Poesia kaiera
Poesia kaiera
Eugenio Montale
itzulpena: Anjel Lertxundi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-76-8
Eugenio Montale
1896-1981
 
 
Hitzaurrea
Beņat Sarasola

 

      Eugenio Montale XIX. mendearen akaberan jaio zen Genovan, 1896an, eta XX. mendeko poeta italiar handienetakoa izatera iritsi zen. Haurtzaroko oporraldi ugari eman zituen familiak Monterosso al Mare-n zuen etxean, Mediterraneoko itsasertz eder horietako batean, eta ingurune haren printzak topatzen dira Montalek idatzitako lehenengo poemetan, Txibia-hezur bere estreinako liburu gogoangarrian esaterako. Lehen Mundu Gerra ondoren frontetik itzulita, zenbait literatur aldizkaritan (Primo tempo, Il Baretti) hasi zen kolaboratzen eta poemak argitaratzen. 1925ean Benedetto Croce-k idatzitako Intelektual antifaxisten manifestua sinatu zuen, nahiz eta auzi politikoekiko aski eszeptikoa eta pesimista izan zen bizitza guztian. Corriere della Serako erredaktore izan zen 1948tik aurrera. Nagusiki literatur kritikak idazten zituen, baina baita musikakoak ere (gaztetan kantari izateko ikasten ibili zen zortzi urtez Ernesto Sivori baritonoarekin). Literatura Nobel saria jaso zuen 1975ean eta 1981ean zendu zen Milanen.

      Montaleren poesiaren gaineko topikoak dio haren poesia aski konplexu eta ulertzeko gaitza dela; ez alferrik kokatu ohi da poesia hermetikoaren aita pontekoen artean. Hermetismoa batez ere Italian (Florentzian zehazkiago) garatutako ildo poetikoa izan zen, besteak beste Gabriele D’Annunzioren joritasun eta desmasia erretorikoei kontra egin ziena, eta Montalez gain Salvatore Quasimodo eta Giuseppe Ungaretti izan zituena inspirazio iturri nagusi. Montaleren poesia, baina, axalekoa eta ebidentea ez den arren, urrun dago gehienetan ulertezina eta guztiz iluna izatetik. Apartekoa da, ordea, ildo sinbolista onenean kokaturik, giro eta sentsazioak gogora ekartzen, eta irakurleak sarri poema lehenengoan erabat bereganatuko ez badu ere, ez zaio konplikatua izango lerroek irudikatzen dituzten kolore, usain edo paisaietan murgiltzea. Horren adibide da esaterako Limoiak poema, zentzumenen mozkorraldi moduko bat. Bikaina da orobat une jakin bat, lipar bat edo irudi bat pare bat lerroz marrazten zein poemak biribiltzen: “gu biok gauza bakarra garela bat eginda zein bi izanda”.

      Izugarrizko ekoizpen poetikoa ez izanagatik, estilo eta molde aski ezberdineko poemak idatzi zituen Montalek. Horietako zenbaitetan, adibidez, poesiari berari eta arteari buruz hausnartu zuen, ukitu umoretsua gehituta inoiz (irakur Poeta bat eta Errimak). Egiazki, ez da irri egiteko poesia mota bat Montalerena, ezpada XX. mende lazgarriaren testigu maiz aski iluna. Bi mundu gerrak eta faxismoa gertu-gertutik bizita, nekez egin zezakeen ospakizun-poesiarik, eta giza hondamendia ere ekarri zuen Gure garaiaren gorazarre eta Sumina bezalako aleetara. Mendea minutua den hondo bat irudikatu zuen Gatibuaren ametsan, eta akaso handik etorri zen mendea eta segundoa gurutzatzen diren leku famatu hori. Izan ere, beste askorentzat bezalaxe, ziztuan igaro ei zitzaion Montaleri ere XX. mende bizi bezain zoritxarrekoa: “nahiz denbora laburtzen ari den eta mendeak / ez diren lumak airean baino”.

      Garai horien ondorio izango zen beharbada Montalek eskatologiarekin, hilondoko munduaren eta bizitakoaren mugarekin (In limine) alegia, eduki zuen tema. Ildo horrek, gainera, arestian aipatutako sinbolismora garamatza baita ere, bi munduen analogia edo korrespondentziak landu zituelako artez. Bizitzari dagokionez, baina, argi utzi zuen Montalek: “Ez daude bizitza laburrak edo luzeak / benetako bizitzak baizik edo bizitzaheriotzak edo halakoak”. Ez da irakaspen makala bizitzaz bezainbat heriotzaz idatzi zuen norbaitena izateko.