OBJEKTUAK
Hau guztia bukatzen den egunean
objektuak izango dira gutaz eta
gure ordez mintzatuko direnak.
Orain inguruan dudanaren arabera
ezagutu eta epaituko naute gerokoek.
Aulki bat izango da nire ahotsa,
bukatu gabeko zopa bat nire biografia.
Egindakoak ez dio batere axolako
eta ezta egin asmo dudanak ere;
orain egiten ari naizen hau baino ez.
Ondorioztatuko dute (hozkailuagatik)
nahiko ongi elikatuta nengoela,
mintzo nintzela hizkuntza batean, bitan,
eta kezkatu-edo egin ninduela munduak
(egunkari, aldizkari eta telebistagatik),
beste norbaitekin bizi nintzela etxean
(galtzerdiak biltzeko bi moduengatik),
eta ariketa gutxiegi eginagatik eta 1943ko
bonba baten ondorioz 2011n hildako
bi haurren albistea eta joan-etorriko
kultur ziztrinkeriak gorabehera,
baldintzak banituela zoriontsu izateko.
Izango naiz haien konklusio nahiaren neurrikoa
erreplika eta zehaztapen aukerarik gabe:
«hau izan zen bere garaia, hau bere lekua».
© cc-by-sa Iņigo Astiz