegi bat zen gure gurasoena, eta alfer samarrekoa, horrenbestez, haiei gure mundu-ikuspegitik jardutea. Zabalegia eta sakonegia zen haien eta gure arteko leizea hitz gutxi batzuekin jauzi egin eta haiengana iristerik izango genuela pentsatzeko.

        Nire isiltasunaz baliatuz, osabak jarri zion amaiera eztabaidari, aholkutik ere zerbait bazuen sermoi kutsuko errieta batez.

        — Kontuz ibili, Nikolas! Ez hadi gaztetxekoen alde jarri. Ez hadi lerdoa izan. Hik hori baino gehiago dakik. Ez al duk ikusten tabernari zer kalte egiten dioten ala? Atraskua klienterik gabe lagako ditek horiek. Aditzen al duk, Nikolas? Batere klienterik gabe! Klienterik onenak galdu eta kaxkarrenak lagun egin, hondamendira daramazue taberna eta ez zarete konturatu ere egiten.

        Ahaleginak eginda ere, ezin nuen asmatu une hartan zer esan. Gogoetaren bidetik jo zuen orduan osabak, arazoaren erro sakonen bila.

        — Ondoegi hazi zarete zuek —esan zuen nire isiluneaz baliatuta—. Hori duk gertatzen dena. Geuk kulpak! Dena eskura eman dizuegu eta orain ez duzue hori estimatzen. Mekaguen La India! Zuen aita aulki madarikatu horri lotuta ez balego, beste martxa bat izango zian Atraskuak, beste martxa bat izango zuenez, bai horixe!

 

 

Garai hartan Ertzaintza sortu berria zen, baina inguru hauetara zabaldu gabea artean ere. Herriko gazteei aurre egiteko Guardia Zibilari deitzea, berriz, politikoki garestiegi zen Udalarentzat, txakurrak etsaitzat baitzituen herri osoak. Udaltzaingoa zen, horrenbestez, Udalak eskueran zuen Polizia bakarra, eta Polizia horrexekin ekin zion gaztetxearen aurka, asteartean bertan, okupaziotik bi egunera. Roberto sarjentu handikotea bost menpekorekin batera agertu zen gaztetxean eguerdian, porrak esku artean astinduz guztiak, alkateak emandako agindua betetzeko asmoz: okupatzaileak kanpora ateratzea.

        Nik barran egon beharra nuen, bakarrik gainera, eta ez nuen taberna itxi eta bertara joaterik izan, baina aurki heldu zen Atraskura gaztetxean gertatutakoaren berri.

        Jende gutxi zegoen unea aprobetxatu zuten udaltzainek erasoa errazagoa izan zedin. Hala ere, hamarren bat lagunekin egin omen zuten topo gaztetxe barruan. Han ziren gaztetxean lehen aldiz sartu nintzenean zeuden bi txakurrak ere: Beltza, polizi-zakur beltz handia, eta Tras, sagutxakur beix txiki herrena.

        — Bueno, oso ondo egon duk, oso polita izan duk, baina bukatu duk ipuin hau —esan zuen doinu mehatxagarriz Roberto sarjentuak, hankak zabal-zabal eginda zituela—. Orain denak kanpora!

        — Hemendik kanpora irten behar duten bakarrak zuek zarete —erantzun zion zakar Antijosek—. Gu hementxe geratuko gaituk.

        — Etxe hau ez duk zuena —doinu paternalista itzuri zitzaion Roberto sarjentuari—. Ez daukazue gogoa eman dizuela-eta etxea zuentzat hartzerik.

        — Etxe hau herriarena duk eta Aiuntamentuak sekuestratuta zeukaan —aurrea hartu zion oraingoan Xingularrek Antijosi—, alferrik galtzen lagata. Guk geurea dena hartu besterik ez diagu egin.

        — Zuek al zarete ba herriko gazte denak?

        — Ez. Gu gaituk hemen gaudenak —oihuka mintzo zen Antijos, begirada tinko eta zorrotz—, baina lokala herriko gazte denontzat hartu diagu, eta herriko gazteok inoren agindurik gabe antolatuko diagu etxe hau, geuk nahi dugun eran, ea behingoz zeozertarako askatasuna dagoen herri santu eta fatxa honetan.

        Sarjentua ez zegoen eztabaida filosofikoetarako. Leon eta Periskopiorengana jo eta ate aldera bultzaka hasi zitzaien, tarteka porrarekin mehatxu eginez.

        — Benga, kanpora, kanpora! Ez gaituk hona zuekin berriketan jardutera etorri. Zuek hemendik ateratzeko agindua zaukaat. Kanpora! Agudo!

        Gazteetako batzuek amore eman eta kanporako bidea hartu zuten, isilean, atzera begira, ea geratzen ziren lagunek zer egiten zuten. Xeperengana jo zuen sarjentuak. Eskuarekin besoa oratu nahi izan zionean, Xepek besoa gorantz altxatu zuen kolpe azkar batez, sarjentua jotzeko prest balego bezala. Oinak mugitu gabe, pauso bat atzera eman gabe, sarjentuari begira-begira geratu zitzaion. Ondoko udaltzain bat hurbildu zen sarjentuari laguntzera. Bion artean heldu eta eskaileretan behera arrastaka eraman behar izan zuten Xepe kanpora, Beltza eta Tras atzetik zaunkaka zituztela. Beste gazte batzuek ere kanporako bidea hartu zuten orduan, lo-zakua eskuetan zutela. Urrategi, Xingular eta Antijos zoru gainean eseri eta geldi-geldi geratu ziren, harik eta, Xepe bezala, bina udaltzainen artean arrastaka kaleratu zituzten arte. Gaztetxeko ate aurrean eserita geratu ziren gazte kaleratuak, herriko hainbat tokitatik etorri berri ziren beste hainbatekin batera, txistu eta oihu eginez udaltzainei, haiek gaztetxe barrutik lo-zakuak eta gazteek utzitako beste zenbait gauza ateratzen zituzten bitartean.

        Ez ziren urruti Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Pare bat aste pasatxo baino ez ziren falta. Udaltzainek Xepe, Xingular, Antijos eta Urrategi arrastaka kaleratu zituztenean argazkiak egin zituen Estherrek gaztetxe atarian. Errepresioaren irudi harekin kontrastean, espaloiko faroletan zintzilik, Carlos Garaikoetxea Euskal Autonomi Elkarteko lehendakariaren hauteskunde kanpainako irudi irribarretsua jaso zuten Estherren argazkiek. EAJkoa zen artean ere Garaikoetxea, eta EAJren hauteskunde haietako leloa ageri zen kartel hartako argazkiaren azpian: «Aurrera goaz».

 

 

— Fantasma akojonatu hostia bat besterik ez duk sarjentu harroputz hori! —esan zidan biharamun gauean Xepek, Atraskuko barran garagardo bat hartzen ari zela. Ezagun zuen ez zuela aurrenekoa.

        Atraskuko barraren alde banatan izan genuen lehenengo solasaldietako bat izango zen hura. Nahiko berandu zen, goizaldeko ordu bata ez zen urruti izango. Jende gutxi zegoen tabernan. Gu bioz gain, Xeperen baskakoak —Mirari, Periskopio, Txus, Lu, Pako eta Kantxa— eta beste bi koadrila txiki edo. Aurki ixteko asmoa nuen.

        — Ez daukak meritu makala, Niko —esan zidan irribarrez Periskopiok guregana hurbilduta—. Barran lan egin eta gainera honelako plastadak agoantatu behar —Xeperi besotik heldu eta hari zuzendu zitzaion gero—. Gu etxera goazak. Etorri hadi gurekin eta laga ezak lehengusua bakean.

        — Hi haiz ni bakean laga behar nauena —erantzun zion Xepek, haserre plantak eginez eta besoa askatuz—. Zuek nahi duzuena egin ezazue. Ni hemen geratuko nauk, Nikorekin. Hau mutil argia duk. Honek asko zakik. Eta oso ondo entenditzen dik nik esaten diodana, ez al da hala, Niko?

        — Lasai, Kopio, lasai —esan nion irribarrez Xeperen adiskideari—, gu biok lehengusuak gaituk eta elkar ondo entenditzen diagu.

        — Aditu al duk hori? Gu lehengusu onak gaituk.

        — Bale, bale, nahi duzuen bezala. Hor konpon! Gu bagoazak, ea lo pixkat egiten dugun.

        — Bai, adio, gaiztoak izan.

        Bere adiskideak Atraskutik irten ondoren lehengo gaiari heldu zion berriro ere Xepek.

        — Ikusi egin behar huen zer aurpegi jarri zuen besoa altxatu eta begira-begira geratu nintzaionean. Txorrada bat izango duk baina indarra daukadala sentitu diat, ez indar fisikoa, beste indar klase bat, berezia, finagoa... beldurgarriagoa. Ez zaidak sekula ahaztuko momentu hori... Bizi-bizirik sentitu nauk... Ez zakiat nola esplikatu...

        Zaila zen azaltzea, eta zaila, oso zaila, nik berak adierazi nahi zidana ondo ulertzea. Orain hobeto ulertzen ditut hitz nahasi haiek, sentsazio esplikagaitz hura... Ez zen herriko udaltzainen sarjentuari aurre egiteko ausardia izateagatik harro zegoen umemokoa. Tira, hori ere bai, pixka bat, neurri batean, baina bazegoen beste zerbait ere. Barru-barruan sentitzen zuen indar berezi hori Xeperen nortasunaren ezaugarri nagusietako bat zen. Baina nik artean ez nekien ezer horretaz.

 

 

Udaltzainekiko eta Udalarekiko borroka ez genuen galdutzat eman herriko gazteok lehen desalojoaren ondoren. Ederki antolatu genuen kontraerasoa bi egun geroago. Dotore benetan. Gaztetxeko ate ondoan bildu ginen gazte mordo bat, ehunetik gora, eskoletan ere bilerak egin eta lanbide heziketako ikastetxetik eta Azpeitiko batxilergoko institututik ere jende asko etorri baitzen, azpeitiar asko eta hainbat zestoar eta zumaiar ere tartean. Herrikoak, berriz, gaztetxearen inguruko denok geunden, baita Xepe ere, noski, sorrerako bileretan parte hartu ez zuen arren benetako saltsa hasia zenetik buru-belarri sartuta baitzegoen mobida guztietan.

        Berehala heldu ziren gaztetxe atarira Roberto sarjentua eta beste bi udaltzain, gu ate ondotik urrundu eta etxea zaintzera. Eskalatzeko joera eta erraztasuna zuten gutako bi, ordea, Xingular eta Presto, etxearen atzealdeko hormatik gora igo eta teilatutik sartuak ziren isilean edifizio barrura. Isil-isilik atearen atzealdera inguratu ondoren, Xingularrek eta Prestok atea barrutik zabaldu zuten eta orduan udaltzainen aurretik oldarka sartu ginen bat-batean kanpoan geunden guztiok. Udaltzainak zur eta lur geratu ziren, ate ondoan, ahoa bete hortz, elkarri begira, zer egin ez zekitela. Ez zait sekula ahaztuko edifizio barruan sartu eta bigaren solairuko areto nagusirantz eskaileretan gora korrika gindoazen une hartan sentitu nuen hotzikara, asaldura, euforia erabatekoa. Nire bizitzako unerik zirraragarrienetako bat izan zen, eta halaxe izango zen seguru asko eskailera haietan gora korrika gindoazen ehunetik gora gazteetako bakoitzarentzat. Tira, La Bastille hartu zutenean bezala baina herri txiki batean. Garaipen bikaina!